16
Planaren arabera atera zitzaigun dena hasiera batean. Winklerren atxiloketa, Bigarren Barrutitik itzulia baitzen, Cooler oharrarazi arte atzeratu genuen. Martinsek gozatu egin zuen Coolerrekin izandako elkarrizketa laburraz. Coolerrek larritasunik gabe eta begiramen handiz hartu zuen.
Kaixo, Mr. Martins, gogotik pozten naiz berriro ikusteaz. Eseri, eseri. Pozten naiz Calloway koronelarekin ongi moldatu izanaz. Oso tipo zorrotza, Calloway hori.
Gaizki moldatu ginen esan zuen Martinsek.
Ez zinen haserretuko, ziur nago ezetz, Koch ikusi zenuela esan niolako, ezta? Nik honela pentsatu nuen: errugabe bazinen berehala frogatuko zenuen, eta errudun bazinen, bada, niri begiko gertatzeak ez zuen zertan eragozpena izan behar. Hiritarrak bere eginbeharrak ditu.
Esaterako, ikerketa batean gezurrezko frogak eman.
A, istorio zahar hori. Nirekin muzinduta ez ote zauden susmoa daukat, Mr. Martins. Honela begiratu: gizartean zauden aldetik, norberak gizabidea...
Poliziak gorpua atera du lurpetik. Zuri eta Winklerri atzetik ibiliko zaizue. Harry oharraraztea nahi dut.
Ez dut ulertzen.
Bai horixe ulertzen duzula.
Eta agerikoa zen ulertzen zuela. Martinsek zakarki alde egin zuen. Aurpegi atsegin eta bihozbera hartaz nahikoa zuen.
Amuan beita jartzea falta zen bakarrik. Estolderiaren mapa aztertuz ondorio bat atera nuen, alegia, estolda nagusirako sarreratik, besteak bezala iragarki kiosko batean kokatua, gertu legokeen kafetegi bat litzatekeela, hain zuzen Lime tentatzeko tokirik egokiena. Aski luke lurrazalera beste behin agertu, berrogeita hamar metro ibili, Martins berarekin eraman eta atzera ere estoldetako ilunbeetan murgildu. Ideiarik ere ez zuen guk ihesbide hori ezagutzen genuela: seguraski bazekien estoldetako poliziaren patruilaldi bat gauerdiaren aurretik amaitzen zela eta hurrengoa ez zela ordu biak arte hasten; gauerdian, beraz, Martins kafetegi kaskar eta ospel batean zegoen eserita, kioskoa begi-bistan zuela, kafeak bata bestearen ondoan edanez. Nik utzitako pistola bat zeukan; gizon batzuk kioskotik ahalik hurbilena ezarri nituen eta estoldetako polizia gertu zegoen ordua jo orduko sarrera begiak ixteko eta estoldak miatzen hasteko hiriaren mugetatik barreneraino. Nik, ordea, ahal izanez gero, lurrazpian berriro sartu aurretik harrapatzeko asmoa nuen. Horrela arazo gutxiago egongo zen eta Martinsentzat arrisku txikiagoa. Hortaz, esan bezala, kafetegian zegoen Martins eserita.
Haizea berriro altxatu zen, baina ez zekarren elurrik; jelatuta zetorren Danubio aldetik eta kafetegiaren aurreko belarditxoan aparra olatuaren gainean bezala harrotzen zuen elurra. Ez zegoen berogailurik kafetegian, eta Martinsek txandaka berotzen zituen eskuak sasi kafe katiluari helduz, konta ezin ahala katilukada. Normalean nire gizonetako bat zegoen berarekin batera, baina hogei minutuoro edo txandakatzen nituen, gutxi gorabehera. Ordubete baino gehiago pasatu zen. Martinsek aspaldi galdu zuen itxaropena eta nik ere bai, kale batzuk harantzago telefono baten ondoan zain bainengoen, estoldetako polizi talde batekin, lurrazpira jaisteko prest, beharrezko gertatuz gero. Guk Martinsek baino suerte hobea genuen, izan ere bero baikinen geure izterretarainoko botatzarrak eta geure zamarra lodiak jantzita. Gizon batek erreflektore txiki bat zeukan, kotxe argi baten erdia bezalakoa, bular inguran uhalez lotuta eta beste gizon batek argizuzi pare bat zeraman. Telefonoak jo zuen. Martins zen. Esan zidan:
Hotzak akabatzen nago. Ordu batak eta laurden dira. Zertarako jarraitu?
Ez zenuen hots egin behar. Begi-bistan egon bebar duzu.
Dagoeneko zazpi katilukada edan ditut kafe amorratu horretatik. Nire urdailak ez du askoz gehiago eramango.
Aurki azalduko da, etortzekotan. Ez du nahiko ordu bietako patruilarekin topo egin. Egon beste ordu laurden bat, baina telefonotik urrun.
Martinsen ahotsak bat-batean esan zuen:
Arraioa! Hemen da! Bera...
Eta gero telefonoa moztu zen. Laguntzaileari esan nion: «Sarrera begi guztiak ixteko agindua eman ezak», eta estoldetako poliziari: «Jaitsi egin behar dugu».
Hona zer gertatu zen. Martins telefonoz nirekin ari zen oraindik, eta orduantxe Harry Lime kafetegian sartu zen. Ez dakit zer entzun zuen, zerbait entzun bazuen. Poliziak bilatutako gizon bat, Vienan lagunik ez duena, telefonoz hitz egiten ikuste hutsa nahikoa zatekeen erne jarrarazteko. Kafetegitik kanpora atera zen berriro, Martinsek telefonoa eskegi baino lehen ere. Kafetegi barruan nire gizonetarik inor ez zegoen une bakan horietako batean izan zen. Bata irten berria zen eta bestea espaloian zegoen barrura sartzear. Harry Limek ia ukitu eta kiosko aldera jo zuen. Martinsek deiadar egin izan balu, erraza zatekeen tiro batez jotzen, baina suposatzen dut ez zela Lime, penizilina trafikaria, kalean behera ihesi zihoana; Harry zen. Limek kioskoa tartean jartzeko behar zuen denbora justuan egon zen zalantzan Martins; gero deiadarka «Bera da!» baina Lime ordurako lurrazpian zegoen.
Zein mundu harrigarria eta gehienontzat ezezaguna datzan gure oinen azpian: ur jauzi eta erreka lasterrez jositako herrialde leizetsu baten gainean bizi gara, eta hor azpian ere urak gora eta behera egiten du goiko munduan bezalaxe. Allan Quatermainen abenturak irakurri baldin badituzue, eta lurrazpiko ibai batetik Milosis hiriraino egin zuen bidaiari buruzko kontakizuna, irudi bat izan dezakezue Limeren azken egoitza non gertatu zen. Estolda nagusia, zabaleraz Thamesen erdia, ibai adarrez hornitua, lasterka doa arku itzel baten petik: adar horiek ur jauzitan erori dira goragoko mailetatik eta erortzean garbitu egin dira, beraz alboetako ubide horietan soilik kiratsa dario aireari. Korronte nagusiari usain gozo eta freskoa dario, ozono kutsu apur batekin eta nonahi aditzen da iluntasunean ur hotsa, jauzika eta borborka. Marea gora izan berri-berritan heldu ziren Martins eta polizia ibaira: aurrena burdinezko zurubi kiribildua, gero pasabide labur bat, hain beherea zenez makurtu beharra izan zutenekoa, eta gero uraren sakonera txikiko ertzak haien oinak mihizkatuz. Nire gizonak linternarekin korrontearen ertz luzea argitu eta hau esan zuen: «Hortik joan da», izan ere ibai batek ur handia dakarrenean maila jaistean bazterrean zabor pilo bat uzten duen bezalaxe, estoldak ere paretaren ondoko ur geldietan hondakinak utziak zituen, laranja azalak, tabako kartoi zaharrak eta horrelako gauzak, eta hondakin horietan Limek lokatzetan ibiliz bezala utzi zuen garbi-garbi arrastoa. Nire poliziak aurrealdea argitzen zuen ezkerreko eskuan zeukan linternarekin eta eskuinean bere pistola zeraman. Martinsi esan zion:
Nire atzetik joan, jauna, sasikume horrek tiro egin dezake eta.
Orduan zer arraiogatik zoaz zu aurretik?
Nire lanbidea da, jauna.
Ura bernaren erdiraino iritsi zitzaien ibili zebiltzala; poliziak bere linternaren argia behera eta aurrera zuzentzen zuen estoldaren ertzean gelditutako hondakin nahasien arrastoa argiztatuz. Esan zuen:
Alukeria da hau; sasikumeak irtenbiderik ez du eta. Sarrera begi guztiak zainduta daude eta zona errusiarraren muga poliziaz inguratuta dago. Gure tipoek egin behar duten guztia zera da, sarrera begietatik hasi eta alboetako pasabide guztiak barreneraino miatu.
Patrikatik txilibitu bat atera eta jo egin zuen, eta oso urrunetik, handik eta hemenik, erantzunaren doinuak aditu ziren. Esan zuen:
Dagoeneko behean daude denak. Estoldetako polizia esan nahi dut. Toki hau nik Tottenham Court Road bezain ondo ezagutzen dute. Ai nire atsoak ikusiko banindu! esan zuen linterna pixka bat jasoz aurrealdea argitzearren, eta une horretantxe tiroa etorri zen. Linternak bere eskutik jauzi egin eta ur lasterrera erori zen. Sasikume madarikatu halakoa!
Zaurituta zaude?
Urratu bat eskuan, besterik ez. Astebete lan egin gabe. Hartu hemendik beste linterna, jauna, nik eskua bildu bitartean. Ez ezazu piztu. Alboko pasabide horietako batean dago.
Tiro hotsak durundi egin zuen luzaroan: azken oihartzuna iraungi zenean txistukada bat aditu zuten beren aurrean eta Martinsen lagunak erantzuna jo zion.
Martinsek esan zuen:
Gauza bitxia aizu, zure izenik ere ez dakit.
Bates, jauna.
Barre algara bat bota zuen iluntasunean.
Hau ez da nire ohizko ibilbidea. Horseshoe ezagutzen duzu, jauna?
Bai.
Eta Grafton Dukea?
Bai.
Tira, mundua kaskarra da benetan.
Martinsek esan zuen:
Utzidazu aurretik joaten. Ez dut uste niri botako didanik, berarekin hitz egin nahi dut eta.
Zu babesteko agindua eman didate. Kontuz ibili.
Ez kezkatu.
Batesi inguru eginez aurreratu zen, oin bat ur lasterrean hondorago sartuz. Aurrean zegoenean deiadar egin zuen: «Harry!» eta izenak oihartzuna bidali zuen «Harry, Harry, Harry!» ur lasterrak behera garraiatu zuena, eta aldi bereko txistukada multzo bat sorraraziz iluntasunean. Berriro deiadar egin zuen:
Harry. Atera hadi. Alferrik duk!
Beraiek uste baino hurbilagoko ahots batek hormari atxikitzera behartu zituen:
Hi al haiz, motel? deiadarka. Zer nahi duk egitea?
Atera hadi. Eta eskuak buru gainean ipini.
Linternarik ez zeukaat, motel. Ezin diat ezertxo ere ikusi.
Kontuz jauna! esan zion Batesek.
Paretaren kontra jarri. Niri ez dit botako esan zion Martinsek. Oihuka gero: Harry, linterna piztu behar diat. Garbi jokatu eta atera hadi. Ez daukak irtenbiderik.
Linternari distirarazi zion eta handik hogei urratsetara, argiaren eta uraren ertzean Harry agerian azaldu zen.
Eskuak buru gainera, Harry!
Harryk eskua jaso eta tiro egin zuen. Tiroak paretaren kontra jo zuen Martinsen burutik arra betera eta Batesen garrasia entzun zuen. Aldi berean erreflektore batek handik berrogeita hamar metrora kanal osoa argitu zuen, errainuek Harry harrapatuz, gero Martins, gero Batesen begi finkoak, uraren ertzean makurtua, hondakinak gerriaren inguruan. Tabako kartoi huts bat galtzarbean sartu eta bertan gelditu zitzaion. Nire taldea eszenategira agertu zen.
Martins aztoratuta zegoen Batesen gorputzaren ondoan makurtuta, Harry Lime haren eta gure arteko bide erdian zegoelarik. Ezin genuen tiro egin Martins jotzeko beldurrez ginelako, eta erreflektorearen argiak Lime itsutzen zuen. Aurreraka gindoazen poliki, pistolak prest badaezpada eta Lime harat-honat mugitzen zen kotxe argiek itsututako koneju bat bezala; gero, ez bat eta ez bi buruz salto egin eta ur lasterraren erdian murgildu zen. Erreflektorea beregana zuzendu genuenerako ur azpian zegoen eta estoldaren korronteak lasterka eraman zuen aurrera, Batesen gorputza baino harantzago, erreflektorearen irispidetik landara, iluntasunerantz. Zerk eragiten du gizon bat, itxaropenik gabe, bizitzako minutu batzuk gehiagori eustera. Ezaugarri ona ala txarra da? Ez dut ideiarik ere.
Martins erreflektorearen errainuez bestaldera zegoen, ibaian behera finko begira. Orain eskuan zeukan pistola eta guztiotatik berak bakarrik tiro egin zezakeen arriskurik gabe. Mugimendu bat ikusi uste nuen eta deiadar egin nion: «Horra. Horra. Bota!». Pistola jaso eta tiro egin zuen, aspaldiko Brickworth Cammoneko agindu berdinaz tiro egin ere, orduan bezalaxe tiro hutsa eginez. Oinazezko auhen bat zabaldu zen leizean barrena oihal baten zarratada bailitzan: arbuio bat, erregu bat. «Ondo egina!», oihukatu nion eta Batesen gorputzaren ondoan gelditu nintzen. Hilik zegoen. Begiek ez zuten zirkinik ere egin proiektorea zuzendu genionean; norbait makurtu, kartoia kendu eta ibaira jaurti zuen, zurrunbiloan eramanez... Gold Flake pusketa hori bat: oso urrun zegoen benetan Tottenham Court Roadetik.
Begiak jaso nituen eta Martins begi-bistatik kanpo zegoen iluntasunean. Dei egin nion eta bere izena oihartzun nahaspila batean galdu zen, lurrazpiko ibaiaren borbor eta burrunbaren artean. Gero hirugarren tiro bat entzun nuen.
Martinsek beranduago kontatu zidan:
Ibaian behera ibili nintzen Harryren bila, baina iluntasunean, nonbait, galdu egin nuen. Linterna altxatzeko beldur nintzen: ez nuen berriz tiratzeko tentatu nahi. Alboko pasabide batean sartzerakoan joko zuen nire balak, antza. Gero, nik uste, arrastaka joango zen pasabidetik burdinazko eskaileraren azpiraino. Bere burutik hogeita hamar urratsetara irteera begia zeukan, baina ez zuen tapakia jasotzeko indarrik izango, eta lortu izan balu ere polizia zain zeukan goian. Berak guztiori jakin behar zuen, baina oinaze handiak hartua zegoen eta animalia bat hilzorian arrastaka iluntasunera doan bezalaxe, nik uste, gizonak argitara jotzen duela. Etxean hil nahi du eta iluntasuna inoiz ez da gure etxea. Mailak igotzen hasi zen, baina oinazeak gainditu eta ez zuen jarraitzerik izan. Zerk eragin zuen doinu zati absurdo hori txistukatzera, inozo honek berak idatzia zela sinetsi nuena? Deigarri gertatu nahi zuen, bere ondoan adiskide bat nahi zuen, amua irentsarazi zion adiskidea izanda ere, ala burutik joanda zegoen eta inolako asmorik ez zuen? Zena zela, txistuka aditu nuen eta ur lasterraren ertzetik itzuli nintzen, eta horma haztatuz amaiera antzeman eta bidea aurkitu nuen bera zegoen pasabidetik gora. Esan nuen «Harry!» eta txistua nire buruaren gainean bertan isildu zen. Eskuaz burdinazko eskudela bati heldu eta gora egin nuen. Oraindik ere tirako ote zidan beldur nintzen. Gero, hiru maila gorago besterik ez eta nire oinak bere eskua zapaldu zuen, eta hantxe zegoen bera. Neure linternarekin argi egin nion; ez zeukan pistolarik: nire balak jo zuenean eroriko zitzaion, nonbait. Hasiera batean pentsatu nuen hilda zegoela, baina gero oinazez hasperen bat bota zuen. Esan nion: «Harry», eta ahalegin handiak eginez begiak nire aurpegira bihurritu zituen. Hitz egiteko ahaleginetan ari zen eta berari entzuteko inakurtu egin nintzen. «Babo arraioa» esan zuen, hori izan zen guztia. Ez dakit bere buruaz ari zen, damuketa antzeko zerbait, desegokia izan arren (bera katolikoa zen), edo nitaz ari zen, nire urteko mila librarekin, eta zergak gainera, eta nire irudimenezko ganadu lapurrekin, koneju bat bera ere garbi akabatzeko gauza ez nintzen honetaz. Gero hasperenka hasi zen berriro. Nik ezin nuen gehiago eraman eta bala batez josi nuen.
Ahaztu dezagun zati hori esan nion.
Sekula ez dut ahaztuko erantzun Martinsek.
© Graham Greene © itzulpenarena: Iņaki Ibaņez