DENBORALDI BAT INFERNUAN
«Aintzina, ondo gogoratzen banaiz, nire bizitza oturuntza bat zen non bihotz guztiak zabaltzen ziren, non ardo oro isuria zen.
Ilunabar batez, Edertasuna nire belaun gainean jezarri arazi dut. Eta garratza aurkitu dut. Eta isekaz ekin diot.
Justiziaren kontra armatu naiz.
Ihes egin dut. Oi sorgin, oi miseria, oi gorroto, nire altxorra zuei konfidatua izan da!
Giza esperantza osoa nire gogotik jaregitea lortu nuen. Poz ororen gainera, itotzearren, piztia ankerraren jausi gotorra egin dut.
Borreruei hotsegin diet, haien zizpa-ipurdiei, hilhurren, hozka egiteko. Izurriteei hotsegin diet, odolez, hareaz nire burua itolarritzeko. Ezbeharra izan da nire jainkoa. Luatzetan etzan naiz. Krimenaren airean zaildu dut nire burua. Jukutria ederrik egina nago zoramenari.
Eta udaberriak ergelen irri nardagarria ekarri dit.
Ordea, berrikitan azken kuak! bat egin puntuan suertatu nintzelarik, oturuntza aintzinakoaren giltzarria bilatzeko jorana izan nuen, gogoa suspertuko zidalakoan.
Karitatea da izan giltzarri hau. Ateraldi honek erakusten du amets egin dudana!
«Hyena izango haiz beti. e.a...» dio harriturik lobelar hain amoltsuz koroatu ninduen deabruak. «Irabaz ezak heriotza hire gogo osoz, eta hire egoismoz eta bekatu nagusi guztiez».
A! sobera jasan dut: Baina, ene Satan hori, otoi, ez hainbeste larritu beginini horiek! eta berantetsitako koldarkeriatxo zenbaiten esperoan, idazlearengan deskribatzeko eta irakasteko gaitasun eza maite duzun hori, bihoakizu nire damnatu kaieratik bakandu orrixka ale nardagarriok.
© Arthur Rimbaud
© itzulpenarena: Mikel Lasa