8

 

        Bi kopa edan ondoan emakumeengana itzuliko zen beti Rollo Martinsen gogoa: modu lauso, sentimental, erromantiko batez, sexu bezala oro har. Hiru kopa edan ondoan norabidea aurkitzeko gainbehera egiten duen abioilariak bezala, eskura zeukakeen neska bat begiz joko zuen. Baldin Coolerrek hirugarren kopa bat eskaini ez balio, beharbada ez zatekeen hain azkar joanen Anna Schmidten etxera, eta baldin... baina «baldin» gehiegi dago nire idazkeran, izan ere lanbide hori baitut, aukerak konparatzea, giza aukerak hain zuzen, eta patuaren eraginak ezin du inoiz nire artxiboetan kokalekurik aurkitu.

        Ikerketaren txostenak irakurtzen eman zuen Martinsek bazkalartea, eta horrela berriro frogatzen zen afizionatua gehiago dela profesionala baino eta egarriberago bilakatzen zela Coolerren likorearekiko (lanorduetan edozein profesionalek errefusatuko zuen likorea). Bostak aldean heldu zen Coolerren pisura, zona amerikarreko izozkitegi baten gainean zegoena: beren neskekin zeuden soldaduz beterik zegoen beheko taberna, eta koilara luzeen nahiz bat-bateko barre algara bitxien zalaparta eskaileran gora jarraiki zitzaion.

        Ingeles jendeak, amerikarrak gogoko ez dituena, Cooler bezalako salbuespen bat eraman ohi du gogoan: gizon ile urdin nahasiduna, bihotz zabaleko aurpegi atsegina eta begi zorrotzak; gizon bihotz biguna, sukar izurrite batean edo mundu gerrate batean edo Txinako gosete batean, bere aberkideek atlasean lekua aurkitu baino askoz lehenago agertzen diren horietakoa. Beste behin txartelari «Harryren adiskidea» eransteak sarrera agiritzat balio izan zion. Cooler ofizialaren uniformeaz jantzita zegoen, hizki misteriotsu batzuk zituelarik txapan eta mailako galoirik gabe, nahiz eta neskameak Koronel Cooler deitu. Haren esku emate bero egiazkoa Vienan topatu zuen keinurik adiskidetsuena suertatu zitzaion Martinsi.

        — Harryren lagun oro nire lagun da —esan zuen Coolerrek—. Zure aditzea badut, noski.

        — Harryren bitartez?

        — Westernen irakurle porrokatua nauzu —esan zuen Coolerrek, eta Martinsek sinetsi egin zion, Kurtzi sinetsi ez zion bezala.

        — Nahi nuke Harryren heriotzaz, zu bertan zinen ezta?, zerbait kontatzea...

        — Izugarria izan zen —esan zuen Coolerrek—. Kalea igarotzen hasi nintzen Harryrengana joateko. Bera eta Mr. Kurtz beste espaloian zeuden. Beharbada igarotzen hasi ez banintz, bera bertan geratuko zen. Baina ikusi ninduen eta berehala espaloitik jaitsi zen nirekin elkartzeko, orduan jeep hori... izugarria izan zen, izugarria. Txoferrak frenatu zuen, baina ezin zuen ezer egin. Hartzazu whiski bat, Mr. Martins. Ergelkeria izango da, baina pentsatze hutsak bihotz zirrara ematen dit —soda zirristadak atera bitartean honela esan zuen—: uniforme hau eta guzti, inor hiltzen egundaino ikusi gabea nintzen.

        — Beste gizona jeep barruan zegoen?

        Coolerrek zurrutada luze bat hartu eta geratzen zitzaiona bere begi nekatu eta atseginekin neurtu zuen.

        — Zein gizonez ari zara, Mr. Martins?

        — Beste gizon bat zegoela esan didate.

        — Ez dakit nondik atera duzun ideia hori. Ikerketaren txostenetan aurkituko duzu dena.

        Beste bi basokada aski beteak atera zituen.

        — Hirurok ginen bakarrik: ni, Mr. Kurtz eta txoferra. Medikua ere bai, noski. Medikuaz ari zinen pentsatzen, ez da hala?

        — Nirekin hitz egin zuen gizonak, halabeharrez, leihotik begiratu zuen, Harryren aldamenekoa zen, eta esan zidan hiru gizon eta txoferra ikusi zituela. Hori medikua iritsi aurretik.

        — Ez zuen epaitegian holakorik esan.

        — Ez zuen bere burua nahastu nahi.

        — Europar hauek ez dute inoiz ikasiko hiritar onak izaten. Eginbehar hori zuen.

        Coolerrek basoari begira goibel ausnartu zuen.

        — Gauza harrigarria da, Mr. Martins, istripuen kontu hau. Bi bertsio berdinik ez duzu sekula aurkituko. Begira, Mr. Kurtz eta biok ere ez gentozen bat xehetasun batzuen gainean. Gauzak hain bat-batean gertatzen baitira, ez zara ezertan ere fijatzen, gero danba! blaust! eta dena kontatu behar duzu, atzera gogoratu. Nik uste erabat nahastuta egongo zela zer gertatu zen aurretik eta zer ondoren antolatu nahian, gu laurok ezagutu ahal izateko.

        — Laurok?

        — Harry kontatuta. Zer gehiago ikusi zuen, Mr. Martins?

        — Ezer interesgarririk ez; bakarrik esaten duela Harry hilda zegoela etxera eraman zutenerako.

        — Beno, hilzorian zegoen, alde handirik ez dago. Beste whiski bat, Mr. Martins?

        — Ez, nahikoa dut.

        — Bada, nik beste txurrutada bat hartuko dut. Asko estimatzen nuen zure adiskidea, Mr. Martins, eta samingarri gertatzen zait horretaz mintzatu beharra.

        — Atera beste bat, zurekin batera edango dut. Anna Schmidt ezagutzen duzu? —galdegin zion Martinsek, whiskiaren garratza ahogozatuz.

        — Harryren neska? Behin bakarrik ikusi dut, ez gehiago. Egia esateko, bere paperak moldatzen lagundu nion Harryri. Horrelako gauzak ez nizkion arrotz bati aitortu beharko, ezta? Baina arauak noizean behin ere hautsi behar dira. Gizalegea ere eginbeharra da.

        — Zer arazo zuen?

        — Hungariarra zen eta bere aita nazi izandakoa, ziotenez. Errusiarrek atzemango ote zuten beldur zen.

        — Zergatik atzeman?

        — Guk ez dugu beti ulertzen zergatik egiten dituzten holako gauzak. Beharbada erakusteagatik ez dela komenigarria ingeles baten adiskide izatea.

        — Baina bera zona britainiarrean bizi da.

        — Hori ez litzateke beraientzat oztopo izango. Jeepez bost minutuko bidea besterik ez dago Buruzagitzatik. Kaleak ez daude ondo argituta eta ez dabil polizia askorik ingurumarietan.

        — Harryren partetik dirua eraman zenion ezta?

        — Bai, baina nik ez nuke hori aitatuko. Neskak esan zizun?

        Telefonoak jo zuen eta Coolerrek basoa hustu zuen.

        — Kaixo —esan zuen—. Bai, neu. Koronel Cooler nauzu.

        Gero eseri egin zen telefonoa belarri ondoan zeukala eta eraman handiko aurpegikera ilunaz, urruneko ahots bat gelan barrena isurtzen zen bitartean.

        — Bai —berresan zuen—. Bai.

        Begiak Martinsen aurpegian pausatu zituen, baina bazirudien bera baino harantzago begiratzen zutela: lausoak, nekatuak eta atseginak, itsasoari beha egon zitezkeen.

        — Oso ondo egin duzu —esan zuen gorespen doinuaz, eta gero zakar antza—. Noski emango dizkizutela. Hitza ematen dizut. Adio.

        Telefonoa eskegi eta esku bat bekoki nekatuaren gainetik pasatu zuen. Zer egin behar zuen gogoratzeko ahaleginak egiten ari zela zirudien. Martinsek esan zuen:

        — Zerbait entzun duzu poliziak dioen trafiko horretaz?

        — Barkatu. Zertaz ari zara?

        — Poliziak dioenez Harry azpijoko batean sartuta zegoen.

        — Ez, ez —esan zuen Coolerrek—. Ez. Ezinezkoa da. Eginbeharraren zentzu handia zeukan.

        — Kurtzen iritziz, ostera, litekeena zen.

        — Kurtzek ez du anglosaxoi baten izakera ulertzen hardetsi zuen Coolerrek.

 

 

© Graham Greene

© itzulpenarena: Iņaki Ibaņez

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.com