HONDAMENARI ETA
SALBAMENARI BURUZKO KOADERNOA

HA/1

 

        (1) Alba, hamalau urteko neskatila birjin eta beltzarana, bere etxeko baratzatik bueltan zetorren lepo luzedun piku beltzez betetako otartxo batekin, eta hara non hirugarren bat jo eta uharkako putzura bultzatzen ari ziren mutiko biri errietan egitera gelditu zen. Eta esan zien:

        -- Zer egin dizue?

        Eta haiek erantzun:

        -- Ez dugu gure artean nahi, beltza da eta.

        -- Eta itotzen bada?

        Eta bizkarrak uzkurtu zituzten, aurreritziz beteriko giro krudel batean hezitako bi mutiko bait ziren.

        (2) Eta orduan, Alba, arroparik ere kendu gabe --brusa bat eta shorts batzuk besterik ez bait zeraman larruazal gainean--, uretara salto egiteko otartxoa uzten ari zenean, zeruak eta lurrak dardarka hasi ziren, areagotuz zihoan dardarizo gor gisako batez, eta mutikoetako batek, burua jasoaz, esan zuen:

        -- Begira!

        Urrunetik zaratatsu gerturatzen ari ziren aparailu ilara handi bat ikusi ahal izan zuten hirurek, eta hainbeste ziren, ezen zerumuga estaltzen bait zuten. Beste mutikoak esan zuen:

        -- Plater hegalariak dituk, hi!

        (3) Eta Alba herri aldera arin zetozen arraultzantzeko gauza zapal harrigarri haiei begira geratu zen oraindik une batez, zeru-lurren ikara areagotu eta zarata gehituz zihoan bitartean, baina bere gogoa uharka azpian desagertu zen Didacengana, bere auzokide Margaridaren semearengana joan zen berriro eta, mutikoak atzean utzita, uretan murgildu zen. Hauek, egindako azioa erabat ahazturik, honela zioten orain:

        -- Zelako dizdira! Suzkoak dirudite!

        (4) Eta ur barrenean, jadanik hondora igeri zihoalarik, berriro gainazaleruntz eraman nahi zuen barruko indar batek bultzatuko balu bezala iruditu zitzaion Albari, baina bere adore eta kemen guztiaz borrokatu zuen putzuaren ohizko patxada aldarazten zuten olatu eta zurrunbiloen aurka, eta gogor eragin zien bere besoei Didac desagertzen ikusi zuen lekura hurbiltzeko.

        Uraren beste zirrara handiago batek urertzetik aldendu zuen, menderatzea lortu gabe, bere borondate osoaz eta bere trebetasunaren baliabide guztiak erabiliz egin bait zion aurre, eta bera menderatzeko zorian zegoen osinaren azpitik hondoratuz, mutikoa gatibu zeukaten aihen aldera egin zuen igeri.

        (5) Eta lurrik hartu gabe, bapatean berriro baretzen ari ziren uretan orain, landare igokarien menpetik askatu zuen Didac --beste haur batzuek heriotza aurkitu zuten landare haien kiriburuen artean--, eta batere nekerik gabe, konortea galdua bait zuen, esku batez herrestan eraman zuen, bestearekin eta hankekin bide bat zabaltzen zuen bitartean, urazaleruntz, eta han arnasari eutsi beharraz haizez beterik zekarren ahoa lehertu egin zitzaion, zulatua izan den burbuila baten antzera, bazterra uraren parera jeisten zen tokiraino igerian jarraitu baino lehen.

        Hara igo eta mutikoaren gorputz akitua jasotzerakoan, aparailu andana hura ekialdeko zerumugan desagertzen ari zela ikusteko aukera izan zuen oraindik.

        (6) Eta denborarik galdu gabe, Albak ahozpez jarri zuen Didac ur bazterreko belar gainean; ahal zuen ur guztia botarazi zion; oraindik bizi arrastorik ematen ez zuela ikustean ahoz gora jarri eta bere biriketako airea ematearren, haren ezpain artean sartu zuen ahoa, harik eta mutikoak begiak kliskatu eta mugitu zen arte, aho arrotz hark enbarazo egingo balio bezala.

        Eguzkiak bere gorputza lehor zezan busti-busti egina zuen arropa kendu, bere gainean jarririk beste igurtzialdi bat eman, eta orduan, mutikoa bere onera zetorrenean, soilik orduan harritu zen uretara bultzatu zuten bi mutikoak etorri ez izanaz.

        (7) Eta biak lurrean etzanik zeudela ikusi zuen gero, txunditurik eta aurpegia zimur-zimur egina zutela, begitartea belundurik utzi zien sorreriaz jota baleude bezala. Saskitxoa iraulita zegoen eta piku guztiak bere inguruan sakabanaturik; jan gabe, baina, ezpainak garbi bait zeuzkaten. Didacek, zutitzen ari zela, zera galdetu zuen:

        -- Zertan ari dira, Alba?

        -- Ez dakit... Goazen, ez zaituzte maite-eta.

        -- Zer diozu, ez daudela hilik?

        (8) Eta Albak orduan, brusan urradura handi bat zuela oharturik buelta hartzen ari zenean, herrirantz begiratu eta ahoa ireki zuen, inolako soinurik jaurti gabe. Han, bere aurrean, hirurehun metrotara, Benaurak beste herri bat zirudien, lauagoa. Bere gainean, behelaino zikin eta iraunkor baten antzera zintzilikaturik zegoen hautsaren azpian, etxeak bata bestearen gain pilatzen ziren, eskutzar basati batek zanpatu balitu bezala. Hertsi zituen ezpainak berriro, atzera zabaldu eta:

        -- Oh! --egin zuen oihu.

        Eta jarraian, jadanik brusak bularrik ez ziola estaltzen ohartzeke, bidean behera abiatu zen korrika.

        (9) Eta herrian ez zegoen ezer tente zirauenik. Etxeak gainbehera etorrita zeuden, hormak bapatean indarrik gabe geratu balira bezala, teilatuak gero haien hondakin gainera eroriaz. Harri eta teila puska mordoa zegoen kaleetan zehar barreiaturik eta, batez ere, espaloiak betetzen zituzten; baina erorketa astunegia izan zen ibilbide zabalenak iraganezinak bihurtzeko eta kaineri apurtuetako ura jadanik kaleetan behera zetorren, zenbait tokitan geiser oldartsuak hautsartean gora igoaz.

        Beheko harresiek zutik jarraitzen zuten anitz lekutan, batzuetan horma artean pilaturik zeuden goiko pisuak erortzean bere barnean hartu nahi balituzte bezala, eta hormek, pitzatuak egon arren, gogor eutsi zioten eraso deuseztatzaile baten bultzada basatiari. Aparailu misteriotsu haien ekintza bait zen hura dena. Ziur zegoen Alba horretaz.

        (10) Eta alde guztietan --zabor artean erdi zintzilikaturik, geldirik zeuden autoen barrenean-- gorpuak zeuden, sekulako gorpu piloa, aurpegia rictus harrigarri batean zimurturik zutela denek eta larruazala belundurik. Ez zituzten harriek ez habeek lurreratu, garbiguneetan bait zeuden batzuk eta osorik ageriko odolik eta zauririk gabe, soilik sorreriak jota erori balira bezala. Beste batzuk, aldiz, sabai irekietatik zintzilik zeuden edota harrapaturik zeuzkaten zaborren artetik ozta-ozta besoa, hanka edo burua kanpoan zutela. Ezagunak zituen gehienak; auzokoak, lagunak, egunero ikusi ohi zituen herritarrak ziren.

        Bere gurasoek ere han behar zuten.

        (11) Eta korrika hasi zen berriro, doministiku egin erazten zion hautsari aurre egiteko, aurpegian maskara gisa lotu zuen brusa zati baten azpian arnas estuka. Plaza aldera jo zuen, non kanpandorrea zuzen-zuzen altxatzen bait zen elizaren hondakin gainean; hauek, altzariz, harriz eta gorpuz betetako muinoak eskalatzera eta bere oinpean irristatzen ziren lubetetan behera joatera behartzeraino estuak ziren atzeko kaleetarako sarrera mozten zuten.

        Ezezaguna zitzaion geografia hiritar batean bideratu, etxebehe batzuetako ezponda zeharkatu --gero hondoratu zena eta ia bertan zintzilik utzi zuena--, harresi garai baten gainetik jauzi egin --non shorts-en hankakoetariko bat bertan trabatu eta goitik beheraino iriki zitzaizkion, euskailu bakarra trintxa zutelarik-- eta motza eta garbia zen baina bapateko iturri baten urek hartuta zeukaten kale batetik zehar, bere etxea zegoen bihurguneari buruz korrika jarraitu zuen.

        (12) Eta jada ez zegoen etxerik. Eraikuntzaren solairu biak etxabeheko sabaiaren gainera etorrita zeuden; ibaia, halaber, ate atzean suntsitu bide zen eta ateak, presioaren eraginez horma zertxobait puztuta zegoelarik, aita, ama eta hurrengo hilean ezkondu behar zuen ahizpa zeutzan hilobia ixten zuen orain.

        Eskuak jaso, egur sendoaren kontra zapaldu eta, gero, irristatzen utzi zituen emeki-emeki, gorputz guztia bere oin ahulduen gainera zetorrela, harik eta belaunek igeltso txintxorrez beterik zegoen lurra ikutu arte, eta oinazeari jaramonik egin gabe, makurtuz, zera zioen:

        --Ama! Ama!...

        (13) Eta ezpainak dardarka zituen, aurpegia --maskara erorita-- aldarazten zion nigarraren eraginez, eta bere esku setatiek egurrean atzamarka jarraitzen zuten, atzazkal zatiak galduz, harik eta bera bezala nigarrez ari zen alboko ahotsño motelak zera esan zuen arte:

        -- Alba, eta ama?

        Uharkatik segika etorri zitzaion Didac; berak bezala, heriotza egon zeneko kaleak ibili zituen; zabor piloen gainetik egin zuen jauzi eta kale tarteen laberintoan zehar ibiliaz, bere bizilekura heltzea egin zuen. Han bizi bait zen bera, alboan, duela zenbait urte kanpora neskame joan eta beltz batek haurdun laga zuen Margaridarekin batera.

        Albak besarkatu egin zuen, etsipen keinu batez beregana estutuz, baina oraindik bere eztarria itotzen zuen nigarra eten eta zutitu egin zen, bederatzi urteko haurraren gorputzak eusten ziola.

        -- Ez da hil, ezta? --erregutzen zuen honek negar zinuka.

        (14) Eta hilda zegoen. Sutondoaren aurrean aurkitu zuten, etxera sabaiko zulo batetik sartu ondoren, eta goilara bat zuen oraindik eskuetan, lurrezko lapiko batean osorik ikus zitekeen oreari eragiteko gertu bide zegoena.

        Mutikoak irrintzi basatia jaurtiaz besarkatu zuen eta deitu egiten zion, lotan egon eta esnatu nahiko balu bezala. Albak, bitartean, bere ile kizkurrak laztantzen zizkion eta bere barrena hustu zezan lagatzen zion. Begiak lehor zituen orain, bihotza handitzen bazitzaion ere, malkoak han, taupada arritmikodun zirrikituen artean, sortuko bailiran.

        Gero Didac Albari atxeki zitzaion, enbor bati atxekitzen zaion naufrago baten antzera, eta, zentzurik gabeko hitzak zizakatzen zituen bitartean, masailak busti zizkion bere malkoekin.

        -- Denak hil bide dituzte --esan zuen Albak.

        (15) Eta mutikoak, ur azpian zegoelako ikusi ez zituen hegazkinen gainean mintzatzen ari zitzaionean, burua oraindik baralda osorik zuen patioko leiho aldera begira jar arazi zien ezusteko txorrotxioa entzun zuten eta, berehala, hegoak astintzen zituen txoriaren kaiola ikusi zuten, oso-osorik.

        -- Kardantxuloa!

        Didacek bere eskuak Albaren lepotik askatu eta zutitu egin zen.

        -- Txiki...

        Neskatilak bularraren kontra estutzen zituen bere eskuak, itxaropentsu, ia atera beharrean zebilkion bihotzari eusteko.

        -- Ez gaude bakarrik, Didac, ez gaude bakarrik!

        (16) Eta hala zeuden. Ez zen moeta bereko beste inor geratu, ezta ugaztunik ere. Etxea utzi eta zabor artetik ibiltzean ikusi zutenez, giza gorpuen tartean bazeuden zakurrak, katuak eta --laborarien auzoan-- baita ikuilu eta sarobeetan zeutzan mando, txerri eta konejuen gorpuak ere. Pusketaka eroritako harresi hondarren artetik kakaraka zebiltzan edota gaizki lurperaturiko eskeletu zatien antzera zutik zirauten habe muturretan gora igotzen ziren oiloak geratu ziren, ordea. Euliak ere ez ziren hil eta han zebiltzan, biktima erdiragarrien inguruan burrunbaka. Haiek denak lurperatzea pentsaezina zen beraientzat, gehiegi bait zeuden.

        Kalez kale, herriaren mutur batetik bestera, Alba eta mutikoa, eskutik helduta, irudipenik gabe errepikatzen zen eskenategia arakatzen ari ziren. Noizean behin, beren ahots ikaratien deia entzuten jartzen ziren, badaezpada, inor hilzorian edo soilik zaborrerian gatibu bizirik balego. Eta isiltasunak erantzuten zien beti, kalea garastatzen zuten ur zirristen txistu hotsak bakarrik apurtzen zuen isiltasun hark.

        (17) Eta hondamendia nola gertatu zen harritzen zuen Alba. Zeren, pixkanaka, ikusiz joan zen, horma zati bat zutik edo hutsartean oreka egongaitzean zirauen teilatu murrua zegoen tokian --salbuespen bat edo birekin-- etxeak desegin zituen indarra era berdinean aritu zela; beheko solairuak osorik egongo ziren alde guztietan, goikoak behera etorri ez balira, hauek sabaiak lehertu eta zaborrez estali bait zituzten, era desberdinean, etxearen goiera edota sabaien indarraren arabera.

        Beren begi ezjakinentzat ere, gaineko hormak arrakalatu ondoren behera botatzeko adina indar izan zuen dardara baten emaitza zirudien hark, eta era berean, ahulegia zimentuetatik gertuen zeuden harresiak astintzeko, hauek goiko materialen eraginez suntsitu bait ziren. Baina, zein eratako dardarizoa izan zitekeen hura gizakiak kolpatu eta hain batera erahiltzeko? Eta zer dela eta errespetatu zituen hegazti eta zomorroak?

        (18) Eta galderak ugaldu egin ziren Benaurako errebalak gurutzatzen zituen errepidera heldu eta bapatean gelditu bide ziren kotxe eta kamioiak ikusi zituztenean. Eta parabrisen ostean ezezaguna zitzaien jende pila bat zegoen, beraientzat arrotza zen herri hartan heriotza aurkitu behar zutenik inoiz uste izango ez zutenak.

        Lurralde hartako beste zenbait hiriren patu berbera izan ote zuen herriak? Uste baino handiagoa, erabatekoa, zen hondamendi baten aurrean ote zeuden? Didacek berak agertu zuen bere etsipena zera galdetuz:

        -- Berdin gertatu ote da leku guztietan, Alba?

        Beldurrak itoa bezala zeukan aurpegia eta haren gorputz biluziari odola zeriola ohartu zen neskatxa, egindako arraspadek utzi zizkioten arrasto gorri ugarietatik. Baita bereak ere.

        -- Laister jakingo dugu --esan zuen--. Baina lehenik jantzi gaitezen.

        (19) Eta plazara itzuli ziren. Arkupeetan bazegoen denda bat era guztietako arropak saltzen zituztena eta eskaparate batetik sar zitekeen. Barrenean nagusia, neskamea eta bi bezero aurkitzen ziren, mostradorearen alde banatara, ia bata bestearen parean, baldosa horiko solairuaren gainean, eta barnekaldean lata batek burezurra txikitu zion katu zuri bat zegoen.

        Albak galtza batzuk hartu zituen mutikoarentzat, shorts batzuk beretzat, kolore biziko bi alkandora eta toaila bat. Sabela ozta-ozta estaltzen zioten arropa zarpailak kendu eta bi harriren artetik irteten zen ur zirrista batean garbitu ziren biak. Larrugorrian egoteak ez zuen ez bata ez bestea lotsarazten, amarrugabea zelako mutikoa eta neska beti zuzena izan zelako eta bere etxean hipokresiarik gabe bizi izaten erakutsi ziotelako.

        Gero, arropa garbiak jantzi eta oinetarako apretak hartu zituzten arkupe haietan, beherexeago, apretariak egunero jarri eta kendu egiten zituen bi burdinetan zintzilik zegoen multzo handiaren artetik.

 

        (20) Eta jarraian armadendan sartu ziren atzekaldeko zulo batetik. Han gizona eta beste norbait gehiago zaborren azpian zeutzan, oinak kanpoan zituztela, ur putzu batean hondoraturik. Kataleju batzuk hartu eta herriko etxerik garaiena baino handiagoa ez zen inguruetako muino bateruntz abiatu ziren. Urtegiak zeuden han, orain oso ur gutxirekin, zirrikituetatik ihes egiten bait zuen, inguruko lurrak hartuz.

        Bere herria ez zela ustegabean aukeratua edo bereziki kaltetua izan egiaztatu zuen Albak tontorretik. Handik lau metrotara, egiaz sei kilometrotara zegoen auzoko herria ere zaborrez beteriko laberinto bat bilakatu zen. Eta urrunago, hamabi kilometrotara, urteen joanean herri handia egin zen langileen auzategi zaharra ikus ahal izan zuen oraindik, ez hain garbi halere. Etxeorratz apal bat, sei pisutakoa, eraikia zuten han azkenaldera eta bazegoen kanpandorre bat ere; orain, ordea, ez zeuden han eta teilatu bakar batek ere ez zuen eguzkitan dizdirarik egiten.

        Bere ondoan zegoen Didacek zera esan zuen ahots apalez:

        -- Ez al dago inor, Alba?

        Albak katalejuak jeitsi eta eskua estutu zion.

        -- Ez, Didac, ez dago inor.

        (21) Eta hogei minuturen buruan bazekiten gainera telefonoak ez zebiltzala, argindarrik ez zegoela eta irratiak mututu egin zirela, zeren Kale Zabaleko etxe bateko logelako bazter batean aurkitu zuten transistorean --gau mahaitxo batekin batera onik atera zen gauza bakarra-- ez zuten bat bera ere hartu, ez herritar ez kanpotarrik.

        Didacek, geroz eta aurpegi zurbilagoz, zera esan zuen nigar zotinka:

        -- Zer egingo dugu orain, Alba?

        Albak, zertxobait alaitu nahian, bizkarra inguratu zion beso batekin eta, berekin eramateko asmoa zuen irratitxoa laga gabe, zera esan zuen:

        -- Ez etsi, Didac, aurrera egingo dugu eta.

        -- Eta zer egin dezakegu biok bakarrik?

        -- Gauza asko. Lehenik eta behin jan egingo dugu.

        Ez zuten goserik baina Albak bazekien oso egun gogorra zutela gainean eta aurre egiteko gertu zegoen; neska borrokalaria izan zen betidanik.

        (22) Eta Kale Nagusiko kantoian zegoen janaridenda batean jan zuten, kontserba lataz eta potez beterik zeuden apalen artean eta urdaiazpikoz eta era askotako hestebetez gainezka zegoen makila luze baten azpian; mutur bat euskailutik kanpo zeukan honek eta baskularen gainean zintzilik zegoen.

        Emeki-emeki jaten zuten, halabeharrez, eta janaria ahoan bueltaka zerabilten; eginahal handiak egin behar zituzten irensteko; berdin zintzurretik behera janaria errazago joan zedin, metal ur botila bat zabaldu zutenean ere. Sabela nahasi eta bihotza txiki zeukaten biek.

        Alba, atsedenaldi bat hartu zuelarik, herriko jendeari maiz entzundakoak kezkatzen zuen batez ere, gerrate eta gaiztakeria guztien atzetik izurriteak datozela alegia: gripea, tifusa, kolera agian...

        Hildakoak etorri zitzaizkion burura orduan. Bost mila gorputik gora zeuden Benauran, lurperatu gabe asko, eta usteltzen, mintzen, joango ziren; egun eta hilabete luzeetan aidea eskeletuek botatzen zuten kiratsaz kutsatua egongo zen, arnasarekin batera bereganatuko zituzten germen kutsakorrez betea, baldin eta --leku guztietan gauza bera gertatu bide zenez-- jendea zegoen tokietatik urruntzen ez baziren.

 

        (23) Eta mostradorean aurkitu zuen estraza paper zati bat eta arkatz mutur bat hartu eta idazten hasi zen Alba, bizkarra hormaren kontra zuela.

        -- Zer jartzen duzu? --galdetu zion Didacek.

        -- Gauza batzuen zerrenda egiten ari naiz, joan egin behar dugu eta.

        -- Nora?

        Urruti. Basora.

        Bera zen lekurik egokiena. Herritik bost kilometrotara hasi eta atzekaldeko mendietaraino --zuhaitzek harriari leku egiten zioteneraino-- hedatzen zen, ia dena ordekan. Birritan egona zen, egun pasa, eta gogoan zuen errekatxo bat zegoela. Behar zuten ur guztia edukiko zuten, bada, han, bizpahiru urtetarako beharbada.

Han seguru egongo gara. Hildakoen artean ez bait dago bizitzerik.

Hartuko al dugu kotxe bat hara joateko?

Martxan jartzea lortuz gero... Didac berotu egin zen:

        -- Hori badakit nik. Askotan ikusi izan dut etxe avian, Josepen garajean.

        (24) Eta, jan ondoren, errepidera itzuli ziren. Chevrolet baten bolante atzean zegoen emakume baten gorpua atera eta kotxera igo zen Didac, martxan jartzeko asmoz. Baina martxan zegoen. Denak zeuden martxan eta hala ere ez zebiltzan. Mutikoa txunditurik zegoen:

        -- Hau gauza harrigarria! Ongi ari naiz eta...

        -- Baliteke hegazkinek motorrak hondatzea.

        -- Mekanika zertxobait gehiago baneki... Badakit non dagoen liburu bat.

        Baina ez zeukaten denbora galtzerik, zeren Albak gauerako basoan egon nahi zuen eta arratsaldeko hirurak ziren dagoeneko.

        -- Honuntz gentozela bi eskugurdi ikusi ditut harginaren almazenean; haiek ongi etorriko zaizkigu.

        Didacek gogotxarrez laga kotxeak eta Albari jarraitu zion.

        (25) Eta oholak eta etxegintzarako gaiak karreatzen erabilitako bi gurdiak zabor artetik atereaz, Benaurako burdindendarik handienera jo zuten lehenik. Gainean beste etxebizitzarik ez zuen lokal bat zen eta teilatua eta horma bat besterik ez zituen galdu.

        Ezer eror ez zedin, sokazko hesi bat egin zuten bi gurpiletako ibilgailu txikien aurreko eta atzeko aldetik eta han bi ontzi, bi zerra, aitzur bat, bi jorrai, bi mailu eta iltze mordoa, zartagi batzuk, zenbait parrila, bi lapiko, bi pote, lau, edalontzi, sei plater --denak aluminiozkoak--, altzairu herdoilezinezko mahaitresna eta aiztoak eta guraizeak sartu zituzten. Azken momentuan bi aizkora gaineratu zituzten.

 

        26) Eta goardiazibilen koartelean --ibaia eta kanposantua bitartean zegoen etxetzar bat, non patiotik armaegiraino eraman zituen zulo bat zegoen-- bi mauser eta bi arma labur eskuratu zituzten, baina gero munizioak topatzeko lan handiak izan zituzten, trenkada baten azpian, tenientea --burua mahai gainean zituen besoen kontra zuela-- lotan balego bezala geratu zen despatxuaren ostean lurperaturik bait zeuden.

        (27) Eta janaridendara itzuliz, denetariko kontserbak, bi urdaiazpiko, saski bat hestebete., sei gazta, xaboi kaxa bat, esne hautsa, mermeladak, pattar botilak, olioa, gatza eta frutak bildu zituzten. Albak bere zerrenda osatzeko erabili zuen lapitza, kaxoi batean agerturiko boligrafoa eta eskukada bat plastiko poltsa ere eraman zituzten.

        (28) Eta hurrengo geldialdia botika zaharrean egin zuten. Sabaitik behera jeitsi behar izan zuten eta ez lurpean geratzeko arriskurik gabe. Era guztietako botikak eskuratzeko asmoarekin sartu ziren, bereizketarik egin gabe. Denda osteko arasatxoan aurkitu zuen errezeta liburu baten laguntzarekin aztertuko zuela esan zuen Albak gero. Bazegoen han medikuntza hiztegi lodi bat ere, irudiz betetakoa.

        (29) Eta elektragailu dendarako bidean, estankoaren parera heltzean, bertan sartzea otu zitzaien, eta poxpolo kaxak eta pizgailuak bildu zituzten eta bi poltsa hartu eta tabako kaxaz bete zituzten goraino, zeren Albak bazekien keak zomorroak uxatzen dituela eta basoan asko egongo zirela. Hemen ere beste boligrafo bat hartu zuten.

 

        (30) Eta elektragailu dendara ez zuten inolaz ere sartzerik izan, Benaurako etxerik garaienetako baten azpian aurkitzen bait zen eta erabat suntsiturik zegoen; baina urrutira gabe kriseilu denda bat zegoen eta mahaiko eta patrikako linterna elektrikoz hornitzeko aukera izan zuten; baita plastikozko beste zaku batean sartu zuten ordezko pila eskutada batez ere.

 

        (31) Eta ordu batzuk lehenago jantzi ziren arropadendara joan ziren orduan eta gainezka zeuden apaletatik beharrezko izango zuten guztia hartzen joan ziren: mantak, elastikoak, kuleroak, galtzontziloak, alkandorak, galtzerdiak, musuzapiak, galtzak, jertseak, bi txaketa, zira bat eta gabardina bana... Kanpoan, oinetako gehiago hartu zuten apreta dendatik eta euritarako bota pare bi.

 

        (32) Eta hain beterik zeuden gurdiak ordurako, ezen Didacek --bere adinerako mutil sendoa bazegoen ere-- ezin bait zuen bakar bat ere karreatu. Beraz, Alba heldulekuen artean jarririk, herriaren irteeraraino eraman zituzten, lehenik bat eta bestea gero, eta han laga zituzten, mekanika liburu haren bila joateko. Baina bidean Didacek esan zuen:

        -- Txiki ere nirekin eraman nahi dut.

        Neskatila beldur zen mutikoak bere ama berriro ikusten bazuen hunkitu egingo zela eta iluntzen ari zela profitatuz, zera erantzun zion:

        -- Oso berandu da, Didac... Beharbada, gauza bat egin dezakegu denbora aurreratzearren: zu liburuaren bila joan eta nik Txiki ekarriko dut.

 

        (33) Eta horrela, bakarrik joan ahal izan zuen auzategira Albak, han bizi izan zen betidanik eta han zeutzan orain bere senideak.

        Hartu zuen kaiola --non Txiki lokartzen ari zen--, Margaridaren masail hotza --azken agur gisa-- ferekatu eta irteeran geldiune bat egin zuen galdutako etxeko atearen aurrean. Eskua sarrailaren kontra leunki estutu, laztanduko balu bezala, eta sentimendu goxo eta era berean samur batekin, zera esan zuen:

        -- Agur, maiteok...

 

        (34) Eta zortziak aldera, zama berrantolatu ondoren, premian bait zegoen, basorako bidea hartu zuten berriro. Ez ziren gau hartan helduko, zuloz beteriko gurdibidea bait zen eta ondorengo hiru orduetan behin baino gehiagotan gelditu ziren bertan sartuta.

        Alba aurretik gurdiari tiraka eta Didac atzetik bultzaka, bi gurdiak, lehenik bat eta bestea gero, aurrera eraman zituzten kilometroz kilometro, herritik urruntzearren, ez Albak ez Didacek ez bait zuen hara berriro itzuli nahi.

        Gaua heltzean zerua argitu egin zen herriak sutan bide zeuden bi toki desberdinetan eta horrek beldurgarriago bihurtzen zuen iluntasun hura. Aurrera zihoazen, hitzik atera gabe, nor bere baitan erabat sarturik eta hain jasanezina zen egiten ari ziren ahalegin hura, ezen azkenean, hamaikak aldera, norberaren borondateari erantzuteko bihurri eta minduegiak zeuden muskuluek muino baten azpian gelditzera behartu zituzten. Han zuhaitz batzuen azpian, berdegune bat zegoen.

        Une hartan, Benauratik hiru kilometrotara zeuden.

 

        (35) Eta erreka bazter batean jarririk, oinak hutsik eta --zabor artean ibiltzearen ondorioz-- zauriz beterik zituztela, gazta eta sagarrak jan zituzten zeramatzaten janarien artetik, eta Didacek esan zuen:

        -- Alba, zuk hau dena Jainkoaren zigorra izan dela uste al duzu?

        -- Bistan da ezetz, Didac! Nondik atera duzu burutapen hori?

        -- Nola batzuetan apaizak herrian pekatari asko zegoela esaten zuen pulpitotik eta Jainkoak zigortu egingo zituela...

        -- Hori esaten al zuen sermoietan?

        -- Bai. Nola zu ez zinen elizara joaten... Zergatik ez zineten joaten zuek?

        Albak, bere aita --sekula lapurretan egin eta inor erail ez bazuen ere-- kartzelan egona bait zen, honela erantzun zion:

        -- Agian horrexegatik, Didac, erretolika horiek ez entzuteagatik.

        -- Zer esan nahi duzu?

        -- Ezinezkoa dela zintzo bakarrak gu biok izatea. Mutikoa isilik geratu zen, pentsakor.

        (36) Eta erreka ondoan, belar azpiko lurra laua zen tokian, manta bat zabaldu, bata bestearen ondoan etzan eta beste manta bat bota zuten gainera, gaueko hozkirritik babesteko. Baina Albak ez zuen berehalakoan lorik hartzen. Oraingoan indarrik gabe harrapatu zuen min handi batek zulatzen zuen bere barrena eta basora joateko burutapen harekin zer lortu nahi zuen bere buruari galdetzera behartzen zuen, hala nola ez ote zen farregarria berak, neskatxa batek, bizitzen jarraitu nahi izatea, denak hil eta etorkizunik espero ez zuenean.

        Bere ametsetarik bakar bat ere ez zuen gauzatzerik izango bakardadean, mundu huts batean. Ikasketak, jolasak, maitasun kontuak... Dena ezereztaturik, etxeak eta pertsonak bezala. Haien artean bakarrik zuen zentzu. Istripu edo gaixotasunen batek eraman ezean, handitzen, zahartzen joango zen, egiaz bizi gabe, eguneroko borrokaren etsipenak hartuko zuen eta ordainetan ez zen aski izango jadanik hankak, besoak eta lokartu gabe ixten zitzaizkion betazalak bezain pisutsua zitzaion bizimodu hura.

        Baina gero pentsatu zuen ez zegoela hutsik gabeko egintzarik. Ez zen posible hainbeste jende artean bera eta Didac bakarrik aukeratuak izatea. Gutxi edo asko baina jende gehiago egon behar zuen beste nonbait eta bere bila hasiko zen orain behin-behingoz hildakoena zen eremu hartan arriskurik gabe ibiltzeko adina segurtasun zuenean.

        (37) Eta loak hartu zuenean, behin eta berriz hondora zihoan ameskaiztoak eduki zituen, nahiz eta ihes egiteko ahaleginetan ari zen bere izatearen zati batek bazekien amets haiek ez zirela egiazkoak, benetakoa hura zela, lur gogor eta ezezagun haren gainean etzanda egotea eta ez inguratzen zuten itzal piloen aurretik nora ezean ihes egitea.

        Bere intziriak esnatu zuen, baina ez bere atzetik zetozenen eskuetan berriro ez erortzeko adina; bera bezalako emakume eta gizonen itxura hartuta zetozen orain eta ur geldietara bultzatzen zuten; ezin zituen oinak handik atera eta, barrenetik, lurrazpiko barne erresuma baterantz tira egiten zion norbaitek.

        Bigarren aldaketa batek gorpu, zauriturik eta hilzorian zeudenek betetzen zuten hondartzara eraman zuen. Eskuak gora jaso eta berari atxekitzen zitzaizkion, tresna ikustezin eta garrasi metalikoen harrabots ikaragarri baten erdian, amildegian gora zetozen urek hats nazkagarri batez biltzen zuten bitartean.

        Keinu errefusatzaile batez eskua luzatzean, gorputz trinko eta urtsu batekin egin zuen topo: mugitzen ari zen olatua. Hori ametsen munduan gertatu zen, ordea; hemen, kanpoan, begiak zabaldu eta kliskatu zituenean, bere ondoan zuen gorputza Didacena zela erakutsi zion egunsentia iragartzen zuen ortzeak. Manta azpian lekuz aldatzen ibilitako mutikoa lo zegoen, arnasa lasai hartuz, eta hain ondoan zeukan, ezen hankekin ikutzen bait zuen eta esku batek, adiskide beharrean, besarkatu egiten zuen, esku ahurra aske zegoen alkandoratik kanpora ihes egiten zuen titiaren gainean zuela.

        Berehala loak hartu zuen Alba berriro, orain ameskaiztorik gabe.

 

        (38) Eta biharamun eguerdia zen jadanik azken gurdiarekin basoaren atarira heldu zirenean, eta mendian behera etorriz baso hura gurutzatzen zuen errekatxoari adi-adi begiratuz, berdegunean sartu ziren. Ez zebilen haizerik batere, baina han, pinu hostoz beteriko lurrean ugalduz zihoazen arbolen artean, aire garbia arnasten zen, heze samarra, landareen eta --aurreko udazkenean azken perretxikuzaleak han egon zirenez geroztik-- zapaltzeke zegoen humusaren usainez betea.

        Bazeuden agerrune txiki eguzkitsuak eta, noizean behin, bapatean agertzen ziren aldapa zakarrak, erreka hondoratzen zutenak eta esku eta hankak erabiliz igo behar izaten zituztenak; baina, orohar, igoera erraza zen, laua, maiz txoriren baten txorrotxioak alaitzen zuena. Horrelakoetan zera galdetzen zion Didacek:

        -- Zer da, Alba? Kanarioa?

        -- Hemen ez dago kanariorik. Baliteke urretxindorra izatea.

        -- Harrapatuko al dugu bat?

        -- Ez, Didac. Kaiola barnean baino zoriontsuago dira txoriak aidean.

Ez al da zoriontsu, orduan, Txiki?

Ez dut uste.

        Eta mutikoa erantzun hura, eta harriturik uzten zuten beste batzuk, hausnartzen geratu zen.

        (39) Eta handik denbora luzera, lurrezko ordoki garai batera heldu ziren, agian haitzetatik berrehun metrotara zegoena, errekatxoa urjauzi txiki garden eta estu batean erortzen zen lekuan. Bere azpian, errekaren ohea zabaltzen zihoan, pinuen lekua hartuz joan ziren sastraka eta arteen erdian. Txunditurik geratu ziren biak eta Didacek zera esan zuen:

        -- Zein polita den! Eta hemen geratuko bagina, Alba?

        Neskatilak goiko zuhaitzen zuztar artean zintzilikatutako belarrez josita zegoen ertzari begiratu zion; dena garbitu ondoren, nahiko erraza egingo zitzaien haren ondoan txabola bat eraikitzea, baina egun euritsuetan baliteke gaineko aldapak arriskuan jartzea...

        -- Ez dakit. Gehixeago begiratuko dugu. Orain, bainu bat hartu eta afaldu egingo dugu.

        (40) Eta uretan sartu ziren, biluzik. Ura zangoetaraino besterik ez zitzaien heltzen eta Alba eseri egin zen, izerditan zeukan gorputza bustitzeko, harik eta urjauziaren azpian zegoen Didac uretan behera palastaka etorri eta, burua jasoz, bere aurrean etzanda jarri zen arte. Geldi-geldi geratu zen, izterrak garbitzen ari zen Albari begira, eta handik une batera zera galdetu zion:

Zer dela eta zarete neskak desberdinak? Albak irribarre egin zuen, mutikoa beraren hitzekin asaldatu egiten zela ohartzean, eta zera esan zion:

Denok berdinak bagina, ez litzateke gizonik eta andrerik izango.

        -- Eta gogoko al duzu zuk neska izatea? Barrez hasi zen Alba orduan:

        -- Bai, Didac. Zuk ere gizon izatea gogoko izango duzun bezala.

        Mutikoak baietz adierazi zuen eta begira geratu zitzaion berriro.

        -- Ez al zara haserretuko galderak egiten badizkizut? Albak, bere etxean beti erantzun zintzo eta jatorrak jaso bait zituen, lasaitu egin zuen:

        -- Ez, Didac; nahi duzun guztia galde dezakezu.

        (41) Eta arratsalde hartan, bazkaldu eta atsedenaldi bat hartu ondoren, haitzulo bat aurkitu zuten, urjauzia zegoen lekutik ez oso urrun, eta poztu egin ziren biak, zeren honela zuhaitz enborrez txabola egiten aritu beharrik ez bait zuten izango. Zulo handi samarra zen, sar eta irteteko makurtzen ibili beharrik ez zegoena, eta sakoneran bazituen bi metro t'erdi. Barnean bazegoen aulki itxurako bat ere eta bi harriren artean sartutako lauza zabal bat, aurretik beste norbait bizi izan zela argi eta garbi erakusten zuena, suren batek --zeinaren arrastorik ez bait zen jadanik geratzen-- beztutako sabaiak egiaztatzen zuen bezala. Baliteke ehiztari edo egurgileen aterperen bat izatea.

        Albak, astiro-astiro begiratu eta lurrezko sabaiaren lodiera aztertu ondoren, zera esan zuen:

 

        -- Badaukagu etxea.

        (42) Eta gau hartan, behera heldu zirenerako jadanik berandu zenez, baso atarian geratu ziren lotan, baina biharamunetik aurrera, eta hiru egunez, herriko dendetan bildutako guztia gora igotzen aritu ziren. Bizkarrean karreatu beharra zeukaten, baso itxiegia bait zen, eta lurrak eskugurdiekin hara sartzeko gorabehera asko zituenez, bidean utzi behar izan zituzten.

        Haitzulo barnean gorde zuten dena, badaezpada, euririk egiten bazuen, baina hainbeste gauza zuten, ezen, handia izanda ere, bete ondoren, ez zen lo egiteko adina lekurik geratzen. Horregatik, azken gauean, dena goian zegoenean, txabola bat ere eraikitzea erabaki zuten.

        (43) Eta biharamunean lanari lotu zitzaizkion; komunetik hasiz, ordea; zeren, Albak esan bezala:

        -- Ez dago zertan bazter guztiak lardaskatzen ibili beharrik.

        Beraz, aitzurraz eta jorraiaz zanga bat ireki zuten haitzulotik hogeitamar metrotara eta handik ateratako lur guztia alde batera pilatu zuten, egin ahala gorotzak estaltzen joateko.

        (44) Eta ordu gutxiren buruan, aske utzi zuten Txiki. Hegazti asko zegoen han, txoriak batez ere, eta mutikoa ez zen haien hegaldia jarraitzeaz aspertzen, adarrez adar eta maiz lurrean, non batzuetan zomorro bategatik edota ahora eramateko beste edozer gauzagatik borrokan ibiltzen ziren.

        -- Barregarriak dira, ezta?

        Albak esan zuen:

        -- Begira, Txiki...

        Kardantxuloa, sustrai mutur batetik zintzilik jarri zuten kaiola barnean, alanbrez lotutako bi makiltxoetariko baten gainean jarrita zegoen, geldi-geldi, eta txorrotxio malenkoniatsuak jaurtiaz, txoriei begiratzen zien.

        -- Triste dago, ezta?

        -- Jakina; besteak ikusi eta irten egin nahi du.

        -- Askatuko al dugu, orduan?

        -- Bai.

        -- Baina nik maite dut.

        -- Horrexegatik, bada, Didac, maite duzulako.

        Mutikoak zalantza une bat izan zuen, pentsatzen ariko balitz bezala, eta gero kaiolara joan eta zabaldu egin zuen. Kardantxuloa, ordea, ez zen bizpahiru minutu igaro arte mugitu eta, orduan, ate ondora jauzi egin, txorrotxio bat jaurti, eta alde batetik bestera begiratu ondoren, hegaldi labur eta dorpe batean gertuen zegoen abarrera bidean abiatu zen.

        (45) Eta nola, jaten ari ziren bitartean, Albak pentsatu zuen komenigarria izango zela gurdien atzekaldeko oholak teilatu bat egiteko erabiltzea, bukatu zutenean, beheko bidera itzuli ziren berriro, zerrak eta beste erreminta batzuk hartuta, eta ia hiru ordu eman zituzten ibilgailu txiki haiek desmontatzen.

        Iluntzen ari zen, astoen antzera zamaturik eta izerdiarekin arropa gorputzari itsatsirik zutela errekatxoa urjauziaren inguruko pasabidetik gurutzatu eta oholak haitzuloaren ondoan pilatu zituztenean. Neskatila arropa bila sartu zen, garbitu ondoren aldatzeko asmoz. Eta barruan zegoen, Didac oihuka hasi zenean:

        -- Alba! Alba! Begira!

        Kardantxuloa kaiola barnean zegoen berriro, eta orain, lumak harrotuz, burua hegal azpian sartzera zihoan, lotarakoan beti egin ohi zuen legez. Albak esan zuen:

        -- Ez ezazu itxi. Nahi duenean sartu eta nahi dueiean irten dadila.

        Zoriontsua izango da orain, ezta?

        (46) Eta oholak igotzen izerdi ugari bota bazuten ere, ez zuten txabolarik eraiki. Motzegiak ziren eta Albak pentsatu zuen agian hobe izango zela haitzulotik gertu beste zulo bat egin eta haiek apal gisa erabiltzea, dena txukun-txukun edukitzeko.

        Jorraiak hartu eta lanean hasi ziren, berehala aurreratuko zutelakoan, baina beren eskuak ez zeuden horrelako lanetara ohituak eta babak irten zitzaizkien segituan; patxadan ibili beharrean zeuden, beraz, eskuak gogortu bitartean. Atseden hartu zuten egun haietan hasi zen Alba medikuntza hiztegia irakurtzen. Gorputzari eta bertako gaixotasunei buruz ahalik eta gehien jakin nahi zuen, badaezpada, egunen batean gaixotzen baziren. Orain ez zeukaten inongo medikurengana joaterik.

        (47) Eta tegia hilabete pasa eta gero amaitu zuten, euri itxura zuen goiz ezatsegin batean. Batetik bestera zebiltzan laino beltzez beteta zegoen zerua eta atzetik ekaitza zetorren, goizaldera lehertu zena; hur-hurrean entzuten ziren trumoiek esnatu egin zituzten eta jadanik blai zegoen Txikiren bila joan erazi zuten neskatila.

        Biharamunean euriteak jarraitu egiten zuen eta lau egun eta bost gauez luzatu zen; hoztu egin zuen eta berriro eguzkia irten zenerako, neguko giroa zegoen ia. Jertseak jantzi behar izan zituzten.

        (48) Eta egin berri zuten zulora eraman zituzten beren ondasun guztiak. Apalak jarrita zeuden, baina jaki batzuk beraiekin gorde zituzten, eta hartaz baliatuz, zeukaten gauza guztien zerrenda bat egin zuen Albak. Asko jota ere, zortzi bat hilabetetarako edukiko zutela bota zuen, eta hori asko zen. Eta aldi berean gutxi, zeren basoan, masusta eta garagorrien garaia joan eta gero, ezkurra eta pinaburua besterik ez bait zegoen. Hegaztiak ere bazeuden, baina armarik ez zuten ehizean egiteko; berandu samar jadanik, armategitik eskupeta bat hartu behar zutela pentsatu zuen Albak.

        Didacek, kezkaturik zebilela ikustean, galdetzen dio:

        -- Badago jan daitezkeen hainbat zuztar eta belar ere. Etxean banuen ipuin bat oihanean galdu eta horrela bizi zen mutil bati buruzkoa.

        Albak laztandu egin zuen.

        -- Bai, baina maitagarrien ipuinen bat izango zen.

        (49) Eta perretxikuak zeuden, urte hartan ugari ibili zirenak. Asko, ordea, ez ziren hartzera ausartzen. Albak esneardotsu, ezko, ziza arre eta esnegorri moetetakoak bakarrik ezagutzen zituen.

        Plastikozko bi poltsa eskuan zituztela irteten ziren haien bila, eta gero, apurtu egiten zirela ikustean, ontzi batekin. Gehienetan bete egiten zuten, Alba perretxiku zale ona bait zen eta mutikoak berehala ikasi bait zuen. Arropa zati batzuekin zerrendak egin eta, iluntze aldera, garramatu egiten zituzten, almazen gisa erabiltzen zuten haitzuloan eskegitzeko.

        Pinaburu mordoa ere pilatu zuten, eta geroago, goiz batez, trufak aurkitu zituzten. Inoiz jan gabe egon arren, onak iruditu zitzaizkien, eta aurrerantzean amorratuta ibiltzen ziren haien bila. Baina gutxi zegoen edo agian ez zituzten beti behar bezala bilatzen.

        (50) Eta hilabete haietan transistorea jartzen zuten egu        nero pixka bat eta aparailuaren zartakoak entzuten zituzten, emisore guztiek isilik jarraitzen bait zuten, basamortuan bizi zirela egiaztatu nahi baliete bezala.

        Mutikoak, batzuetan, Albak espero ez zituen galderak egiten zizkion, honako hau bezala:

        -- Egunen batean gu hiltzen bagara, ez al da inor geratuko?

        -- Baietz uste dut. Handiagotzen zarenean haurrak izango ditugu.

        Didac aho zabal geratu zitzaion begira, harriturik.

        -- Zuk eta nik? Ezkondu egingo garela esan nahi al duzu?

        Eta Albak baietz adierazi zionean, zera oihukatu zuen naturaltasun osoz:

Baina zahartuta egongo zara zu, ordurako! Albak irribarre egin zuen:

Ez, Didac, ikusiko duzu.

        (51) Eta ordurako ongi samar antolaturik aurkitzen ziren, Albak mutikoarentzako ikasketa egitarau gisako bat egiteko moduan. Ongi irakurtzen zuen eta bazekien idazten, baina trebetasun hura ezin zitekeen herdoiltzen utzi. Beraz, ia egunero tartetxo bat hartzen zuen mekanika liburua irakurtzeko, mekanikarako zaletasun handia bait zeukan eta Albak sustatu egiten zuen, gerora onuragarri gertatuko zitzaielako. Eskolan erabilitako testuliburuez --zorionez oraindik gogoan zituenak-- baliatu ezinik, Albak hitzez irakasten zizkionak ere erraz ikasten zituen. Eta esaldiren bat idatzi edo marrazkiren bat egin behar zutenean, lurrean egiten zuten, makila baten muturraz, ez bait zeukaten paperik.

        (52) Eta garai hartan, egunak geroz eta laburragoak zirenean eta hotza areagotuz zihoanean, haitzuloan sutondo xume bat eraiki zuten. Zulo bat egin, sakoneran bi arra, garaieran bi t'erdi eta zabaleran hiru zituena, eta kanpoko angelu goitia abiapuntutzat harturik, kanpora ematen zuen erreten antzeko bat ireki zuten zeharka; goragotik --haitzetatik-- ekarri behar izan zituzten lauza mehe batzuk jarri gainean, zirriztuak lohiaz estali eta gainean egur bat josi zuten, eutsi ziezaion.

        Gauez, barruan, sua pizturik eta sarreran manta bat zintzilik zutela, beti egiten zen ke apur bat, baina epel eta goxo lo egiten zuten, maiz berriztatutako belar eta aldaskazko ohantzearen gainean.

        (53) Eta goizean goiz, jadanik txingarrik geratzen ez zela, esnatzean elkarren ondoan uzkurturik aurkitu ohi ziren, edo besarkaturik, eta halaxe egon ohi ziren luzaroan, kanpoan txoriak esnatu eta argitasuna gehituz zihoan bitartean. Neska eta mutila hasiera-hasieratik elkarrekin lo egitera ohitu ziren eta bestearen gorputza norberaren azalean sentitzean zainduagoak aurkitzen ziren.

        (54) Eta urtarrilaren erdi aldera lurra pausarazi eta zerua ia zuhaitz buruak ikutzeraino jeitsi zuen elurtea bota zuen, eta beraiek uretarako botak jantzi, soinean arropa lodiak jarri eta basoan korrika ibili ziren, bi haur bezala liluraturik; baina elurrak iraun egin zuen, aspergarria egin zen eta haitzuloaren aurrea aitzurraz garbitu behar izan zuten.

        Orduan hasi zen Alba botikak sailkatzen. Asko ez zekien zertarako ziren, barruko papertxoek adierazten zuten arren. Baina liburua zeukan, ulertzen ez zuen guztia begiratzeko, eta poliki-poliki ari zen ikasten.

 

        (55) Eta negua gogorra izan zen, eta luzea; izozte iraunkorrak eta hotz handiko goizak egiten zituen, baina eguzkitsuak, eta haitzulo barneko suari botatzeko egurra mozten aritzen ziren; baita elurtea izan zutenetik gau eta egun, atetik bi metrotara, suterik gerta ez zedin, zakarrak kendu eta agerrunea handitu ostean pizturik zeukaten beste su batentzat ere.

        Basoa berdea zen eta misteriotsua eta zuhaitzak tantaz beterik zeuden, aidean bezala zegoen bizitza bateko isiltasunaren erdian astiro erortzen ziren tantaz, eta isiltasun hura beraiek bakarrik apurtzen zuten beren ahotsekin eta Albak bere ezpainetatik irtetzen ziren kantuekin, errekatxoaren ertzean belauniko, gogoa hits eta eskuak mango, garbiketan ari zela.

        (56) Eta udaberri aurretik zorigaiztoko egun bat izan zuten, neskatila hilabete luze batez ia mugitu ezinik eduki zuena. Ertzaren gainean irristatu eta erori ondoren jeikitzera zihoala, ezkerreko hankak erantzun ez eta azal barrenean koskor bat zuela ohartu zen, barrutik norbait irten nahian zebilen gogortasun bati bultzaka ari balitzaio bezala. Ikutzean, minez aieneka hasi zen.

        Bernazakia hautsirik zuela antzeman zion berehala eta, mugitu gabe, Didaci deitu zion, medikuntza hiztegia eta bi alkandora ekar ziezazkion. Hantxe bertan, erreka zetorren lekutik gertu, eta mutikoaren aurpegi larrituaren aurrean, «hausturak» atala bilatzeari ekin zion, hankaren irudi bat aztertu eta, denborarik galdu gabe, alkandorak urratu zituen, benda antzeko batzuk egiteko.

        Hortzak estutuz, operazio hura mingarria bait zen, hezurra barrura sartzen ahalegindu zen, harik eta mutur biak elkarren parera etorri ziren arte, eta hanka luzatuz, belaun azpitik ia oineraino bendaz estu-estu bil ziezaiola esan zion Didaci. Gero, bi egur txiki zerrarazi zizkion eta hauek bere lekuan jarri ondoren, beste alkandoraren zatiekin bendaketa errepikatu zuen gainetik.

        Eta jarraian, zauritutako hanka jasoaz, haitzulo aldera bideratu zen arrastaka.

        (57) Eta han egon zen hogei egunetik gora mugitu gabe, konponketa gaizki egin eta betirako herren geldituko ote zen beldur gordearekin.

        Didacek, zeinak orain sua eta janariaren ardura bait zuen, plastikozko ontzietako bat moztu zuen poliki-poliki, palankana gisako zerbait egiteko, Albak bere egin beharrak gehiegi altxatu beharrik gabe egin zitzan, eta gero bi makulu moztu eta leundu zituen horretarako neskatxaren zama jasateko adina indar zuten sarde gisako bi abar erabiliz.

        Ez zen gehiegi urruntzen, badaezpada neskatxak bere beharrik izanda ere, baina Alba eraman handikoa zen eta ordu asko ematen zituen irakurtzen eta liburuak gomendatu bezala oina mugitzen. Honek barrea eragiten zien batzuetan.

        (58) Eta hanka gaixoa ordezkatzen zuten makuluekin irteten hasi zenean, Didacek ez zuen ixtanpatean ere begien bistatik joaten uzten, badaezpada, zalantza unerik izaten bazuen. Baina aurreneko bi aldietan soilik ibili zen kili-kolo, osasuntsu zuen hankaren erruz batez ere, zeren bazirudien hiru aste haietan ibiltzeko ohitura galdua zuela. Bestean, egun batzuetatik hona hazkure jasanezina sentitzen zuen eta gustora asko kenduko zituen trapuak hazka egin ahal izateko, baina berak eraman egiten zuen, lehen gauetako mina eraman zuen bezalaxe, orain urrun zirudien egun hartako trauma gainditu zuen eran, herria deseginik, jendea hilik aurkitu eta berriro hasteko adorea izan zuenean.

        (59) Eta oina lurrean jarri eta kontu handiz urrats batzuk eman zituen lehen egunean --makulu batekin oraindik, badaezpada ere-- lana ongi egina zegoela ikusi zuen eta hezurra ongi itsatsirik aurkitzen zela. Bendak eta egurrak kendu eta biak, bera eta Didac, azala meheagoa zuela zirudien hanka zuriaren leuntasunari begira geratu ziren denbora luzez. Mutikoak esan zuen:

        -- Ez da ezer nabari, ezta?

        Baina Albak, hatzekin ikutuz, gorabehera txiki bat somatu zuen, mutur bat bestea baino milimetro zati bat gorago balego bezala. Ez zirudien aldea oso garrantzitsua zenik, berehala ohartu bait zen ez zuela --bera beldur zen bezala-- herrenka egiten.

        (60) Eta eguraldiak onera jotzen zuen berriro eta basoa neguko bere lozorrotik esnatzen ari zen. Kimu berriak ageri ziren nonnahi, errekastoak ur gehiago zekarren eta ernalketarako gertu zeuden txorien xilioak entzuten ziren berriro.

        Txiki, ia negu osoa kaiolan igaro ondoren, desagertu egin zen eta betirako galdurik zutela uste zutenean, hara non goiz batez Didac Albari oihuka hasten zaion:

        -- Alba, begira!

        Beste kardantxulo batekin zetorren, baina ez zirudien bere gordelekuan geratzeko asmorik zuenik. Bikoteak sasiarte garai bat aukeratu eta hantxe egin zuen habia. Alba eta Didac pozik jarri ziren.

        (61) Eta maiatzaren erdi aldera, negu osoan zapaldu gabeko ordekara jeistea erabaki zuten, zeren Albak eguneko kopurua mugatu zuen arren asko urritu bait ziren janariak. Bidearen bestekaldean bazegoen arboladi bat, non almendrondoak eta olibondoak tartekatzen ziren. Ez zuen inork haien emaitzarik bildu eta arbola azpian sakabanaturik hezurraren inguruan zimeldu eta galdutako olibak eta azal barrutik irtendako almendrak ikus zitezkeen. Aurreko udan jasotako galburuetatik erori aleek frutu emana zuten han-hemenka eta orain laborea aletan zegoen une txiki asko ikusten ziren. Neskak esan zuen:

        -- Lastima igitairik ez edukitzea...

        -- Mozteko?

        -- Orain eskuz egin beharko dugu, gauza bagara.

        Bi zorro almendra bete eta aste pare batez egunero joan-etorri bera egin zuten. Eta beti gauza berriak aurkitzen zituzten: pikondoak, mahasti bat, intxaurrondoak, muxikondo batzuk... Dena aprobetxatu nahi izanez gero, bazuten han lanik aski uda eta udazkenerako.

        (62) Eta uztailean guraizez ebaten hasi ziren. Galburuaren parean mozten zituzten zurtoinak eta bildutakoa goian zabaltzen zuten, basoaren agerrune batean, behingoz lehor zedin. Astiro egin beharreko lan eskergabea zen, ia eguzkia irteten zenetik ezkutatzen zen arte lanpeturik edukitzen zituena. Gorputza eguzkitik babestu eta izerditan zuten azalaren gainetik airea askatasunez ibiltzen uzten zuen alkandora soil bat jantzirik biak, plastikozko zorroak betetzen aritzen ziren, zuhaitzen gerizak ahul antxean iluntzen zituen zapaldetan, eta eguerdian, ordekan zetorren errekastora joaten ziren korrika freskatzera, belarra bigun zegoen tokiren batean bazkaltzeko atsedenaldi bat egin aurretik. Eta beren gorputzak berriro biluzik ikustean, neguan argaldu egin zirela hauteman zuen Albak.

        -- Saihets hezur guztiak igartzen zaizkizu, Didac. Egiten ditugun otorduak batetik eta hazi zarena bestetik...

        -- Hazi egin naizela? Nik ez diot igartzen.

Normala da. Biok haziko ginen eta.

Zuk titiak handiagoak dituzu, e?

        -- Litekeena da. Edo agian hala dirudi iharrago nagoelako. Anemiaren bat harrapatzen ez dugun bitartean...

        Baina indartsu aurkitzen ziren biak eta gero alkandora jazten zuten berriro eguzkitara irteteko, eta lanean jarraitzen zuten ilunabarra bitarte.

        (63) Eta uda hondarrerako neskatxa hain beztua zegoen, ezen egun batean Didacek esan zion:

Orain ia ni bezain beltza zara...

Izan ere zu ez zara oso beltza.

        -- Eta nolatan dago jende beltza eta zuria?

        -- Azalean daukagun pigmentu bati zor zaio. Melanina deitzen dela irakurri dut.

Nik nahiago nuke zuria izatea.

Zergatik? Beltza polit askoa da.

        -- Baina mutikoak nitaz trufaka ibiltzen ziren herrian. Eta zenbait heldu ere bai.

        -- Orain ez zaizu hori gehiago gertatuko. Gu biok bakarrik gaude, Didac.

        -- Eta zuri berdin al zaizu ni beltza izatea?

        -- Badakizu baietz. Eta zuri ez al zaizu axola ni zuria izatea?

        -- Ez, noski!

        -- Azken emakume zuria eta azkeneko gizon beltza gara, Didac. Gure ondoren, jendeak ez du gehiago azalaren kolorean pentsatuko.

        Eta pentsakor geratu zen, ez bait zen oraindik konturatu, deskuidoan beste inor geratzen ez bazen geroko mundua erabat bestelakoa izan zitekeela.

 

 

© Manuel de Pedrolo

© itzulpenarena: Jokin Lasa

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.com