ADIO
Dagoeneko udazken! Zergatik ordea eguzki eternala desiratu, argitasun dibinoaren xerka saiatuki gabiltzanez, urtaroen joan-etorrian hiltzen diren jendearengandik urrun.
Udazkena. Lanbro higigaitzetan altxatako gure untzia miseriaren porturantz itzultzen ari da, suz eta lokatzez orbanduriko ziutate erraldoiera. Ai! lits urratutako jantzi ustelak, euriz bustitako ogia, hordikeria, gurutziltzatu nauten mila amodio! Sekula ez ote da bukatuko odol-surgatzaile hau, anehunka arimen eta hilotzen erregina, eta juzkatuak izango direnak? Atzera nire burua dakusat azala lokatzak eta izurriteak arraildua, ilaia eta besapea harrez beterik eta are har haundiagoz bihotza, adinik ez duten ezezagunen artean etzana, sentimendurik gabe... Hil-zorian egon naiz... Oroitzapenen nazka! Gorroto diot miseriari.
Eta bildur naiz neguaz zeren ongizatearen aroa baita!
Zenbaitetan mugarik gabeko hondartzak dakusat zeruan nazio zuri bozkariatsuz estaliak. Urrezko untzi galant batek, nire gainean, bere oihalak astintzen ditu goizeko hozkirriaren eraginez. Festa guztiak paratu ditut, arrakasta guztiak, drama guztiak. Lore berriak, asturu berriak, haragi berriak, hizkuntza berriak asmatzen ahalegindu naiz. Naturagaineko ahalmenak lortu uste izan nituen. Horra! non aurkitzen naizen nire irudipenak eta oroitzapenak lurpera beharrez! Artista eta kontalariaren ospe ederra pikutara joana!
Nik, neure buruari aingeru edo azti eritzi diodan honek, moral orotatik aske, lurrera jaurtikia, behar baten bila, eta errealitate latzari heldu beharrean. Baserritar hau!
Huts egin ote dut? Karitatea heriotzaren serora izango ote zait?
Bukatzeko, barkamena eskatuko dut gezurrez elikatu naizelako. Eta goazeman.
Esku lagun bat ere ez ordea! eta nora jo laguntza eske?
Bai, tenore berria oso da zorrotza, bederen.
Zeren esan bait dezaket lortu dudala garaitia: hortz garraisiak, suzko txinpartak, hasperen kirastuak, batetuz doaz. Oroimen likitsak oro ezabatuz. Nire azken damuek hanka dagite, bekaizkeriak eskaleentzat, etoientzat, herioaren lagunentzat, era guztietako atzeratuentzat. Damnatuak, mendekua hartuko banu!
Erabat moderno izan beharra dago.
Ez kantikarik: irabazitakoari eutsi. Gauaren latza! odol sikuari lurruna dario nire aurpegian, eta ez dut deus nire gibelean, ezpada zuhaixka zantar hori!... Gatazka izpirituala giza burruka bezain latza da; baina justiziaren ikusmena Jainkoaren plazerra da bakarrik.
Alabaina, bezpera da. Har ditzagun sasoiaren eta benetako samurtasunaren eraginak oro. Eta oilaritean, egonarri sutsuz armaturik, hiri eder galantetan sartuko gara.
Zer nioen esku adiskideaz! Abantaila on bat zera da: amodio zahar tronpatiez irri egin dezaket, eta lotsaz jo bikote gezurti horiek, ikusia dut emakumeen infernua han behean; eta zilegi izango zait gorputz eta ariman egiaren jabe izatea.
1873, Apirila-abuztua
© Arthur Rimbaud
© itzulpenarena: Mikel Lasa