HITZAURRE

 

        Paisaia eder baten aintzinean gelditu; ibiltariekin mintzatu; bidertzetik loreak jaso; bide bazterreko iturritik edan; nahi dugun alderuntz eta nahi dugun lekuraino joan; inori galdetzen jardun gabe etxerantz itzuli: bakarrik ibiltzea... gizonari gelditzen zaizkion egiazko atseginetan bakanetakoa da.

        Joera ederra bakarrik ibiltze hauxe. Ibili, hasi ibiltzen; hobe bakarrik, lagunduta baino. Ibiltzeko ez baita taldea osatu behar. Aski da norbera doala bere buruarekin. Hitz batean, ez inoren zain egon, zeren zain egonean denbora zoragarria galtzen baita. Eta, oroz gain, inorengandik ezer iristeko amets ergela aldebateratu.

        Halabeharrik bizitzea egokitu zaigun aldi sakon baina goibel jario hau, ibilaldi bakarti eta pentsakorrentzat egokia deritzat.

        Aldi batzutan, gizartekoitasun gaikinek harreman txerakorren alde eragiten dute: adiskidegoarentzat bereiziki egindako garaiak. Beste aldi batzutan berriz, bizigiro hotz, lotsakor eta misantropikoak nagusitzen dira —izaera giro batzutan bederen eta euren artean ipintzen dut nire burua— eta bakartasunera daragite. Nik neuk, egiazko atsegina hartu diot bakarrik ibiltzeari. Agian, behin baino gehiago, nire aldamenetik igaro bide zarete automobil bikain batean. Ni erretenera baztertuko nauzue. Gero, bideari jarraituko natzaio, bakarrik ibilki, jarrai eta jarrai, Jainkoak nahi dezan arte.

        Atalak elkarren jarraiki ikusirik, norbaitek pentsa baleza liburu hau —liburu izatekotan, askotxo uste izatea ote den bainago— aurretik pentsatutako asmo jakin batek eraginda idatzi dudala, ez dago zuzen. Beronen orrialdeak batere planik gabe izkiriatuak daude, hots, ibilaldi bakarti, adiskidemin arteko elealdi, gogorapen, oroipen kontaketez mamiturik...

        Inori baleritzaio nire buruaz gehiegi mintzo naizela, norbaitek lehenago esana dasaioket, alegia, inor ez dudala neure burua bezain aukeran mintzatu ahal izateko.

 

 

© Jose Artetxe

© itzulpenarena: Jon Etxaide

 

 

"Jose Artetxe - Bidez bide" orrialde nagusia


www.erein.com
www.susa-literatura.com