TXIMISTA

 

Gizabeharra! aldian aldiz nire amildegia argitzen duen leherketa da izan.

        «Ezer ez da banitatea; zientziarantz, eta jo aintzina!» aldarrikatzen du Eklesiaste modernoak, hots, Mundu guztiak. Halaz ere etoi eta nagien hilotzak besteen bihotz gainera jausten dira... Ai! bizkor, apur bat bizkorrago; han behean, gauaz haratago, etorkizuneko sariok, eternalak... saihestuko ote ditugu?...

        —Zer ahal dezaket? Badazagut beharra; eta zientzia motelegia da. Otoitzak galopa dezala eta argiak hostots... Ongi dakust. Sinpleegia da, eta sargori egiten du; ez dute nire beharrik izango. Badut nire egitekoa, beste aunitzen legez harro ninteke hartaz, alboratuko dudalarik.

        Nire bizitza ahiturik dago. Goazeman! Itxura eta espantu egin dezagun, o erruki! Eta olgetan emango dugu bizitza, amodio izugarriak eta unibertso fantastikoak amesten, kexati eta munduko aparientziak eztabaidatuz, saltinbanki, eskale, artista bandido —apaiz! Nire ospitaleko ohean, intzentsuaren usaina etorri zait berriro hain nabarmena; ukendu sakaratuen zaindari, aitorle, martiri...

        Hontan dazagut nire haurtzaroko heziketa zikina. Bost axola!...Ibili nire hogei urteak, besteak badarabilte eta...

        Ez! Ez! Heriotzari jazartu natzaio presentean! Beharra arinegia da nire urguiluarentzat; nire munduarekiko saldukeria oinaze laburregia litzateke. Azken unean, joko dut ezkerra, eskuina...

        Orduan, —Oi! —arima gaiso hori, eternitatea ez dateke guretzat galdua

 

 

© Arthur Rimbaud

© itzulpenarena: Mikel Lasa

 

 

"Arthur Rimbaud - Denboraldi bat infernuan" orrialde nagusia


www.erein.com
www.susa-literatura.com