BAKARZALEREN ETSAIA

 

        Eginberri dugun ibilaldi honek, gure herrialdeko beste pertsonaia bat gogorazten dit; gogoeta bat piztarazten dit, haren paralelu den beste norbait bururatzen dit. Bidari bakarzale hura bezala, beste euskaldun hau ere, Saint-Cyran, oso eredugarri eta aurkezgarri da.

        Baionan jaio zen 1581-garren urtean, Loiolatarraren heriotza baino hogeitabost une geroago. Zenbait jesuitek, haren talentu aurreratuaz harriturik, Lovainako euren erakustetxean leziatu baitzuten, txit ongi gogoratzen zuten Lagundiko fundatzailearen irudi txipi, isil eta zorrotza. Horra ba, geroko Saint-Cyrango abata, haren izpirituaren etsai porrokatua izango zen une batzuk geroago. Saint-Cyranen bizitza osoa zera besterik ez zen izan: Inazio Loiolakoaren obraren aurka ekindako guduketa bat.

        Biek, Saint Cyran-ek eta Loiola-k, gizonaren desproporzio problema trajikoa planteatzen dute. Baina arlo nagusi honi irteera emateko garaian, gipuzkoarrak ez du baztertzen itxaropena eta behin bitartean lapurtarra desanimu hilkorrak jota ageri zaigu.

        Saint-Cyran-entzat, apez zorrotz honentzat —konzientzia goibelekoa, gizon zuzena, larderiatsua, hizlari kementsua, oldartsu, jasangaitz eta elederduna—, Inazio Loiolako ez da berritzaile liberal bat baizik, postura hartzaile modernista bat besterik. Loiola, nor eta Loiola, bizitza guztia igaro zuelarik San Mateoren esaldi kezkagarria aditzera emanaz: Zer balio dio gizonari mundu guztia irabaztea(k), baldin bere arima galtzen badu? (Mat. XVI, 26).

        Baina Loiolak, sarritan erasten digularik beldur osasungarri bat, berehalakoan eramaten gaitu ziurtasun kontsolatzaile eta erpin-erpinekora. Loiolarentzat bizitza lankidetza bat da. Hauxe da, hain zuzen, Jansenioren lagunak barkatzen ez duena. Saint-Cyran ez daiteke jar heriotzaz haruntzakoan pentsatzen, bildur-ikaraz kuskurtua geratu gabe. Euskalerriko apeza da; haruntzagokoak ikara damaio. Inazio Loiolakoaren lut sehaskakoa da eta beronen dotrinaren beste muturrekoa: jansenismoaren seme alegia. Oroz gain beldur-eskola da jansenismoa.

        Gustagarri izan ohi zaie tarteka-marteka euskaldunei beren katolikotasuna dardaraztea aipamen txit goibelez. Beti oroituko naiz nire herrian kantatzen den Miserere batez Ostirale Sainduko eliz-ibilaldian, hots, melopea erdiragarri bat, Jose Maria Salaberria izkribatzailea sakonki bihotzukitu zuena; Las sombras de Loyola beronen liburua honezaz mintzo da. Euskaldunek bakarrik sortarazi ahal izan dituzte Damu det, Jauna eta Atoz pekataria deritzaten erlisio-kantu ikaragarri horiek. Bada herririk oraindik Euskalerrian, Pizkunde igande berberan, herri guztia, apezek gidaturik, otoitz orokorrerako eta Vía Crucis handigirotsurako biltzen denik.

        Baina, ad majorem Dei gloriam, arimaren ekinbide itxaropenkorraren zuzpergarri ezin handiago bat da. Ostera, Baionatarraren Jaungoikoak alimua kiskurtzen du, mendeku egarri dagoen tirano bat da. Saint-Cyran-entzat Kristo ez da denokatik hil; hautatu gutxiren batzukatik bakarrik. Harentzat ezin daiteke espero Jaungoiko gure Jaunaren maitetasuna. Eta Loiolatarrarentzat berriz alderantziz da; Jaungoikoaren osperako lan egitea, gure arlotan interesa bar dezan saiatzea da, zeren eta, azken finean Jaungoikoaren arlo edo arazoak baitira.

        Saint-Cyran eta Loiolarengandik kezka pedagogiku berberak sortzen dira. Biek finkatzen dituzte erakusketa metodotan berrikuntza sakonak. Bi metoduek, inaziotarrak eta jansendarrak, interes hunkigarri bat darakuste leziatzen dituzten haurrak direla-ta. Erakutsi. Beharbada hau izanen da euskaldunen eginkizunik nagusiena munduan: erakutsi.

        Xehetasun ezaugarri bat zaio bistako Saint-Cyran-i: intransijentzia, alegia. Hain sinespen mugigaitzak aditzera ematen ditu Baionan Etxauz (d'Echaus) apezpikuaren babesean Corneille edo Cornelius Jansen Holandarrarekin planak estudiatzen eta proiektatzen dituenean, hala nola, beranduago, Richelieu guztiz ahaltsuaren arbitrarietate despotikuaren aurka buruz-buru jartzen denean. Diktadoreak zoragarriro deskribatu zuen bost hitzetan: Ce basque aux entrailles chaudes (errai beroko euskaldun hau). Esaldi honek euskal-arrazaren definizio bezala balio izango luke. Saint-Cyran-ez interesatu zen beste bati, honela esan zion halaber asteniaz jotako diktadoreak: Sei gudaloste baino periltsuago da. Saint-Cyran, Sainte-Beuverentzat un temoin de sa nation da, hots, bere nazioaren lekuko bat"

        Duhurcou izkribatzaile frantsesak, Philippe de Champaignek Saint-Cyran-i egin zion buruaren erretratuaz euskaldun jator agertzen dela diotsa. Eta horrela da, izan ere, haren kopeta zabala, haren sudur handia, begiak, egoskortasunaren disdira dariotelarik, aurpegi puntaduna matrail-hezur irtenkoi samarrez. Sudurra konkortua balu, Loiolako San Inazioren erretratutzat har zitekeen ia-ia.

        Saint-Cyran emaitzez eros-ezina izan zen. Apezpikutzak eskaini zizkioten eta hastandu zituen; inoiz ez zuen zorretan egon gura inorekin. Vincennes-eko gartzelatik atera eta zortzi hilabete barru hil zen, Richelieu kardenalak preso hartuta katigu eduki baitzuen. Eta lehendabiziko Jansendarra bezain egoskorrak —zeren lehenen jansenista ez baitzen izan hain zuzen ere Jansen— izan ziren geroko ikasleak Euskalerrian. Larralde eta Haranburu kalonjeen historia tristeak lekuko. Haranburuk, Baionako bikario nagusiak, nahiago izan zuen jansentiar hil okerren aitortza egin baino.

        Frantses literaturako gauza serios bakarra Saint-Cyran abatearengandik sortu da. Pascal eta Nicole haren emaitzak dira. Behingo batez bakarrik, haren ikasleen arimetan jositako axanpak ez dio lekurik uzten esprit delakoari, hots, frantses idazleen izpiritu hegalariari. Eta Pascalen zelai soildua baino haruntzago oraindik, Ernest Hello handiaren izpirituak —eskrupuloen tormentuz lehertua—, baldin nahi ez badu ere, Saint-Cyraneko abata zen Du Verger d'Haurannerengandik dizu etorkia.

        Saint-Cyranek, bere arrazaren gaitasunen bat falta baleza ere, bazuen bat klasiko askoa: hots, beste euskaldun baten obraren aurka borrokatzen jarri zuen seta bere bizitza guztian.

        Ez dago deus ere menderagaitzagorik, liferente pentsatzen duten bi euskaldun baino. Ez da leize bat, baizik eta beren aurrean idekitzen den amiltegi bat. Berdin zaio —kasu honetan bezala, eta adigarriak multiplika daitezke— biak ideologia-zelai berdinekoak baldin badira ere; aski da matiz batek bereiz ditzan, eztabaida gainera datorrela igarri ahal izateko. Eta orduan, ondorenak oraindik txarragoak dira. Euskalduna kapaz da apostasiaraino iristeko eta bere-berea duen huraxe ere gorrotatzeko, bere aurkakoak maize duelako bakar-bakarrik.

        Euskaldun bakoitzagan eztabaidatzaile bat dago lurperaturik, aurreneko aukeran ernetzeko prest, sutsu eta boteretsu. Euskalerria eztabaidatzaileena, aurkalariena da. Kontraesana nahitanahiezkoa da euskaldunentzat. Oldartsu eta leratsu izanik, kontraesana baliagarri zaie bere izpiritu pizkorgarririk egokiena bezala. Bada zerbait euskaldunak sekula ikasiko ez duena: disimulua, irriabar itxurazkoa. Euskalduna, den bezalakoa da; sekula ez du sakrifikatzen jarrera. Dotoretasunak funtsezko balioa du euskaldunen artean. Errepara pilota partidu batean ikusleen artean nolako inportantzia ematen dioten dotoretasunari, hots, pilotariak joko bitartean mantentzen duen liraintasun dotoreari. Jarrerak gure artean balio baikor bat dizu.

        Honezaz gainera, euren baitako ideolojia zorroztasun bereiziaren osagarri, behinere ez zaie faltatuko euskaldunei beren eztabaida edo eskatima guztietan konzientziako kasoren bat aurkeztu beharra. Euskaldunek beti konzientziako eragingaiek bultzata obratzen dute. Baldin mutiburik ez badago, asmatzen dute. Euskalerrian, azken mailako taldetiarrak ere oinarrizko arrazoiren bat azaltzen du. Eta hauxen da Euskalerriaren handitasunen sustraia, baina halaber, beronen zorigaitzik handienen erroa.

 

 

© Jose Artetxe

© itzulpenarena: Jon Etxaide

 

 

"Jose Artetxe - Bidez bide" orrialde nagusia


www.erein.com
www.susa-literatura.com