RIMBAUD-EN AITORKIZUNAK
«Ex
officio, publikoa bere obrarengandik urrun mantentzen duen
poeta esoteriko» baten aurrean gaude. Eritzi hau W. Benjamin-ena izanik,
hots, aurrekoari esoteriko izate horretan ezer gutti zor dion batena, ez dago
zertan ezkutatu beharrik aurkeztera goazen obraren zailtasuna.
Halere irakurleak ez du horregatik etsi behar: Rimbaud, idazle zaila izanik, ez da inoiz opakoa: haren iluntasunari argitasun bizi bat dario, poesia onenak berezkoa duen iluntasun argitsua. Mende baten buruan bere idazkerak ez du batere bizitasunik galdu; zehatz zer esaten duen ulertu gabe ere zirrara egiten du eta irakurlearen atxekimendua irabazten. Hain zuzen, atxekimendua da poesiak, bere inkantazio indarraren poderioz, lehenik lortu behar duena. Horregatik esan ohi da poesia entelegatu gabe irakurri daitekela. Gure gaztaroko poesia irakurketa asko era honetakoak izan ziren. Alabaina, poesia, hermetikoenak ere zentzu bat badu eta, goiz edo beranduago, irakurlea zentzu hori argitzen saiatuko da.
Horregatik, lehendabiziko aldiz Rimbaud irakurtzeko deliberoa hartu duenari, hurrenez hurren egin beharreko bi irakurketa moeta proposatuko nizkioke: lehena, atxekimendua eta lilura sor ditezen bere baitan; bigarrena, ahal den neurrian bederen, obraren ulermena lortzeari buruz zuzendua.
Soneto baten bihotz ukitua burumuinak ulertu dezan aurretik, errimen jalgitzeari darion isiltasuna eta, gero, batera ikustearen atsegina; bihar, ziurki, azalduko den mezua.
JOHN KEATS, [Plazerraren bila]
Orixek, Biotz-Begietan poema bildumaren hitzaurrean, Lizardiren poesia irakurri, oiloek ura edaten duten moduan, astiro irakurri behar dela dio. Rimbaud-en obrari dagokionez eta bereziki DENBORALDI BAT INFERNUAN [1], alderantziz esango nuke: abian, pausarik gabe irakurri behar da. Obra honen idazkerak abiadura bizi-bizia du eta bere barne-korrontean sartuz gero, ustekabean eramango gaitu ur lasterrak. Poema ezagun batean Rimbaud-ek bere burua untzi hordia bailitzan ikusten du ibaiak eta itsasoak amairik gabeko metafora distirantetan biziro zeharkatzen. Itsasoa poemaren metaforatzat hartuz, dio: «itsasoaren poeman bainatu naiz». Orain, egilearen ordez, irakurlea bera izango da DBI itsaso asaldatua zeharkatuko duen untzi hordia eta bere uretan murgilduko dena.
Bidaia honetan, filme bat ikusten denean bezala, inpresio multzo haundi bat jasoko du: orakuluen jitea duten formula zorrotzak, obraren egituraren osagarri diren zenbait gai eta kontragai agertzen eta desagertzen partitura musikal batean bezala, baieztapenak eta ezeztapenak kontraesankorki kataiatuak, autobiografía itxura duten kontakizun zatiak, deliberoak eta damuak, esperantzak eta etsipenak, esaldi ergelak eta kantu poetikoaren tinkotasuna duten pasarte distirantak, irain zantarrenak eta amodio hitz xamurrenak.
Azaleko kaos logiko honen gainetik, sakoneko egitura trinko bat badagoelakoaren susmoa ere izango du irakurleak.
P. Claudel-ek konposizio musikalaren eitea ikusten dio idazki honi:
«La marché de la pensée... procéde no plus par developpement logique, mais, comme chez un musicien, par dessins mélodiques et le rapport de notes juxtaposées».
«Lá, Rimbaud, arrivé á la pleine maitrise de son art, va nous faire entendre cette prose merveilleuse tout imprégnée jusqu'en ses derniéres fibres, comme le bois moelleux et sec d'un Stradivarius, par le son intelligible... Toutes les ressources de l'incidente, tout le concert de terminaisons, le plus riche et le plus subtil qu'aucune langue humaine puisse appréter, sont enfin pleinement utilisés. Le principe de la rime intérieure, de l'accord dominant, posé par Pascal, est développé avec une richesse de modulations et de résolutions incomparable. Qui une fois a subi l'ensorcellement de Rimbaud est aussi impuissant désormais á le conjurer que celui d' une phrase de Wagner...»
Rimbaud ondo oharturik zegoen bere idazkeraren musikaltasunaz: «Opera fabuloso bat izatera heldu naiz», dio DBIn; «Ixilguneak idazten nituen, gauak, adieraztezina oharretan hartu. Bertigoak zedarritzen nituen» esaten du, musikagileak konposatzeko erabiltzen duen metodoa jarraitu izan balu bezala. Are gehiago, gutun batetan dioenez, ez du berak musika asmatzen, beste norbaitek jotzen du bera den musika tresnan: «Zeren ni beste bat da. Kobrea turuta esnatzen bada, ez da bere errua. Argi dago: nire pentsamenduaren bat-bateko garapenaren lekuko naiz: so nagokio, adi natzaio; egiten diot kolpe bibolinari eta sinfonia higitzen hasten da barrunbean, edo jauzi batez eskena gainera dator».
DBI objektu musikal bat den neurrian plazerra hutsezko irakurketa egin ondoren, J. Keats-en bertsoetako azken ahapaldiak dion bezala, mezuaren bila joan beharra dago «bihar, ziurki, azalduko den mezua» goiz edo beranduago enigma argituko dugulakoaren esperantzan, zeren obra poetiko bati, diskurtso razionala ez izan arren, zentzua funtsezkoa zaio, gaur egun ahaztuxea dagoen arazoa, eta Ossip Mandelstam-ek dioen bezala, «ulermen aktiboa bakarrik axola zaigu poesian, interpretazioa eta ez pasibitatea, errepikapena, parafrasea».
ENIGMAREN BILA
Literaturarekiko eten goiztiarra eta erabatekoa da Rimbaud-en bizitzan gehien harritzen gaituena, are gehiago bere obra poetikoaren garapen eta heldutasun azkarra kontutan hartuz: hiru urteren buruan, hamaseitik hemeretzira bitartean, bere obra osoa idazten du honen baitan zenbait ziklo poetikori hasera eta bukaera emanez, horietatik beste zenbait literaturaren historian ineditoak eta garaiarekiko ehun urtez aurreratuak. Beraz, poesiaz beste egiten du eta ondorengo idazkietan (gutunak gehienbat eta esplorazio eta merkatal txostenak) ez du inoiz aipatuko iragan denhora hori, ez eta adieraziko literaturarenganako inolako zaletasunik. Rimbaud-engan ez dago bienbitarteko jarrerarik poesiari buruz: edo, «gorputz eta arimazko» erabateko atxekimendua edo, inoiz hautsiko ez zuen isiltasuna zela medio adierazitako erabateko arbuioa.
Bere obraz arduratu gabe pasa dudan denboraldietan ere,
bat-bateko isiltasun horren zergatiak kezkatu egiten ninduen eta, azken finean,
Rimbaud berrirakurtzeko gogoa enigma hori argitu nahiak eman dit.
Behin baino gehiagotan azaldu zuen Rimbaud-ek bere pentsamendu poetikoa, batez ere Paul Demeny eta Georges Izanbard adiskideei eta Theodore de Banville Parnasiarren chef de fil zenari eginiko gutunetan. Nabaria da idazki hauetan ideiekin batera hauenganako konpromezuaren indarra, hainbesteraino ezen ideiak eta errealitateak bat egiten baitute... Gogoeta sakonena poeta vidente izatearekin parekatzen duenean egiten du. Zer ulertzen zuen vidente izateaz? Bere idazkietatik ia hitzez hitz hartu ditugun honako baieztapen tinkoetan oinarritzen du bere pentsamendua:
Literaturaren Historian ez da ezagutu erantzunkizun eta arrisku haundiagoko manifestorik. Hitzez hitz sinestu behar zaio sufrikario izugarriez mintzo denean. Baina horra! proposatzen zuen egitasmoa praktikara eraman ezina zen zeren funtsean antinomia batean eraikia baitzegoen, hots, sinboloaren esparrua eta errealitatearena bategite nahian. Idazle batentzat, irteerarik gabeko bidea. Aintzinako azti guztien ametsa izan da, beste maila batean alkimiak materiaren transmutazioa medio lortu nahi zuena, hitzaren berarizko birtutez errealitatea aldatzea. DBIn hitzaren alkimiaz mintzo da, baina, orain, garai hartako bere zoramena gogoratuz, bere buruaz trufatzeko: «Oi! ostatuko pixalekuan mozkorturiko eltxoa, borraiaz maitemindua, eta izpi batek desegiten duena!» Rimbaud damutu egiten da eromenaren erreinura, Cimeria-ra, zuzenean zeramaten eldarnio eta kimera poetikoetaz: «Nire osasuna arriskuan jarri zen... Heriotzerako gertu nengoen, eta bide arriskutsu batetik nire ahuleziak munduaren eta Cimeria-ren azken mugaraino ninderaman, itzala eta zurrunbiloen aberrira». Etapa hau amaitutzat ematen du eta badirudi poesia ulertzeko beste modu bat adierazi nahi duela, aurrekoari kontrajarria, zeinaren adibide bezala zenbait poema sartzen duen obraren baitan. Hauetan tentsio poetikoa laxoagoa da, eta bertsoa ordurarte zehatz jarraitutako baldintza formaletatik askatu egiten da: errima asonantea nagusitu egiten da, zenbait poemetan isosilabismoa bazterrean uzten du, metaforak aurreko zorroztasuna galdurik naifagoak dira... labur, poesia sinple eta herrikoiago baten aukera egiten duela dirudi, non hermetismoa no-sense aldera makurtzen den, non bat-bateko metafora arrotz eta distirantak, betiko herri surrealismotik gertuago leudekeen iduri jokoei tokia uzten dien, non poema, bere traszendentzia galduz, kantu eta errefrau bihurtzen den. Beraz, badirudi, alde batetik poetika berri bati hasiera eman nahi diola, baina bestetik ez zaio ikusten poesiarenganako aintzinako atxekimendurik; aitzitik etsipena nabari zaio, halako moldez non DBIn aurreko literatur etapaz beste egiteko azaltzen duen asmoak nekez disimulatzen baitu literatura erabat abandonatzeko intentzio doi ezkutua.
Illuminations, DBIren ondotik bukatu bide zuen obrak, esan berri duguna gezurtatzera etorriko litzateke. Obra honetan Rimbaud-ek berriro bere enerjia poetiko guztia hedatzen du ikuskizun harrigarrietan zehar, XX. gizaldiko surrealismoak ere gaindituko ez zuen autonomia musikal haundiko lengoaia erabiliz, Londreseko egonaldian, hiri moderno erraldoiarengandik jaso zituen inpresio bortitzak adierazteko. Obra hau videntzia garaiko ideia poetikoei jarraiki egina dago ziur. Dena den, kontraesana kronologikoa besterik ez da eta ez logikoa, Octavio Paz-ek ongi ikusi duenez [2]: «Una cosa son las fechas en que fueron escritos los poemas y otra su lugar en la obra... Es indudable que Rimbaud, al escribir Une saison en enfer, creía que era su palabra última, un adios; pero inclusive si no hubiese sido así, ese texto efectivamente es un examen y un juicio final de la experiencia poética, tal como la conciben la llamada Lettre de Voyante y Les Illuminations».
Onartu beharra dago gainera Rimbaud-en nortasunaren funtsezko osagai bezala bere baitan elkarrekin bizi diren pertsonaia desberdinak, hegemoniaren bila elkar lehian dabiltzan anaia ortonimoak. Hitzaurre honen segidan ematen dugun bere bizitzaren sinopsian, non nabari geratzen den, airetik hartutako argazki batean bezala, itxurazko kaosari nagusitzen zaien funtsezko lerroen jarraipena, ikusi daiteke literaturaz beste egiteko erabakiaren aurreko eta ondoko urteetan batasun haundi bat dagoela. Batasuna bizimodu erratuan datza. Poesian gorputz eta arimaz murgiltzeko deliberoak edo poesiaz beste egiteko erabateko asmoak, ez dute eraginik Rimbaud-en joera sakonean, zeina literaturaz haratago baitago. Joera sakonik bada Rimbaud-en bizitzan ez da hau dirua metatzeko merkatari koloniarraren kutizia, ez eta Parisko literatur munduaren loria lortu nahia, ez eta poesia bera ere, ezpada erratuki bizitzearena; berau, oso goiz deslotua eta arroztua sentitu, zuen izatearen batasunaren bila zeraman sentimendu ezkutu baten kanpoko adierazpena besterik ez izaki. Batasuna lehenik poesiaren bitartez aurkitu uste izan zuen, aipatu berri dugun videntzia garaian batik bat, poesia zeregin totala bezala ezagupen guztizkora iristeko bide bezala ulertzen duenean, honela poetaren aintzinako funtzio chamanikoa errekuperatu nahian. DBIn ahalegin honen porrota aitortzen du eta ezagupen poetikoari zientzia berriarena kontrajartzen dio eta ekintza poetikoari erraketarena, hots, ekintzaren formarik elementalena. Egia esan, bere poesiaren dinamika harrigarriak urduritasun ikaragarri bat salatzen du, iharduera poetikoak inoiz sosegatuko ez zuena. Paradoxa bada ere, esan daiteke mugikortasun eta dinamika horiek nolabaiteko labiabilitate poetiko baten ondorio direla, bere nortasunaren funtsezko ahuleziaren bat adieraziko lukeen labiabilitatea hain zuzen. Rimbaud-en irakurlea ez da irakurle zoriontsua; bere espresio poetikoaren edertasuna eta indarra haundia izan arren, Rimbaud-ek irakurleari kutsatzen dio bere desasosegua.
Gutun batean Rimbaud-ek bere ohekidea izan zen emazteki beltzari fantoche deitzen dionean, iraina ez beste zerbaiten itxura hartzen diogu: bere buruarekiko arroztasuna, bere isolamendua, bere giza fantoche izakera adierazteko zehar modua. Fantoche bera da, Rimbaud, historiaz eta zibilizaziotik jaurtikia eta basati ilunen artean bizi izatera kondenatutako gizarajoa, izadi irredentoaren graziaren partaide izateko ere gai izan ez zena. Bere patua etxetik (Europa, kultura, familia...) aldentze bat izan zen; Conrad-en hitzak erabiliz, Ilunbeen bihotzean barneratze bat, desertu beltzean erratuki ibiltzea. Deitura bereko Conrad-en nobelan Rimbaud-en alter ego gisako pertsonaia batekin topo egiten dugu. Pertsonaia honetaz ari dela, Conrad-ek dio: «Xarmak bultzatzen zuen, xarmak gordetzen zuen onik. Seguraski ez zion oihanari ezer eskatzen, arnasa hartzeko eta aurrera egiteko lekua baizik. Bere beharrizana esistitzea zen eta aurrera jarraitzea ahalik eta arriskurik gehienekin eta gabetasunik haundienarekin. Inoiz erabateko menturazaletasun hutsak, kalkulatugabeak, ameslariak, gizonik menderatu badu, gazte adabatu hau menderatu du. la sugar apal eta argi honen jabetza inbiriatzen nion» [3]. Pertsonaia honek ez bezala, zergatik uka, bazuen Rimbaud-ek dirua pilatu eta gero errentari moduan Europara erretiratzeko asmorik. Baina, azken finean, aberastasunaren eta bizitza erosoaren gogoak munta haundirik ez zuen bere errotiko nomadismo beharraren parean. Defentsarik gabe lotu zitzaion nomadismoari, buruz buru, elementaltasun haundienean eta modu ezerosoan. Nahi izan arren, ez zuen inoiz bere buruarentzat egoera eroso bat antolatzeko gaitasunik izan.
Baina, zer da, azken finean, DBI? Kontakizuna, prosaz idatzitako poema, literaturari adio esateko Rimbaud-en testamentua, panfletoa... ala beste zerbait? Shakespearerekin batera esan genezake: «diskurtso honen estrainiotasunak entzuten dutenengan bere zati desberdinak birrantolatzeko gogoa pizten du». Bere itxurazko nahastea eta bertan etengabe topatzen ditugun baieztapen kontraesankorren gainetik edo azpitik, irakurleak sentsazio bizia du une batetik bestera enigmak bere sekretua adierazteko puntuan legokeela baldin eta giltza-hitz egokia, sesamoa, asmatzeko kapaz bagina. Enigma guztiekin gerta ohi dena. Non dago ba etengabe hausten den diskurtsoaren hariari jarraikitzeko bidea emango ligukeen giltza hori, ideia nagusia parasitoetatik bereiztuz diskurtsoa koherente bihurtuko lukeena, bere baitan egokitzen ez dena tokiz aldatuz edo bakanduz tematikaren sakabanaketari zentzua eta batasuna emango liokeena? Kakoa, nire eritziz, DBI berezi egiten duen literatur generoan datza, aitorkizuna alegia. Egia esan, ez diot, orohar, garrantzi gehiegirik ematen genero arazo honi; denok dakigu auzia baztertuxea geratu dela generoen nahastea egiteko joera nagusitu den neurrian. Baina kasu honetan, eta etsipenaren etsipenez, obra genero batean kokatzeak abantaila osagarri bat ematen digu, zeren eta genero baten baitan datzan egiturak aurrez determinatzen baitu obra partikular baten zentzu eta tonu orokorra, eta, bide batez, oinarrizko egitura horrekin kontraesanean dauden balizko konotazioak eta interpretazioak a priori baztertzeko bidea ematen digu.
Oso eskematikoki bederen, aitorkizuna genero bezala bereizten duena zera litzateke:
Ez da zaila aipatutako berezitasun bakoitzari DBI nola egokitzen zaion aztertzea, baina, eskola liburuetan bezala, ihardun hau irakurleari utziko diogu. Beharrezkoa litzateke gainera hurbilpen holistikoegi honen osagarri bezala DBIk dituen bereizgarri propioen ikerketa egitea. Ez da ordea nire asmoa izan xehetasun soberetan sartzea, horretarako gaitasun aski badudala emanik ere. Ni baino irakurle ausartago eta argiagoek hartuko ahal dute nire errelebo apalaren zuzia!
Mikel Lasa
[1] Aurrerantzean DBI laburtuko dugu
[2] Octavio Paz, El arco y la lira, Seix-Barral
[3] J. Conrad, Ilunbeen bihotzean, Ibaizabal
[4] Paul Ricoeur, Finitud y Culpabilidad, Taurus
© Mikel Lasa