20

 

        Urarena konpondu behar zuen gizona biharamunean goizeko hamarretan azaldu zen eta neronek ireki nion atea. Berehala nagusia igo zen eta aurpegi oso ilunez esan zion, atzotik urik gabe gaude, haurra bainatu ezinik eta oso gau txarra eman digu...

        Eta ur-konpainiako langileak, gizon bibotedun mardula, kaleko tranparen barruko iturria askatzen zuen bitartean burua altxa ere egin gabe barre egin zuen. Gero terrazara ura neurtzera igo ziren biak, eta jaitsitakoan etxeko nagusiak propina eman zion eta gizonak berriz tranpa itxi eta alde egin zuen. Ni eskailera meharretik behera abiatu nintzen, nagusia ordea lorategikotik, eta litroko botila huts bat eskatu zidan eta lagundu niezaiola teilatura ura neurtzera, konpainiako gizonak halamoduz neurtu zuela sartu baitzitzaion, eta gizon onaren itxura ikusia ziola eta seguruenik minimoa doblean jarrita zegoela. Igo ginen terrazara, berak ordularia kontrolatzen zuen bitartean nik botilari eutsiz, eta ondoko terrazatik andre batek agurtu zuen eta biak berriketan hasi ziren eta andre hura maizterra zen, nonbait alboko etxea ere, nire nagusiena bezain dotorea ez bazen ere, berea zuen. Botila bete zenean hots egin nion, etorri zen azkar, txabusinaren atzealdea hegaka ari zitzaiola, ordulariari begiratu eta behin ere ez genuela izan hainbeste ur komentatu zuen, zeren lehen botila betetzeko sei minutu behar ziren eta orain berriz hiru t'erdirekin aski baitzen. Gauean, lo hartu aurretik, Quimeti pasadizo hura kontatu nion eta esan zuen, aberatsago eta arraroago jendea...

        Bi egunen buruan deitu gabe sartzen nintzen, atea bultza eta tira eginez sokatik, besterik ez; etxekoandrea eta bere suhia zumitzezko besaulkian aurkitu nituen. Berehala ohartu nintzen gizonak ubelduta zeukala begi bat. Ni sukaldean sartu nintzen platerak garbitzeko, bezperakoak hantxe zeuden garbitzeke, eta andrea laguntzera hurbildu zitzaidan.

        Nahigabe batean omen zeuden. Ea bere suhiaren begian erreparatu al nuen galdetu zidan, eta nik baietz, berehala ohartu nintzela erantzun. Txabola bat alokatua zutela kontatu zidan, eta nola maizterrak txabola hartantxe kartoizko zaldi fabrika koxkor bat jarria zeukan. Eta nola bere suhiak jakin zuen maizter zegoenak kartoizko zaldiekin bizimodu polita ateratzen zuela eta errenta igo nahi izan ziola. Bazkalorduan azaldu omen zitzaien eta gizona mahaian eserita topatu zuela, antza denez, jan, bizi eta lan, dena hantxe egiten baitzuten, eta mahaia eta ohea txoko batean zeuzkaten. Sartu eta bere suhiak erreziboa igoerarekin atera omen zion eta besteak ezetz, ez ziotela igo behar, eta suhiak baietz eta besteak ezetz eta hala ibili zirela biak teman harik eta maizterra sutu zen arte eta platerean zeukan arkume-hezurra hartu eta suhiari bota eta, hura zoritxarra!, non emango eta begian eman zion. Eta etxekoandreak gehitu zuen, zu iritsi zarenean, abokatuarengana joan ez joan ari ginen. Orduantxe atea jo zuten eta etxekoandreak esan zidan ea mesedez nik irekiko nuen atea bera aurpegia garbitu gabe zegoelako. Nongo ateko tinbrea zen galdetu nion, nik ez bainuen bereizten hotsa nondik zetorren, eta etxekoandreak esan zidan tinbre jo berria lorategikoa zela, nahiz eta aditu galerian aditzen zen, ate nagusikoa berriz ezkaratzeko eskaileraren bukaeran aditzen zela. Gero esan zidan, iragarkiaz galdezka badatoz, bakarrik umerik gabeko familiak nahi ditugula esaiezu, eta txaletak hiru balkoi eder dituela. Konforme erantzuten badizute, orduan hots egidazu, eta barrura pasarazi eta suhiak gorabehera eta kondizio guztiak esplikatuko dizkie. Atea poliki ireki; badakizu nola kale aldera irekitzen den eta kontuz, inori minik eman gabe.

        Atea ireki eta dotore jantzitako andre eta gizon baten aurrean aurkitu nintzen, urtetan sartuak biak eta txukun-txukun jantziak. Kotxea sarrera nagusiaren aurrean zeukatela eta atea joka luzaz egon zirela eta tinbreak ez zuela jotzen, baina azkenean, txiripaz, oharraz erreparatu eta lorategitik jo zutela.

        — Txaleta dela eta galdezka gatoz.

        Gizonak kontu handiz moztutako egunkari zatitxo bat luzatu zidan eta irakur nezala eskatu. Irakurtzeko ahaleginak egin arren ez nuen tutik ere ulertzen, letra eta puntu bakarrik baitzeuden. Letra bat, puntu bat. Bi letra, eta puntu. Eta helbidea. Eta letra gehiago eta puntu gehiago eta hitz bat bera ere ez zegoen osorik. Ez nuen ezer ulertzen, papertxoa itzuli nien eta nola jabeek ez zuten umerik nahi esan nien. Orduan gizonak esan zuen hiru haur zituen bere semearentzat zela txaleta eta, normala denez, txalet bat nahi baldin bazuen, hain zuzen, umeak zituelako zela, eta esan zuen, baita ere, erdi broman erdi serio, zer nahi dute egitea umeekin, Herodesi deitzea ala?

        Eta alde egin zuten agur ere esan gabe. Etxekoandrea zain neukan iturriaren ondoan, zeinetan harrizko ume bat eserita baitzegoen, buruan lastozko sonbreiru berde-urdin ajatua eta eskuan lore-sorta bat zeramatzana. Eta bitxilore baten erdiguneari ura zerion. Etxeko gizona, galerian zutik, begira geneukan, hortzak garbitzen ari zen eta lepoan toalla bat zuen jarrita, kanileko kortxoa gastatua zegoelako eta lits batekin zuten loturik, jarioa eten zedin. Eta sukaldean ari zen bere goizeko garbiketa egiten. Andreari esan nion nola andre-gizon batzuk ziren, matrimonio bat, eta haurrik nahi ez izate hura ez zitzaiela gustatu. Esan nion ere nola aspertu ziren goiko tinbrea luzaz joka eta soinurik ez zuela ateratzen. Andreak erantzun zidan, jendea motza da eta ohartxoa irakurtzen duten arren atea jo eta jo ibiltzen dira eta holakoetan guk egiten duguna da argia moztu eta hor konpon, segi dezatela joka. Etxeko jauna hortzak garbitzen noiz bukatuko geundela, putzuko arrainari begiratu genion, Baltasar deitzen zen, haurrari Errege egunean erregalatu zioten eta hortik zetorren errege izenarena. Galdetu nion gero ea zergatik ez zuten haurrik nahi eta erantzun zidan haurrek dena alferrik galtzen dute eta suhiak ez dik nahi. Barrualdera abiatu ginen eta zementuzko patioa zapaldu orduko, lorategiko tinbrea! Iragarkia berriz. Korrika atea irekitzera joan nintzen eta mutil gazte bat zen eta etxe hura ehunzango bat zela esan zuen, zertarako helbide bat jarri gero hiru orduko buelta eginarazteko.

        Eta nire jabeek beti zituzten etxeak alokatzeko eta beti neuk joan behar irekitzera eta beti kontu berdina esan behar nik, eta askotan, maizterren bat lortu alde, nola asko eskatzen zuten, hiru eta lau hilabete ere pasatzen ziren.

        Erabaki nuen haurra andre Enriquetari eramatea, hura ez zen bizimodua eta. Segituan baietz esan zidan, eta neskatila zapi batekin aulkira lotu zuen. Eta esan zuen baita ere lanean hasi nintzen lehenengo egunetik egin beharreko gauza zela hura. Erregutu nion ez emateko litxarreriarik, enpatxua harrapatuko zutela bestela, eta haurrei agintarazi nien beraiek ez zutela eskatuko, jateko gogoa kenduko zielako. Gutxi iraun zuten ordea. Mutila gogaiturik eta etxean egon nahi zuela esan eta esan aritzen zen. Ez zuela kalean egon nahi. Etxean uzteko eta etxean nahi zuela gelditu. Eta etxean utzi nituen, zeren, egia esateko, bakarrik utzi nituen denbora guztian ez baitzen ezer gertatu.

        Harik eta, egun batean, etxeratu eta hego-zalaparta bat entzun nuen arte, eta mutikoa galeriaren erdian aurkitu nuen, han zutik, argiari atzea emanda, beso bat Ritaren bizkarretik luze. Eta biak geldi-geldirik. Baina nola etxeratutakoan nik zeregin franko nuen, eta bazkaria guztiontzat egingo banuen derrigor presaka ibili behar, ez nien kasurik egin. Eta txirtekin jolasteko ohitura hartu zuten. Bakoitzak bere kutxatxoa txirtaz betea zuen, eta txirtez egiten zituzten marrazkiak lurrean: bideak eta loreak eta izarrak.

        Ordurako bagenituen hamar uso pare eta, eguerdi batean, Quimet, nik lana egiten nuen lekutik gertu bizi zen bezero bat ikustetik zetorrela, bila etorri zitzaidan, eta etxekoandreari aurkeztu nion. Quimetekin joan nintzen eta, bidenabar, señorak aginduta, zerrenda bat utzi nuen dendan. Irten nintzenean, Quimetek, kanpoan gelditua zenak, ea tentela al nintzen, dendari haren txirtak bere bizi guztian ikusitako onenak zirela, oraindik ezkongai ginela berak erreparatu zuela, eta berriz barrura joan eta bost kilo erosarazi zizkidan. Dendariak berak pisatu zizkidan. Pere sukaldariaren moduko mutila zen, altua, tximak ondo orraztuta eta aurpegia nafarreriak utzitako arrasto batzuekin, gutxi batzuk bakarrik. Nire señorak esaten zuenez gauzak modu onean saltzen zituen, eta dendari ondradua zela eta pisua ondo neurtzen zuena. Eta hitz gutxikoa.

 

 

 

© Mercè Rodoreda

© itzulpenarena: Maite Gonazalez Esnal

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.com