ALBA AL DA EGUNGO GIZADIAREN AMA?
Irakurle batzuek dakiten bezala, eta beste batzuek ez, Bigarren jatorriko makinizkribuaren lehen alea orain lau mila berrehun eta hemezortzi urte aurkitu zuen gaur egun ia inork gogoratzen ez duen jakintsu batek, Eli Raures-ek. Honek gordean eduki zuen, argitara eman gabe, harik eta hogeitamalau urte geroago bigarren ale bat Olguen Dalmasas izeneko gauza zaharren salerosle batek eskuratu zuen arte, egun batzuk lehenago laborari batzuei erositako ondasunen artean. Gizon honek, eritzi orokorraren aurka, artean ezezagunak ziren arrazoiengatik gure planetan bizi ziren gizakiak oro erailtzeko zorian egon zen hondamendi ikaragarrian bizirik geratu zen bakarrenetako baten kronika, egunkari edo oroitzapenak ikusi nahi izan zituen bertan.
Bigarren aurkikuntza hau egin zenean larogei urte inguru edukiko zituen Raures-ek zaharrek zientzi fikziozkoak deitzen zituzten hainbat eta hainbat libururen arteko bat zela zioen, berezitasun bakar batekin: oraingo hau makinaz izkribaturik zegoela; autoreak garai hartan jadanik onarpenik ez zuen jenero bat berpiztu nahi izan zuela argudiatzen zuen. Bere ustetan, makinizkribua (papera, tinta eta letra moeta) Brau/Sorfa datazio prozeduraz aztertu eta gero, garbi geratzen zen testua ez zela HA/1200.aren aurrekoa.
Bi gizonen arteko eztabaida honetan Dalmasas-ek zera zioen: a) makinizkribua koadernoka banaturik egoteak, aurrez --seguruenik eskuz-- idatzitako lan baten aldakia izan zitekeela pentsarazten zuela; hala balitz, Brau/Sorfa datazioak eskeinitako datek ez zuten eraginik izango testuaren antzinatasunean; b) testuak orain guk darabilgun aro-izendegia ezarri nahi zuela, batez ere; c) idazteko era, orohar, inozoegia zela profesional batena izateko eta d) gure zibilizazioan, gutti-asko aldaturik, leienda edo mito bezala dirauten hainbat gertaera gaurkoturik jasotzen zirela han.
Eli Raures-ek, datazioaren argudioa baztertuz --agian berari ere zentzuzkoa iruditzen bait zitzaion hori, alegia, kapituluen banaketa hark koaderno ezberdinetan eskuz idatzitako testu zaharrago bat adierazten zuela-- hura bezain inozoak edo inozoagoak ziren zientzi fikziozko liburu zerrenda luze bat izendatu zuen, eta beste bi argudioen aurrean, sorbaldak uzkurtu zituen; berak zioenez, egileak ez. zuen inolako meriturik lehendik ere bazegoen eta hitz liluragarriekin azaldu nahi zuen datazio bat ezarri izanagatik; ezta gure folklorea aberasten duten mito eta leienda haiei edozelako jatorria bilatzeagatik ere.
Eritzi hau izan zen oroz gainetik geratu zena, agian testua oraindik ere gure gizartean indarrean dirauten zenbait taburen aurka zihoalako. Eta horrela, «zientzi fikziozko elaberria» txarteltxoaren pean, Bigarren jatorriko makinizkribua gure eskuliburuetara heldu eta, bitarte luzeko epeetan, hamaika bider gehiago argitaratu da.
Orain ordea, HA/7138.ean, informazio zehatzagoa jasotzen dugu. Joan den urtetik, hain zuzen ere, noiz Alfa 3 gure azken programako galaxonautek Volvia izenez bataiatua izan den planeta guztiz mortua aurkitu bait zuten. Bertan humanoide erako zibilizazio oso aurreratu baten azterrenak geratzen dira oraindik. Gure zientzi gizonek plater hegalariei edota makinizkribuan aipatzen diren hegazkinei legozkiekeen makina bat zati aurkitu Jute han eta, oraindik garrantzitsuago eta erabakiorragoa dena, ia suntsiezina den metal batez egindako zenbait plaka jaso dituzte, gure testuan aurkitzen direnen berdin-berdinak. Garrantzitsua da, halaber, Volvian puntuz eta marraz osatutako zenbait irudi soilik ezagutzen zuen alfabeto deituko diogun baten arabera idatziak dauden metal bereko orrietan kontserbatzen diren artxibategi zabalak izatea. Orok dakien gauza da hau.
Ez, ordea, gure zientzi gizonak egiten ari diren deszifratze lanen lehen emaitzek --oraindik partzialak eta berrikusi beharrekoak-- besteak beste, guretzat garrantzi bereziki handia duten bi puntu azaltzen dutela, dirudienez, makinizkribuari dagokionean: jatorri ezezaguneko izurrite bat --Volviako medikuek kontrolatu ezin zutena-- zabaltzen ari zen planeta guztian zehar orain dela 8.000 urte eta biztanle guztiak akabatzeko zorian zegoen. Hauek --eta horixe da azpimarratu beharreko bigarren puntua-- ikerketa ultragalaktiko bati ekin zioten, ea giro aldetik berearen antzeko baldintzak zituen planetarik aurkitzen ote zuten, gero hara joan eta, ahal izanez gero, arraza gordetzeko asmoz. Eta, beti ere azalpen honen arabera, --zeina, berriz diogu, ez bait da behin-betikoa-- hiru aurkitu zituzten; haietariko bat, ezbairik gabe, Lurra zen. Baina planeta hauetan, gurean bai bederen, jendea bizi zen; beraz, bertan kokatu aurretik, garbitu egin behar zituzten.
Prozedura --gure testuan agertzen diren datuak baieztatzen dituena-- oso ezaguna zaigu HA/6028-30.eko gerrateaz geroztik, orduan aurkitu eta erabili bait zuten alde batekoek lehenbiziko aldiz GRAC/D sistima --geroztik debekaturik dagoena-- horri esker bi hiri, Romana eta Nuclis, batera suntsituz. Garbi dago Volviako biztanleak haren jabe zirela milaka urte lehenagotik, nahiz eta ez eduki hain landua antza, erabili zituzten dardara mikroestrukturalak ez bait ziren etxeak errotik botatzeko bezain indartsuak izan; bai, ordea, Romana eta Nudis-en inor bizirik utzi ez zuen bihotzeko ezagun hura eragiteko. Gauza jakina da, bestalde, dardara hauek gutxi-asko dentsitate homogeneoa duen bitarteko batean zabal daitezkeela bakarrik; ezin daitezke, beraz, uretatik aidetara iragan, adibidez.
Volviarrek, lehen esan bezala, Lurrean kokatzeko asmoa zuten. Baina ez ziren kokatu. Zergatik? Susmoen alorrean sartzen gara orain. Bitatik bat: edo izurritea beraiek uste baino azkarrago zabaldu zen, edota bestela, nahiago izan zuten ikusmiran zuten beste planeta batera joan. Egia azkeneko hau bada, noizbait jakinen dugu; lehentxeago edo geroxeago gure galaxonautek nahitanahiez aurkituko bait dituzte.
Jakintsua eta gauza zaharren saleroslea elkarrekin eztabaidan ari zirenean, noski, ezezagunak ziren datu hauek oro, Bigarren jatorriko makinizkribuarentzat Olguen Dalmasas-ek, hain buru zorrotzez, nahi zuen garrantzi historikoa ematearen alde daude. Egia da, ez jatorrizkoak omen diren koadernoak, ez Lurraz kanpoko izaki bati kendutako arma hilgarria, ez direla inoiz aurkitu, baina hori ez da harritzekoa; horrek ez du esan nahi makinizkribua benetakoa ez denik. Clares deiturak oraindik irautea aldeko froga ez den bezalaxe.
Idazlan hau, beraz, Volviako erasoaldian bizirik geratu zen biztanle bakarrenetako batek burutu zuen seguraski, bere adiskidearekin batera berehala giza jakinduriaren artxiboak eta liburuak gorde eta gure arrazaren jarraipena segurtatu nahi izan zuen Alba horrek. Alba egungo gizadiaren ama ez ote den serioski galdetzeko ordua heldu da, gure ustez. Guk baietz uste dugu. Horrelako izaera zuen norbaitek behar zuen izan.
Editoreak
© Manuel de Pedrolo © itzulpenarena: Jokin Lasa