|
XXXIII
Uhinak ere musker edo suge,
uhinetan ere denboraren hondarra.
Aho sutsuak edan dute jadanik uraren malenkonia kedun pegarretan.
Lorategi hedatuko euri ura,
jadanik isildu zen iturriaren zurmurra.
Egarriaren mihia iristen da
pentsamen makurraren iseka miazkatuz
gatzaren amiltegi bustian.
Egarri makilatik zintzilik den mihiak
gure oinaze putzua neurtzen zuen,
zirikatuz hilketaren sustrai lehorretan,
hondoratzen zen nere oihu idorrean.
Haizea kainaberetan katibu bezala,
gu, gu eta gure buztina
betiko preso urteen oroitzapenean.
Liburu itxian irakurtzen genuen gaur:
«Ez negarrik hilari, zuen seme horri,
baizik mingoski joan zenari
Sepharad-eko zeru eta ametsetatik urruti,
eta luronera inoiz itzuliko ez denari».
Gorrotoen lur ona, odolez blai
gure egarrien eternitate iturri dena. |