ELDARNIOAK II
HITZAREN ALKIMIA
Eni. Nire zoramenetako baten historia.
Aspalditik paisaia posible guztien jabe nintzelakoan erronka botatzen nuen, eta pintura eta poesia modernoko gizon ospetsuei irrigarri erizten nien.
Pintura idiotak maite nituen, ate apaindurak, hornidura, titiriteroen oihalak, ikurrak, herrikoi pinturakiak; modaz pasatako literatura, eleizetako latina, ortografiarik gabeko liburu erotikoak, aitonen nobelak, maitagarrien ipuinak, haurtzaroko liburuttoak, aintzinako operak, errefrau txoroak, erritmo naifak.
Kurutzadetan amesten nuen, deskubrimendu bidaietan zeinen aipamenik ez den, historiarik gabeko errepublikak, erlijio gerra zapuztuak, ohitura iraultzak, arrazen eta lurrasoen desplazamenduak: liluramenduak oro sinesten nituen.
Bokalen koloreak asmatu nituen: A beltza, E zuria, I gorria, O azula, U berdea [1]. kontsonante bakoitzaren forma eta higidura arautu nuen, eta bapateko erritmoz, mintzaira poetiko, gaur edo bihar, zentzu guztientzat, ulergarria, asmatuaz harro paratu nintzen. Itzulpena nire golkorako gordetzen nuen.
Estraina ikasketa bat izan zen. Isilguneak idazten nituen, gauak; adieraztezina oharretan hartzen nuen. Bertigoak zedarritzen nituen.
Txori, artalde, herriko neskatxengandik urrun
Txilardegi honetan belauniko, zer edaten nuen
Urritz oihan xamurrez inguraturik
Arratsaldeko lanbro epel eta berdean?
Zer edan nezakeen Oise gazte honetan,
Zumar mutu, lorerik gabeko belaze, zeru goibel
Zahagi laruetatik edan, ene etxola maitetik
Urrun? Urrezko edaberen bar Buena izerditzen.
Ostatu erreklamu eskasa egiten nuen nik.
Ekaitza etorri zen zerua aienatzera. Arrastirian
Basoko urak galtzen ziren hondar birjinetan.
Iparrak izotz burduritziak jaurtitzen putzuetan.
Nigarrez, urrea nekusan eta ezin nuen edan.
Goizeko lauretan, udaran
Amodio loak dirau oraino.
Oihantxoetan lurrunduz doa
Ilunabarreko festa giroa.
Han behean untziola zabaletan
Hesperidetako eguzkitan
Jadanik urduri dabiltza
Arotzak mangautsetan.
Goroldio basamortuetan, nare,
Zola preziatuak atontzen dihardue
Non zeru faltsoak
Hiriburuak pintatuko dituen.
Oi, langile xarmangarriontzat,
Babyloniako errege baten sujet,
Venus! utz itzazu une batez amurusak
Noren arimak koroan dauden.
Oi Artzaien Erregina,
Eramaiezu langileei alkohol pizgarria,
Haien indarrek bakea ukan dezaten
Itsasoan bainatu artean. eguerdian.
Nire hitzaren alkimian zaharkeria poetikoek zer ikusi haundia zuten.
Aluzinazio hutsetara ohitzen hasia nintzen: lantegi baten ordez besterik gabe mezkita bat ikusten nuen, atabal eskolania bat aingeruez osatua, kalesak zeruko estratetan barrena, aintzira baten hondoan aretoa; munstroak, misterioak; vaudeville-ko titulu bat aski zen nire aurrez aurre mamuak altxa zitezen.
Gero nire sofisma magikoak hitzen aluzinazioz azaltzen nituen!
Azkenean nire gogoaren desordenua sakratutzat jo nuen. Kolperik jo gabe egoten nintzen, sukar astun baten menpean: animalien zoriona nuen gogoko, beldarra, linboetako errugabetasunaren ordezkari, satorra, birjinitatearen loa!
Aiurria ozpintzen ari zitzaidan. Munduari adio egiten nion erromantza gisakoetan:
DORRE GARAIENETIK KANTUA
Datorrela, datorrela
Maitemintzen duen tenorea.
Ene egonarriaren haundia!
Ez nuke sekula ahantzia.
Izuak eta larriak
Zeruratu dira abian.
Eta egarri gaiztoak
Iluntzen du nire odola.
Datorrela, datorrela
Maitemintzen duen tenorea.
Hala baita belardia
Ahazturan eroria,
Garatzen eta loratzen
Irakaz eta intzentsuz,
Ehun euli zikinen
Burrundara ozenean.
Datorrela, datorrela
Maitemintzen duen tenorea.
Desertua maitatu nuen, jardin kiskaliak, botika zarpailak, edari epelak. Kantoi kirestuetan nenbilen bazterrik bazter eta, begiak hertsirik, eguzkiari, suzko Jainko horri eskeintzen nintzaion.
«Generala, hire harresi hondakinetan kainoi zaharren bat geratzen bazaik, bonbardea iezaguk buztin lehor puskekin. Denda ederretako beiretara! aretoetan! Irents egiok hiriari bere hautsa. Herdoil itzak garguluak. Bete itzak boudoirak rubi gorien hautsez...»
Oi! ostatuko pixalekuan mozkorturiko eltxoa, borraiaz maitemindua, eta izpi batek desegiten duena!
GOSEA
Gogorik ez dut, ezpada
Lurraren eta harriaren.
Haizez, haitzez, ikatzez
Burdinez naiz elikatzen.
Jira goseok. Bazka goseok,
Zaraten belardian.
Erakarri huntza belarren
Pozoin alaigarria.
Jan itzazue harri puskak
Eleizetako harri zaharrak;
Uholde zaharretako harri borobilak,
Ibar grisetan ereindako gariak.
Otsoa uhurika abaroan
Hegaztia irentsi ondoren
Luma politak ttu eginez:
Orobat naiz ni ere desegiten.
Barazkiak eta fruituak
Uztarako daude prest;
Hesiko armiarmak ordea
Bioletak baino ez ditu jaten.
Loa gura dut! Irakitea
Salamonen aldaretan.
Salda herdoilean isuri da
Eta Cedroiari nahastu.
Azkenik, oi zorion, oi arrazoin, zerutik bereizi nuen beltza den azula, eta bizi izatu naiz, argi naturalaren txinpart urrezkoa. Pozarren, bufoi itxura hartzen nuen eta ahalik galduena:
Kausitua izan da!
Zer? Eternitatea.
Itsasoa da eta
Eguzkia batera.
Ene arima eternala
Atxekiok hire hitzari
Gaua bakar egon arren
Eta eguna gori-gori.
Beraz giza eskabidetatik
Eginen duk ihes,
Joran arruntetatik
Hegan duk eginen...
Sekulan ez esperantzarik
Ez eta orietur-ik.
Senez eta jakitez
Oinazea dugu ziur.
Biharamonik ez,
Satinezko txingar,
Zuen adorea da
Zeuen eginbehar.
Kausitua izan da!
Zer? Eternitatea.
Itsasoa da eta
Eguzkia batera.
Opera izugarri bat izatera heldu nintzen: ikusi nuen izakiak oro zorionaren fatua duela: ekintza ez da bizitza, indar apur bat alferrik galtzeko modua baizik, asaldapen hutsa. Morala da izan burumuinaren ahulezia.
Izaki bakoitzari, beste bizitza aunitz zor zitzaiolakoan nengoen. Jaun honek ez daki zer egiten duen: aingeru bat da. Familia hau zakur umaldi bat da. Gizon zenbaiten aurrean, boz gora mintzo nintzen euren beste bizitza batetako une batekin . Modu horretan, zerri bat maitatu nuen.
Eromena, barrura sartzera daraman eromenaren ezein sofisma ez da nitaz ahaztua izan: denak esan ditzaket berriz, sistemaren jabe naiz.
Nire osasuna arriskuan jarri zen. Bazetorren izulaborria. Zenbait egunetako logaleak hartzen ninduen, eta jaikirik, amets tristeenei jarraikitzen nintzaien. Heriotzerako gertu nengoen, eta bide arriskutsu batetik nire ahuleziak munduaren eta Cimeriaren azken mugaraino ninderaman, itzala eta zurrunbiloen aberrira.
Bidaiatu egin behar izan nuen, nire burumuinean bilduriko lilurez beste egin. Itsaso gainean, zein onerizten nuen zikindura batetik garbitu behar izan banindu bezala, gurutze kontsolagarria altxatzen ikusi nuen. Ortzadarraz damnatua izan nintzen. Zoriona zen nire fatua, nire damua, nire harra: nire bizitza beti itzelegia litzateke indarra eta edertasunaren jarraile izateko.
Zoriona! Bere haginak, herioari xamur, oilaritean iratzartzen ninduen ad matutinum. Christus venitean, hiri ilunenetan.
Oi gaztelu, oi aro!
makurrik gabeko arimarik ote dago?
Zorionaren ikasketa magikoa dut egna
nehork saihets ezina.
Agur hiri, galiar oilarrak
kantu egin aldikal.
Gaurdanik desiorik ez dut:
Nire biziaz da arduratu.
Lilura gorputz-arimaz da jabetu
eta ahaleginak ditu sakabanatu.
Oi gaztelu, oi aro!
Bere ihesaren tenorea, tamalez!
heriotzarena da izanen.
Oi gaztelu, oi aro!
Joanak joan. Gaur egun badakit edertasunari oles egiten.
[1] Bokaleak izeneko bere sonetoaz ari da, jakina. (Itzultzailearen oharra)
© Arthur Rimbaud
© itzulpenarena: Mikel Lasa