HILETA OTOITZA HITZATZE MODURA

 

        Ohitura izaten da nobela bukaeretan, heroia edo protagonista hil edo ezkondu ondoren, gainerako pertsonaien harrezkeroko nondik norakoen berri ematea. Hemen ez diogu jarraituko ohitura horri eta, beraz, ez dugu aipatu ere egingo nondik norako joera izan zuten Eugenia eta Mauriciok, Rosariok, Liduvina eta Domingok, don Fermin eta doa Ermelindak, Victor eta bere emazteak eta Augustoren inguruan azaldu zaizkigun guztiek, eta Augustoren heriotza bitxiagatik zer sentitu eta pentsatu zuten ere ez dugu esango. Salbuespen bakar bat egingo dugu, Augustoren heriotza sakonen eta modurik benetazkoenean sentitu zuenarekin, alegia, bere zakur Orfeorekin.

        Hala izan zen, bai, Orfeo umezurtz gelditu zen. Ohe gainera salto egin eta bere nagusi hila usaindu zuenean, bere nagusiaren heriotza usaindu zuenean, hodei beltz lodi batek bildu zuen bere zakur espiritua. Lehendik ere bazuen horrelako eskarmenturik, hainbat zakur eta katu hil usainduta eta ikusita zegoen, saguren bat edo beste hilda ere bai, eta gizaseme hilik ere usaindua zen; bere nagusia hilezkorra zelakoan zegoen, ordea. Jainkotzat baitzuen nagusia. Eta hura hilda sentitzean, bizitzan eta munduan zuen fedearen oinarriak oro hankaz gora jartzen zirela sentitu zuen bere baitan, eta halako goibelaldi handi batek bete zion bularra.

        Eta nagusi hilaren oinetan uzkurturik, pentsatu zuen: «Gaixo nagusi nirea!, gaixo nagusi nirea! Hil egin da; hil egin zait! Dena hiltzen da, den-dena; dena hiltzen zait. Eta okerragoa da niri dena hiltzea ni denetarako hiltzea baino. Gaixo nagusi nirea!, gaixo nagusi nirea! Hemen datzan hau, zuri eta hotz, laster ustelduko denaren usaina, jateko haragi usaina dariona, hau ez da honezkero nire nagusia. Ez da, ez. Nora joan da nire nagusia?, nora laztantzen ninduena, hizketan egiten zidana?

        Bai animalia arraroa gizasemea! Sekula ez dago aurrean duenera. Zergatik ez dakigunean, orduantxe laztantzen gaitu eta ez guk gehien laztantzen dugunean, eta haren menera jartzen garenean, orduantxe errefusatzen gaitu eta zigortzen. Ez dago jakiterik zer nahi duen, eta auskalo berak ere ba ote dakien. Iduri du beste nonbait dagoela beti, eta ez dagoen horretan, eta begiratzen ari denari begiratu ere ez dio egiten. Harentzako beste mundu bat edo izango bailitzan. Eta, jakina, beste mundurik bada, hau ez da.

        Eta, gainera, oso modu korapilatsuan egiten du hitz, edo zaunka. Guk orro egiten genuen eta haren antzera egitearren ikasi genuen zaunka egiten, eta hala ere ez dugu elkar ulertzen. Hark orro egiten duenean baino ez diogu benetan ulertzen. Gizasemeak orro edo oihu edo mehatxu egiten duenean ederki ulertzen diogu gainerako animaliok. Bai baitirudi orduan ez dagoela beste mundu batean distraitua!... Baina bere modura egiten du zaunka, hitza, eta horren bidez asmatu du ez dagoena eta dagoenari erreparatu ez. Gauza bati izena jarri dionetik, ez du gehiago gauza hori ikusten, jarritako izena entzun, edo idatzita ikusi, besterik ez du egiten. Gezurretan aritzeko, ez dagoena asmatzeko eta nahasteko balio dio hizkuntzak. Eta aitzakiak jarri besterik ez du egiten besteekin edo bere buruarekin hitz egitearren. Zakurrok ere kutsatu gaitu eta!

        Animalia eria da, ez dago dudarik. Beti dago eri! Lotan dagoenean baino ez du ematen nolabait onik edo dagoenik, eta ez beti, batzuetan lotan dagoenean ere hitz egiten baitu. Eta hori ere kutsatu ez digu, bada! Zenbat gauza ez dizkigun kutsatu!

        Eta iraindu egiten gaitu gainera! Zinismoa deitzen dio, hau da, zakurtasuna edo zakurkeria, axolagabekeria edo lotsagabekeriari, nork eta berak, animaliarik hipokritenak. Hipokrita bilakatu du hizkuntzak. Hain da horrela ezen hipokrisiari antropismoa deitu beharko bailitzaioke, axolagabekeriari zinismoa deitzez gerotan. Eta hipokrita egin nahi izan gaitu, alegia, komiko, itxurati, gu, zakurrok! Gu, zakurrok, gu ez baikintuen gizonak, zezena edo zaldia bezala, indarrez menperatu eta domestikatu, geure borondatez egin baikenuen harekin bat, hitzarmen bialdeko bidez, ehiza ustiatzeko. Guk bilatzen genion harrapakina, hark ehizatu eta gure partea ematen zigun. Eta hala sortu zen, kontratu sozial bidez, gure partzuergoa.

        Eta horren ordainetan horra: gu prostituitu eta iraindu egin gaitu! Gu itxurati, tximu eta zakur jakintsu egiten saiatu da! Zakur jakintsu deitzen diete barregarrikeriak antzezten erakusten dieten zakurrei, hartarako jantzi egiten baitituzte eta itxuratxarki ibiltzen erakusten, atzeko hanketan jarriak, zutik! Zakur jakintsuak! Horra zeri deitzen dioten gizonek jakituria, barregarrikeriak antzeztu eta bi hankatan ibiltzeari!

        Eta, jakina, bi hankatan jartzen den zakurrak aurrez aurre erakusten ditu lizun eta zinikoki bere lotsariak! Halaxe egin zuen gizonak ere zutitu zenean, zutikako ugaztun bilakatu zenean, berehala sentitu baitzuen lotsa, eta erakutsitako lotsariak estaltzeko behar morala. Eta horregatik omen dio haien Bibliak, hala entzun diet nik behintzat, lehen gizonak, alegia, bi hanka gainean ibiltzen hasi zen lehenak, lotsa izan zuela bere Jainkoaren aurrean biluzik agertzeko. Eta horretarako asmatu zuten jantzia, sexua estaltzeko. Baina hasieran bai gizonek bai emakumeek jantzi bera jartzen zutenez, ez zuten elkar bereizten, ez zuten beti ongi bereizten sexua, eta hortik sortu dira hamaika giza gehiegikeria, haiek zakurrenak edo zinikoak direla esaten saiatzen direnak. Haiek, gizonek, okertu gaituzte zakurrok, beraiek eman digute zakurtasuna, zinikotasuna, horixe baita gure hipokrisia. Zeren, zinikotasuna hipokrisia baita zakurrarengan, gizonarengan hipokrisia zinikotasuna den bezalaxe. Elkar kutsatu dugu.

        Jantzi berdina jarri zuten hasieran gizonek zein emakumeek; baina elkar bereizten ez zutenez, sexu bakoitzarentzat jantzi desberdina asmatu behar izan zuten. Galtza horiek gizona bi hankatan jarri izanaren ondorio hutsa dira.

        Bai animalia bitxia gizona! Sekula ez dago egon behar duen lekuan, horretara baitago, eta gezurretan aritzeko hitz egiten du, eta jantzi egiten da!

        Gaixo nagusia! Laster lurperatuko dute horretarako egina duten leku batean! Gizonek gorde edo pilatu egiten dituzte hildakoak, eta ez dute uzten zakurrek edo beleek jan ditzaten! Hartara animalia guztiek, gizonarengandik hasita, munduan uzten duten gauza bakarra gera dadin: hezurrak. Pilatu egiten dituzte hildakoak! Hizketan egin, jantzi eta hildakoak pilatzen dituen animalia! Gaixo gizajoa!

        Gaixo nagusi nirea!, gaixo nagusi nirea! Gizon bat izan zen, gizon bat besterik ez, gizon bat soilik! Nire nagusia izan zen, ordea! Eta zenbat gauza ez zidan zor, hark hala uste eta pentsatzen ez bazuen ere!... zenbat! Zenbat gauza ez ote mon erakutsi nire isiluneekin, nire milikadekin, hark, bitartean, hitz eta hitz eta hitz egiten zidalarik! «Ulertuko ote didak?», esan ohi zidan. Horixe baietz, ulertzen nion, bai, bere buruari mintzo zitzaiola hitz egiten zidanean, eta hitz eta hitz eta hitz egiten zuen. Bere buruari mintzo zitzaiola hitz egiten zidalarik, bere baitan zegoen zakurrari hitz egiten zion. Neuk iraunarazi nuen bizirik haren zinikotasuna. Bai bizimodu zakurra izan duena, bizimodu zakurra benetan! Eta a zer zakurkeria edota, hobeki esan, a zer gizonkeria, horiek biek egin diotena. Gizonkeria Mauriciok egin diona; emakumekeria Eugeniak egin diona! Gaixo nagusi nirea!

        Eta hona orain hemen, hotz eta zuri, geldirik, jantzita, bai, baina hizketarik gabe, ez kanpoko ez barrukorik. Honezkero ez dauka bere Orfeori zer esanik. Eta Orfeok ere honezkero ez dizu bere isiltasunarekin zer esanik.

        Gaixo nagusi nirea! Zer izango ote da orain hartaz? Non ote dago haren baitan hitz eta amets egiten zuen hura? Han goian beharbada, mundu garbian, lurreko ordeka altuan, oro kolore garbizko lur garbian, Platonek ikusi bezala, gizonek dibinoa deitzen dioten hark; lur azal hartan, nondik erortzen baitira harri bitxiak, non baitaude gizon garbiak eta purifikatuak airea edan eta eterra arnastuz. Hantxe daude, berebat, zakur garbiak, San Hunberto ehiztariarenak, Santo Domingo Guzmangoarena, ahoan zuzia duela, San Rokerena, zeini buruz eta haren irudia seinalatuz hala baitzioen sermolari batek: «Hara San Roke, bere zakurtxo eta guzti». Han, mundu garbi platonikoan, ideia haragituen munduan, han dago zakur garbia, zakur benetan zinikoa. Eta hantxe dago nire nagusia!

        Nire espiritua purifikatzen sentitzen dut heriotza honen, nire nagusiaren purifikazio honen ondoan, eta baita hura azkenean desegin zeneko lainorantz jotzen ere, laino horretatik sortu baitzen eta laino horretara itzuli —Orfeok laino beltza hurbiltzen sentitzen du... Eta nagusiagana doa saltoka eta buztanari eraginez—. Nagusi nirea! Nagusi nirea! Gaixo gizona!»

        Domingo eta Liduvinak jaso zuten gero zakur gaixoa bere nagusiaren oinetan hila, nagusia bezalaxe garbi eta laino beltzean bildua. Eta Domingo gizajoa, hura ikusirik, hunkitu egin zen eta negarrari eman, ez dakigu ongi bere nagusiaren heriotzarengatik ala zakurrarenagatik, nahiz eta segur aski leialtasun eta fideltasun eredu zoragarri hura ikusita egin zuen negar. Eta esan zuen:

        — Esango dute berriro ere penaz ez dela inor hiltzen!

 

 

 

© Miguel Unamuno

© itzulpenarena: Mikel Garmendia

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.com