XLI

 

Gutaz barre egiten duzu, haietaz

beti begiak idekirik ames egiten dutenez.

Baina ispiluaren sakona behatzen duzunean,

beldur zara logabeturik zaudenean.

 

Biluzik errautsetan, dago legenduna.

Hiru adiskide onbera, eta beste bat berantago,

nahigabeen gainetik pozezko negarrez.

Milaurteko hautsak ez du jantzi ahotsik:

«Gizona Jainkoa baino justuagoa ote den esango didazu?»

 

Armiarma hurbildu zen poliki-poliki,

hotz-hotzean heldu zen putzu zulora.

Hanka finak marratuz, zaratarik gabe,

haize, kristal, bizi, presondegiko denbora.

Horma ilunetan izen bat irakurriz noa.

Etzan ahal dudanean, ah ze burkoa heriotza!

 

Egarriaren soka luzetik jeisten naiz,

oinazedun bertso lerroetatik,

zeruaren karitatezko edontzi argiarekin.

Aingeru belatzen hegoek eragitzen naute,

hitzezko ezpatak oinak ebakitzen dizkidate.

Baina urak salbatzen ditut nere deserturako,

ezpain sutsuen esperantza larrirako.

 

Itzultzen den seme izutiaren jateko gogoa

musturkatuz zerriek nahi ez duten itzalean.

Aitak barkamenezko harriak jaurtzen dizkio,

dotrina sopa hitzezko mamiz.

Hasten da hondatzailea hileta samurrez:

gosez bazara, saiatu jadanik onaren itxuraz.

 

Itsuena lagun dela, itsuak aurreratu

ankerkeriaren amiltegietara.

Zelan geldiarazi zalantzazko pausoak,

libreki gaitzean eroriko direla igartzean

egonezko begirada honen gelditasun zuria?

Oihu izugarriak itzulikatzen diren artean,

errenkada berri bat dator bidez haztamuka

betiko irentsiko duen ilunera.

 

Zahar aberats, bakarti, jarraitzailerik gabe,

alperrik zaizu kontsolamentu apur bat aurki nahia

gehituz urre metazko zure eremuak.

Ezin dezakegu eros azken ohantzako atsedenik.

Inoiz ez da iritsiko gau horiaren egunsentirik,

ez da ere ezingo duzu ikasi oihuaren ikasgairik.

«El-Elohe-Israel!

Behatz gazte batzu bakarrik, oraindik garbi badaude,

sendatuko lituzteke larru zabalduaren zauriak.»

 

 

Salvador Espriu euskaraz