PAISAIA PINTATZAILEA

 

        Bidania eta Goiatz arteko zelai batean, zinta zuri baten irudiko autobidearen ondoan zegoen arratsalde hartan Dunixi, hots, Dionisio de Azkue, Ernio mendirantz begira zeukan hiru-hankekoaren aurrean.

        Ilunabar aintzineko ubel-laranja margoak gailurralde malkorretan apetatsu jostakoi ari ziren. Udazkeneko urre-margoek mendi-zelaietako baretasun guztizkoari beren igurtzi gozoa ematen zioten. Goialde horietan badizu udazkenak behe-aldeak ez darion eder intzik. Beherabidean ezezkoari lotzen zaion udazkena da, geldiagoa, axanpatsuagoa.

        Ene bizikletaren kuadroaz eserleku eginik, lanean ari zen artistari begira nengokion. Azkueri buruz esan zuen behin Kaperotxipi pintatzaileak, pintatu bezala izkribatzen zuela eta izkribatu bezala pintatzen. Gutxi dira gaztelania menderatzen duten giputzak eta oso gutxi —banaka batzuk— preciosismo delakoa egitera heldu direnak.

        Ene iritzian, gaztelania preciosista egitera heldu diren giputzak hiru dira: José María Salaverría, Pedro Mourlane Michelena eta Dionisio de Azcue. Hau ez da, inondik ere, gainerantzeko idazleen makurgarri, zeren eta beroien arteko baitut ene burua. Giputz idazleak eta euskotar idazleak eskuarki, gauzak aditzera emateko era bereizi, zuzen eta inguruketarik gabea dute.

        Izkiriatze edergintza eraginkizuna da. Azkue isilpeko honen jabe da. Mi pueblo ayer izenez ateratako haren liburuak Donostiako Kanpandegi kalearen (calle del Campanario) azalpen labur bat du. Atsegin zait Donostiako kale zahar horren bizigiroaren ikuskizun —hala nola adikizun— neurkoi eta bikaina tarteka ber-irakurtzea.

        Halatsu da Azkue pintaketan. Beronen pinturak kolore legun, ezti eta malenkonia baketsu batez igurtzia dirudi. Gure paisaiaren margo apalak darabiltza, izaera liriko, bereizi eta guri-guri baten bitartez. Azkueren lanetan bihotza da margolari.

        Lanean diharduela ikustea asko gustatzen zait, eta berari aditzea, bere kuadroak ikustea hainbat, hala nola pintatzen ari dela begira egotea bezenbat. Bere apuntea amaitu duelarik, elkarrekin itzuli gaituzu Bidaniara. Beronen mintzaira serios, pausakor eta baretsuaz honela itzegin zidan:

        Gure paisaia bereizia izatez gainera txit aldakorra da. Etengabe, unez-une aldatzen ari da. Argia, ikusmena itsutzeko lain den argia, paisaiaren elementu nagusia da beste eskualde egugirotan. Hemen margoa, kolorea da nagusi. Gainera, gure paisaiaren tankera eta bereizgarriek urtealdiak baino beste eragingarri biziagoa badute: haizea, alegia. Haizeak astindu eta inarrosi egiten ditu gure lurraldeko tonalitaterik apalenak eta nabarigaitzenak. Euskalerriko margolariak hiru haizeren berri du: Iparra (Nordeste), Mendebala (Vendaval, Oeste) eta Egoaizea (viento Sur).

        Iparra, itsas haizea alegia, urdin kolorekoa da; Mendebala, gris koloreen haizea; Hegoa, urrunaldeak xaretzen dituena. Eta hiru haize hauek ditugun bezala, baditugu Gipuzkoan hiru ibai bakoitza bere ezaugarriz apaindurik: Oria, Urola eta Deba. Oria ibaia kolore gorriez jazten da; Urola more koloreez; Deba kolore motelez, urdin gamak erabilki. Oria alaia da; Urola zorrotza; Deba zakarra.

        Deba ibaiaren zarrastarik eredugarriena Mendaron soma daiteke euripetan, txaraz jositako egi malkartsu eta beltzak ur jario daudelarik. Ez da paisaiarik beste inon hain biziki nabarmentzen duenik hezaduraren eta egualdi txarraren irudimena. Han, margo-mailak urdin-orlegitsuak dira txit. Oria ibaiaren sakana berriz zabalagoa, alaiagoa da. Hegal landuetako karmin, gorri eta laranjak azpialde dardaragarrietan garaiki somatzen dira. Segura delako hiria muino gain batean kokaturik, ikuskizun zoragarri izan ohi da arratsaldetan.

        Oria eta Deba ibaiaran artean Urola deritzan ibaibidea dago. Zuk ezagutu al zenituen Ugalderen zaldi gurdiak, Jenaroren kotxea? Ni neu ongi gogoratzen naiz zaldi girgilen txilin hotsaz Zumarraga eta Azkoitia bitartean dagoen hiru leguako mendarte goibel eta medarrean barrena joaki. Noizik eta behin bide eta ibai ertzeko argi-etxeen hots leguna heldu ohi zen zaldigurdiraino. Etxe-zainak, atarian abarketak josten ari zela bere aulkian zaldizka jarrita, dilijentziaren gidaria agurtzen zuen bere lanari utzi gabe. Pasagune bakarti eta itzaltsuaren buruan Loiolako ibar argitsua zabaltzen da.

        Loiolako ibarrak ez dizu Oria ibai sakanaren kolore-maila alegerarik. Izarraitz mendia larrosantxa kolorea darion malkortzarra da, baina eguratsean argi ta margoak iragazten dituen lurrin-lainoa sortzen da. Loiolako ibarra serios eta andigirotsu da. Argitasunez eta jauntasunez ornituriko Izarraitzen gandorrari kontrastagarri zaio aurrez-aurreko Pagotxetaren belztasuna eta Arauntzaren burusoil latza. Dena da handigirotsu Loiolako aranean.

        Bidasoa ibai-eskualdeak ere paisaia txit eragingarriak ditu. Beronen zintzur bihurrien uzkurtasun erdiragarria! Baina gero, zerumugak zabaltasuna hartzen duelarik Behobian, Irun eta Hondarribiaren ikuskizuna paregabea da...

        Zumaia, goiz aldean, ipar-haizeak jotzen duelarik, ikuskai zoragarria da halaber. Etxaurre zuriek, oihal-ontzien kaskoek eta soroetako gorri-ubel-orlegiek kaieko uretan dar-dar antza egiten dute. Inguruan ostera, Santiagoko hondarretan eta kaiaren artean, delako argi lurrin bat hedatzen da, bahe batetik pasaturik bezala.

        Izpazterra, kostaldea alegia, hiru haizetatik edozeinek jotzen duelarik, gauza bikaina da, Getaria baitipat ipar-sartalde haizeak jotzean. Ohartu al zara inoiz ere, Zuloagak pintatu zuen Elkanoren laukian, ekaitz-zurrunbilo artetik Getaria argituz jausten den eguzkiaren argi-txortan?...

        Luzaro egonen nintzateke oraindik Dunixi Azkueri entzun eta entzun. Berandu zen ordea, egun argiz jaitsi nahi banuen Errezilgo aldapa.

 

 

© Jose Artetxe

© itzulpenarena: Jon Etxaide

 

 

"Jose Artetxe - Bidez bide" orrialde nagusia


www.erein.com
www.susa-literatura.com