15

 

        — Anna antzokian zegoen —kontatu zidan Martinsek— igande arratsaldeko emanaldirako. Komedia aspergarri hura bigarren aldiz ikusi behar izan nuen. Erdi adineko konposatzaile bat eta beronekin maiteminez txoratutako neska bat antzezten zuten, eta tartean emazte ulerkor bat zegoen, izugarri ulerkorra. Annak oso gaizki egiten zuen; aktoresatik gehiegirik ez zuen, ezta unerik onenetan ere. Gero bere kamerinoan ikusi nuen, baina zeharo asaldatuta zegoen. Bera maitemindu nahi nuela pentsatu zuelakoan nago; berak, ordea, maitemintzeko batere gogorik ez. Harry bizirik zegoela esan nion eta nik uste nuen poztu egingo zela eta niri amorrua emango zidala hain pozik ikusteak, baina bere makilajeko ispiluaren aurrean eseri eta negar malkoei pintura koipetsua zeharkatzen utzi zien, eta gero nahiago izan nuen pozik ikusi. Itxura zatarra zuen eta nik maite nuen. Gero Harryrekin izan nuen elkarrizketaz hitz egin nion, baina ez zuen arreta handirik jartzen ze bukatu nuenean hauxe esan zidan:

        — Hilda egotea nahiago nuke.

        — Hori mereziko luke —esan nion.

        — Esan nahi dut orduan arriskutik kanpo egongo zela, mundu guztiaren arriskutik kanpo.

        Nik honela galdetu nion Martinsi:

        — Erakutsi al zenizkion nik emandako argazkiak, haurrenak?

        — Bai. Pentsatu nuen horrek hil edo sendatu egingo zuela. Harry burutik kendu beharrean dago. Argazkiak krema poteen artean ipini nituen. Derrigor ikusi behar zituen. Zera esan nion: «Poliziak ezin du Harry atxilotu zona honetara ekartzen ez badute, eta guk lagundu behar diegu».

        «Nik uste zure adiskidea zela» —esan zidan berak.

        «Nire adiskidea zen» —esan nion nik.

        «Berak niri: «Ez dizut inoiz lagunduko Harry atzematen. Ez dut berriz ikusi nahi, ez dut bere ahotsa entzun nahi. Ez dut ni ukitzerik nahi, baina ez diot inolako kalterik egingo».

        «Saminez beterik sentitu nintzen, ez dakit zergatik, nik azken batean ez bainuen ezertxo ere egin neskaren alde. Harryk berak nik baino gehiago egin zuen neskaren alde. Esan nion: «Oraindik ere maite duzu» krimen bat leporatuko banio bezala. Berak esan zidan: «Ez dut maite baina bera nire baitan dago. Halaxe da, ez adiskidetasun bezala. Izan ere, sexu amets bat dudan bakoitzean bera da beti gizona».

        Zalantzan zegoelarik, Martins bultzatu nuen:

        — Eta?

        — Zera, zutitu eta utzi egin nuen. Orain zure txanda da ni erabiltzeko. Zer nahi duzu egitea?

        — Azkar jokatu nahi dut. Badakizu? Harbinen gorpua zegoen zerraldoan, hortaz, bertatik harrapa ditzakegu Winkler eta Cooler. Kurtz oraingoz gure eskueratik kanpo dago, eta txoferra ere bai. Legezko eskari bat bidaliko diegu errusiarrei Kurtz eta Lime atxilotzeko baimena edukitzeko: gure artxiboak ondo eramateagatik. Zu amu bezala erabili behar bazaitugu, lehenbailehen eraman behar diozu mezua Limeri, ez zona honetan hogeita lau orduz batetik bestera ibili ondoren. Nik honela ikusten dut: Barne Hirira itzuli bezain pronto hona ekarri zaituztegu hitz eginarazteko; Harbinen berri neronek eman nizun; zuk kontuak atera eta Coolerrengana zoaz abisu ematera. Coolerri ospa egiten utziko diogu arrain handiago bat harrapatu ahal izateko, penizilinaren trafikoan sartuta zebilela frogarik ez dugu eta. Bigarren Barrutira ihes egingo du, Kurtzengana, eta Limek pentsatuko du zuk garbi jokatu duzula. Hiru ordu geroago mezu bat bidaltzen diozu, esanez polizia zure atzetik dabilela, zu ezkutatua zaude eta bera ikusi behar duzu.

        — Ez da etorriko.

        — Ez naiz horren ziur. Gure gordelekua arreta handiz aukeratuko dugu, arrisku txikia dagoela pentsatuko duen toki bat. Pena merezi du aproba egiteak. Zu estuasunetik atera ahal izateak bere harrotasuna eta umorearen zentzua erakarriko dizkio. Eta zure isiltasuna erosiko luke.

        Martinsek esan zuen:

        — Inoiz ez ninduen inongo estuasunetatik ateratzen eskolan.

        Agerikoa zenez oso kontuz berrikusi zuen bere iragana, baita ondoriorik atera ere.

        — Orduan ez zen arazo larririk izaten, ez eta zure salaketaren arriskurik ere.

        — Nitaz ez fidatzeko esan nion Harryri, baina ez zidan aditu.

        — Orduan, ados zaude?

        Haurren argazkiak itzuliak zizkidan eta nire idazmahaiaren gainean zeuden. Ikusi nuen luze begiratzen ziela.

        — Bai —esan zuen—. Ados nago.

 

 

© Graham Greene

© itzulpenarena: Iņaki Ibaņez

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.com