17
Gau hartan izotza urtzen hasi zuen, eta Viena osoaren gainetik elurrak lurmentzen ari zuen eta hondakin zatarrak berriro ageri ziren; altzairuzko hagak estalaktitak bezala zintzilizka, eta habe herdoilduak hezurrak bezala lokatz arretan landatuak. Ehorzketak askoz errazagoak ziren astebete lehenago baino, zulagailu elektrikoak behar zirenean lur izoztua zartatzeko. Udaberriko egun batean bezain bero zegoen ia-ia Harry Limek bigarren hileta izan zuenean. Pozik nengoen berriro lurpean sartzeaz, baina horrek bi gizonen heriotzea ekarri zuen. Hobiaren inguruko taldea urriagoa zen oraingoan: Kurtz ez zegoen, ez eta Winkler ere. Neska, Rollo Martins eta hirurok, beste inor ez zegoen. Eta ez zen negar malkorik izan.
Dena amaitu zenean gu bioi hitzik esan gabe joan zen neska, sarrera nagusira eta tranbiaren geltokira ematen zuen zuhaitzez inguraturiko ibilbide luzean zehar elur baltsa zapalatuz. Martinsi esan nion:
Kotxea daukat. Eramatea nahi duzu?
Ez esan zidan. Tranbiaz itzuliko naiz.
Zeuk irabazi duzu. Babo arraioa naizela frogatu duzu.
Ez dut irabazi esan zuen. Galdu egin dut.
Ikusi nuen urruntzen ari zela bere hanka luzeekin urrats sendoak emanez neskaren atzetik. Harrapatu zuen eta elkarren aldamenean ibili ziren. Ez dut uste neskari hitzik ere esan zionik: istorio baten amaia bezalakoa zen, salbuespen batekin, alegia, biratu eta nire begi-bistatik galdu aurretik neskaren eskua bestearen besoari helduta zegoela... eta horrela hasi ohi dira istorioak. Oso tiratzaile txarra zen eta oso txarra halaber gizabanakoen izaera igertzen, baina sen handia zuen westernak idazten (tentsioaren trikimailua) eta neskak tratatzen (ez dakit nola). Eta Crabbin? Ai! Crabbin oraindik ere eztabaidan ari da Kontseilu Britainiarrarekin Dexterren gastuei buruz. Esaten dute ezin dituztela aldi berean Stockolm eta Vienako ordainketak aurkeztu. Gizarajoa Crabbin. Gizarajoak gu denok, ondo pentsatzen baduzu.
© Graham Greene © itzulpenarena: Iņaki Ibaņez