EZINA
Ai! nire haurtzaroko bizimodua, denbora oroz errepideetan, ezin soilago, eskale hoberena baino interesgabetuago, ez herririk, ez adiskiderik ez izateaz harto, hau ergelkeria! Eta konturatu baino ez naiz egin!
Zuzen jokatu dut laztan baten aukera galtzeko gai ez diren gizontxo horiek mespretxatuz, gure emaztekien garbitasun eta osasunaren parasitoak, hauek gaur egun gurekin batere ados ez daudenean.
Ene destaina guztiak legezkoak izan dira: ihes egitera bainoa!
Ihes egitera noa!
Hona zer esan nahi dudan.
Atzo bertan hasperenka nioen: «Ala Jinko! damnatu aski ez bagina bezala hemen behean! Zenbat denbora eman dut artalde honetan! Denak ezagunak zaizkit. Elkar ezagutzen dugu beti; elkar higuintzen dugu. Karitatea ezezaguna zaigu. Ondo heziak garenez gero, mundu guztiekiko gure harremanak oso dira onargarriak». Harritzekoa al da hau? Jendea! Merkatariak, gizajoak! Ez dugu ohorea galdu. Hautatuek ordea nola hartuko gaituzte? Eta bada jende zitala eta arraia, sasi hautatuak, ausartzia eta apaltasuna beharrezkoa zaigunez haiei aurre egiteko. Hauek dira hautatu bakarrak. Ez dita onespen emaileak!
Sos baten arrazoin apur bat nire baitan berkausitu dudalarik fite da galdua! ohartzen naiz nire ondoeza Mendabalean gaudenekoaz aski goiz ez konturatzetik datorrela. Mendebaleko zingirak! Eta ez uste dudalako argia aldatua, forma ahitua, higidura desbideratua... Ongi da! horra non nire gogoak bere gain hartu nahi dituen erabat Ekialdearen amaieraz geroztik izpirituak jasan garapen oro... Ez da gutxi nire gogoak nahi lukeena!
... Bukatu da arrazoin apurra! Izpiritua da izan agintari, berak nahi du ni Mendebalean egon nadin. Isil erazi behar litzaioke nik nahi nuen bezala bukatzeko.
Pikutara bidaltzen nituen martirien ereinotzak, artearen izarniadurak, inbentoreen hantustea, ohoinen grina; Ekialdera itzultzen nintzen eta jatorrizko zuhurtzia eternalera. Nagikeria larriak eragindako ametsa omen.
Alabaina, ez nuen sufrimendu modernoetatik ihes egitearen plazerrean ia pentsatzen. Ez nuen Koranaren sasi zuhurtzia kontutan hartzen. Baina ez ote da benetako oinazea, kristautasuna zientziaren deklarazioa denez bezanbatean, gizonak bere burua engainatzen ibiltzea, ebidentziak norberarentzat frogatzea, aho bete frogak errepikatzea, eta honela bizi beharra! Oinaze sotila, ergela; nire gogoeta izpiritualen iturburu. Izadia gogaitu daiteke, agian! M. Prudhomme [1] Kristorekin batera jaio da.
Ez da ba izango lanbroa lantzen dugulako! Sukarra jaten dugu gure barazki beratuekin batera. Eta hordikeria! eta tabakorria! eta ezjakintasuna! eta zalekeriak! Ez al dago aski urrun hau dena, jatorrizko aberria den, Ekialdeko zuhurtziatik? Zertarako mundu modernoa, horrelako pozoinak asmatzeko!
Elizgizonek esango dute: Ongi da. Baina, Eden-az ari zara. Ez dago deus zuretzat Ekialdeko herrien historian. Egia da; Eden-a nuen gogoan! Hori bai ametsa, aintzinako arrazen garbitasuna!
Filosofoak: munduak ez du adinik. Gizadia desplazatu egiten da, besterik ez. Mendebalean zaude, baina zure Ekialdean bizitzeko libre, nahi duzun adina antiguala, bizi ondo gainera. Ez ezazu etsi. Filosofo horiek, zuen Mendebalekoak zarete.
Ene izpiritu hori, kontu egik! Utikan bortxazko salbazio jarrerarik. Saia adi! Ai! zientzia ez dabil aski bizkor guretzat!
Konturatzen naiz ordea nire izpiritua lo dagoela.
Gaurdanik ondo iratzarturik balego beti, laister iritsiko genuke egia, zeinak inguratzen bide gaituen nigarrez ari diren aingeruekin!.. . Orain arte iratzartua egon balitz, instinto gaizkileei amore eman ez nielako izango zen, oroitezinezko garai hartan!... Betidanik ondo iratzartua egon izan balitz, zuhurtzia betean boga egingo nukeen!...
Oi garbitasun! garbitasun!
Garbitasunaren visioa eman dit minutu hontako ernaldiak! Izpirituaz Jainkoagana goaz.
Ezbeharraren latza!
[1] Joseph Prudhomme, Henri Monnier-en antzerki pertsonaia. Prudhomme jauna XIX. mendeko frantses burgesaren karikatura dateke. Modernoa izan nahi du, guztiaren berri izan nahi du, baina konformista hutsa da (Itzultzailearen oharra)
© Arthur Rimbaud
© itzulpenarena: Mikel Lasa