ELDARNIOAK I

BIRJINA EROA

 

SENAR INFERNALA

 

Entzun dezagun infernuko lagunaren aitorkizuna:

        «Oi senar dibinoa, ene Jauna, ez ezazu errefusa zure otsein tristeenaren aitorkizuna. Galdua naiz. Hordi nago. Likitsa naiz. Hau bizimodua!       

        «Barka, Jaun dibinoa, barka! Ai! barka! Zenbat malko! Eta gero ere zenbat malko, espero dut!

        «Beranduago, ezagutuko dut Senar dibinoa! Haren meneko jaio naiz! —Besteak xeha nezake orain!

        «Presentean, munduaren hondoan nago! Oi ene lagunok!... ez, ez nire lagunok... Sekula ez horrelako eldarnio eta torturarik... Hau ergelkeria!

        «Ai! min dut, oihu dagit. Min dut benetan. Halere, dena zait zilegi, bihotz mespretxagarrienaren mespretxuen zamapean.

        «Dena den, egin dezagun konfidentzia hau, nahiz eta beste hogei aldiz errepikatu behar, —hain goibela, hain ezdeusa!

        «Senar infernalaren mirabe naiz, birjina eroen galera ekarri duenarena. Demonio hori da ez dago dudarik. Ez da errainua, ez da iratxoa. Baina niri, zuhurtzia galdu duen hau, damnatua eta munduari hila naizen hau, —ni ez naute hilko! —Nola azalduko dizuet! Berba egiten ere ez dakit. Doluturik nago, nigarrez, beldur naiz. Freskura pixkat, Jauna, nahi baduzu, hala bada zure nahia!

        «Alarguna naiz... —Alarguna nintzen... —egiatan, aintzina formala nintzen oso, eta ez naiz eskeleto bihurtzeko jaio!... —Bera ia haur bat zen ... Bere fintasun misteriotsuek xarmatu egin ninduten. Gizalegeko egin behar oro ahaztu dut berari jarraiki natzaion. Hau bizimodua! Egiazko bizitza ausente dago. Gu ez gaude munduan. Bera nora ni hara, beharrik. Eta maiz, nire kontra asaldatzen da, arima gajo honen kontra. Deabrualena!—Deabrua da, badakizue, ez da gizona.

        «Dio: "Ez ditut emakumeak maite. Birrasmatu beharra dago amodioa, jakina denez. Emeek egoera seguratu bat besterik ez lezakete gura. Egoera eskuratu orduko, akabo bihotza eta edertasuna: destainu hotza besterik ez da gelditzen, ezkontzaren elikadura, gaur egun. Edo bestela ikusten ditut emakumeak, zorionaren markaz; lagun onak egingo nituen, lehenik sumetaren gisako sentiberatasuna duten astokiloez irentsiak izan ez balira..."

        «Entzuten ari natzaio, zantarkeriaz zerbait loriatsu egiten, ankerkeriaz zerbait xarmagarri. "Urruneko arrazakoa naiz; nire gurasoak eskandinabiarrak ziren: beren saihetsak zulatzen zituzten, beren odola edaten. —Gorputz guztian zehar zaztadak eginen ditut, tatuatu egingo naiz, Mongoliar bat bezain nardazarri bilakatuko: ikusiko duk, karriketan garrasika ibiliko nauk. Errabiaz eroa baino eroago bihurtuko nauk. Ez hidak pitxirik erakutsi, tapizen gainean arrastatu eta itzulikatuko nauk eta. Nire aberastasuna, alde orotatik odolez zipriztindurik nahi nikek. Inoiz ez diat lanik egingo..." Zenbait gauez, haren deabruak atxekitzen ninduelarik, iraulika ibiltzen ginen, elkarrekin burruka egiten genuen! —Gauez, sarritan, horditurik, karrika edo etxe bazterretan kokatzen da, mortalki izutu nadin. —"Egiatan lepoa moztuko zidatek; nazkagarria izanen duk." Oi! krimenaren airean ibili nahi duen egun horiek!

        «Aldiz, patois xamur gisako batez, damua lekarkeen heriotzaz mintzo da, ziur izan badiren gizajoez, lan nekosoez, bihotza urratzen duten partierez. Mozkortzen ginen taberna zuloetan, nigar egiten zuen inguruko jendeaz oharturik, miseriazko artaldea. Kale bazter ilunetan mozkorrak jasotzen zituen. Haurtxoentzat ama txar baten errukia zuen. —Kateximako neskatilen begiramenekin abiatzen zen. —Merkatalgo, arte, medikuntza, zernahi argitasun zuelakoaren itxura egiten zuen. Jarraikitzen nintzaion, beharrik!

        «Ikusten nuen dekoratu osoa zeinaz, izpirituz, inguratzen bait zen : janzkera, zapi, altzari: nik armak prestatzen nizkion, beste itxura bat. Hura hunkitzen zuen guzia bere buruarentzat sortu nahi izango lukeen bezala ikusten nuen. Gogoa sorgorturik zeukala uste nuenean, ekintza, on ala txar, estrainio eta bihurrietan jarraikitzen nintzaion, urrun: bere munduan sekula sartuko ez nintzeneko ziurtasuna nuen. Loak hartutako bere gorputz kutunaren ondoan, zenbat ordu ez ditut pasa beilan, jakin guraz zergatik errealitatetik hainbat lekoratu nahi zuen. Ezein gizonek ez du sekula horrelako deliberorik hartu. Ohartzen nintzen —hartaz axolatu gabe —zer nolako arriskua izan zitekeen gizartearentzat. —Bizia aldatzeko sekretuak ote ditu ba? Ez, horien xerka dabil etengabe, ihardesten nion neure buruari. Azkenean bere karitatea sorgindurik dago, eta honen prisoner naiz. Ezein arimak ez luke aski indar, —etsipenaren indarra! —hau jasateko, —hark babestua eta maitatua izateko. Bestalde, ez nuen imajinatzen beste arima batekin: norberak bere Aingerua dakus, inoiz ez besteren Aingerurik, —nik uste. Haren arimaren baitan nengoen hustua izan den jauregi batean bezala hain noblezia gutxiko zu lako norbait ez ikusteko: hori da dena. Tamalez, haren menpe nengoen. Baina zer nahi zuen nire bizimodu hits eta ahulaz? Ez nindun hobeagotuko, hileraziko ez baninduke! Triste zapuztua, zenbaitetan diotsat: "Ulertzen zaitut". Sorbalda altxatzen zuen.

        «Horrela ba, nire mina etengabe eraberrituz zihoanez, eta neure begiez gero eta galduago ikusiz neure burua —eta niri begiratzeko prest leudekeen beste edozeinen begiez bezala, guztiek ahaz nazatenentzat kondenaturik ez banengo —bere ontasunaren egarri nintzen gero eta gehiago. Bere musu eta besarkada kutunez, egiatan zeru bat zen, zeru ilun bat, non sartzen nintzen, eta non utzia izatea nahiko nukeen, pobre, gor, mutu, itsu. Ohitzen hasia nintzen dagoeneko. Ikusten nuen biok bi haur zintzo legez, tristurazko paradisuetan oztoporik gabe paseiatzen. Ados geunden. Emozioz beterik, elkarrekin lan egiten genuen. Baina, karezia sarkor baten ondoren, ziotsan: "Zein bitxia irudituko zaian, nik hemendik aldegitean, hiri gertatutako hauek. Nire besoak hire lepo azpian izango ez dituanean, ez eta nire bihotzik atseden hartzeko, ez eta aho hau hire begietan. Zeren aldegin beharko dinat, oso urrun, egunen batean. Gainera beste batzuk lagundu behar dizkinat: nire eginbeharra duk. Oso atsegina ez izan arren..., arima kutun hori..." Berehala aurreikusten nuen neure burua, hura aldeginda, zorabiopean, ilunbe nardagarrienean murgildua: heriotza. Ni ez uzteko promes egitera behartzen nuen. Hogei aldiz egina du, maitalearen promesa hori. Ni bezain friboloa zen esaten nionean: "Ulertzen zaitut".

        «Ai! ni ez naiz inoiz haren bekaitz izan. Ez nau utziko, ez dut uste. Ze etorkizun? Ez du jakintzarik, ez du inoiz lanik egingo. Somnanbulo bizi nahi du. Besterik gabe, bere ontasun eta karitateak eskubide emango ote dio mundu errealean bizitzeko? Une batzuetan, erorita nagoen errukiaz beste egiten dut: sendotu egingo nau, bidaiatu egingo dugu, desertuetan ehizean ibiliko gara, hiri ezezagunetako harlauzetan lo egingo dugu, zaindu gabe, penarik gabe. Edo iratzartuko naiz, eta legeak eta usadioak aldatu bide dituzte, —bere ahalmen magikoaren poderioz, —mundua, berean dirauenez, nire desira, poz eta nagikerietan utziko nau. Oi! haurrentzako liburuetan existitzen duen menturazko bizimodua, sari gisa, hainbeste sufritu dudanez, emango ote didak? Ezin du. Ez dut bere goiburua ezagutzen. Esperantzak eta penak badituela esan dit: ez omen dagokit. Jainkoaz ari ote da? Agian Jainkoarengana jo beharko nuke. Leize zuloaren hondoan nago, eta ez dakit jadanik otoitz egiten.

        «Bere tristurak azalduko balizkit, ulertuko ote nituzke bere isekak baino hobekiago? Eraso egiten dit, orduak eta orduak ematen ditu munduan ukitu nauen edozertaz lotsa nadin, eta haserratu egiten da nigar egiten badut.

        «— Ikusten duzu gizon gazte dotore hori etxe eder eta patxadatsuan sartzen: Izena du Duval, Dufour, Armand, Maurice, zer dakita? Emazteki batek bere gogo osoa eman du txoro maltzur hori maitatzen: emaztekia hil egin da, santa bat dateke zeruan dudarik gabe, presentean. Heriotzera eramango nauzu hark emazteki hura heriotzera eraman zuen bezala. Hau da gure fatua, karitatezko bihotzona..." Horra! baziren egunak non harat-honat dabilen gizon orori eldarnio irrigarri baten panpin zeritzon; irri egiten zuen modu nazkagarri batez, luzaro. —Gero, berriro ama gaztearen erak hartzen zituen, arreba kuttunarenak. Hain basatia ez balitz, salbo ginateke! Baina bere linburkeria ere mortala da. Bere mirabe naiz. —Ai! eroturik nago!

        «Egun batez agian miragarrikiro desagerturen da; beharrezkoa da jakin dezadan ordea: zeruren batera igo behar badu, nire laguntxoaren jasokundea ikus dezadan!»

        Hau bikote bitxia!

 

 

© Arthur Rimbaud

© itzulpenarena: Mikel Lasa

 

 

"Arthur Rimbaud - Denboraldi bat infernuan" orrialde nagusia


www.erein.com
www.susa-literatura.com