10

 

        Quimeten amak aitaren egin zidan kopetan eta ez zuen nahi izan platerak lehortzen laguntzerik. Haurdun nengoen. Platerak garbitu, sukaldea itxi eta eseri egin ginen, alde bat huntzez eta bestea arrosario belarrez estalia zegoen galerian. Quimetek logurea zuela eta bakarrik utzi gintuen; Quimeten amak orduantxe kontatu zidan Cintetek eta Quimetek txikitan egin ziotena ostegun arratsalde batean, Cintet garai hartan beti bere etxean sartuta egoten baitzen. Jazintoak zituen landatuak, hiru dozena jazinto, eta goizero, jaiki orduko, nola hazten ziren ikustera joateko ohitura zuen. Jazintoak bulboetatik pixkana-pixkana ateratzen zirela, denok zain-zain edukitzearren nonbait, eta azkenean, zurtoia bete zela kusku prozesio batez. Kuskuen bidez igarri zitekeela loreek izango zuten kolorea. Gehien zegoen kolorea arrosa zela. Eta ostegun arratsalde batean, lorategian jolasten ari zirela eta merienda ematera Joan zitzaienean, bulboak buruz gora aldrebes jarriak erreparatu zituela. Hitz bakar bat esan ziela, nahiz eta bera ez izan hitz gogorrak gustuko zituen emakumea. Zer hitz jaulki zitzaion ez zuen ahoskatu nahi izan. Hirea mutila badun, ondo jaioa hago!

        Aitak jakin zuenean haur esperantzan nengoela, Quimet propio esatera joana baitzitzaion, bisita bat egin zidan eta, ez zitzaiola axola neska edo mutila izatea, bere leinua amaitua zegoelako jada. Andre Enriqueta beti galdezka ari zitzaidan ea zerbaiten kutixi berezirik al nuen.

        — Kutizia badun ez ezan heure burua ukitu, eta zerbait ukitzekotan atzealdea izan dadila.

        Kutiziari buruz kontatzen zizkidan gauza itsusi asko ak; mahats pasena, gereziena, gibelarena... Guztietatik kutizirik txarrena antxume-buruarena omen zela. Berak ezagutu zuela antxume-buru kutizia izan zuen andre bat.

        Eta andre Enriquetak, antxume-buru kutiziarekiko andre haren semeari musuan antxume bat ikusi ziola kontatzen zuen, belarri eta begiko itzalekin eta guzti. Eta gero esplikatu zidan nola haurra joaten den uretan osatuz, lehen-lehenik bihotza, gero apurka-apurka nerbioak, ondoren zainak eta gero hezurrak. Eta bizkarrezurra daukagula taxutua hezurra eta kurruxka, hezur bat beste kurruxka bat, horrela, bestela ez ginateke sabelaren barruan sartuko, kiribil bat egina egon ahal izateko. Sabela luzeagoa izatekotan zutik kabituko ginatekeela, eta bizkarrezurraren hezurra erratz baten kirtenaren modukoa edukiko genukeela. Eta txikitan ere ez genukeela makurtzerik izango.

        Uda heltzean emaginak aire garbia eta itsasoa behar nituela esan zuen. Motorra hartu eta hondartzara. Dena ondo prestatua eramaten genuen: jatekoa eta arropak. Toaja marradun bat, urdina, beltza eta horia erabiltzen genuen estalki gisa. Quimetek besoek ematen zioten guztia eusten zuen airean zabalduta, atzealdean biluz nendin. Barre egiten zuen nire kontura, itxura barregarria nuen nonbait, neurea ez zen sabel harekin. Eta begiratzen nien uhinei beren joan-etorrian, beti berdin, beti berdin... iristeko gogoz eta itzultzeko gogoz ere. Itsasoari begira eserita, orain arre orain berde, baina oroz gain ur garbia zena, ur lautada hark, bizi eta mugitzen zena mintzatu egiten zena, pentsamenduak eramaten zizkidan, eta hutsik utzi. Eta Quimetek ikusten baninduen luzaz isilik, zer moduz bizitza? itauntzen zidan.

        Baina okerrena zen errepideetatik sigi-saga itzultzen ginenean, noiz eta, ene!, arima dardarka ahoraino igotzen zitzaidan. Eta Quimetek zioen gure haurrak, motorrera ohituta osatzen ari zenez, handia izatean karrera irabaziko zituela. Motorrean doanik ere jabetzen ez zen arren, aditu egiten du eta gogoratuko da gero. Eta egun batean, ez dakit norekin topo egin genuen, baina neronek lur azpian ezkutatu nahi izan nuen, esan ziolako: betea daukat.

        Bere amak Quimet jaio berria zeneko gauzak erregalatu zizkidan, eta andre Enriquetak zilborresterako bendak, zertarako balio zuten ondo ulertzen ez banuen ere. Atorrek lepoan sigi-saga eginez zinta pasatzeko farfaila zeukaten. Neskatilentzako jantziak ziruditen. Aitak esan zigun bere izena galdua zegoen arren, mutila etortzen bazen, izena Luis jarri nahi ziola, eta neska izanez gero Margarida, amaren aldeko birramona bezala. Quimetek esan zuen aitapontekoaren kontua alde batera uzteko eta bere seme edo alabarentzako izena berak beste inork ez zuela aukeratuko. Gauean, mahai gainean planoak egiten uzten nuen, berandu arte atzeratzen baitzen; gero oheratzean, ni lo baldin banengoen argia pizten zuen eta ahaleginak egiten ni esnatzeko:

        — Sumatzen al duzu haurra?

        Eta Cintet eta Mateu zetozenean esaten zien, morrosko bat aterako zaigu! Ez dakit zer nolako itxura ote nuen, baloi baten pare borobila, behean oinak eta buruarekin goian. Igande batean Quimeten amak oso gauza bitxia erakutsi zidan, sustrai ihartu moduko gauza bat matazan bildua, eta Jeriko-arrosa zela, Quimet jaio zenetik gordeta zeukala eta, ordua iristen denean uretan jarriko dinat eta arrosa zabaltzean heu ere zabalduko haiz, esan zidan.

        Eta garbiketa grinak jo ninduen. Neroni betidanik izana nintzen garbizalea. Garbiketan ematen nuen egun osoa, bazter oro ondo garbituz eta hautsa kenduz, eta kendu ondoren berriz hasten nintzen garbitzen. Iturri bat garbitzen orduak eta orduak ematen nituen, eta bukatutakoan ikusten banion gune hitsen bat, berriro ekiten mon eta bristadak zirela eta txoratzen ni. Quimetek galtzak astero plantxatuak nahi zituen. Nire bizi guztian behin ere ez nuen ezer plantxatu, ez nekien nondik hasi. Bi marra atera zitzaizkidan, atzealdean, belaunetik gora, kontu handiz ibili nintzen arren. Lo egiten nuen gaizki, zernahi gauzak traba egiten zidan. Esnatzen nintzenean eskuak ondo zabalduta, begien parean jarriz, mugitzen nituen neureak ziren ikusteko edo ni nerau ote nintzen ziur egoteko. Jaikitzean hezurrak minberak neuzkan. Eta Quimet, amorru biziz hanka zela-eta kexuka hasi zen. Andre Enriquetak esan zidan Quimeten gaitza hezurretako tuberkulosia deitzen zela, eta sufrea komeni zitzaiola. Eta Quimeti kontatu nionean, erantzun zidan ez zuela lehertzerik nahi emakume haren kulpaz. Eta jada koilarakada bat ezti sufrearekin nahastuta prestatua niola, atera zitzaidan esanez min emango ziola haginetan eta egun guztian jardun zen haginekin izan zuen ametsa zela eta isildu gabe, bananbanan ukitzen ibilia zela mihi puntarekin eta ukitu ahala askatzen zitzaiola hagina eta aho barruan zebilkiola harri koxkorraren gisan. Eta ahoa harri koxkorrez gainezka geratu zitzaiola, ezpainak ordea josiak eta ezin zituela kanpora bota. Eta iruditzen zitzaiola ametsaren ondoren hortzak kolokan zituela, eta heriotza iragartzen zuen ametsa zela hura. Eta hortzetako minez zegoela. Etxepeko botikariak ahoa lobelar urez garbiarazteko esan zidan, lobelarrak logurea ematen duelako eta mina lokartuko zuelako, baina andre Enriquetak esan zidan baietz, bazitekeela lobelarrak mina lokartzea baina esnatuko zitzaiola ostera. Quimetek behar duena da dentista lanabes on batzuk eta kontu gutxiago.

        Eta hagin, harri koxkor, heriotz amets eta kontu guzti haien artean genbiltzala, erotzeko puntuan jarri ninduen urtikaria atake bat eman zidan. Gauetan ibili beharra nuela eta lorategiraino joaten ginen pasieran. Eskuak puztu, txorkatilak ere puztu egiten zitzaizkidan, eta bakarrik falta zitzaidan lokarri bat oin bati lotu eta hegan bidal nintzatela. Terrazan, haize eta urdinez inguraturik, arropa esekitzen edo eserita josten edo harat-honat ibiltzen, nire burua sentitzen nuen hustu izan balidate bezala beste gauza bat zeharo bestelako batez betetzearren. Zerbait ondo ezkutuan zegoena entretenitzen zen nire ahotik haizea sartuz eta ni puztutzera jolasten zuen. Terrazan eseria, arratsaldearekin bakar-bakarrik eta baranda, haize eta urdinez inguratua, hankei begiratzen nien, eta hankei begiratuz eta hura ulertu ezinik, nire lehen intziria atera zitzaidan.

 

 

 

© Mercè Rodoreda

© itzulpenarena: Maite Gonazalez Esnal

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.com