ITURRIOTZEKO BENTA

 

        Esan dezadan, nahita-nahiez, ikusi beharra dudala Iturriotzeko benta, beronen oroitzapen aspaldikoa biziberritu, bertako ingurubira ia ahazturik baitut ene oroimenean. Neure gidari izatea eskaini den adiskideak harrigarriro ezagutzen baititu estrata hauek guztiak. Azpeitiatik Errezilera joanaz, autobidea eskubitara utzibehar da Artañola deritzan baserrira heldu baino lehen, eta hemendik, mendibide edo gurdibide aldapatsu bati eraso, bihotza pilpiraka jartzen duen horietakoa.

        Eguzkiaren aurreneko printzek jotzean, bide ondoan ehundutako armiarma saretan itsasitako intza tantoek disdiratzen zuten. Ukitu gabe zeuden, oso-osorik; gu gara, beraz, pasatu garen lehendabizikoak. Laino nahaste bat biltzen da sakonean. Tontorrek burua agertzen dute algodoi antzeko itsasotik, karmin legunez pintatutako itsasontziak bailiren, geldi-geldirik apar nahaspilatuaren artean. Soto erein batetik galeper baten txorrotxioa dator; belaze edo belardi batetik arranen soinu biguina. Baserri zuriek loa astintzen dute eguzki goiztiarrarekin.

        Goitura polit bat garaituta gero, hona non gauden Komisolatzako bizkar bakarti eta babesik gabean. Itsasaldera jotzen duen Gipuzkoako mendihegal batean gaude. Gurutze bat, bere besoetan grabaturik aholku aginkor hau agertzen delarik —Partes adversas fugite—, bide bikoizte bat garaituz dago.

        Eskubi aldera jo genuen, Txakurzulo deritzan arro edo troka ikaragarri batean zintzilikaturik dagoen bidetik. Gidariak esplikatu dit izen honen arrazoia. Badirudi bigarren anaiarteko gudutean, hots, karlistadan, borrokalarien bandotako baten indarrak menturatu zirela troka honetatik pasatzea. Euren etsaiak, lurraldearen ezagutzaile ezin hobeak zirenez, inguratu zituzten, gainaldetan babesturik, eta ehuntalako sarraskia egin zuten etsaiaren gudalostean. Batek ere ez men itzul egin. Gerla zibilak isurtzen dituen gorrotoek hilobizkribu ikaragarria ezarri zuten, artean pilpirakor zeuden hilotz pilaren gainean; egun hartatik bazter basati honi Txakurzulo esaten zaio. Ez dago euskal-lurrean tokirik, gerla gogorazten ez duenik modu penagarri batez.

        Bidearen azpian, arroaren bihurgune batean, ur garbi-garbia eta mehea darion iturri zoragarri bat dago, guk daramagun mendi-bazkaria freskatzeko onena.

        Gora, beti gora, aurki zabaltzen zaigu galanki zerumuga Zelatungo helar zelai zabaletan. Artzain bakarti batek, pago baten azpian eserita, egun onak opa dizkigu. Beronen zakurrak kurrinka agurtzen gaitu, baina, nagusia baino gutxiago ez izateagatik noski, maitakor urreratzen zaigu isatsa dantzari. Iturriotz basetxe handikotea begien bistan dugu, beste denboretako benta ospatsua alegia.

        Iturriotzeko benta, Gipuzkoako zeharbide nagusienetako galtzadaren ondoan zegoen; berau zen Frantziarako bidetako bat. Bide ertzetan kokaturik dauden benten artean, Iturriotzen hurrengoak Zarate eta Etumeta ziren, biak askoz inportantzia gutxiagokoak.

        Baserri zahar handiak indargarrizko age lodien trama darakus, karez zuritu berriko fatxadan muturrak sarturik, irutxur edo kantoin apetatsuetan". Atondo zabalak, bere teilatutxo eta guzti, ederki asko erakusten du beronen helburu aspaldikoa eta abegitsua. Sukaldean sartzen garelarik, erdiko kanpai beltz eta ketsua dugu aurrez-aurre, artalde batentzat kapaz den sukaldea, alajaina! Zenbat jende eta zenbat eratakoa ez ore da bildu sutondo honen inguruan ehunkitan zehar! Jaun ahaltsuak, Ahaide Nagusiak, korrejidoreak, arma gizonak, maila guztietako eliza-gizonak, artesauak, artzainak, mandatugileak, burnilangileak, estudianteak...

        Hain zuzen, estudiante baten berri dakigu, bereiziki, urte asko dela hemendik igaro baitzen. Honetxegatik, Iturriotzeko etxekoandreak, benta zahar baten etxekoandreari dagokionez, ezin izan duelarik ebitatu, guri harrera egitean, aztertzailearen jestu legun eta senazkoa, txit ongi ulertu dit gela ikusi nahi dudala esan diodanean, hots, gela izen soilaz ezagutua, eta berehala, etxearen gela zabaletan barrena eraman ginduen.

        Gela arrunt bat zen, euskal-baserrietakoa, antigoaleko bi ohekin, sendoak, trinkoak, aintzinako etxetan bakarrik aurkitu ohi direnak. Ezkerretan, haztakidun ordugailu bat dago, eta eskuinean armario bat, ohatzeak bezain itxura sendokoa. Atearen aurrez-aurre, lauki bat ageri da erretratu batekin, eta, behean izkribuketa bat euskaraz honela dioena: 1535 garren urtean...

        1535-garren urteko gau batean hemen lo egin zuenaren oroimena utzi zuen hau, gizonen artean bortizki barneratu zen noski.

 

 

© Jose Artetxe

© itzulpenarena: Jon Etxaide

 

 

"Jose Artetxe - Bidez bide" orrialde nagusia


www.erein.com
www.susa-literatura.com