9
Iluntzean Martins kanalaren hegian zehar zebilen: uraz bestaldean Diana bainuetxea erdi suntsitua zetzan eta urrutian Praterreko Noriaren gurpiltzar beltza geldirik etxe hondatuen gainean. Han, ur arreaz bestaldean, Bigarren Barrutia zegoen, errusiarren jabetzakoa. St Stephanskirchek bere itzelezko dorre orratz zauritua gora jaurtikitzen zuen Barne Hiriaren gaineko zerualdera, eta Kärntnerstrassetik igotzen ari zela Martins Polizia Militarreko kuartelaren ateondo argituaren aitzinetik igaro zen. Nazioarteko Patruila osatzen zuten lau gizonak beren jeepean sartzen ari ziren; P.M. errusiarra gidariaren aldamenean eseri zen (gau horretan errusiarrek buruzagitza bereganatzeko txanda hasten baitzuten hurrengo lau asteetarako) eta britainiarra, frantziarra eta amerikarra atzealdera sartu ziren. Hirugarren whiski kargatuak Martinsen adimena lausotzen zuen eta Amsterdameko neskarekin oroitu zen eta Pariseko neskarekin; bakardadea bere aldamenetik zebilen espaloi jendetsuan barrena. Sacher hotela zegoeneko kale kantoiaren aurretik pasa eta aurrera segitu zuen. Rollo zen nagusi eta Vienan ezagun zuen neska bakarrarenganantz zihoan.
Neskaren bizitokia nondik ezagutzen zuen galdegin nion. Zera, esan zidan, aurreko gauean neskak emandako helbidea aurkitu omen zuen ohean zegoela, mapa bat aztertzen. Nondik nora ibili ikasi nahi zuen eta trebea zen mapak aztertzen. Kale eta itzulbideen izenak buruz ikasteko erraztasuna zuen, izan ere harako bidea beti oinez ibiltzen baitzuen.
Harako bidea?
Esan nahi dut neska bat ikustera joaten naizenean, neska bat edo beste inor.
Ez zekien, noski, neska etxean zegoela, ez eta gau horretan Josefstadten emanaldirik ez zuela, edo beharbada hori ere buruan gorde zuen karteldegia ikusita. Nolanahi ere, neska etxean zegoen, egoera honi etxean egotea deitzen badiozu: bera bakarrik berotasunik gabeko gela batean, ohea besaulkiz itxuraldatua, eta makinaz idatzitako antzerki testu bat aurreneko orrialdean irekia, nahaspilatutako mahai kili-kolo desegoki baten gainean: izan ere bere pentsamendua etxean egotetik urrunegi baitzegoen. Martinsek hitz baldar hauek esan zizkion (eta inork ezin esan zezakeen, ez eta Rollok berak ere, zenbaterainoko zerikusia zuen baldankeriak bere jokamoldean):
Zera... etxea ikusi eta... ikustera igoko nauk. Hemendik pasatzen nintzen eta...
Hemendik pasatu? Norako bidean?
Ordu erdi luzez ibili beharra izan zuen Barne Hiritik zona britainiarraren mugaraino, baina beti zeukan erantzun azkarren bat.
Whiski gehiegi edan dut koronel Coolerrekin. Pixka bat ibiltzeko premia nuen eta halabeharrez hemen agertu naiz.
Ezin dizut edatekorik eskaini. Tea bakarrik. Zerbait geratzen da pakete horretatik.
Ez, eskerrikasko, lanpetuta zaude eta esan zion antzerki testuari begiratuz.
Ezin dut lehen lerrotik aurrera egin.
Martinsek testua hartu eta irakurri zuen:
«Louise sartzen da. LOUISE: Haur bat negarrez entzun dut».
Geldituko al naiz pixka batean? galdetu zuen gizabidez Martinsek, Rollok baino gehiago.
Bai pozik ere.
Martins besaulkian jezarri zen eta handik luzarora kontatu zidan (izan ere maitaleek zehatz-mehatz kontatzen baitute, nork entzungo aurkitzen badute behintzat) orduantxe begiratu ziola benetan bigarren aldiz. Neska han zegoen, bera bezain baldar, franelazko galtza zaharrak jantzita, atzealdean adabaki trakets batzuekin; han zegoen zutik, hankak zabal-zabal eta lurrean finkaturik, arerioaren erasoari aurpegi emanda amore ez ematera deliberaturik bailegoen: gorputz tipia eta mardul samarra zuen, eta eduki zezakeen liraintasun apurra alde batera utzita, bere lanbiderako ez besterako gordeta.
Egun motela ala? galdetu zion Martinsek.
Ordu hau beti izaten da motel samarra azaldu zion. Ordu honetan etorri ohi zen bera, eta txirrina jo duzunean, hasieran pentsatu dut...
Aulki gogor batean eseri zen Martinen aurrean eta honela esan zion:
Hitz egin, mesedez, zuk ezagutu zenuen. Kontaidazu edozein gauza.
Beraz, hitz egin zuen. Hitz egin bitartean zerua iluntzen ari zen leihoaz bestaldean. Geroago erreparatu zuen eskuak elkarri lotuta zituztela. Honela esan zidan:
Ez nuen maitemintzeko inongo asmorik, are gutxiago Harryren neskarekin.
Noiz gertatu zen? galdegin nion.
Hotz handia zegoen eta zutitu egin nintzen leihoko gortinak ixteko asmoz. Eskuak askatu nituenean, orduantxe konturatu nintzen elkarri helduta genituela. Jaiki nintzenean aurpegira begiratu nion eta bera niri begira zegoen. Ez zuen aurpegi polita, hor zegoen koxka. Egunero bizitzeko moduko aurpegia zuen. Aurpegi eramangarria. Iruditzen zitzaidan herrialde berri batean sartzen nintzela eta bertako hizkuntzaz egiten ez nekiela. Betidanik uste nuen ederra delako maite duzula neska bat. Han egon nintzen gortina ondoan, ixteko zain, kanpora begira. Neure aurpegia baino ez nuen ikusten, gelari atzera begira, Annari begira. Esan zidan:
Eta zer egin zuen Harryk orduan?
Eta nik zera erantzun nahi nion: «Deabruak daramala Harry. Hilda dago. Biok maite genuen, baina hilda dago. Hildakoak ahaztu beharrekoak dira»; hala ere, hauxe bakarrik esan nion: «Ezetz asmatu. Bere betiko doinua txistukatu zuen ezer gertatu ez balitz bezala» eta doinua ahal bezala txistukatu nion neskari. Arnasari eusten ziola entzun nuen, berari begiratzeko jiratu nintzen eta «Hau ote da bide zuzena, jokabide zuzena, jokaldi zuzena?» pentsatzeko astirik gabe, hauxe bota nion:
Hilda dago. Ezin duzu bizi guztia eman berarekin gogoratzen.
Badakit esan zuen, baina lehenago zerbait gertatuko da, agian.
Zer esan nahi duzu zerbait gertatuko dela?
Esan nahi dut, agian, beste gerra bat gertatuko dela, edo hil egingo naizela, edo errusiarrek eramango nautela.
Denboraren poderioz Harry ahaztuko duzu. Berriro maiteminduko zara.
Badakit, baina ez dut nahi. Ez duzu ikusten ez dudala nahi ala?
Orduan Rollo leihotik aldendu eta besaulkian eseri zen berriro. Minutu erdi bat lehenago zutitu zenean Harryren adiskidea zen Harryren neska kontsolatzen; orain, berriz, Anna Schmidtekin maitemindutako gizon bat zen eta neska hori beste gizon batekin maiteminduta egon zen, biek aspalditik ezagutzen zutena eta Harry Lime zeritzana. Gau horretan ez zuen atzera iragana aipatu; horren ordez, ikusitako jende guztiaren berri eman zion.
Winklerrez edozein gauza sinetsiko nuke azaldu zion neskari. Cooler, ordea, begikoa daukat. Harryren alde agertu zen lagun bakarra da. Arazoa, ordea, zera da, Cooler zuzen baldin badago orduan Koch oker dagoela, eta arrastoren bat aurkitu nuelakoan nengoen.
Nor da Koch?
Adierazi zion nola Harryren pisura itzuli zen eta Kochekin izandako elkarrizketa jakinarazi zion, hirugarren gizonaren istorioa.
Hori egia bada zioen Annak garrantzi handikoa da.
Ez du ezer frogatzen. Azken batean, Kochek ikerketan atzera egin zuen, beste horrenbeste egin zezakeen ezezagun horrek ere.
Kontua ez da hori esan zuen. Kontua da haiek gezurra esan zutela, Kurtzek eta Coolerrek hain zuzen ere.
Beharbada gezurra esan zuten tipo hori saltsan ez nahasteagatik, haien laguna baldin bazen behintzat.
Beste lagun bat aurrean? Non dago, orduan, Coolerren delako zintzotasun hori?
Zer egin behar dugu? Koch bere baitan bildu eta bere etxetik bota ninduen.
Ni ez nau botako esan zuen, ez eta bere Ilsek ere.
Pisurainoko bide luzea elkarrekin ibili zuten; elurra oinetakoei atxiki eta astiro ibilarazten zituen, kateak arrastaka daramatzaten gatibuen antzera. Anna Schmidtek galdegin zion:
Urruti al da?
Hemendik ez oso urruti: Hor, kalean dagoen jendalde hori ikusten duzu? Hor nonbait da.
Jende multzoa tintazko mantxa bat bezalakoa zen, isuri, itxuraz aldatu eta hedatuz zihoan mantxa bat. Gertuago zirenean Martinsek esan zuen:
Etxe horretan dela uste dut. Zer uste duzu izango dela, asanbladaren bat edo?
Anna Schimdt gelditu egin zen. Esan zuen:
Beste norbaitekin hitz egin duzu Kochi buruz?
Zurekin eta koronel Coolerrekin, beste inorekin ez. Zergatik?
Beldurrak nago. Honek gogora ekartzen dit... Begiak jendaldean finkaturik zituen eta inoiz ez zuen jakin zer oroitzapen etorri ote zitzaion gogora bere iraganaldi nahasitik jakinaren gainean jartzeko.
Goazen hemendik! eskatu zion arren.
Zu txoratuta zaude. Zerbait aurkitu dugu hemen, garrantzizko zerbait...
Nik itxaron egingo dizut.
Baina berarekin hitz egin behar zenuen.
Lehendabizi begiratu jende guzti horrekin zer... eta antzerkilari izateko harrigarria zena, hauxe gaineratu jendetzari gorroto diot eta.
Martins astiro ibili zen bakarrik, elurra oinetakoei atxikitzen zitzaiela. Ez zen bilera politiko bat, ez baitzegoen hizlaririk. Nola hurbiltzen zen ikustearren buru guztiak beregana itzultzen zirela iruditu zitzaion, itxaroten zuten norbait bailitzan. Jendetzaren ertzeraino heltzerakoan egiaztatu zuen etxea bertan zegoela. Gizon batek gogor begiratu eta esan zion:
Zu ere horietako bat zara?
Zer esan nahi duzu?
Polizia.
Ez. Zertan ari dira?
Sartu eta irten. horrela ibili dira egun osoan.
Zeren zain dago jende hau?
Nola ateratzen duten ikusi nahi dute.
Nor?
Herr Koch.
Martinsi gogoak eman zion berak ez ezik beste norbaitek ere jakin zuela Herr Kochek testigantza eman ez zuena, nahiz eta hori poliziaren eginkizuna ez izan, inolaz ere. Galdetu zion:
Zer egin du?
Inork ez daki oraindik. Ez datoz bat horren gainean. Suizidio bat izan liteke edo hilketa bat bestela.
Herr Koch?
Bai noski.
Ume txiki bat agertu zen eta gizon berriemaileari besotik tira egin zion: «Aita, aita!». Lanazko txano bat zeukan jantzita, gnomo bat iduri; begitartea hotzak gogortuta eta ubelduta zeukan.
Bai, maitia, zer duzu?
Atetilatik hizketan entzun ditut, aita.
Ai, bihurri hori! Esaiguzu ba zer entzun duzun, Hansel.
Frau Koch negarrez entzun dut, aita.
Besterik ez, Hansel?
Bai. Gizon handia hizketan entzun dut, aita.
Ai, bihurri halakoa! Esaiozu aitatxori zer esaten zuen, Hansel.
Esaten zuen «Esango didazu, Frau Koch, zer itxura zeukan arrotzak?»
Hara! Ikusten? Hilketa bat delakoan daude. Eta zeinek esan oker daudela? Zer dela eta moztu behar zuen Herr Kochek bere lepoa sotoan?
Aita, aita!
Zer, Hansel?
Atetilatik begiratu dudanean odola ikusi dut ikatzetan.
Haur demonio hori! Nola dakizu odola zela? Elurrarekin itokinak nonahi daude eta.
Gizona Martinsengana bueltatu eta esan zion:
Ume honek daukan imajinazioa ere... Beharbada idazle izango da handitzen denean.
Aurpegitxo jelatuak handikiro gora begiratu zion Martinsi. Haurrak esan zuen:
Aita!
Bai, Hansel?
Hau ere arrotza da.
Gizonak barre algara bati jaregin zion dozena bat buru itzularaziz.
Aditu hori, aditu! esan zuen harro-harro. Zeu izan zarela uste du, arrotza zarelako. Orain Vienan zu beste arrotzik ez balego bezala.
Aita, aita!
Bai, Hansel?
Irteten ari dira.
Polizi batzuek ohatila estali bat inguratzen zuten, poliki jaisten ari zirena elur zanpatuan irrist egiteko beldurrez. Gizonak honela esan zuen:
Anbulantziek ez dute kale honetan sartzerik, hondakinak direla eta. Etxe kantoiraino eraman behar dute.
Frau Koch segizioaren atzean zetorren; buruzapi bat jantzita zeraman eta saialezko beroki zahar bat. Bere gorputz astunak elurrezko panpina zirudien espaloi bazterreko elur piloan hondoratu zenean. Esku bat luzatu zioten eta etsipenezko begirasun galdua egotzi zion inguruko ezezagun taldeari. Han lagunik bazen ere ez zituen ezagutu aurpegi guztiei banan-banan begiratu arren. Bere aurretik pasatzean Martins makurtu egin zen zapataren lokarria haztatzera, baina gora begiratzean begien parean topatu zuen Hansel txikiaren hotzak gorritutako gnomo begirada zorrotza.
Kalean behera Annarengana zihoala beste behin atzera begiratu zuen. Mutikoa aitari eskutik tiraka ari zitzaion eta ikus zezakeen nola ezpainek «Aita, aita!» silabak borobiltzen zituzten aienezko balada baten errepikapena bailiran.
Annari esan zion:
Koch hil dute. Goazen hemendik!
Elurrak utzi bezain bizkor ibili zen, orain ezkerretara hartuz orain eskubitara. Haurraren mesfidantza eta zelata bazirudien lainoa bezala hedatzen zirela hiriaren gainetik: ezin zuten haren itzalpetik saihesteko bezain azkar ibili. Ez zion Annari jaramonik egin hau esatean: «Orduan Kochek zioena egia zen. Hirugarren gizon bat zegoen», ez eta geroxeago beste hau eranstean: «Hilketa bat izan behar zuen. Inork ez du hiltzen bestela ezer larriagorik ezkutatzeko ez bada».
Tranbiek izotz burduntziak antzo distiratzen zuten kalearen bukaeran: Ringera itzultzen ari ziren. Martinsek esan zuen:
Hobe duzu bakarrik etxeratu. Bolada batean zugandik aparte ibili beharrean nago, gauzak argitu arte.
Baina inork ezin du zutaz susmo txarrik izan.
Galdezka ari dira atzo Koch ikustera joan zen arrotz batetaz. Aldi baterako aspergarri jarri daitezke.
Zergatik ez zoaz poliziara?
Hain dira txotxoloak! Ez naiz horiekin fidatzen. Begira Harryri zer erantsi dioten. Gainera, Callaghan delako hori jo nahi izan nuen. Begitan hartuko naute. Gutxien gutxienik Vienatik botako naute. Baina lasai geratzen banaiz pertsona bakarra dago ni salatzeko moduan. Cooler.
Eta ez du holakorik nahiko.
Ez, errudun baldin bada. Baina ezin dut sinetsi errudun denik.
Neskarengandik bereizi aurretik Annak esan zion:
Kontuz ibili. Kochek ezer gutxi zekien eta hil egin dute. Zuk Kochek adina badakizu.
Oharpen hori gogoan finkatuta eraman zuen Sacherrerako bide guztian: behin bederatziak geroztik hutsik ageri ziren kaleak, eta burua itzultzen zuen kalean gora pauso hotsak atzetik entzuten zituen bakoitzean, hain setatsu babestu zuten hirugarren gizon hura borrero baten gisara atzetik jarraiki balitzaio bezala. Grand Hotel aurrean zaindari errusiarrak hotzez gogortuta zirudien, baina gizakia zen, aurpegia bazuen, nekazari xaloaren aurpegia, memelo begiekin. Hirugarren gizonak ez zuen aurpegirik: leihotik ikusitako buru baten gaina besterik ez.
Sacherrenean Mr. Schmidtek esan zion:
Calloway koronela hemen egon da zutaz galdezka, jauna. Uste dut tabernan aurkituko duzula.
Oraintxe etorriko naiz esan zuen Martinsek eta tximistak bezala irten zen hoteletik: pentsatzeko astia behar zuen. Baina kanpora orduko gizon bat aurreratu, diosala egin eta sendo esan zion:
Arren, jauna.
Kolpetik zabaldu zion atea, aurreko kristalean Britainia Handiko bandera itsatsita zeraman kaki koloreko kamioi batekoa eta zorrotz adierazi zion barrura sartzeko. Protestatu gabe etsi zuen; goiz edo berandu, ziur zegoen, galdeketa egingo zioten; Anna Schmidten aurrean bakarrik agertzen zuen itxurazko baikortasuna.
Txoferrak abiadura bizian gidatzen zuen, arriskutsu gertatuz kale izoztuan, eta Martinsek protesta egin zuen. Erantzun bezala purrustada muker bat eta marmarka esandako zerbait bakarrik jaso zuen, berak «aginduak» baizik ulertu ez zuelarik.
Ni hiltzeko agindua eman dizute ala? galdegin zuen Martinsek txantxetan, eta ez zuen inolako erantzunik jaso.
Begi ukaldi batez Hofburgeko tantaiak ikusi zituen lepo gainean elurrezko globo ikaragarriak eutsiz eta gaizki argitutako kaleetan barna murgildu ziren, eta hor ibilzentzu osoa galdu zuen.
Urruti dago?
Baina txoferrak ez zion jaramonik egin. Gutxienez, pentsatu zuen Martinsek, ez naramate preso: ez dute zaintzailerik bidali eta; gonbidatua nago, hitz hori aipatu zuten, ezta? kuartelera joatera, aitorra eman dezadan.
Kotxea gelditu zen eta txoferrak etxe bateko bigarren bizitzaraino eraman zuen. Atal biko atetzar batean txirrina jo eta ateaz bestaldetik berriketa hotsa somatu zuen Martinsek. Bat-batean txoferrarengana itzuli eta esan:
Non demontre...? baina txoferra ordurako eskailera erdia jaitsita zegoen eta atea zabaltzen ari zen. Begiak itsutu zizkion ilunpetik atera eta argitasunak jotzerakoan; aditu zuen, baina nekez ikus zezakeen, Crabbin beregana zetorrela.
Ai, Mr. Dexter, hain ginen kezkatuta, baina hobe berandu inoiz baino. Hona hemen Miss Wilbraham eta Grdfin von Meyersdorf.
Alasa bat kafe katiluz betea; kafeontzi bat lurrina zeriola; emazteki aurpegi bat irribarre zuriarekin; bi gizon gazte batxilerreko ikasleen aurpegi argi alaitsuekin; eta, atzealdean pilatuta, famili albumeko aurpegiak bezala, irakurle leialen aldra, itxura zaharkitu, itzaldu, sinetsi eta pozkariozkoarekin. Martinsek atzera begiratu zuen baina atea itxita zegoen.
Mr. Crabbini etsi-etsian esan zion:
Sentitzen dut, baina...
Ez pentsatu gehiago horretaz esan zuen Mr. Crabbinek. Kafe bat hartu eta gero mahai inguruari ekingo diogu. Entzulego aparta dugu gau honetan. Zeure saltsan aurkituko zara, Mr. Dexter.
Gizon gazteetako batek eskuan katilua ezarri zion; besteak azukre mordo bat bota zion, azukrerik gabe nahiago zuela esateko betarik eman gabe ere. Gazteenak belarrira esan zion:
Gero, zeure liburuetako bat sinatuko zenidake, Mr. Dexter?
Zeta beltzez jantzitako emakume handi bat oldartu zitzaion eta honela esan:
Bost axola niri Gräfinek entzutea, Mr. Dexter, baina zure liburuak ez zaizkit gustatzen. Ez ditut batere gogoko. Nire ustez nobela batek istorio eder bat kontatu behar luke.
Nire ustez ere bai esan zuen Martinsek etsita.
Arren, Mrs. Bannock, itxaron galderak egiteko orduari.
Badakit ez naizela batere lausengaria, baina ziur naiz Mr. Dexterrek egiazko kritika aintzakotzat hartzen duela.
Atso batek, Gräfin-tzat jo zuena, esan zuen:
Nik ez dut ingelesezko liburu askorik irakurtzen, baina zureak omen dira...
Mesedez, kafea bukatu esan zuen Crabbinek eta barneko gela bateraino bultzatu zuen, bertan adineko pertsona batzuk aulkiez osatutako borobil erdian jezarrita eramanarri ilunaz zain zeudelarik.
Martins ez zen gauza izan bilerari buruz xehetasun handirik emateko; burua nahastuta zeukan artean heriotzarekin; begiak jasotzerakoan iruditzen zitzaion edozein unetan Hansel umea ikusiko zuela eta entzungo ziola etengabeko lelo hutsala: «Aita, aita!» . Hitzaurre batekin eman omen zion Crabbinek hasiera bilkurari, eta Crabbin ezagututa ziur nago azalpen argi, zuzen eta leiala emango zuela ingelesezko nobelagintza garaikideari buruz. Sarritan entzun dut jardun horretan eta aldaera bakarra tokian tokiko gonbidatu ingelesaren lanari ematen dion garrantzia izaten da. Teknikaren arazo batzuk ikuspuntua, denboraldiaren garapena gainetik ukitu, eta ondoren irekitzat joko zuen mahai ingurua galderei eta eztabaidari txanda eginez.
Martinsek huts borobila egin zion aurreneko galderari, baina zorionez Crabbinek hutsunea bete eta ederki erantzun zuen. Sonbreiru marroiaz eta lepo inguruan larruaz jantziriko emakume batek interes grinatsuaz galdetu zuen:
Arren esango al diguzu eskuartean beste idazlanik baduzun?
Bai, bai horixe.
Zer izen du mesedez?
«Hirugarren Gizona» esan zuen Martinsek eta bere buruarekin gezurrezko konfiantza berreskuratu zuen oztopo hori gainditu zuelako.
Mr. Dexter, esango al diguzu mesedez, zein idazleren eragina izan duzu batipat?
Greyrena pentsatu gabe esan zuen Martinsek. Bera, noski, Zelai gorriko jineteak idatzi zuenaz ari zen, eta pozik sentitu zen bere erantzuna denen gustukoa izan zelako. Agure austriar batek, aldiz, hauxe galdetu zion:
Grey? Zein Grey? Ez dut izen hori ezagutzen. Martins berriro arriskutik kanpo zegoen eta hau esan zuen:
Zane Grey. Ez dut besterik ezagutzen eta nahastuta geratu zen kolonia ingelesetik zetozen barre txiki zuhurrengatik.
Crabbin berehala tartetu zen austriarren laguntzaz:
Mr. Dexterren txantxa bat da. Gray olerkariaz ari da, sen handiko idazle xamur, zuhur eta zorrotz horretaz; nabaria da elkarrekiko parekotasuna.
Eta Zane Grey du izena?
Hortxe dago, bada; Mr. Dexterren txantxa. Zane Greyk westernak deitu ohi ditugunak idatzi ditu: nobelatxo arruntak eta merkeak, cowboy eta gaizkileei buruzkoak.
Ez da goi mailako idazlea?
Ez, ez. Ezta urrutitik ere esan zuen Crabbinek. Hitzaren zentzu hertsian nik ez nioke idazle ere deituko.
Martinsek esan zidanez bihurrialdiaren lehen txinpartak nabaritu zituen adierazpen hori entzutearekin bat.
Berak ez zuen inoiz bere burua idazletzat hartu, baina Crabbinen harropuzkeriak su eta gar jarri zuen, are argiak Crabbinen betaurrekoetan distiratzeko modua ere sumintzeko beste arrazoi bat iruditzen zitzaion. Crabbinek esan zuen:
Herri xehearentzako denborapasak idazten zituen, besterik ez.
Zer arraiogatik ez idatzi bada? esan zion Martinsek amorru bizitan.
Zera... nik zera bakarrik esan nahi zuen...
Zer idazten zuen Shakespearek? Norbaitek ausardia handiz esan zuen:
Olerkiak.
Zane Greyri inoiz irakurri diozu?
Ez, ezin dut esan...
Orduan ez dakizu zertaz ari zaren.
Gazteetarik bat ahalegindu zen Crabbini laguntza eskaintzen.
Eta James Joyce, non kokatuko zenuke James Joyce, Mr. Dexter?
Nola kokatu? Nik ez dut inor inon kokatzeko asmorik esan zuen Martinsek.
Oso egun nahasia izan zuen: gehiegi edan Cooler koronelarekin; maitemindu; gizon bat hilik agertu eta orain zirikatzen ari zitzaizkiolako sentsazio nahiko bidegabea zuen. Zane Grey bere heroeetako bat zen: zozokeria guzti haiek jasan behar zituen ala?
Esan nahi dudana zera da, ea benetako lehen mailako idazleen artean jarriko zenuen.
Egia esatea nahi baduzu, ez dut izen hori inoiz entzun. Zer idatzi du?
Bera ez zen ohartzen, baina arrakasta izugarria sorrarazten ari zen. Berebiziko idazle batek ez bestek har zezakeen halako jarrera arranditsua eta hain berezkoa. Hango batzuek Zane Grey izena idatzi zuten kartazalen atzealdean eta Gräfinek ahopeka galdetu zion Crabbini ahots lakarrez:
Nola idazten da Zane?
Egia esateko ez naiz oso ziur.
Aldi berean izen jasa bat jaurti zioten Martinsi: Stein bezalako ziri izen zorrotzak, Woolf bezalako harri borobilak. Gazte austriar batek, bekokian ile multzo beltza intelektual modura zeukana, oihuka «Daphne du Maurier!», eta Mr. Crabbinek aurpegia okertu eta Martinsi zeharka begiratu zion. Ahopetik esan zion:
Errukior izan beraiekin.
Eskuz egindako jertse bat jantzita zeraman musu atsegineko andere batek hasperenka esan zuen:
Ez duzu uste, Mr. Dexter, inortxok, inortxok ere ez duela idatzi sentipenei buruz Virginia Woolfek bezain poetikoki? Hitz lauz, esan nahi dut.
Crabbinek xuxurlatu zion:
Ezagumenaren korronteaz zerbait esan dezakezu.
Zeren korronteaz?
Etsipenezko kutsu bat ageri zitzaion Crabbini ahotsean:
Mesedez, Mr. Dexter, lagun hauek zure jarraitzaile sutsuak dira. Zure iritziak entzun nahi dituzte. Jakingo bazenu nola eraso duten institutua.
Agure austriar batek esan zuen:
Ba al da gaurregun Ingalaterran John Galsworthy zenaren mailako idazlerik?
Amorruzko irri eztanda bat izan zen eta izen batzuk harat-honat ibili ziren, hala nola, Du Maurier, Priestley eta Layman zeritzan norbait. Martinsek betilun bizkarra etzan zuen eta atzera ikusi zituen elurra, ohatila, Frau Kochen aurpegi etsitua. Pentsatu zuen: inoiz itzuli ez banintz, inoiz galderarik egin ez banu, gizontxo hura oraindik bizirik ote legoke? Zer onura ekarri zion Harryri beste biktima bat eskainiz... beste biktima bat noren beldurra baretzeko? Herr Kurtzena, Cooler koronelarena (ezin zuen horrelakorik sinetsi), Dr. Winklerrena? Horietako inork ez zirudien gai sotoan halako krimen beltz izugarria burutzeko; haurraren ahotsa entzun zezakeen esanez «Odola ikusi dut ikatzetan», eta norbaitek bere aurpegi hutsa bihurtu zuen beregana, ezaugarririk gabea, plastilinazko arrautza gris bat, hirugarren gizona.
Martins ez zen gauza mahai ingurua amaitu arte nola moldatu zen kontatzeko. Beharbada Crabbinek jasango zuen txarrena; beharbada entzule batzuek lagunduko zioten eztabaida bero batean murgilduz nobela amerikar ezagun baten filmerako bertsioari buruz. Ezer gutxi gogoratzen zuen bere omenez Crabbinek esandako azken hitzen aurrekoaz. Gero gizon gazteetako batek liburu pilo bat zeukan mahai bateraino eraman eta haiek sinatzeko eskatu zion.
Bazkide bakoitzeko ale bana bakarrik utzi dugu.
Zer egin behar dut?
Sinatu eta kito. Ez dute besterik espero. Branka Kakotuaren ale hau nirea da. Gogotik eskertuko nizuke zertxobait idatziko bazenu...
Martinsek bere luma hartu eta idatzi zuen: «Atseginez, B. Dexterrek, Santa Fé-ko Jinete Bakartiaren egileak» eta gazteak eskaintza irakurri eta harridurazko aurpegiaz sikatu zuen. Martins eseri zenean eta liburuen aurreneko orrialdean sinatzeari ekin zionean, ispilu batean gaztea ikusi zuen Crabbini eskaintza erakutsiz. Crabbinek irribarre txiki bat egin eta okotza igurtzi zuen gora eta behera, gora eta behera. «B. Dexter. B. Dexter. B. Dexter» agudo idazten zuen Martinsek: azken finean, gezurra ere ez zen. Liburuak banan-banan zein bere jabeak jasotzen joan ziren; eskerronezko eta kunplimenduzko esaeratxoak gurrak bailiran jaulkitzen joan ziren: horixe al zen idazle izatea? Martins Benjamin Dexterrenganako amorru bizia nabaritzen hasi zen. Halako tipo astakirten, astaputz, aspergarri eta arranditsua!, pentsatu zuen, Branka Kakotuaren hogeita zazpigarren alea sinatzen ari zenean. Begiak jaso eta liburu berri bat hartzen zuen bakoitzean Crabbinen begirada kezkatsu eta gogoetatsuarekin egiten zuen topo. Institutuko kideak etxeratzen hasiak ziren nor bere altxorrarekin: aretoa hustutzen ari zen. Bat-batean ispiluan polizia militar bat ikusi zuen Martinsek. Iruditu zitzaion auzitan ari zela Crabbinen mutil gazteetako batekin. Martinsek bere izenaren soinua entzun uste zuen. Orduantxe burua galdu zuen eta horrekin batera zentzu arrasto guztia ere bai. Liburu bakarra zeukan sinatzeko; azkeneko «B. Dexter» bat azkar zirriborratu eta ate aldera jo zuen. Gizon gaztea, Crabbin eta polizia elkarrekin zeuden sarreran.
Eta gizaseme hori? galdetu zuen poliziak.
Mr. Benjamin Dexter da erantzun gazteak.
Komuna? Non dago komuna? esan zuen Martinsek.
Esan didatenez Mr. Rollo Martins delako bat hona etorria da zure kotxe batean.
Hutsegite bat. Hutsegite garbi bat.
Bigarren atea ezkerretara esan zuen gizon gazteak.
Martinsek irtetean jantzigelatik berokia hartu eta eskailera jaisten hasi zen. Lehenengo bizitzako mailburuan norbait igotzen entzun zuen eta barandaren gainetik begiratuz Paine ikusi zuen, neronek bidali bainuen identifikatzeko. Itsumustuan ate bat zabaldu eta bere atzetik itxi zuen. Paine pasatzen entzun zuen. Gela hura ilunpetan zegoen; intziri bitxi batek atzera begira eta aurpegi emanarazi zion, zernahi zela ere.
Ezin zuen ezer ikusi eta hotsa isildua zen. Zirkin tipi bat egin eta berriro hasi, arnasestuka bezala. Geldirik egon zen eta soinua moteldu. Kanpoan norbait deika: «Mr. Dexter! Mr. Dexter!» Orduan soinu berri bat hasi zen. Norbait marmarka balego bezala: bakarrizketa luze etengabea ilunpetan. Martinsek esan zuen:
Inor al da hor?
Eta soinua berriro eten. Ezin zuen gehiago eraman. Bere metxeroa atera zuen. Urrats hotsa entzun zuen eskaileran paretik pasatzen eta jaisten. Gurpiltxoari behin eta berriz eragin zion eta argirik etorri ez. Norbait lekuz aldatu zen ilunpetan eta zerbaiten hotsa aditu airearen erdian, kate hotsa bezala. Beste behin galdetu zuen beldurrak suminduta:
Inor al da hor?
Eta metalaren klik-klak hotsak ez bestek erantzun zion.
Martinsek etsi-etsian bilatu zuen haztamuka argiaren giltza, aurrena eskubiarekin eta gero ezkerarrekin. Ez zen ausartu urrunago joaten ezin baitzuen jadanik bere gelakidea lekutu; marmarra, intziria, klik-klak, denak etenak ziren. Gero atea galdu ote zuen beldurrez ero moduan kirtena bilatzeari ekin. Beldur txikiagoa zion poliziari iluntasunari baino eta ez zekien ondo zer zarata egiten ari zen.
Painek eskaratzearen hondotik aditu eta itzuli egin zen. Mailburuko argia piztu eta ate azpiko argitasunak bideratu zuen Martins. Atea zabaldu eta Paineri irribarre ahula eginez, burua itzuli zuen gelari bigarren begiratu bat emateko. Pertxa bati loturiko loro baten begitxo borobilek finko begiratu zioten. Painek begirunez esan zion:
Zure bila ari ginen, jauna. Calloway koronelak zurekin hitz egin nahi du.
Galdu egin naiz esan zuen Martinsek.
Bai, jauna. Hori pentsatu dugu gertatuko zitzaizula.
© Graham Greene © itzulpenarena: Iņaki Ibaņez