14
Igandeak bere alegiazko bakea hedatu zuen Vienaren gainean; ez zebilen haizerik eta hogeita lau ordu ziren elurra egin ez zuela. Goizeko tranbia guztiak beterik egon ziren, Grinzingera irteten ziren ardo berria edatera eta inguruetako mendi muinoetan zeuden ski pistetara. Behin-behineko zubi militarraren gainetik zebilela Martins arratsaldearen hustasunaz ohartu zen: gazteak kanpoan ziren beren trineo eta skiekin, eta gauza bakarrak inguratzen zuen, adinekoen bazkalondoko lo kuluxkak, hain zuzen. Kartel adierazle batek oharrarazi zion zona errusiarrean sartzen ari zela, baina ez zegoen okupazio zantzurik. Soldadu errusiar ugariago ikusten zen Barne Hirian hemen baino.
Nahita ez zion Kurtzi bere bisitaldiaren berri gaztigatu. Hobe etxean ez aurkitu, berarentzat bereziki antolatutako harrera batekin baino. Agiri guztiak aldean eramateaz arduratu zen, orobat Lau Potentzien ziurtagiria, erakuste hutsarekin Vienako alderdi guztietatik nahi bezala ibiltzeko aukera ematen ziona. Isiltasun harrigarria zegoen han, kanalaz bestaldean, eta kazetari melodramatiko bat terrore isilaren irudiaz mintzatuko zen, baina egia hauxe bakarrik zen: kaleak zabalagoak, lehergailuek eragindako kalteak larriagoak, jendea urriagoa, eta igande arratsaldea. Deus ez zen beldurtzekorik; guztiarekin ere, izugarrizko kale huts honetan, nork bere urratsen hotsa adituz, zail zen atzera ez begiratzen.
Ez zuen zailtasunik izan Kurtzen etxaldea aurkitzen eta txirrina jo zuenean Kurtzek berak zabaldu zion atea berehala, bisitari baten zain bailegoen.
A! esan zuen Kurtzek zu zara? Mr. Martins eta zalantzazko imintzio bat egin zuen eskua buru atzera eramanez. Martins bere artean galdezka ari zen zergatik ote zirudien hain bestelakoa eta orain bazekien. Kurtzek ez zuen ileordea jantzita, baina ez zen burusoila. Burua guztiz normala zuen, ilea motz-motza. Honela esan zuen:
Telefonoz deitu izan bazenu, hobe. Txiripaz harrapatu nauzu, irtetekotan nintzen eta.
Sartuko al naiz pixka batean?
Bai noski.
Sarreran armairu baten atea zabalik zegoen eta barruan Martinsek ikusi zituen Kurtzen berokia, haren gabardina, kapela pare bat eta gako batetik lasai eskegita edozein jazki bezala, Kurtzen ileordea.
Pozten naiz ilea hazi zaizula ikusteaz esan eta armairuko atearen ispiluan ikusi zuen Kurtzen aurpegia amorruz sumintzen eta gorri-gorri jartzen. Jiratu zenean Kurtzek konspiratzaile baten modura irribarre egin eta lauso esan zion:
Burua berotzen du.
Noren burua? galdegin zion Martinsek, zeren eta bat-batean gogora etorri zitzaion zein baliagarri gerta zitekeen ileordea istripuaren egunean. Ez du inporta berehala gaineratu zuen, bere bisitaldiaren helburua, izan ere, ez baitzen Kurtz. Harry ikustera etorri naiz.
Harry?
Berarekin hitz egin nahi dut.
Erotuta zaude ala?
Presak nakar, beraz, eman dezagun erotuta nagoela. Gogoan izan nire eromena. Harry ikusiko bazenu, edo bere mamua, jakitera emaiozu berarekin hitz egin nahi dudala. Mamu bat ez da gizon batetaz beldurtzen, ezta? Seguru asko, alderantziz izango da. Praterren bi orduz bere zain egongo naiz, Noria Handiaren aurrean; hildakoekin harremanetan jartzeko ahalmena baduzu, azkar ibili. Hauxe erantsi zuen: gogoan izan, Harryren adiskidea nintzen.
Kurtzek ez zuen ezer esan, baina nonbait, sarrera aldeko gelaren batean norbaitek eztula egin zuen garrazperaz. Martinsek brastakoan zabaldu zuen atea; ia-ia espero zuen hildako berpiztuarekin topatzea, baina Dr. Winkler baizik ez zen, sukaldearen aurrean aulki apal batetik zutituz, txit tente eta gizabidez gurtu zuena, zeluloidezko karraska berdinarekin.
Dr. Winkle! esan zuen Martinsek.
Dr Winklerrek lekuz kanpo zirudien erabat sukalde batean. Bazkari azkar baten hondarrak mahai gainean han-hemenka eta plater zikinak ez ziren oso ondo ezkontzen Dr Winklerren garbitasunarekin.
Winkler zuzendu zion doktoreak eramanarri tolesgabeaz.
Martinsek honela esan zion Kurtzi:
Emaiozu doktoreari nire eromenaren berri. Agian diagnostiko bat egingo du. Eta tokia gogoratu, Noria Handiaren aurrean. Ala gauez bakarrik berpizten dira hildakoak?
Etxetik irten zuen.
Ordubetez itxaron zuen gora eta behera ibiliz beroan sartzearren, Nora Handiko hesituraren barnealdetik; Prater suntsitua, bere hondakin hezurrak elurraren artean ageriz, erdi hutsik zegoen. Postu batean gurdiaren gurpilak bezalako opil zapal meheak saltzen zituzten, eta haurrak ilaran zeuden nor bere kupoiarekin. Ezkongai bikote banaka batzuk Noriako kabina berean elkarren ondoan multzoturik astiro ari ziren hiri gainetik biraka, kabina hutsez inguraturik. Kabina hori Noriaren punturik gorenera heltzearekin bat, birak minutu pare batez gelditzen ziren eta han goian aurpegi ñimiñoak kristalaren kontra zanpatzen ziren. Martinsek bere buruari galdetu zion nor etorriko ote zitzaion. Harryri adiskidetasun nahikorik geratzen ote zitzaion bera bakarrik etortzeko ala polizia sail bat helduko ote zen? Nabaria zen Anna Schmidten pisuko erasoaldiaz geroztik nolabaiteko influentzia bazuela. Eta gero bere erlojuaren orratzak ordua pasatu zuenean bere buruari honela galdetu zion: dena nire asmakeria hutsa ote da? Harryren hilotza ari ote dira lurpetik ateratzen orain Hilerri Nagusian?
Opil postuaren atzetik nonbait, gizon bat txistuka ari zen eta Martinsek doinua ezagutu zuen. Jiratu eta itxaron egin zuen. Beldurra edo asaldura izan ziren bihotza taupadaka jarri ziotenak edota doinu horrek burura zekarzkion oroitzapenak, zeren bizia beti bizkortzen baitzen Harry zetorrenean, orain zetorren bezala etorri ere: ezer gutxi gertatu balitz bezala, inor hilobian sartu ez balute bezala edo sotoan lepo egina inor aurkitu ez balute bezala zetorren, bere manera jolastari, akasgabe, hartu ala utzizko harekin, eta jakina, batek beti hartzen zuen.
Harry.
Kaixo, Rollo.
Ez ezazue imajinatu Harry Lime gizatxar soil baten itxuratan. Ez zen holakoxea. Neure artxiboan daukadan haren argazkia bikaina da: kaleko argazkilari batek hartu zuen, bere hanka sendoak zabal-zabal, sorbalda handia apur bat konkortua, zilborra denbora luzeegiz janari on gehiegi ezagutu zuena, aurpegikera maltzur alaia, atsegina, jakinaren gainean bere zoriontasuna munduari gerta dakiokeen gauzarik onena dela. Arbuiatua izan zitekeen eskua luzatzen ez zuen huts egin; horren ordez Martinsen ukondoan ukitu bat eman eta honela esan zion:
Zer moduz bizi gaituk?
Hitz egin beharrean gaudek, Harry.
Bai noski.
Bakarka.
Hauxe duk tokirik aproposena bakarka hitz egiteko.
Bazekien hark ondo moldatzen, eta jolas parke suntsitu hartan ere ondo moldatu zen, Noriaren andre arduradunari eskupeko bat emanez, kabina oso bat beraientzat bakarrik izan zezaten. Honela esan zuen:
Maiteminduek gauza bera egiten zitean aspaldian; orain, ordea, gastatzeko dirurik ez, gizajo halakoak eta goraka zihoan kabina kulunkariaren leihotik han behean txikiagotzen ari ziren figurei begiratu zien, egiazko kupida zirudien aurpegiarekin.
Ezarian-ezarian alde batetik hiria hondoratu zen; ezarian-ezarian beste aldetik Noriaren zeharkako haga itzelak ageri ziren. Ortzemuga urrunago lerratu eta Danubioa ageriago, eta Reichbrückeko zutabeak etxeen gainetik nagusitu ziren.
Aizak, bada, pozten nauk berriro ikusteaz, Rollo.
Hire hiletan izan ninduan.
Nahiko azkarra izan ninduan ezta?
Ez hain azkarra hire neskarentzat. Bera ere han zegoan, negarrez.
Neska txintxoa duk esan zuen Harryk. Oso kutuna diat.
Ez nioan poliziari sinetsi hitaz hitz egin zidanean. Harryk esan zuen:
Ez nian etortzeko esango zer gertatu behar zuen jakinez gero, baina ez nian uste poliziak susmo txarrik zuenik.
Heure irabazietan ni partaide egiteko asmoa huen ala?
Aizak, egundaino ez haut ezertan ere kanpoan utzi, motel.
Bizkarra atearen gainean etzanda zeukala egon zen, kabina zabuka igotzen ari zen bitartean, eta berriro irribarre egin zion Rollo Martinsi, beronek anartean antzeko jarrera batean gogoratu zuelarik eskolako patioaren bazter batean esanez «Gauez irteteko modu bat ikasi diat. Guztiz segurua duk. Hiri bakarrik esan behar diat, beste inori ez». Lehenengo aldiz Rollo Martinsek urtetan atzera miresmenik gabe begiratu zuen, hauxe pentsatuz: inoiz ez da heldu. Marloweren deabruek suziriak zeramatzaten beren isatsei lotuta: gaiztakeria Peter Pan bezalakoa zen, berekin batera zeraman betiereko gaztetasunaren beldurgarrizko dohain izugarria. Martinsek esan zuen:
Haurren ospitalea bisitatu al duk inoiz? Ikusi al duk hire biktimarik?
Behealdean ageri zen jostailuzko paisaiari begirasun bat egotzi eta ateondotik aldendu zen.
Behin ere ez nauk seguru sentitzen tramankulu hauetan esan zuen.
Atea eskuarekin haztatu zuen, bat-batean zabaldu eta burdinazko hutsarte txirikordatu hartara amilduko ote zuen beldurrez bezala.
Biktimarik? galdetu zuen. Ez izan melodramatikoa, Rollo. Begira hor behera jarraitu zuen, leihoan zehar jendea seinalatuz, Noriaren oinarrian euli beltzak bezala ibiltzen zena. Benetan damu hartuko huke tantatxo horietako batek ibiltzeari utziz gero, betiko? Esaten badiat gelditzen den tantatxo bakoitzagatik bi mila libra eskuratuko hituzkeela, aizak, benetan esango hidake dirua gordetzeko, zalantzan ibili gabe? Ala kontuak aterako hituzke zenbat tantatxo garbitzeko prest egongo hintzatekeen? Zergarik gabe, motel, zergarik gabe.
Bere gazte irribarre konspiratzailea egin zuen.
Dirua aurreratzeko modu bakarra duk gaurregun.
Gurpilekin ez hukeen nahiko ala?
Cooler bezala? Ez horixe, ni beti handinahia izan nauk.
Orain hireak egin dik. Poliziak dena zekik.
Baina ezin naitek harrapatu, Rollo, ikusiko duk. Altxatuko diat burua berriro ere. Gai den gizon bati ezin diok lur joarazi.
Kabina zabuka biratu zen bihurgunearen punturik gorenean gelditu arte eta Harryk bizkarra emanik leihotik kanpora begiratu zuen. Martinsek honela pentsatu zuen: bultzada eder bat eta kristala hautsiko nuke, eta irudikatzen zuen gorputza amilka, amilka, burdinazko langetan barna, sarraski pusketa bat euli artera jausiz.
Esan zuen:
Badakik polizia hire gorpua lurpetik ateratzeko asmotan dabilela? Zein aurkituko ditek?
Harbin erantzun zuen besterik gabe. Leihotik bueltatu eta esan zuen: Begira zeruari.
Kabinak Noriaren gaina iritsi zuen eta han zegoen zintzilik geldi, ilunabarraren argitasuna errainutan hedatzen zelarik paper zimurtuzko zeruaren gainean haga beltzak baino haruntzago.
Zergatik eraman nahi zitean errusiarrek Anna Schmidt?
Paper faltsuak zizkian, motel.
Zeinek kontatu ziean?
Zona honetan bizitzearen truke, Rollo, zerbitzu batzuk eskaini behar dituk. Noizean behin informazio pixka bat eman behar.zieat.
Nik uste nian honantza ekarri nahi huela heure neska zelako, heure ondoan eduki nahi huelako. Harryk irribarre egin zuen.
Ez diat horrenbesteko influentziarik.
Zer gerta zekiokean neskari?
Ezer larririk ez. Atzera Hungariara bidaliko zitean. Ez ditek ezertxo ere bere kontra. Urtebete lan zelai batean beharbada. Askozaz hobeto egongo huen kanpoan, bere herrian, polizia britainiarraren agindupean baino.
Berak ez ziean hitaz ezer kontatu.
Neska txintxoa duk berresan zuen Harryk pozez eta harrotasunez.
Berak hi maite hau.
Beno, iraun zuen bitartean aldi ona eman nioan.
Eta nik bera maite diat.
Primeran, hi. Txintxo izan berarekin. Merezi dik. Gogotik pozten nauk.
Bazirudien dena konpondu zuela denen gusturako.
Horrela gainera ahoa itxita edukitzen lagunduko diok. Ezer garrantzizkorik ez zekik, baina.
Hi leihotik behera botatzea gustatuko litzaidakek.
Baina ez duk egingo, motel. Gure mokokaldiek ez ditek inoiz luze irauten. Gogoratu Monacon izan genuen kristoren borrokaldi hura, berriro ez ikusteko hitza elkarri eman genionean. Edozein tokitan fidatuko nintzatekek hitaz, Rollo. Kurtz hona ez etortzeko konbentzitzen saiatu duk, baina ezagutzen haut. Gero saiatu duk konbentzitzen, zera, istripu baten itxura moldatzen. Esan zidak oso erraza izango zela kabina honetan.
Hi baino indartsuagoa nauk, ostera.
Baina nik pistola zeukaat. Zer uste duk, bada, bala baten zuloa lurrera iristerako nabarituko zela ala?
Kabina berriro mugitzen hasi zen, beheraka poliki lerratzen, harik eta euliak ipotxak izan arte, gizaki ezagungarriak izan arte.
Zein tontoak garen, Rollo, honela hitz eginez, hiri holakorik egingo banik bezala, edo heuk niri.
Jiratu zen eta aurpegia kristalaren kontra jarri zuen. Bultzada bat...
Aizak, zenbat irabazten duk urtean heure westernekin?
Mila libra.
Eta gero zergak. Nik hogeita hamarrak garbi irabazten dizkiat. Modan zegok. Gaurko egunean, motel, inork ez dik gizakien arabera pentsatzen. Gobernuek berek ere ez, zergatik guk? Beraiek herriaz eta langileriaz hitz egiten ditek eta nik inozoez hitz egiten diat. Gauza bera duk. Beraiek bosturteko planak egiten dizkitek eta nik ere bai.
Lehen katolikoa hintzen.
Oraindik ere sinesten diat, motel. Jainkoarengan, urrikalmenduan eta guzti horretan. Ez zioat inoren arimari gaitzik ematen egiten dudanarekin. Hildakoak zoriontsuago dituk hilda. Ez ditek hemen askorik galtzen, gizarajoak gaineratu zuen zinezko errukia zirudien ukitu estrainio harekin, kabina anartean oinarrira iristen zelarik eta biktimak izatera kondenaturiko aurpegiek, zoriontasun bila ibili ziren igandeko aurpegi nekatuek finko begiratzen zietela. Aizak, erakundean sartzeko aukera izango huke. Baliagarria izango huen. Ez zaidak inor gelditzen Barne Hirian.
Cooler ezik? Eta Winkler?
Ez hadi polizia bihurtu, motel.
Kabinatik irten ziren eta berriro ere eskuaz Martinsen ukondoa ukitu zuen.
Txantxetan ari ninduan, bazekiat ez hukeela egingo. Bracerren berri ba al dakik?
Gabonetan bere postal bat jaso nian.
Hura bai garai ona, motel! Hura zen garaia, hura! Hementxe utzi behar haut. Ikusiko gaituk beste egunen batean. Istiluren batean sartzen baldin bahaiz, Kurtzen bitartez aurkituko nauk beti.
Aldendu zen eta buelta emanez, badaezpada luzatu ez zuen eskuarekin agur egin zuen: bazirudien iraganaldi osoa aldentzen ari zela laino baten azpitik. Martinsek bat-batean deiadar egin zion:
Ez hadi nitaz fidatu, Harry!
Baina bien arteko tartea ordurako luzeegia zen hitzak aditu ahal izateko.
© Graham Greene © itzulpenarena: Iņaki Ibaņez