OILARITEA

 

Ez al nuen ba ukan behiala gaztaro amoltsu, heroiko, fabulosoa, urrezko orrietan idazteko modukoa. —Zorte sobera! Zer krimen dela eta, zer makur dela eta, merezi ukan dut nire egungo ahulezia? Zuek, animaliak tristurazko nigar intziriak bota dezatela nahi zenuketen horiek, gaisoak etsi dezaten, zenduak gaizki lo egin, saia zaitezte ene hondamendia eta ene lozorroa kontatzera. Nik, ezin dut honez gero nire baitakoa aditzera eman eskaleak bere etengabeko Pater eta Ave Mariaz baino hobekiago. Ez dakit jadanik mintzatzen.

        Alabaina, egun, nire infernuaren kontakizuna bukatu dudalakoan nago. Infernua zen eta; antigoalekoa, gizonaren semeak ateak ideki zituenekoa.

        Desertu berdinetik, gau berdinean, beti nire begi unatuak zilarrezko izarraren aurrean iratzartu dira, beti, hunkitu gabe horregatik bizitzaren Erregeak, hiru errege magoak, bihotza, arima, izpiritua. Noiz joanen gara, hareatza eta mendiz haraindik, lan berriaren jaiotzari diosala egitera, zuhurtzia berria, tirano eta deabruen ihesa, sineskerien amaiera, gurtzera —lehenak! —Eguberria lurrean!

        Zeruetako kantua, herrien ibilera! Jopuok, ez dezagun bizitza madarika.

 

 

© Arthur Rimbaud

© itzulpenarena: Mikel Lasa

 

 

"Arthur Rimbaud - Denboraldi bat infernuan" orrialde nagusia


www.erein.com
www.susa-literatura.com