28
Talde bat ginen. Garbitzaileon taldea. Oheratutakoan, Antoni jaio zenean hautsi eta Quimetek hain gogo txarrez konpondu zuen kolumna ukitzen nuen, ukitzen nituen gantxillozko tapakian kanporaka ateratzen ziren loreak, eta loreak ukitu eta kolumna ukitu, eta ilunpetan, denak lehenean jarraitzen zuela iruditzen zitzaidan: biharamunean jaiki eta Quimeti gosaria preparatuko niola, igandean bere amagana bisita egitera joango ginela, mutikoa negarrez ari zela usoen gela itsuan, eta Rita gaixoa jaio gabe artean... Eta denboran urrutiago joan ezkero gogora zetorkidan goxokiak saltzen nitueneko garaia, denda hura beira eta mirailez hain betea, hain usain goxokoa, eta egiten nuen amets banuela soineko zuri bat janzteko eta kaleetan zehar nindoala pasieran...
Eta Quimet gerrara joan eta horregatik gehiago ez nuela ikusiko sinistuta nengoenean, hara non igande batean hautsez eta janariz gainezka azaldu zitzaidan. Mahai gainean utzi zituen paketeak, errebolberra eta eskopeta. Kultxoi premian zeudela eta bi eraman zituen: mutikoarena nirekin egin zezakeela lo esan zuen, eta neurea, ezkondu aurrekoa, letoizko ohearena. Ondo trintxeratuak zeudela kontatu zidan, eta noizean behin, beste aldekoekin trintxera batetik bestera berriketan ematen zutela denbora, baina deskuidoan baten batek burua kanpora ateratzen bazuen tiro bat jo eta lurrean luze bukatzen zuela. Janaririk ez zitzaiela falta eta jende guztiak laguntzen ziela eta mundu guztia beren alde zegoela eta nekazari asko elkartzen zitzaiela beren borrokara, baina baratzei ura bota edo aziendak gobernatu behar zituztenean orduan baimena ematen zietela eta guztiak itzultzen zirela berriz. Egunak eta egunak pasatzen zituztela ezin gogaituago eta tirorik bota gabe eta kontrako trintxerakoekin hitz egin gabe, denbora guztian lo, eta hainbeste lo egin ondoren logaldurik zebilela eta gauak hodei eta izarrei begira ematen zituela eta ordura arte sekula ez zitzaiola burutik pasa hainbeste izar eta hain neurri desberdinetakoak egon zitezkeenik, beti tailer zuloan altzariak egin eta egin, han sartuta beti... Eta Antonik gauza gehiago entzun nahi zuen eta belaunetan eseri zitzaion eta ea errebolberrak tiro nola egiten zuen eta Quimetek esplikatzen zion bera egiten ari zena ez zela gerra, eta azkena izango zela. Eta Antoni eta Rita aitarekin txoraturik bezala zeuden eta hurrengo igandean jostailuak ekarriko zizkiela esan zien, baturrikoak eta baturrikak. Egin genuen otordu goxo bat eta ondoren koltxoiak lotzeko soka behar zuela eta drogeroarengana joan zen, Quimet begi onez ikusten ez zuen arren; izan ere, usoentzako txirtak beste denda batean erostarazten zizkidan. Joan baino lehen galeriatik hots egin genion, burdinazko pertsiana jaitsia baitzuen, eta berehalaxe soka zati luze bat eman zigun, behar zuena baino gehiago, eta zakuak ere eman zizkigun eta Quimetek esan zuen zakuak primeran etorriko zitzaizkiela parapetoak egiteko.
Bada, begira, dauzkadan urteen ordez, esan zuen drogeroak, zure gaztetasuna baneuka, gerrara zurekin joango nintzateke. Hutsik daukat denda eta, behintzat denbora non pasa izango nuke... nire garaian gerra beste gauza bat zen. Seguru badakizula mundu-gerra nola egin zen... gas itoarazleak eta guzti Quimetek erantzun zion ondo zekiela mundu-gerra nola egin zen, jasoa baitzuen gerra hartako jeneralen bilduma osoa txokolate kromotan. Izan ere, gustua ematen du oraingo gazteok duzuen gerra egiteko modu horrek... Azken finean, gerra hau, odol txarreko lehen kolpea pasatzen denean, hau da gerra bat gerra izan ezin duena... berriro diotsut, asko gustatzen zait, benetan. Seguru hilabete barru bakea dugula. Mundua zer den ikusia bainaiz. Sekula ados egon ez naizena, paseoak eta jipoiak eta elizak erretzea da, gauza horiek gaizki uzten baikaituzte... baina berriro diotsut, gustatzen zait zuen gerra egiteko modua, eta berriz zatozenean, zaku gehiago behar izan ezkero, bada, oihu egin galeriatik, ez duzu besterik eta Quimetek hurrengo astean itzuliko zela esan zion.
Nagusiekin gertatutakoa kontatu nion Quimeti eta nola Udaletxean egiten nuen lana, eta erantzun zidan bazitekeela hoberako izatea, ezen, herriko agintarientzat lan egitea gehiago zela ona txarra baino. Usorik gabe zegoen gelari begiratu bat eman zion eta esan nion terrazan bazebiltzala banaka batzuk: zaharrenak. Gosearen gosez erdi basati eginak, eta ezin nituela ez ehizatu ez harrapatu ere. Ez kezkatzeko esan zidan, ez zuela axolarik, dena zegoela aldatua eta gehiago ere aldatuko zela, baina onerako, eta fruituak denon eskuetara iritsiko zirela. Egun txintan abiatu zen. Eguzkia ateratzen den aldean gorri odoltsua zegoen. Quimeten bila zetorren kamioiaren bozinak harriak ere esnatzen zituen. Bi miliziano igo ziren koltxoiak jasotzera eta, haietako batek esan zion Quimeti Cintet desagertua zela. Bila joan zirela baina ez zutela aurkitu eta Quimetek esan zion ez arduratzeko, errua berea zela, jakinean ez jartzeagatik. Cintet bankuko diru bila joana zela Cartagenara, eta seguruenez astearen erdialdera arte ez zela itzuliko.
© Mercè Rodoreda © itzulpenarena: Maite Gonazalez Esnal