ODOL TXARRA

 

Nire arbaso galiarrengandik dut begi urdin zurbila, burumuin estua, eta burrukarako gaitasun eskasa. Nire janzkera haiena bezain basatia delakoan nago. Baina nik ez dut nire ilajea gurintzen.

        Galiarrak piztia narrutzaileak ziren, garai haietako belar erretzaile dorpeenak.

        Haiengandik, nik dut: idolatria eta sakrilejiorako grina; —oi! makur guztiak, herra, luxuria, —ederra benetan, luxuria; —oroz gain gezurra eta nagikeria.

        Ofizio guztiak higuin ditut. Ugazaba ala langile, oro baserritar, doilorkume. Luma darabilan eskuak goldea daramana lain balio du —Eskuz beteriko mende hau! —Ez dut nik sekula neure eskua ukanen. Ondoren, morrontzak urrun darama. Gaitzi zait eskalegoaren prestutasuna. Kriminalak adina higuingarri dira irenduak: ni neu, osorik nago, eta bost axola niri.

        Baina nork maltzurtu ote du hainbesteraino nire mihia, honek nire nagikeria orain arte zuzendu eta begiratu zezantzat? Bizitzeko nire gorputzaz ere baliatu gabe, apoa baino alferrago edonon bizi izatu naiz. Ez dago Europan ezagutzen ez dudan sendirik. —Nirea lako sendiak esan nahi dut, Giza Eskubide Agiriari dena zor dietenak. —Halako aberaskumeak ezagutu ditut!

 

 

Antezedenterik banu Frantziako historiaren edozein puntutan!

        Baina ez, deus.

        Argi dago arraza beherekoa izan naizena beti. Ez dakit errebolta zer den. Nire arraza ez da inoiz oldartu ezpada larrutzeko: hala nola otsoek beraiek akabatu ez duten piztiari.

        Gogoan dut Frantzia Elizaren alaba zaharrenaren historia. Lur Santurako bidaia egingo nuen, arlote; buruan ditut estratak suabiar [1] lautadetan, Byzanzioko bistak, Solimako [2] harresiak; Mariaren kultoa, gurutziltzatuarekiko samurkeria, esnatzen dira nire baitan hamaika lilura profanoren artean. —Eserita nago, legendun, lapiko kraskatu eta asunen gainean, eguzkiak jandako harresi baten ondoan. —Beranduago, reitre [3], Alemaniako ortzipean bibakeatuko nuen.

        A! gehiago: akelarretan dantzatzen dut basoko zelaigune gorri batean, haur eta atsoekin.

        Lur honetaz eta kristautasunaz haraindik ez naiz ezertaz oroitzen. Iragan horretan nire burua ikusteaz ez nuke bukatuko. Beti bakarrik ordea; sendirik gabe; gainera, zein hizkuntzatan mintzo nintzen? Ez dut nire burua Kristoren kontseiluetan inolaz ere ikusten; ez eta Jaunen kontseiluetan ere, —Kristoren ordezkoak.

        Zer nintzen iragan mendean?: egun bakarrik birraurkitu naiz. Bukatu dita erratuak, bukatu noragabeko gerlak. Arraza beherekoak dena estali du—herria, esan ohi denez, arrazoia; nazioa eta zientzia.

        Oi! zientzia! Birmoldatua izan da oro. Gorputza eta arimarentzat—biatikoa, —medikuntza eta filosofia dugu —emakume arrunten erremedioak eta herrikoi kantu birrantolatuak. Eta printzeen olgetak eta haiek eragozten zituzten jokoak! Geografia, kosmografia, mekanika, kimika!...

        Zientzia, noblezia berri hori! Aurrerakuntza. Mundua badabil! Eta zergatik ez da ba biraka ibiliko. Numeroen ikusmena da izan. Izpiritura goaz. Bene-benetan, orakulua da, diodana. Ulertzen dut, eta jentilen parolez ezpada, adieraz ezinik, isildu nahi nuke.

 

 

Badator atzera jentilen odola! Hurbil da Izpiritua, zergatik ez nau laguntzen Kristok, noblezia eta libertatea emanaz nire animari? Tamalez Berri Ona joan da! Berri Ona! Berri Ona.

        Jateko irrikaz itxaron dut Jainkoa. Betidanik izan naiz arraza beherekoa.

        Horra non nagoen hondartza armorikanoan [4]. Piztu bitez hiriak ilunabarrean. Nire ihardunaldia amaitu da; Europa uzten dut. Itsasoko haizeak nire birikak erreko ditu; egurats galduek zailduko dute nire azala. Igeri egin, hausnartu, ehizatu, oroz gain erre; metal irakinen antzeko likore garratzak edan, —arbaso kuttun haiek suaren inguruan egiten zuten bezala.

        Burdinezko menbroekin itzuliko naiz, azala ilun; begiak koleratsu: nire mozorroa dela bide, arraza bortitzekoa eritziko naute. Urrea ukanen dut: nagia eta ankerra izanen naiz. Emakumeak zaintzen dituzte eri errabiatu horiek herrialde beroetatik itzuli. Arazo politikoetan parte hartuko dut. Salbo.

        Orain gaitzetsia naiz, aberriaz nazkaturik nago. Hoberena, hordi-hordi eginik lo egitea da, hondar gainean.

 

 

Ez gara abiatuko. —Hemengo bideak ibili ditzagun berriro, nire bizioaren zamapean, sufrikariozko sustraiak nire ondoan bota dituen bizioa, ezagueraren adinaz gero —zerurantza igotzen dena, birrintzen nauena, lurrera jaurtitzen nauena, arrastan nabilkidana.

        Azken errugabetasuna eta azken ahalgea. Esana da. Ez eraman mundura nire higuinik ez nire saldukeriarik.

        Goazeman! Ibilketa, zama, desertua, asperra eta herra.

        Nori aloka nakioke? Ze piztia gurtu behar da? Ze iduri sainduri eraso? Ze bihotz xehatuko ditut? Ze gezur atxeki? —Ze odoletan ibili?

        Hobe justiziarengandik begiratu. —Bizitza gogorra, aberetze hutsa, —jaso, ukabila ihartua, zerraldoaren estalkia, eseri, itolarritu. Horrela, zahartzarorik ez, ez eta arriskurik: izua ez da frantsesa.

        —A! hain nago abandonaturik, ezen edozein iduri dibinori eskeintzen bait dizkiot perfekziorantzako joranak.

        Oi nire zaletasuna, oi nire karitatearen ederra! hemen behean, halaz ere!

De profundis Domine, ergela ez naiz ba!

 

 

Haur nintzela oraindio, miretsi egiten nuen zigorlanetako preso moldakaitza noren atzetik beti ixten den presondegia; bere egonaldietan sakaratu zitzakeen aterpe eta estalpeak bisitatzen nituen; haren ideia medio ikusten nuen ortze urdina eta landetako lan loretsua; bere patu txarra usnatzen nuen hirietan. Santu batek baino indar haundiagoa zuen, bidaiari batek baino zentzu gehiago —eta bera, bera bakarrik! bere arrazoin eta aintzaren lekuko.

        Bideetan, neguko gauetan zehar, aterperik gabe, erroparik gabe, ogirik gabe, ahots batek estutzen zidan nire bihotz izoztua: «Ahulezia ala kemena: horra, kemena duk. Hik ez dakik ez nora hoanik, ez zergatik hoan ere, edonon sar hadi, erantzun egiok zernahiri. Ez haute hilko zerraldo bahengo baino areago». Goizean hain galdua neukan begirada, eta kontinentzia hain hila, ezen topo egin nautenek ez bide naute ikusi.

        Bat-batean gorri eta beltz agertzen zitzaidan hirietan lokatza, ispilu bat legez aldameneko gelan lanparak zirkulatzen duenean, altxor bat bezala oihanean! Zorte on, oihu negien, eta itsasoa gar eta ke ikusten nuen zeruan; eta, ezkerrera, eskuinera, aberastasun guztiak sugarretan anehunka hostots iduri.

        Emakumeekiko orgia eta kidetasuna ordea eragotziak nituen. Lagun bat ere ez. Giza andana asaldatu baten aurrean ikusten nuen nire burua, exekuzio pelotoiaren buruz buru, haiek ulertzeko gai ez izatearen zoritxarragatik nigarrez, eta barkatuz! —Joanna Arcokoak bezala! —«Apaiz, irakasle, maixu, oker zaudete ni justiziaren eskuetan utziaz. Ni ez naiz sekula herri honen baitakoa izan; ni ez naiz sekula kristau izan; torturapean kantuz aritu zen arrazakoa naiz; ez ditut legeak konprenitzen; ez dut moralaren senik, astakilo bat naiz: oker zaudete... »

        Bai, begiak hertsiak ditut zuen argiari. Piztia bat naiz, negroa. Baina salbatua izan ninteke. Zuek sasi negroak zarete, maniatiko horiek, anker, lukurrero. Merkatari hori, negroa haiz; epaile hori, negroa haiz; general hori, negroa haiz; kaiser hori, usteltzarra, negroa haiz: kontrabandoko likoretik edan duk, Satanen tolaretikoa. —Herri honek sukarretik eta minbizitik du etorria. Hain dira errespetagarriak eriak eta zaharrak, ezen irakinean jar ditzatela eskatzen duten.—Zuhurrena lurraso hau uztea da, non zoramena erratuki dabilen miserable hauek bahituez hornitzeko. Kham-en [5] semeen benetako erresuman sartzera noa.

        Izadia ezagutzen ote dut dagoeneko? Ezagutzen ote dut nire burua? —Hitzik ez gehiago. Nire sabelean ehorzten ditut zenduak. Oihu, atabal, dantza, dantza, dantza, dantza! Tenorea ere ez dut ikusten non, blankoak untzitik lurreratuz, ezerezean suntsituko naizen.

        Gose, egarri, oihu, dantza, dantza, dantza, dantza!

 

 

Blankoak untzitik lurreratzen ari. Kainoia! Bataioari men egin behar, jantzi, lan egin.

        Bihotzean graziaren kolpea ukan dut. Ai! ez nion horri aurrez antzeman!

        Ez dut gaitzik egin. Egunak arin izango zaizkit, ez dut izango damu beharrik. Ez nituzke pairatuko ongiarentzat ia hilik dagoen arimaren oinazerik, non garatuz bait doa argi zorrotza, hiletako zuziak iduri. Aberaskumeen mentura, malko gardenez estalitako zerraldo goiztiarra. Noski orgia ergela dela, bizioa ergela dela; usteldura aienatu beharra dago. Baina erlojua ez dateke iritsi oinaze hutsaren ordua jotzera bakarrik! Haur baten moduan bahitua izango ote naiz ba, paradisuan jolas egiteko malur oroz ahazturik!

        Bizkor! Beste bizitzarik ba ote? —Loa ezina da aberastasunean. Ondare publikoa izan da beti aberastasuna. Jainkoaren maitasunak ez bestek ematen ditu zientziaren giltzarriak. Adio kimerak, ideialak, hutsegiteak.

        Aingeruen arrazoizko kantua untzi salbatzailetik goraka dator: izan ere, Jainkoaren maitasuna da. —Bi amodio! lurtar amodioz hil ninteke, zaletasunez hil. Utzi ditut arimak zeinaren oinazeak areagotu egingo diren nire partieraz geroztik! Hondoratuen artean hautatzen nauzue, geratzen direnak ez al dira ba nire lagunak?

        Salba itzazue!

        Arrazoia jaio zait. Mundua ona da. Bizitza onetsiko dut. Nire anaiak maitatuko ditut. Ez dira ez haurtzaroko promesak. Ez eta zahartzarotik eta heriotzatik ihes egiteko esperantza. Jainkoa da nire indarra, eta Jainkoa ohoratzen dut.

 

 

Asperkeria ez da jadanik nire amodioa. Herrak, orgiak, eromena, zeinaren joran guztiak eta porrotak badakizkidan, —nire zama osoa uzten dut. Mires dezagun zorabiorik gabe nire errugabetasunaren hedadura osoa.

        Honez gero, ez naiteke makilkada baten susperraldia eskatzeko gai. Ez zait iduritzen eztai batetarantz untziratuko naizenik Jesukristo aitagiarrebatzat harturik.

        Ez naiz nire arrazoinaren prisoner. Diot: Jainkoa. Libertatea nahi dut salbazioan: nola lortu? Gusto friboloak utzi naute. Zaletasun eta Jainko maitasunaren beharrik ez dago jadanik. Ez dut bihotz sentiberen mendearen damurik. Bakoitzak bere arrazoia du, mespretxua eta karitatea. Nik zentzuzko eskala angeliko honen erpinean erreserbatzen dut nire lekua.

        Ezarrita dagoen zorionari dagokionean, etxetiarra izan ala ez... ez, nik ezin dut. Txoriburuegia naiz, ahulegia. Bizitza beharraren bitartez loratzen da, aintzinako egia: niketz, nire bizitza ez da aski astuna, urrun hegaldatzen da eta airean flotatzen, munduaren puntu kuttuna den ekintzaren gainetik.

        Nola ari naizen neskazahartzen, heriotza maitatzeko ausardia gabetzen ari naizen neurrian!

        Ai leza Jainkoak niretzat zerutiar baretasuna, aereoa, otoitza, —aintzinako sainduentzat bezala. —Sainduak! jende kementsua! anakoretak, jadanik sobera dauden artistak!

        Etengabeko fartsa! Nire errugabetasunak nigargura emango lidake. Guztiok jokatu behar dugun fartsa da bizitza.

 

 

Aski da! Horra zigorra. —Abian!

        Ai! birikak kiskaltzen ari, lokiak burrunban! gaua nire begi zuloetan iraulika, eguzki honetan! bihotza... menbroak...

        Nora goaz? Gatazkara? Ahula naiz! besteak aurrera dagite. Lanabesak, armak... denbora!...

        Jo! Jo nire kontra! Bertan! edo errenditzera noa. —Koldartiok! —Hilko dut nire burua! Zaldien oinetara botatzera noa!

        Ai!...

        —Ohituko naiz. Hori dateke bizimodu frantsesa, ohorezko xendra!

 

[1] Alemanian dago Suabia. Hegoaldean. Danubio Ibaiaren iturburu aldera (Itzultzailearen oharra)

[2] Jerusalen (Itz. o.)

[3] Kaballeriako soldadu alemana. Estensioz gerlari sarraskizale Rimbauden garaiko Frantzian (Itz. o.)

[4] Armorika izan zen Bretañaren ohizko izena VII. menderarte. (Itz. o.)

[5] Noeren hiru semetako bat. Azal iluneko leinuen jatorri biblikoa (Itz. o.)

 

 

© Arthur Rimbaud

© itzulpenarena: Mikel Lasa

 

 

"Arthur Rimbaud - Denboraldi bat infernuan" orrialde nagusia


www.erein.com
www.susa-literatura.com