13

 

        Martinsek kontatu zidanean Annarenera itzuli eta kanpoan zela, hausnarketa sakona erabili nuen buruan. Ez ninduen betetzen mamuaren istorioak edota Harry Limeren antza omen zeukan gizona mozkor baten irudikeria izan zitekeelako usteak. Vienako bi plano atera eta elkarrekin konparatu nituen. Neure laguntzaileari dei egin eta, Martins kopa bat whiskirekin isilean edukiz, ea Harbin aurkitzerik izan zuen galdegin nion. Ezetz esan zidan; berak ulertu zuenez astebete lehenago Klagenfurt utzi zuen aldameneko zonara bere familia bisitatzera joateko. Batek beti nahiago izaten du zernahi gauza bere kabuz burutu; batek saiatu behar du bere menpeko lankideei errua ez egozten. Konbentzituta nago nik ez niokeela inoiz utziko Harbini gure atzaparretatik ihes egiten, baina seguru asko era guztietako hutsak egingo nituzkeen, nire menpekoak, ordea, ebitatuko zituzkeenak.

        — Ongi duk —esan nion—. Ahaleginak egin haren arrastoa aurkitzen.

        — Sentitzen dut, jauna.

        — Ez kezkatu. Batzuetan holako gauzak gertatzen dituk.

        Gogo beroz bere ahots gazteak —ai eguneroko lanagatik horrenbesteko berotasuna sentituko bagenu! Zenbat aukera, zenbat burutaldi galduak lanbidea lan huts bilakatu delako! —telefono haria dardararazi zuen.

        — Aizu, jauna, ezin dut burutik kendu hilketa bat izan zitekeela errazegi baztertu genuela. Badago gauzatxoren bat...

        — Idatziz ipini itzak horiek, Carter.

        — Bai jauna. Nik uste, jauna, hau esaten uzten badidazu behintzat (Carter oso mutil gaztea da), lurpetik atera beharko genukeela. Besteek dioten une berean hil zela benetako frogarik ez dago.

        — Hirekin bat netorrek, Carter. Hitz egin ezak agintariekin.

        Martinsek arrazoi zuen. Tonto hutsa bezala jokatu nuen, baina gogoan hartu behar da poliziaren lanbidea hiri okupatu batean ez dela norbere herriko poliziaren lanbidea bezalakoa. Dena da ezezagun: atzerriko poliziakideen metodoak, frogak azaltzeko arauak, baita ikerketarako prozedura ere. Nor bere buruaren iritziaz gehiegi fidatzen den aldartean nengoela uste dut. Lasaitu ederra hartu nuen Lime hil zenean. Aski nuen istripuaren ustearekin. Martinsi esan nion:

        — Kiosko barruan begiratu zenuen ala itxita zegoen?

        — Ez zen egunkari kioskoa —esan zidan—. Burdinazko kiosko sendo horietako bat zen, kartelez josita nonahi ikusten diren horietakoa.

        — Tokia erakusten badidazu, hobe.

        — Baina Anna ondo al dago?

        — Polizia bere pisua zaintzen ari da. Oraingoz ez dute beste saiorik egingo.

        Poliziaren kotxe batekin auzategian nabarmendu nahi ez nuenez, tranbiak hartu genituen —tranbia bat baino gehiago—, jaitsi hemen igo han, eta oinez sartu ginen barrutian. Uniformea jantzi gabe nengoen; nolanahi ere, ez nuen uste, Annari eginiko atentatuaren porrotaren ondoren, zelataririk ezartzen arriskatuko zirenik.

        — Hortik jo behar dugu —esan zuen Martinsek eta alboko kale batetik eraman ninduen. Kiosko aurrean gelditu ginen.

        — Ikusten? Hor atzetik pasatu eta aienatu egin zen, lurrak irentsia bezala.

        — Horrexek irentsi zuen eta —esan nion.

        — Zer esan nahi duzu?

        Oinezko arrunta ez litzateke inoiz ohartuko kioskoak ate bat zeukala; noski, gainera gau iluna zen gizona aienatu zenean. Tira eginez atea zabaldu nuen eta Martinsi erakutsi burdinezko zurubitxo kiribildua, lurrazpian aienatzen zena.

        — Alajainkoa! Orduan ez zen nire irudikeria hutsa —esan zuen.

        — Estolda nagusirako sarrera bat da.

        — Eta edozein jaitsi daiteke?

        — Edozein. Arrazoiren batengatik errusiarrek ez dute ixterik nahi.

        — Noraino joan daiteke?

        — Viena osoan zehar. Jendeak abioien erasoaldietan erabiltzen zituen; gure presoetako batzuk bi urtez egon ziren hor behean ezkutatuta. Iheslariek eta lapurrek erabili izan dituzte. Bidea ondo ezagutuz gero hiriko edozein tokitara ateratzen zara estoldaren begi batetik edo hau bezalako kiosko batetik igoz. Austriarrek polizia berezia eduki beharra dute estolda hauek zaintzeko.

        Kioskoaren atea berriro itxi nuen. Honela esan nion:

        — Horrelaxe, bada, desagertu zen Harry zure adiskidea.

        — Egitan uste duzu Harry zela?

        — Frogek hala erakusten dute.

        — Zein lurperatu zuten orduan?

        — Ez dakit oraindik baina laster jakingo dugu, atzera ere lurpetik atera behar dugulako. Dena den, buruak ematen dit Koch ez ezik enbarazoan zegoen beste norbait ere hil zutela. Martinsek esan zuen:

        — Handia da, gero!

        — Bai.

        — Zer egin behar duzu orain?

        — Ez dakit. Alferrik da errusiarrengana jotzea, eta segurutzat eman zona errusiarrean dagoela orain izkutatuta. Dagoeneko Kurtzen berri jakiterik ez dugu, Harbini igerri egin diote eta; igerri behar zioten ze bestela ez zuten itxurazko heriotza eta hileta hura antzeztuko.

        — Baina arraroa da Kochek leihotik hildakoaren aurpegia ez ezagutzea ezta?

        — Leihoa oso goian zegoen eta seguru asko aurpegia desitxuratu egingo zioten gorputza kotxetik atera aurretik.

        — Berarekin hitz egin nahi nuke —esan zuen pentsakor—. Aizu, hainbeste gauza daude ulertu ezin ditudanak...

        — Beharbada zuk beste inork ezin dio hitz egin. Hala ere arriskugarria da, gehiegi dakizulako.

        — Oraindik ezin dut sinetsi... Ixtant batez bakarrik ikusi nuen aurpegia. Zer egin behar dut?

        — Orain ez du zona errusiarra utziko. Beharbada horrexegatik saiatu zen neska harantza eramaten; maite duelako? Seguru sentitzen ez delako? Ez dakit. Nik bakarrik dakit zuk beste inork, edo neskak, ezin diola buruan sartu alde honetara pasa dadila, oraindik sinesten badu bere adiskideak zaretela. Baina aurrena zuk hitz egin behar diozu. Ez dakit nola, baina.

        — Eta Kurtz ikustera joango banintz? Badaukat bere helbidea.

        Honela esan nion:

        — Gogoan hartu. Zona errusiarraren barruan zaudenean agian Limek ez du nahiko zu handik irteterik eta han ezin zaitut babestu.

        — Kontu madarikatu hau behin betiko argitu nahi dut —esan zuen Martinsek— baina ez dut amu bezala jokatuko. Berarekin hitz egingo dut. Besterik ez.

 

 

© Graham Greene

© itzulpenarena: Iņaki Ibaņez

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.com