Filmaz eta liburuaz ohar batzuk
Hirugarren Gizona irakurtzeko ez, baina ikusteko izan zen idatzia. Maitasun istorio asko bezala afalondo batean hasi zen eta toki askotan jarraitu burukomin askorekin: Viena, Venezia, Ravello, London, Santa Monika.
Nobelagile gehienek, suposatzen dut, buruan bueltaka edo beren agendetan inoiz idatziko ez dituzten istorio asmoak daramatzate. Batzuetan, urte askoren buruan, birgogoratzen dituzu eta oroiminez pentsatzen duzu behinola onak izan zitezkeela, orain hilik dagoen sasoi batean. Aspaldiko batean, gutunazal baten hegalean, hasierako pasarte hau idatzi nuen: «Astebete lehenago eman nion azken agurra Harryri, bere zerraldoa otsaileko lur izoztuan hilobiratzen ari zirela, horregatik sinestezina zitzaidan Strandetik pasatzen ikusi nuenean, ezagupen keinurik egin gabe, ezezagunen jendalde artean». Ez nik, ez nire heroeak, ez genion Harryren arrastoari jarraitu, beraz, Sir Alexander Kordak eskatu zidanean Carol Reed-entzat film bat idazteko gure Idolo Eroriaren ondoren pasarte hori baino ez nuen eskaintzekorik, nahiz eta Kordak lau potentzien arteko Vienaren okupazioari buruzko film bat nahi zuen. 1948. urtean Viena, artean ere, zonaka banatuta zegoen amerikar, errusiar, frantziar eta britainiarren kontrolpean; potentzia bakoitzak txandaka gobernatzen zuen hilabeterako Barne Hiria eta herri bakoitzeko soldadu banaz osatutako laukoteak gau eta egun patruilatzen zuen.
Kordak egoera nahaspilatsu hori islatu nahi zuen, baina prest agertu zen Harryren aztarrenei jarrai niezaien. Nik ezin dezaket film gidoi bat idatzi, aldez aurretik istorio bat idatzi gabe. Film batean argumentua baino garrantzitsuagoa da karakterizazioari, aldarteari eta giroari neurria hartzea, eta horiek ezin ditut behingoan hauteman gidoi baten zirriborro hotzean. Beste espresabide batetik hartutako efektu bat aditzera eman daiteke, baina jatorrizko sorkuntza lana ezin daiteke gidoi modura gauzatu. Behar baino material gehiago daukazula sentitu behar duzu, gero hartaz baliatzeko (nahiz eta nobela luzeak gehiegi daukan). Hirugarren Gizonak, bada, inoiz argitaratzeko asmorik ez banuen ere, istorio bat izaten hasi behar zuen, tratabide batetik beste batera igarotzeko etengabeak diruditen eraldakuntza horiek jasan aurretik.
Eraldakuntza horien gainean Carol Reed eta biok lankidetza estuan jardun genuen Vienara itzuli ginenez geroztik, egunero hamaika leku korrituz eta eszenak elkarri antzeztuz. (Gauza bitxia da gidoi bat zeure idazgelan ezin idaztea; aitzitik, zeure pertsonaiekin batera ibili behar duzu). Bion arteko elkarrizketetan inoiz ez zen hirugarren partaiderik izan, ez eta Korda bera ere; baliagarriago gertatzen da argumentu bat, bi pertsonaren arteko hartu-eman garbian oinarritzen bada. Idazlearen iritziz, bere nobela, noski, gai jakin bati buruz egin dezakeen gauzarik onena da; film edo antzezlan bilaka dadin behar dituen eraldaketak oro mingarri zaizkio; baina Hirugarren Gizonak irudi bidez emana izateko lehengaia besterik ez zuen izan nahi. Irakurleak alde handiak aurkituko ditu liburuaren eta filmaren artean eta ez du pentsatu behar aldakuntzak gogoz kontrara ezarri zaizkionik idazleari: kasu askotan, idazleak berak iradoki zituen. Filma, berez, istorioa baino hobea da, oraingo kasu honetan istorioaren helburua delako.
Aldakuntza batzuen arrazoia begi-bistakoa eta azalekoa da. Aktore britainiar baten ordez amerikar bat aukeratzeak hainbat aldakuntza ekarri zuen: garrantzizkoena, Harryk ere amerikarra izan behar zuela. Arrazoi handiz, Joseph Cotten-ek ez zion oniritzi Rollo izenari; izan ere, amerikarren belarrirako kutsu homosexuala omen du. Izenak, hala ere, absurdoa izan behar zuen eta Holley izena bururatu zitzaidan Thomas Holley Chivers olerkari amerikar horren figura barregarria gogoratu nuenean. (Kritikari azkarren batek bai Holly bai Lime Urrezko adarraren eraginari atxiki zizkion, baina Lime aukeratu nuen ez zuhaitzagatik, baizik eta presondegietan urkatuen hilotzak errausteko erabiltzen zen kareagatik). Amerikar batek ere ezin zuen nahasbiderik sorrarazi Dexter idazle britainiar entzutetsuarekin, beronen literaturtasunak Mr. E.M. Forsterren sen atseginaren oihartzunak baitzekartzan. Bi nortasunak nahastea ezinezkoa zatekeen, baita Carol Reed arrazoiz aurka jarri ez balitz ere, egoera bilatuegia zela eta azalpen ugari eman beharrak filmaren iraupena, berez aski luzea, luzeagotu besterik ez zuela eginen argudiatuz. Beste xehetasun txiki bat: amerikarren iritziarekiko begirunez, Coolerren ordez errumaniar bat jarri genuen, Mr. Orson Welles kontratatu genuenetik bagenuelako gaizkile amerikar bat. Sentitzen dut Coolerrena, beronen elkarrizketak errumaniarrarenak baino hobeak ziren eta. (Hala beharrean, Suitzako kuku erlojuei buruzko elkarrizketa zati ospetsua Mr. Wellesek berak idatzi zuen gidoian).
Carol Reed eta biok bakan izan genituen eztabaiden artetik amaierari buruzkoa izan zen garrantzizkoena, eta arrazoi borobila zuela frogatu zen. Nire ustez honelako denborapasa batek ezin zuen zorigabeko amaiera baten zama bizkarreratu. Reedek, bere aldetik, uste zuen nire amaiera, lausoa izaki eta hitzik gabea, ikuslegoari, Harryren heriotza ikusi berria zuelarik, ziniko eta zakarra irudituko zitzaiola. Onartu behar dut erdizka konbentzitu ninduela; beldur nintzen jende gutxik itxarongo zuela eserlekuetan neskak hilobitik bere ibilbide luzea burutu bitartean eta amaia nirea bezain konbentzionala eta luzatua zela iritziz aterako zirela zinematik. Reeden zuzendaritzaren maisutasunari ez nion, ordea, behar besteko garrantzia eman eta une hartan, noski, biotako inork ezin zuen aurrez ikusi Reeden aurkikunde bikaina, Mr. Karas, hain zuzen ere, zitara jolea.
Errusiarrek Anna bahitu zutenekoa, (gertakizun guztiz sinesgarria Vienan) nahiko berandu baztertu genuen. Ez zen istorioarekin ondo lotzen eta propagandazko filma bilakatzeko arriskua zegoen. Gure nahia ez zen jendearen emozio politikoak piztea; entretenitu, beldur pixka bat pasarazi, irribarre eragin, horixe nahi genuen.
Errealitatea, berez, ipuin miragarri bat kontatzeko aitzakia baino ez zen; penizilina trafikoa baizik ez dago errealitatean oinarritua, are gordinagoa agente gehienak Joseph Harbin baino errugabeagoak zirenez gero. Lehengoan Londonen zirujau batek bi lagun eraman omen zituen filma ikustera. Harriturik omen zegoen berak hainbeste gozatu zuen filma amaitutakoan kopetilun eta lur jota aurkitu zituelako. Gero esan omen zioten gerraren atzenetan Royal Air Forcerekin Vienan zeudelarik beraiek ere penizilina saldu zutela. Ekar zitzakeen ondorioak ez zitzaizkien lehenago burutik pasa ere egin.
Deskribatzen nituen eszenak ikusteko asmotan Carol Reedekin batera Vienara itzuli nintzenean, txundituta geratu nintzen erreparatzean hiria arras aldatua zela negutik udaberrira. Merkatu beltzeko jatetxeetan, otsailean suerte pixka batekin idikia omen ziren hezur batzuk ateratzen zizkizuten; orain, berriz, benetako bazkariak ematen zituzten, nahiz eta urriak. Nik «Viena Zaharra» izenaz bataiatu nuen Mozart Kafetegiaren aurreko hondakinak garbituak zituzten. Behin eta berriz esan behar izan nion Carol Reedi: «Egiatan esaten dizut, holakoxea zen Viena orain dela hiru hilabete».
Otsail hartan istorioari buru eman ezinik nenbilen: Harryren hileta itxurazkoa zen esku artean nerabilen tramaren pusketa bakarra. Azkarregi pasatzen ziren egun haietan argazki moduko irudi zatitxoak besterik ez zitzaizkidan bururatzen; Oriental kabaret baldresa, Sacherreneko ofizial taberna (Korda moldatu zen militarrentzat erreserbatutako hotel batean gela bat hartzen), Josefstadt Antzoki zaharrean barne herri antzekoa osatzen zuten kamerino txikiak (Annak geroago bertan egingo zuen lan), otsail hartan lurra zarrakatzeko zulagailu elektrikoak behar ziren hilerri eskerga. Vienan ez nuen bi aste baino gehiago geratu nahi Italian lagun batekin elkartu aurretik eta bertan idatzi istorioa, baina zer istorio? Hiru egun besterik ez nuen eta ez neukan ez istoriorik ez hori kontatu behar zuen pertsonaiarik ere, Calloway koronela, hain zuzen, orain beti Trevor Howarden itxurarekin gogoratzen dudana.
Azken aurreko egunean neure zorionerako Britainiako Inteligentzia Zerbitzuko ofizial gazte batekin bazkaldu nuen: gerra garaian BIZekin izaten nituen harremanei esker etekin ederrak eskuratzen nituen. Berak kontatu zidan nola Viena bere gain hartu zuenean agintari austriarrei eskatu zien Vienako poliziaren zerrenda bat emateko. Zerrendaren atal batek «Lurrazpiko Polizia» zuen izenburutzat.
«Kendu jende hori», agindu zuen «gauzak aldatu dira eta», baina hilabete geroago berriz aurkitu zuen «lurrazpiko polizia» zerrendan zegoela oraindik ere. Su eta gar kentzeko agindu zien berriro eta orduan azaldu zioten «lurrazpiko polizia» ez zela polizia sekretoa, baizik eta hitzak berak zioen bezala lurrazpian lan egiten zuen polizia, estolderia ikaragarrian. Estoldetan ez zegoen zona aliaturik; sarrerak hiri osoan sakabanaturik zeuden iragarki kioskoen itxuran, eta inork ez dakien arrazoiren bategatik errusiarrek ez zuten utzi haiek giltzaz ixten. Agenteak inongo kontrolik gabe pasa zitezkeen zona batetik bestera. Bazkaldu ondoren bota astunak eta inpermeableak jantzi eta hiriaren azpitik ostera bat egitera abiatu ginen. Estolda nagusia ibai bat goraldian bezalakoa zen eta usain gozo berdina zerion. Bazkalartean ofizialak penizilinaren azpijokoarena kontatu zidan eta estoldetatik ibilian nenbilela istorioa apurka mamitzen joan nintzen. Lau potentzien arteko okupazioaren funtzionamenduaz egin nituen ikerketak, amaren mirabe zahar bati zona errusiarrean egin nion bisita, Orientalen neu bakarrik kopak hartzen emandako arratsalde luzeak, deus ez zitzaidan alferrik gertatu. Banuen neure filma.
Azkeneko gauean laguna nuen Elisabeth Bowen Institutu Britainiarrean hitzaldi bat ematera etorri zen eta afaltzera gonbidatu nuen. Gero Orientalera eraman nuen. Ez dut uste egundaino halako kabarek kaxkarrik ikusi zuenik. Esan nion:
Nazioarteko Polizia jardunean erakutsi nahi nizun. Gaur gauerdian erredada bat egin behar dute hemen.
Nola dakizu?
Neure kontaktoak baditut.
Hamabiak jo zuteneantxe, neure lagun bati horrela jokatzeko eskatu bainion, sarjentu britainiar batek zalaparta handiz jaitsi zuen eskailera, eta bere atzetik polizia militar errusiar bat, beste bat frantziarra eta bestea amerikarra. Tokia ilunpetan zegoen, baina zuzen-zuzenean (nirekin zegoen neskaren deskripzio zehatza egin nion) sotoa alderik alde zeharkatu eta Elisabethi pasaportea eskatu zion. Neskak begirune berriarekin so egin zidan: Kontseilu Britainiarrak inoiz ez zion gau beldurgarriagorik eskaini. Biharamunean Italiara nindoan, Pragatik barna, eta iraultza komunista batera. Dena amaiturik zen, idaztea bakarrik falta zen.