Eszenatokia: ekintza Willy Lomanen etxean eta etxartean gertatzen da, baita Willyk New Yorken eta Bostonen bisitatzen dituen zenbait tokitan ere.

 

 

LEHENENGO EKITALDIA

 

        Xirula-soinua entzuten da, urrutiko eta fina. Soinu honek badirudi belarraz, zuhaitzez edota zeruertzeaz hitz egiten digula. Gortinak igotzen dira.

        Gure aurrean SALTZAILEaren etxea dago. Etxeari itzal angeluar erraldoiak inguratzen zaizkio alde guztietatik, atzealdetik batez ere. Etxe eta aurrealde gainean argi urdina baino ez dago. Inguruak laranjazko argi batek argiztatzen ditu, apur bat mehatxukorra bailitzan... Argia biziagotu ahala, itxuraz hauskor eta aldi berean txikia den etxe inguruan, eraikin sendo bat ikus daiteke. Hamaika apartamentuz osaturik dago. Toki osoak ametsetakoa ematen du. Errealitatetik kanpo dagoen ametsa. Sukaldea berriz, benetakoa dela dirudi: mahai bat, hiru aulki, eta hozkailua. Beste altzaririk ez da ikusten. Sukaldearen atzealdean, kolore askotako zintaz hornituriko sarrera dago. Sarrera honek egongelara darama. Sukaldetik eskubitara, metro erdi bat gorago, letoizko ohe-egitura eta aulkitxo batez apainduriko logela, besterik ez. Ohe gaineko apalategian, zilarrezko trofeo atletiko bat. Leihoa apartamentuetarantz agertzen da.

        Sukaldearen atzean, metro bat gorago, mutilen gela dago. Oraingoz ez da oso ongi ikusten. Ozta-ozta nabarmentzen dira bi oheak. Egongela ikustezinaren gainean dagoen gela honen atzean, teilategala ikus daiteke. Ezker aldetik, sukaldetik gorantz, eskailera bat.

        Eszenatokia —zenbait aldetan behintzat— nahiko garbi dago. Etxeko teilatuaren hegala dimentsio bakarrekoa da; honen atzetik eta gainetik, apartamentuak daude. Etxe aurrean, hau da, aurrealdetik orkestraraino, ez dago ezer. Hutsarte honek atzeko patio gisa balio du. Willyren fantasiak eta hiriko eszenak ere bertan egin daitezke. Ekintza orainaldian gertatzen bada, aktore guztiek irudizko hormetako lerroak errespetatuko dituzte; iraganaldiko eszenetan ordea, muga hauek ez dira existituko, hau da, pertsonaiak gela batean sartu-aterako dira gezurrezko horma batetik pasatuko balira bezela.

 

(Eskubitatik WILLY LOMAN, Saltzailea alegia, sartu da. Bi maleta handi dauzka eskuetan. Xirulak jotzen jarraitzen du. Berak ere entzuten du xirula-soinua, baina ez dio arreta handirik jartzen. Etxerantz doa. Eszenatokia zeharkatzen ari denean, nekea nabari zaio. Hirurogei urte ondo beteta dauzka. Zuhur janzten da. Etxeko atea ireki, sukaldean sartu eta —zizpuru bat botaz— zama lurrean utzi du. Ahurretan mina du. Hitz kexakor batzuk eskapatzen zaizkio —Ai, ene! Ai, ene!—. Atea itxi eta gero, maletak egongelara daramatza. Sukaldeko atetik —zinta koloredunak dituen atetik hain zuzen— sartu da. LINDA, bere emaztea, ohearen eskuinean etzanda dago. Ohetik jaiki eta soineko bat jantzi du. Zain dago. Gehienetan alai den emakume honek WILLYren jokabidearekiko burdinezko errepresioa garatu du —hura maitatu baino, miretsi egiten du—. WILLYren aldarteak, jeinu txarra, ameskeriak eta krudelkeria txikiak ahaztuak ditu, WILLYren desio zurrunbilotsuen oroitzapen garratzak baino ez dira-eta. Gainera, LINDAk ere desio berberak erdibanatzen ditu WILLYrekin; baina LINDAk ez dauka desio horiek barrutik ateratzeko eta azken mugaraino eramateko kemenik).

 

LINDA: (Logelatik entzun dio eta apur bat asaldatuta dei egiten dio) Willy!

WILLY: Egon lasai. Itzuli egin naiz.

LINDA: Zergatik? Zer gertatu da? (Isilunea) Zerbait gertatu al da, Willy?

WILLY: Ez, ez da ezer gertatu.

WILLY: (Haserre eta axolagabe) Ez dela ezer gertatu esan dizut. Ez duzu entzun ala?

LINDA: Ondo al zaude?

WILLY: Lur jota nago. (Xirula-soinua poliki-poliki desagertuz doa. Bere emaztearen ondoan eseri da, zaputz) Ez nintzen gauza. Ez nintzen gauza. Benetan, Linda. Oso garbi dago.

LINDA: (Arreta handiz, samur) Non egon zara egun osoan? Bai itxura txarra duzula.

WILLY: Yonkers hiritik apur bat haruntzago joan naiz. Kafe bat hartzeko gelditu naiz. Agian, kafeagatik izango zen.

LINDA: Zer?

WILLY: (Isilune baten ondoren) Bat-batean, ez nintzen kotxea gidatzeko gauza. Kotxeak bide-bazterrera jotzen zuen behin eta berriro. Benetan.

LINDA: (Lasai) Baliteke direkzioagatik izatea. Ez dut uste Angelok Studebakerra ondo ezagutzen duenik.

WILLY: Ez. Neu naiz. Neu naiz. Bat-batean, hirurogei kilometro orduko abiaduraz nindoala konturatu naiz. Eta ezin nituen azkeneko bost minutuak gogoratu. Nola ez dut horretan pentsatuko ba...?

LINDA: Agian, zure betaurrekoen erruz izan da. Oraindik ez zara joan bista aztertzera.

WILLY: Ez, primeran ikusten dut. Hamabost kilometro orduko abiadan itzuli naiz. Ia lau orduz egon naiz bidean, Yonkerstik.

LINDA: (Etsita) Beno, atseden hartu behar duzu, Willy. Horrela ezin duzu jarraitu.

WILLY: Duela gutxi Floridan izan ginen oporretan.

LINDA: Bai, baina zure buruak ez du atsedenik hartu. Zure buruak lan gehiegi egiten du. Eta burua da gauzarik inportanteena, maitea.

WILLY: Bihar lanari ekingo diot. Agian hobeto egongo naiz bihar goizean. (Zapatak eranzten ari da) Zapata madarikatu hauek lur jota naukate.

LINDA: Hartu aspirina bat. Ekarriko al dizut? Horrek lasaituko zaitu.

WILLY: (Miretsita) Gidatzen ari nintzen. Ulertzen? Eta ederki nengoen. Paisaiaz gozatuz nindoan. Pentsa: ni paisaiari begira, bizitza osoa errepidean pasatu eta gero! Baina hain ederra zen han goian egotea, Linda. Zuhaitzak hain zarratu zeuden, eta eguzkia hain atsegina zen... Kapota jaitsi dut eta piskanaka haize beroan murgildu naiz. Orduan, bat-batean konturatu naiz errepidetik ateratzen ari nintzela! Horrelaxe da, bai. Zeharo ahaztu zait gidatzen ari nintzela. Lerro zuria zeharkatu izan banu, norbait hilko nuen. Tira, aurrera jarraitu dut eta... bost minutu geroago berriro ametsetan nengoen! (Begiak igurzten ditu). Eta jakingo bazenu zer-nolako pentsamendu arraroak pasatzen zitzaizkidan burutik...

LINDA: Willy, maitea. Hitz egin beraiekin. Ez dakit zer dela-eta ezin duzun New Yorken lan egin.

WILLY: New Yorken ez dute nire beharrik. Ingalaterra Berriko saltzailea naiz. Behar-beharrezkoa naiz Ingalaterra Berrian.

LINDA: Baina hirurogei urte dituzu! Ezin duzu astean bidaia bat egin. Inork ez dizu horrelakorik eskatuko!

WILLY: Telegrama bat bidali behar dut Portlandera. Bihar Brownekin eta Morrisonekin egon behar dut goizeko hamarretan. Salgaiak erakutsi behar dizkiet-eta. Jainkoarren! Zerbait salduko banie... (Jaka jantzi nahi du)

LINDA: (Jaka eskuetatik kenduz) Zergatik ez zoaz bihar bertan bulegora eta Howardi esan New Yorken lan egin behar duzula? Egonarri handiegikoa zara, maitea.

WILLY: Wagner zaharra biziko balitz, nik orain New Yorkeko ardura izango nuke! Gizon hura printzea zen. Gizon menperaezina izan zen. Baina bere semea, Howard delako hori, erabat esker txarrekoa da. Lehenengo aldiz iparraldera joan nintzenean, Wagner Konpainiak ez zekien ezta Ingalaterra Berria non zegoen ere!

LINDA: Zergatik ez dizkiozu esaten horrelako gauzak Howardi?

WILLY: (Haserre) Esan egingo diot. Ez izan dudarik. Esan egingo diot. Gaztarik ba al dago?

LINDA: Sandwich bat prestatuko dizut.

WILLY: Ez, zoaz ohera. Esne piska bat edango dut. Berehala igoko naiz. Mutilak etxean al daude?

LINDA: Lotan daude. Gaur gauean, Happik berarekin eraman du Biff jai batera.

WILLY: (Adi-adi) Benetan?

LINDA: Hain atsegina izan da biak bizarra elkarrekin kentzen ikustea, bata bestearen atzean, hor, bainugelan... Eta segituan elkarrekin ateratzen... Konturatu al zara? Bizarra kentzeko lozio usaina dago etxe osoan.

WILLY: Begira gauzak nolakoak diren. Etxea ordainduta uzteko, lan egizu bizitza osoan. Azkenean lortzen duzu, eta bertan ez dago bizitzeko inor.

LINDA: Beno, maitea. Horrelakoxea da bizitza.

WILLY: Ez, ez. Batzuek... batzuek zerbait lortzen dute. Gaur goizean ni atera eta gero, Biffek esan al du zerbait?

LINDA: Ez zenuke berataz gaizki esaka ibili beharko, Willy. Iritsi berria da-eta. Ez duzu zure senetik atera behar.

WILLY: Noiz arraio atera naiz ni neure senetik? Ea dirurik irabazten ari den, besterik ez diot galdetu. Hori «gaizki esaka» aritzea dela iruditzen al zaizu?

LINDA: Baina, maitea, oraindik ezinezkoa zaio dirua irabaztea.

WILLY: (Kezkatuta eta haserre) Zerbait ilun dago bere baitan. Umore aldakorreko gizon bihurtu da. Gaur goizean ni atera ondoren, bere burua zuritu al du?

LINDA: Kemenik gabe nabari zaio, Willy. Badakizu nola miresten zaituen. Berak bere burua aurkitzen duenean, orduan zuek biak hobeto konponduko zarete elkarrekin. Hala uste dut nik behintzat. Orduan, beti borrokan aritzeari utziko diozue-eta.

WILLY: Baserri batean nola aurkituko du bere burua? Hori al da bizimodua? Morroi lan egitea? Hasieran, gaztea zenean, nik pentsatzen nuen «Beno, gaztea da, ondo etorriko zaio mundua piska bat ezagutzea, hainbat lanetan ihardutea». Baina ordutik hona hamar urte pasatu dira, eta oraindik jarraitzen du astean hogeita hamar dolar irabazten!

LINDA: Bere buruaren bila dabil, Willy.

WILLY: Hogeita lau urterekin oraindik nor zaren ez jakitea, hori bai zorte txarra!

LINDA: Ixo!

WILLY: Alferrontzia da. Horixe da kontu bakarra, alajainkoa!

LINDA: Willy, arren!

WILLY: Alfer galanta da!

LINDA: Lotan daude. Jan ezazu zerbait. Goazen behera.

WILLY: Zergatik itzuli da etxera? Zergatik itzuli den jakin nahi nuke.

LINDA: Ez dakit. Nik uste dut oraindik galduta dabilela, Willy. Uste dut erabat galduta dagoela.

WILLY: Biff Loman galduta dabil. Munduko herririk zoragarrienean, horrelako itxura oneko gaztea galduta dabil. Hain langile fina izanik... Zeren, gauza bat esan behar da Biffen alde: ez dela batere alferra.

LINDA: Ez horixe, ba!

WILLY: (Urrikiz eta adorez) Bihar egongo naiz berarekin. Hitz aspertu bat izango dugu biok. Salmenta lan bat eskuratuko diot. Gizon aparta izan daiteke. Jainkoarren! Oroitzen al zara neskak nola zebilzkion atzetik eskolara zihoanean? Neska haietako bati irri egiten zionean, neskaren aurpegia argitu egiten zen... Kalean zebilenean... (Oroitzapenetan murgiltzen da)

LINDA: (Gaiz aldatuz) Willy, maitea, amerikar gazta erosi dut gaur. Kremazkoa da, irabiatua alegia.

WILLY: Zer dela eta erosten duzu amerikarra niri suitzarra gustatzen bazait?

LINDA: Zera... Aldatzea gustatuko zitzaizula otu zait...

WILLY: Ez dut aldaketarik nahi! Suitzar gazta nahi dut. Zergatik atsekabetu behar didazue beti?

LINDA: (Irriño batez) Sorpresa polita izango zela pentsatu dut...

WILLY: Jainkoarren! Zergatik ez duzu leihoren bat irekitzen?

LINDA: (Egonarri amaigabez) Leiho guztiak irekita daude, maitea.

WILLY: Nola atxilotu nauten hemen! Adreilu eta leihoak; leiho eta adreiluak.

LINDA: Patio ondoko lurra erosi beharko genukeen...

WILLY: Kotxeek betetzen dute kale osoa. Haize freskorik ez dago auzoan. Belarrik ez da hazten. Atzeko patioan ez dago azenario bakar bat landatzerik ere. Oroitzen al zara zumar bikain haietaz? Hortxe zeuden, kanpoan... Biff eta biok zabu bat jarri genuen euren adarretatik zintzilik. Oroitzen al zara?

LINDA: Bai, noski. Hiritik hamaika kilometrotara biziko bagina bezala zen.

WILLY: Eraikitzailea atxilotu beharko lukete, zuhaitzak ebakitzeagatik. Auzoa suntsitu zuten. (Betiluna) Gero eta gehiago oroitzen naiz garai haietaz, Linda. Urtaro honetan ezkiak eta liliak loratzen ziren. Eta geroago astaliliak, eta lilipak ere bai... Zer-nolako lurrina egoten zen gela honetan!

LINDA: Beno, azken finean jendeak nonbait bizi behar du.

WILLY: Ez, jende gehiago dago orain.

LINDA: Nik ez dut uste orain jende gehiago dagoenik, nik uste dut...

WILLY: Jende gehiago dago orain! Horixe hondatzen ari da gure herria! Jende-kopurua kontroletik kanpo dago. Gure arteko lehia zoratzeko modukoa da! Usaindu apartamentuetatik datorren kiratsa! Baina... nola ausartzen dira gazta irabiatzen?

 

(Willyren azken esaldiarekin batera, Biff eta Happy erdi etzanean jarri dira ohean, zain).

 

LINDA: Goazen behera, tira. Eta zaude lasai.

WILLY: (Lindarengana bueltatuz, nahastuta) Ez zara egongo nirekin kezkatuta, ezta, maitetxo?

BIFF: Zer gertatzen da?

HAPPY: Entzun!

LINDA: Kezka gehiegitxo dituzu.

WILLY: Nire oinarria eta euskarria zara, Linda.

LINDA: Saia zaitez lasaitzen, laztana. Edozer egiteko gai zara. Ikusiko dute denek, bai!

WILLY: Berarekin ez naiz berriro borrokatuko. Texasera itzuli nahi badu, utzi joaten.

LINDA: Bere bidea aurkituko du.

WILLY: Bai, horixe. Gizon batzuei asko kostatu zitzaien lehenbiziko urratsa ematea. Thomas Edison-i, esate baterako. Eta B.F. Goodrich-i ere bai. Horietako bat gorra zen gainera. (Logelako aterantz doa) Biffen alde, dudan guztia apustu egingo nuke.

LINDA: Adizu, Willy... igandean eguraldi ona egiten badu, kanpora joango gara. Kotxearen goialdea zabalduko dugu, eta hamaiketako ederra egin.

WILLY: Ez, kotxe berrietan kapota ez da jaisten.

LINDA: Baina zeuk jaitsi duzu gaur.

WILLY: Neuk? Nik ez dut horrelakorik egin. (Isildu egiten da) Hau bai ezustekoa! Ez al da harrigarria... (Izuak jota, mintzatzetik gelditzen da, harri eta zur. Xirula-soinua entzuten da, urrun).

LINDA: Zer duzu, laztana?

WILLY: Chevvyri buruz pentsatzen ari naiz. (Isilunea) Mila bederatzirehun eta hogeita zortzian... Gorri koloreko Chevvy hura nuenean... (Bat-batean isilik geratu da) Ez al da barregarria? Zin egingo nuke gaur Chevvya gidatzen aritu naizela.

LINDA: Beno, horrek ez du axolarik. Zerbaitek gogoraraziko zizun.

WILLY: Harrigarria da, benetan. Oroitzen al zara egun haiez? Biffek zer-nolako dirdira ateratzen zion kotxeari? (Pentsakor gelditzen da) Aizu! (Lindari) Egizu lo. Behera noa. (Gelatik ateratzen da)

HAPPY: (Biffi) Ai, ene! Beharbada, kotxea hondatu dik berriro!

LINDA: (Willyri deika) Kontuz eskailerekin, laztana! Gazta erdiko apalean dago! (Linda logelara itzuli, ohera hurbildu, Willyren jaka hartu eta logelatik kanpora doa berriro)

 

Mutilen gelan argia piztu da. Ikusten ez bazaio ere, Willyren ahotsa entzuten da bakarka hitz eginez, «Larogei mila kilometro», eta barre labur bat. Biff ohetik jaiki, eskaileratik jaisten hasi eta adi-adi gelditu da. Biff bere anaia Happy baino zaharragoa da. Sendoa da, baina azken egunetan ez du oso itxura ona eta bere buruarekiko konfidantza piska bat galdu duela ematen du. Arrakasta txikiagoa izan du, eta bere ametsak Happyrenak baino biziagoak eta zailagoak dira. Happy altua da, gorpuzkera onekoa. Sentsualtasuna berarengan agerian dagoen kolorea bezalakoa da, edota emakume askori darien lurrinaren antzekoa. Bera ere, bere anaia bezalaxe, noraezean dabil, baina era ezberdin batez, ez baitio bere porrotari sekula aurpegi ematen. Beraz, bere noraeza handiagoa eta zorrotzagoa da, berak alaiagoa dirudien arren.

 

HAPPY: (Ohetik jaikiz) Horrela jarraitzen badu, gidatzeko baimena kenduko ziotek. Berataz kezkatuta nagok, Biff, benetan.

BIFF: Ikusmena hondatzen ari zaiok.

HAPPY: Ez, kotxean eraman naik. Primeran ikusten dik, baina ez dik arretarik jartzen. Aurreko astean kotxez joan ginduan hiriraino. Semaforo berdean gelditu eta gorrira aldatzean aurrera segitu zian. (Barre egin du)

BIFF: Beharbada daltonianoa duk.

HAPPY: Gure aita? Koloreak bereizten ez zegok bera bezalakorik. Hik hori ederki dakik-eta.

BIFF: (Ohean eserita) Lotara noak.

HAPPY: Aitarekin haserre ez haiz oraindik ibiliko, ezta?

BIFF: Dena konponduta zegok, uste diat.

WILLY: (Mutilen gela azpian, egongelan) Bai jauna, laurogei mila kilometro ...laurogeita bi mila!

BIFF: Erretzen al duk?

HAPPY: (Zigarro pakete bat ateraz) Zigarrorik nahi?

BIFF: (Zigarro bat hartuz) Zigarro-usaina nabaritzen ez badut, ezin diat lo egin.

WILLY: Lan bikaina, bai horixe!

HAPPY: (Hunkituta) Harrigarria, Biff, benetan. Gu berriro hemen lo egiten... Gure betiko oheak dituk! (Ohean zapladatxo batzuk jotzen ditu maitasunez) Zenbat solas izan genituen bi ohe hauetan etzanda! Gure bizitza osoa.

BIFF: Bai. Amets eta asmo pila.

HAPPY: (Barre sakon eta gizonezko batez) Hamaika bat neskari gustatuko litzaiokek gela honetan esaten zena jakitea.

 

(Biek barre ito bat egiten dute)

 

BIFF: Oroitzen al haiz Betsi-ez-zekiat-zer pottolo hartaz? Nola demontre zuen izena... Bushwick Etorbideko hark...?

HAPPY: (Ilea esku batekin orraztuz) Collie bat zuenak?

BIFF: Horixe bera! Hona ekarri nian, oroitzen?

HAPPY: Bai, horixe. Nire lehendabiziko aldia izan zuan, uste diat. Balea bezalakoa zuan! (Barre ia ankerra botatzen dute) Heuk irakatsi hidan emakumeez dakidan guztia. Ez ahaztu.

BIFF: Apustu egingo nikek gaur ez haizela oroitzen zer herabetia hintzen garai hartan. Batez ere neska-kontuetan.

HAPPY: Eta oraindik orain honelakoxea nauk, Biff.

BIFF: Tira!

HAPPY: Piska bat kontrolatzen diat, besterik ez. Dena den, hain beldurtia ez izatea lortu diat, bai. Hiri, ordea, alderantziz gertatu zaik. Zer gertatu da, Biff? Non dago hire betiko umorea, heure buruarekiko huen konfidantza? (Biffen belauna astintzen du. Biff jaiki eta gelan ibiltzen hasten da, kezkatuta-edo) Zein da arazoa?

BIFF: Zergatik barre egiten du aitak nitaz behin eta berriro?

HAPPY: Ez dik hitaz barre egiten, bera...

BIFF: Zerbait esaten dudanean, iseka keinua sumatzen zioat aurpegian. Ez zeukat bere ondoan egoterik.

HAPPY: Hiretzat onena nahi dik, besterik ez. Aspalditik hitz egin nahi nian aitari buruz, Biff. Zerbait... gertatzen ari zaiok. Bere... buruari hitz egiten ziok ozenki.

BIFF: Gaur goizean konturatu nauk. Dena den, beti ibiltzen zuan marmarka.

HAPPY: Orain bezala ez, ordea. Txunditzeko modukoa zuan eta Floridara bidali nian, oporretan. Gainera, ba al dakik gauza bat? Gehienetan hitaz hitz egiten dik.

BIFF: Zer dio nitaz?

HAPPY: Ezin izan zioat ulertu.

BIFF: Zer dio nitaz?

HAPPY: Zera, munduan zehar edozein modutan habilela, oraindik ez daukala garbi etorkizuna...

BIFF: Horrez gain, beste zerbaitek kentzen ziok gogoa, Happy.

HAPPY: Zer esan nahi duk?

BIFF: Berdin duk. Ez bota niri erru guztia.

HAPPY: Nire ustez, lanean hasiko bahintz —zera, esan nahi diat...— ba ote duk etorkizunik hemendik kanpo?

BIFF: Esan diat, Hap, nik ez dakidala etorkizuna zer den. Nik ez dakidala ...zer desiratu behar den.

HAPPY: Zer esan nahi duk?

BIFF: Beno, lizeoa utzi eta gero, sei edo zazpi urtez saiatu ninduan nire lanaren bizkar bizitzen. Marinel, saltzaile,... mota guztietako ogibideak izan nizkian. Bizimodu benetan mixerablea. Udako goiz beroetan lurrazpiko horietan egotea... edo telefono-deiak egiten... edo salerosketan... Urtean berrogeita hamar aste sufritu eta horren trukean pare bat aste oporretan, desiratzen duan guztia haize agerian egotea besterik ez denean, alkondara erantzita... Eta beti ibili behar duk lagun-hurkoa zanpatzen... Eta hala ere, horrela eraikitzen duk hik heure etorkizuna.

HAPPY: Tira ba. Benetan gustura al hago baserri batean lan egiten? Pozik al hago hemendik kanpo?

BIFF: (Gero eta urduriago) Hap, gerra baino lehen etxea utzi nuenetik, hogei edo hogeita hamar lan ezberdin izan dizkiat, eta beti gertatu zaidak gauza bera. Aspalditxotik ohartu nauk horretaz. Esaterako Nebraskan, unai lan egiten nuenean; eta Dakotasen, eta Arizonan, eta orain Texasen. Baserri horretan lanean ari nintzenean... Orain udaberrian gaudek, ezta? Beno bada hamabost moxal ekarri berriak ditizkek. Ez zegok ezer zirikagarriagorik, ezta ederragorik ere, beste behor edo beste moxal bat ikustea baino. Toki horretara udaberria heltzen denean, bat-batean, jainkoarren!, ezertxo ere ez dudala lortu iruditzen zaidak. Zer arraio egiten ari naiz, zaldiekin gora eta zaldiekin behera, astean hogeita zortzi dolar irabazten? Hogeita hamalau urte dizkiat. Nire etorkizuna konpondu beharra zeukat. Eta orduan korrika etxeratzen nauk. Baina orain hemen nagok, eta ez zekiat zer egin. (Isilunea) Beti pentsatzen saiatu nauk ez naizela bizitza alferrikatzen ari; baina hona itzultzen naizen bakoitzean, bizitza alferrik galdu besterik ez dudala egin iruditzen zaidak.

HAPPY: Poeta haiz, Biff, benetan. Hi ...hi idealista hutsa haiz.

BIFF: Ez, erabat txundituta nagok. Beharbada ezkondu beharko nikek. Beharbada horixe duk nire arazoa. Mutil kozkorra bezalakoa nauk. Ez nagok ezkonduta; ez nagok negoziotan sartuta; mutil kozkorra bezalakoa nauk. Pozik al hago, Hap? Arrakasta handikoa haiz, ezta? Pozik al hago?

HAPPY: Deabru gorriak: ez!

BIFF: Zergatik? Dirua irabazten ari haiz, ezta?

HAPPY: (Urduri, kementsu) Orain egin dezakedan guztia arduradunaren heriotza itxarotea duk. Gainera, pentsa dezagun dendaren arduraduna izatea lortzen dudala. Adiskide mina izan ezezik, Long Islanden ere badik etxe bikain bat. Bi hilabetez bizi izan zuan han. Gero dena saldu eta orain beste etxe batean sartu duk. Etxe berriaz jabetu bezain laster, ez zegok gustura. Ezin dik daukanaz gozatu. Eta nik bazekiat neuk ere gauza bera egingo nukeela. Ez zekiat zertarako ari naizen lanean. Batzuetan, nire apartamentuan esertzen nauk, bakar-bakarrik. Eta ordaintzen ari naizen errentaz pentsatzen hasten nauk. Eta zorakeria dela iruditzen zaidak. Baina horixe duk nik beti desio izan dudana. Apartamentu bat, kotxea, emakume pila bat. Eta hala ere, arraioa! Bakar-bakarrik nagok.

BIFF: (Burua berotuta) Entzun, zergatik ez hator nirekin mendebaldera?

HAPPY: Hi eta ni, ezta?

BIFF: Bai, horixe! Agian etxalderen bat eros genezakek. Abereak hazi, gure indarra erabili... Gu bezalako gizon sendoek leku irekian bizi beharko liketek.

HAPPY: (Lehiaz) Lomandar anaiak, e?

BIFF: (Gogo beroz) Noski! Konterri osoan ospetsuak izango gintuzkek!

HAPPY: (Liluratuta) Horixe amesten diat nik ere, Biff. Noizean behin, arropak lantokian bertan erantzi eta salmenta-arduraduna pikotara bidaltzeko gogo itzela sartzen zaidak. Denda horretan beste inork baino gehiago eskaini nezakek nik. Baina burua makurtu behar, funtsik gabeko putakume horien esanera. Gehiago jasaterik ez zeukat!

BIFF: Esaten diat, gizon: nirekin etortzen bahaiz, hemendik kanpo zoriontsuak izango gaituk.

HAPPY: (Berotuta) Aizak, Biff, hain jende faltsua inguratzen zaidak, ezen indarrik gabe geratzen naizen!

BIFF: Anaiatxo: elkartzen bagara, elkarri lagunduko zioagu. Horrela, nortaz fidatu izango diagu-eta.

HAPPY: Hirekin egongo banintz...

BIFF: Hap, arazo bakarra hau duk: ez zidatela irakatsi dirua irabazten. Nik ez zekiat dirua nola irabazi behar den.

HAPPY: Nik ere ez.

BIFF: Bada orduan goazen hemendik!

HAPPY: Bai, baina... zer egingo dugu hemendik kanpo?

BIFF: Begira hire adiskideei. Etxe bikaina eraiki eta gero, bertan bizitzeko gogo-bakerik ez ditek.

HAPPY: Bai, baina dendan sartzen denean, berarentzat dituk begiramendu eta hitz lausengarri guztiak. Dendako ate biragarrietatik sartu denak urtean berrogei mila dolar irabazten dituen gizona duk. Baina nik askoz gehiago balio diat!

BIFF: Bai, baina oraintxe bertan esan duk...

HAPPY: Exekutibo barregarri eta harroputz horiei erakutsiko zieat nor den Hap Loman! Hori egin eta gero, hirekin joango nauk, Biff. Orduan elkarrekin egongo gaituk. Hitzematen diat. Tira, gaur gauean bi neska horiekin aterako gaituk. Ez al dira xarmantak?

BIFF: Bai, noski. Nire bizitzako neskarik xarmantenak dituk. (Hileta-ahotsaz)

HAPPY: Noiznahi aurkitzen dizkiat nik horrelakoak, Biff. Aspertzen naizen bakoitzean. Eta abandonatzen ditudanean, ez diat ezertxo ere sentitzen. Neskatan ibiltzen al haiz?

BIFF: Ezta zera ere. Neska zentzudun... langile batekin ezkontzea gustatuko litzaidakek.

HAPPY: Neu ere banagok horrelako baten irrikan.

BIFF: Tira! Inoiz ez hago etxean.

HAPPY: Ez nindukek egongo, ba! Nortasun handiko norbait. Emakume sendo bat. Gure ama bezalakoa. Orain esango diadana entzun ondoren, sasikumea deituko didak, baina... neska hori, Charlotte, gaur gaueko horietako bat, bost aste barru ezkontzekoa duk. (Txapela berria janzten du)

BIFF: Ez duk egia!

HAPPY: Bai, horixe. Neskaren mutila laster izendatuko ditek dendaren lehendakariorde. Ez zekiat zer gertatzen zaidan. Beharbada, konpetibitate-izpiritua bilakatuegia zeukat. Kontuak kontu, neskari hurbildu eta hondatu egiten diat. Eta aurrerantzean, berataz libratzerik ez zeukat. Hiru exekutibori egin zieat gauza bera. Gutxi balitz, euren ezteietara ere joaten nauk! (Haserre, baina barre egiten dik) Horrez gain, limurtzeko gizon zaila naizela uste ditek. Baina batzuetan manufakturatzaileek ehun dolarreko bat eskaintzen zidatek, gauzak euren modura prestatzeagatik. Badakik gizon prestua naizela, baina... neska honekin bezala duk. Horregatik gorrotatzen diat nire burua. Nik ez diat neska hori nahi; hala eta guztiz ere, bera hartu eta... maitasuna egiten zioat!

BIFF: Goazen lotara.

HAPPY: Azkenez, ez diagu ezer konpondu. Ezta?

BIFF: Ideia bat zeukat, eta ideia hau aurrera ateratzen saiatuko nauk.

HAPPY: Zein ideia da hori?

BIFF: Oroitzen al haiz Bill Oliverrez?

HAPPY: Bai, noski. Gaur egun, Oliver gizon inportantea duk. Harentzat nahi al duk berriro lan egin?

BIFF: Ez, baina bera utzi nuenean zerbait esan zidaan. Besoa nire sorbaldan jarri eta esan zian, «Biff, noizbait zerbaiten premian egongo bahintz, hator ni ikustera.»

HAPPY: Bai, oroitzen nauk. Ideia ona duk.

BIFF: Nik uste diat bera ikustera joango naizela. Hamar mila, edo gutxienez zortzi-bat mila dolar lortuko banu, etxalde polita erosiko nikek.

HAPPY: Lagunduko dik seguru. Hitaz oso ideia ona dik-eta. Edonork lagunduko liake. Itxura onekoa haiz, Biff. Horregatik esaten diat hemen gelditzeko. Noski, apartamentua erdibanatuko diagu. Eta, Biff, neskaren baten beharrik izango bahu...

BIFF: Ez. Nik egin nahi dudan lana etxalde batean egin nahi diat. Bide batez, NI NEU izango nindukek. Oraindik pentsatuko dik Oliverrek neu izan nintzela kaxa haiek lapurtu zituena?

HAPPY: Tira, aspaldi ahaztuko zuan kontu horretaz. Ia hamar urte igaro dituk-eta. Dena den, berak ez hinduen lanetik bota.

BIFF: Beno, ni botazeko asmotan zebilean. Nik uste, horregatik alde egin nuela. Ez zekiat ziur lapurra nor zen jakitera iritsi zen ala ez. Baina bazekiat nitaz oso iritzi ona zeukala. Niri bakarrik uzten zizkidaan biltegiko giltzak.

WILLY: (Behean) Kotxeko motorra koipeztatu behar al duk, Biff?

HAPPY: Ixo!

 

(Biffek Happyri begiratu dio. Happy, berriz, zorura begira dago, zerbaiten zain. Willy egongelan marmarka ari da)

 

HAPPY: Entzuten al diok?

 

(Biak zain daude. Willyk gogotik barre egin du)

 

BIFF: (Gero eta haserrago) Ez al daki amak entzun diezaiokeela?

WILLY: Biff, jertsea ez zikindu gero!

 

(Itzal mingarri batek zeharkatzen du Biffen aurpegia)

 

HAPPY: Ez al da izugarria? Biff, ez aldegin berriro. Lan bat aurki dezakek hemen. Mundua sobera ezagutu duk. Ez zekiat berarekin zer egin. Guztiz... nahastuta zegok.

WILLY: Hau lan gogorra, hau! Arranopola!

BIFF: Ama den-dena entzuten ari duk!

WILLY: Azkenez lortu al duk zita hori, Biff? Ederki!

HAPPY: Goazen lotara. Baina hitz egin bihar berarekin. Egingo al duk?

BIFF: (Gogo txarrez, ohean sartuz) Amaren aurrean? Anaia!

HAPPY: (Ohean sartuz) Elkarrizketa gozo bat izan beharko huke aitarekin.

 

(Mutilen gelako argia piskanaka itzaltzen da)

 

BIFF: (Bere artean, ohean) Berekoi alua...

HAPPY: Ixo... Lo egik, Biff.

 

(Argia itzali da. Bi anaiek hitz egiten bukatu baino lehen, behean, sukalde ilunean, Willyren zilueta nabarmen daiteke. Hozkailua ireki, zerbait bilatu eta botila bat esne atera du. Apartamentuetako argiak itzaltzen ari dira. Hostoak erori ahala, soinu bat entzuten da)

 

WILLY: Kontuz ibili neskekin, Biff. Hori baino ez diat esango. Ez egin neskei inongo promesarik. Neska batek beti sinetsiko dik-eta. Hi oraindik gazteegia haiz, Biff. Gazteegia haiz neskei serioski hitz egiteko.

 

(Sukaldean argia piztu da. Willy bere buruari ozen hitz eginez, hozkailua itxi eta mahaira doa. Edalontzi batean esne pixka bat isuri du. Bere pentsamenduetan zeharo sartuta dago. Irri antzekoa du ezpainetan)

 

WILLY: Gazteegia haiz, Biff. Lehendabiziz, eskola amaitu behar duk. Ulertzen? Etorkizuna konpondu eta gero, neska piloa izango dituk-eta. (Sukaldeko aulki bati irri zabala zuzentzen dio) Hori ere bai? Neskek dirua eskaini diatela? (Barre egiten du) Mutil, bete-betean asmatzen ari haiz.

 

(Willy piskanaka eszenatokitik kanpora doa. Sukaldeko horma zeharkatu eta ozenki hitz egiten jarraitu du, elkarrizketa normalaren bolumena hartu arte)

 

WILLY: Zer egin duk kotxea hain dirdiratsua uzteko? Miretsirik naukak, erabat. E! Ez ahaztu gurpilak, gero! Gurpilak ondo garbitu, Happy. Zapi hori erabil dezakek, bai. Ez, leihoak garbitzeko hobe duk egunkari bat erabiltzea, errazena duk-eta. Erakutsiok nola egin, Biff! Ikusten al duk, Happy? Hori duk, hori duk. Lan bikaina. Ederki egiten ari haiz, Hap. (Isildu egin da. Onarpen gisa, buruari gora eta behera eragin dio) Biff, astia duanean, etxe gainean kulunka ari den adar hori moztuko diagu. Beldur nauk ekaitzen batek ez ote duen lurrera botako eta gure teilatua joko. Esango diat nola egin. Soineko zaharren bat lortu eta adar inguruari lotuko zioagu. Gero, zerra eskuan zuhaitzera igo eta, adarra ebaki ondoren, jaitsi egingo diagu. Kotxea garbitutakoan egingo diagu. Aurrera, mutilok! Honez gero, lanak bukatuta egon beharko likek-eta. Sorpresa bat ekarri dizuet.

BIFF: (Atzetik agertuz) Zer da, aita?

WILLY: Ez. Lehendabiziz, amai ezazue lana. Sekula ez utzi lan bat bukatu arte. Ez ahaztu gero! («Zuhaitz handiei» begira). Biff, Albany herrian zabu bikaina ikusi diat. Uste diat bat erosiko dudala, eta bi zumar horien artean zintzilikatuko diagu. Oso ondo geratuko duk. Zer iruditzen zaizue? Adar horietan jar zezakeagu...

 

(Biff gaztea eta Happy gaztea hurbildu dira Willyrengana. Happyk piltzar batzuk eta ontzi bat ur dakartza. Biffek «S» letra larria brodatuta daukan sueterra janzten du. Futbol-baloia dakar eskuetan)

 

BIFF: (Eszenatokitik kanpo dagoen kotxea erakutsiz) Zer iruditzen zaizu, aita? Profesional batek ez luke hobeto egingo!

WILLY: Primeran! Primerako lana, mutilok. Ongi eginiko lana duk, Biff.

HAPPY: Non dago sorpresa hori, aitatxo?

WILLY: Kotxearen atzealdeko eserlekuan.

HAPPY: Ea zer den! (Korrika doa)

BIFF: Zer da, aita? Esan! Zer erosi duzu?

WILLY: (Barre eginez, Biffi kolpetxo batzuk emanez) Ez dik axolarik. Oparitu nahi nizuen gauza bat.

HAPPY: (Haiengana bueltaturik, jauzika) Boxeoa egiteko baloia duk! Boxeoa egiteko baloia duk!

BIFF: O, aitatxo!

WILLY: Gene Tunneyren sinadura zeukak.

 

(Happy eszenatokian agertu da boxeo-baloia ekarriz)

 

BIFF: Arranopola! Eta zuk nola zenekien horrelako bat nahi genuela?

WILLY: Beno. Giharreak lantzeko ez duk bide txarra.

HAPPY: (Hankaz gora etzanda, hankekin ariketak eginez) Pisua galtzen ari naiz. Ikusten al duzu, aitatxo?

WILLY: (Happyri) Jauzi egitea ere ona duk.

BIFF: Ikusi al duzu futbol-baloi berri hau?

BIFF: (Baloia aztertuz) Non lortu duk baloi hori?

BIFF: Entrenatzaileak esan dit pasea hobetu behar dudala.

WILLY: Benetan? Eta orduan baloia eramaten utzi dik, ezta?

BIFF: Beno, gimmasiotik hartu dut. (Isilean barre egiten du)

WILLY: (Berarekin ere barre eginez) Gaur bertan itzuliko duk.

HAPPY: (Haserre) Esan nian ez litzaiokeela gustatuko!

BIFF: Beno, itzuli egingo diat eta kito.

WILLY: (Eztabaida amaitu nahian, Happyri) Bai, horixe. Berak piska bat praktikatu nahi zian, besterik ez. (Biffi) Entrenatzaileak hire interesa sarituko dik ziuraski.

BIFF: O, bera beti ari da nire interesa saritzen, aitatxo.

WILLY: Hori duk bere gogoko hauelako. Besteren batek baloia hartuko balu, ziur istilua sortuko litzatekeela. Baina hi ospe onekoa haiz, eta horregatik ez duk istilurik gertatuko.

BIFF: Nora joango gara hurrengo bidaian, aitatxo? Benetan, hain bakarrik gaude zu gabe!

WILLY: (Mutil bakoitzaren lepoan beso bat jarrita, bateriara jaisten dira, pozik) Bakarrik, e?

BIFF: Gurekin behar zaitugu minutu bakoitzean.

WILLY: Benetan al diok hori? Sekretu bat kontatuko dizuet. Ez esan inori gero! Egunen batean negozio bat jarriko diat. Eta orduan, ez diat etxetik alde egin beharrik izango.

HAPPY: Osaba Charleyk egin duen bezala?

WILLY: Osaba Charleyrena baino askoz handiagoa! Osaba Charley inork ez dik maite eta. Beno, pittin bat maite zaiok, baina ez asko.

BIFF: Non egon zara, aita?

WILLY: Beno, bideari heldu nioan, beti bezala, eta Providence mendebalderantz jo nian. Bertako alkatea ezagutu nian.

BIFF: Providenceko alkatea!

WILLY: Esan zidaan «Egun on!». Eta nik erantzun nioan «Baita zuri ere. Hiri ederra duzue, alkate jauna!». Ondoren, kafea hartu zian nirekin. Eta gero, Waterburyra joan ninduan. Waterbury hiri polita duk. Erloju handiaren hiria, Waterburyko erlojua ospetsua duk-eta. Negozio ederra egin nian bertan. Eta gero... Bostonera. Bostonen piztu zuan iraultza. Hiri ederra, benetan. Masseko pare bat hiritan ere izan ninduan. Gero, Portlandetik eta Bangorretik zuzen-zuzenean etxera!

BIFF: Benetan, gustatuko litzaidake noizean behin zurekin joatea, aita.

WILLY: Uda heldu bezain laster.

HAPPY: Hitzematen al diguzu?

WILLY: Hi, Biff eta hirurok. Hiri guztiak erakutsiko dizkizuet. Amerika hiri ederrez eta jende atseginez beteta zegok. Eta denek ezagutzen naitek. Ingalaterra Berriko toki guztietan ezagutzen naitek. Beti izango diagu bertan ate bat edo beste irekita. Entzun ezazue hau, mutilok: adiskideak dizkiat. Ingalaterra Berriko edozein kaletan aparka zezakeat kotxea, eta lagunek zaintzen zidatek beraiena izango balitz bezala. Udan, ados?

BIFF eta HAPPY: (Aldi berean) Gora!

WILLY: Bainujantziak eramango dizkiagu.

HAPPY: Eta guk zure maletak eramango ditugu, aita.

WILLY: O, polita izango lukek, benetan! Ni Bostongo dendetan sartzen eta zuek nire maletak eramaten... Primeran!

 

(Biff jauzika hasi da, futbol-paseak egiten)

 

WILLY: Biff, partidua dela eta urduri al hago?

BIFF: Ez, zu han bertan bazaude.

WILLY: Zer diote hitaz eskolan kapitain izendatu hautenetik?

HAPPY: Gelaz aldatzen garenean, neska pila bat egoten da bere zain.

BIFF: (Willyren eskua hartuz) Larunbatean, aita, larunbatean... egundainoko gola sartuko dut... zugatik bakarrik.

HAPPY: Kontrakoen oztopoak gainditu beharko dituk.

BIFF: Joko bikaina egingo dut aitagatik. Ikusiko duzu, aita. Defentsa guztiei txiri egingo diet. Eta ikusiko duzu zer-nolako gola sartuko dudan!

WILLY: (Biffi musu emanez) A, hau guztia Bostonen kontatu behar diat!

 

(Sukaldean Bernard sartu da. Biff baino gazteagoa da. Mutil serio eta zintzoa da)

 

BERNARD: Biff, non sartu haiz? Gaur nirekin ikasiko huela esan hidan.

WILLY: E, begira nor etorri zaigun. Bernard, aurpegi txarra duk. Ez hago ondo ala?

BERNARD: Biffek ikasi behar du, osaba. Hurrengo astean azterketak ditugu-eta.

HAPPY: (Isekari, Bernarden inguruan dantza eginez) Egin dezagun boxeo, Bernard!

BERNARD: Biff! (Happygandik aldenduz) Entzun, Biff. Birnbaum jaunari entzun zioat ze, matematikak ikasi ezik, suspenditu egingo huela. Horixe esan dik, bai!

WILLY: Hobe joaten bahaiz berarekin ikastera, Biff. Segi aurrera bada!

BERNARD: Horixe esan dik, bai!

BIFF: Tira, aitatxo. Oraindik ez dituzu ikusi nire kirol zapata berriak! (Kirol zapatak ateratzen ditu Willyk ikus ditzan)

WILLY: Aizak, zapata bikainak dituk!

BERNARD: (Betaurrekoak garbituz) Kirol zapata berriak dituelako ez diote azterketa aprobatuko, osaba Willy.

WILLY: (Haserre) Zer ari haiz esaten? Hiru unibertsitateko bekaduna duk eta ez diotela azterketa aprobatuko?

BERNARD: Birnbaum jaunak esan du.

WILLY: Ez izan nazkantea, Bernard! (Bere semeei). Kakalarri galanta!

BERNARD: Ados. Etxean egongo nauk hire zain, Biff.

 

(Bernardek alde egiten du. Hirurek barre egiten dute)

 

WILLY: Bernard ez duk oso jatorra, ezta?

BIFF: Jatorra da, bai. Baina ez oso jatorra.

HAPPY: Egia, aita.

WILLY: Horixe esan nahi nian. Bernardek notarik onenak lor zitzakek eskolan, baina negozioen munduan sartzen denean, bera baino askoz urrunago iritsiko zarete zuek. Horregatik, Jainko Guztiahaldunari eskerrak ematen zizkioat, zuek bezalako gizaseme jatorrak eta ondo eginak eman izanagatik. Itxura oneko gizonak, besteek baino jatorragoa ematen duenak, horretxek lortzen dik negozioen munduan aurrera ateratzea. Itxura ona baduzue, den-dena izango duzue. Begira niri: ez diat inoiz ilada egin behar izan bezero batekin egon ahal izateko. «Hemen zegok Willy Loman» esaten dudanean, ate guztiak zabal aurkitzen dizkiat.

BIFF: Txundituta uzten dituzu denak, ezta, aita?

HAP (Hankaz gora, berriro ariketak eginez) Begira, aitatxo. Pisua galtzen ari naiz.

 

(Linda agertu da bertan. Xingola bat du ilean. Arropa garbia dakar)

 

LINDA: (Gazte baten kemenaz) Kaixo, laztana!

WILLY: Kaixo, maitea!

LINDA: Zer moduz zure Chevrolet?

WILLY: Chevrolet kotxea, Linda, inoiz egin den kotxerik onena da. (Mutilei bueltatuz) Noiztik uzten diozue amari arropa garbia eskaileretan gora eramaten?

BIFF: Hartu hortik, motel!

HAPPY: Non jarri behar dugu, amatxo?

LINDA: Jarri hor, korda horren azpian. Eta hi, Biff, hobe adiskideengana jaisten bahaiz. Etxe-aurrea hire adiskidez beteta zegok-eta. Ez zekiate zer egin.

BIFF: Aita etxean dagoenean, adiskideei itxarotea tokatzen zaie.

WILLY: (Harro-harro, barrez) Jaitsi behera eta esaiek zer egin, Biff.

BIFF: Antzarak ferratzera bidaliko ditut.

WILLY: Ederki, Biff.

BIFF: (Sukaldeko hormatik atzealdeko ateraino joanez eta deiadar eginez) Lagunok! Zoazte egurastera! Ni gero jaitsiko nauk-eta.

AHOTSAK: Ados! Konforme, Biff!

BIFF: George, Sam, Frank! Zoazte gu gabe! Arropa garbia zintzilikatzen ari gaituk! Tira, Hap. Azkar! (Berak eta Happyk arropa garbiaren tina jasotzen dute)

LINDA: Nola obeditzen dioten!

WILLY: Beno, hori heziketa onagatik da. Heziketa onagatik. (Gaiz aldatuz) Asko saltzen ari nintzen, baina etxera itzuli beharra neukan.

LINDA: O, auzo osoa egongo da futbol-partidu horretan. Zerbait saldu al duzu?

WILLY: Bostehun dolar Providencen eta zazpirehun Bostonen.

LINDA: Zer! Zaude, lapitza hartuko dut-eta. (Amantalaren patrikatik lapitza eta papera ateratzen ditu) Orduan, zure komisioa... berrehun dolarrekoa da! Jainko maitea! Berrehun eta bederatzi dolar!

WILLY: Beno, nik ez ditut kontuak atera, baina...

LINDA: Zenbat saldu duzu?

WILLY: Beno, nik... gutxi gora-behera... Providencen ehun bat dolar atera nituen. Beno, ez... gutxi gora-behera berrehun dolar bidaia osoan.

LINDA: (Duda-mudatan ibili gabe) Berrehun dolar. Hori da... (Zenbakiak egiten ditu)

WILLY: Zoritxarrez hiru denda itxita zeuden, inbentarioa egiten eta horrela. Bestela, lehengo marka gaindituko nukeen!

LINDA: Beno, hirurogei dolar eta penike batzuk irabazi dituzu. Oso ongi dago.

WILLY: Zenbateko zorra daukagu?

LINDA: Bada, hirurogei dolar hozkailuagatik...

WILLY: Nola hirurogei...?

LINDA: Pieza bat izorratu zen, eta konponketa laurogei dolarrekoa izan da.

WILLY: Baina hozkailu berria da.

LINDA: Konpontzaileak normala dela esan du.

 

(Irudizko hormatik aurrera sukaldean sartu dira)

 

WILLY: Ea ez digun berriro huts egiten!

LINDA: Telebistaz gehien iragartzen dena da.

WILLY: Badakit. Hozkailu bikaina da-eta. Zer gehiago?

LINDA: Beno, ikuztegiarena dolar bat eta hirurogei da. Eta aspiragailuagatik hiru dolar t'erdi ordaindu beharko dugu hiru aste barru. Gero, teilatuaren konponketa dago. Hogeita bat dolar.

WILLY: Itoginik ez dago orain, ezta?

LINDA: Ez, lan bikaina egin dute. Franki karburadorearena zor diozu.

WILLY: Ez diot ordainduko! Chevrolet madarikatua! Debekatu beharko lukete kotxe hori fabrikatzea.

LINDA: Beno, hiru dolar t'erdi zor diozu. Guztira, ehun eta hogei dolar.

WILLY: Ehun eta hogei dolar! Jainkoarren, negozioak onera ez badu egiten, ez dakit non bukatuko dugun!

LINDA: Hurrengo astean hobeto aterako dira gauzak.

WILLY: Gogor saiatuko naiz. Hartfordera joango naiz, hiri horretan ondo hartzen naute-eta. Aizu, Linda... Toki batzuetan ez didate abegi ona egiten... Koxka hortxe dago...

 

(Aurreko eszenatokira pasatzen dira)

 

LINDA: Tira, ez izan txotxoloa.

WILLY: Dendetan sartzen naizenean, konturatzen naiz. Badirudi nitaz barre egiten dutela.

LINDA: Baina zergatik? Zergatik barre egin beharko lukete zutaz? Ez hitz egin horrela, Willy.

 

(Willy eszenatokiaren bazter baterantz doa. Linda sukaldean sartu eta hamaika aldiz konpondutako galtzerdiak josten hasi da)

 

WILLY: Nik ere ez dakit zergatik, baina ez didate kasurik egiten. Nitaz inor ohartuko ez balitz bezala.

LINDA: Baina, laztana. Oso ongi egiten ari zara. Hirurogeitik ehun dolarrera bitartean irabazten duzu astean.

WILLY: Bai, baina hamar edo hamabi orduz lan egin behar izaten dut egunero. Ez dakit... Beste batzuek... errazago irabazten dute dirua. Arrazoia ez dakit baina... zaila egiten zait neure burua menderatzea... uste dut... gehiegi hitz egiten dudala. Hitz gutxiko gizon bat dago, eta begirune handiz hartzen dute denek.

LINDA: Zuk ez duzu gehiegi hitz egiten. Kementsua zara, besterik ez.

WILLY: (Irri eginez) Zer demontre! Bizitza laburra da, txantxa bezalakoa da. (Bere artean) Txantxa gehiegitxo beharbada... (Irria ezabatzen du)

LINDA: Zer ari zara esaten? Zu...

WILLY: Ni lodikote galanta naiz. Itxura barregarria dut, Linda. Ez nizun ezer aipatu, baina... Joan den urteko Gabonetan, F.H. Stewats-ekin bildu behar nuen... badakizu, erosle harekin... eta bere bulego aurrean zain nengoela, bertan zegoen beste saltzaile bati ez dakit zer entzun nion... mortsa bati buruz... Nik aurpegira begiratu nion zuzen-zuzenean... Agian ez nion garrantzirik eman beharko, baina... Besteek barre egin zuten... Ondotxo dakit, bai.

LINDA: Baina, laztana...

WILLY: Gainditu beharra daukat, gainditu... Beharbada ez nago dotore jantzita.

LINDA: Willy, munduko gizonik dotoreena zara.

WILLY: Ez, Linda. Bai zera.

LINDA: Niretzat bai, behintzat. (Isilunea) Dotoreena.

 

(Ilunetik emakume baten barre-algara atera da. Willy ez da bueltatu. Lindarekin hizketan jarraitu du)

 

LINDA: Gure semeak, Willy. Gizon gutxik daukate zuk daukazun maitasuna.

 

(Soinu bat entzuten da, etxetik ezkerretara. EMAKUMEA, besteen bistatik kanpo, janzten ari da)

 

WILLY: (Bizkor) Hemen zeu zara hoberena, Linda. Emazte aparta zara. Benetan. Batzuetan... autobidean nagoela, nirekin zaudela iruditzen zait. Eta orduan, zuri musu emateko gogo itzela sartzen zait.

 

(Barrea altuago entzuten da orain. Argitan dagoen alderantz jotzen du Willyk. Hantxe EMAKUMEA dago, bionbo baten atzetik atera berria da-eta. Kapela kendu, ispilu baten aurrean gelditu eta barre egiten du)

 

WILLY: Hain bakarrik sentitzen naiz... Batez ere, negozioa gaizki doanean; nire ondoan hitz egiteko inor ez dudanean. Orduan, gehiago ez dudala salduko iruditzen zait. Eta beldur naiz zuen ogia irabazteko gauza ez naizela luzaroago izango. Edo negozio bat jarri, mutilentzat... (EMAKUMEAren barrea itzali ahala, Willyren ahotsa altuago entzuten da. EMAKUMEA ispiluaren aurrean apaintzen ari da) Gauza pila bat lortu nahi nuke....

EMAKUMEA: Niretzat? Hik ez ninduan aukeratu, Willy. Neuk aukeratu hindudan.

WILLY: (Pozik) Bai, benetan?

EMAKUMEA: (Itxura onekoa, Willyren adinekoa) Bai, horixe. Bulegoan eserita egoten ninduan beti. Hamaika bat saltzaile pasatzen zuan egunero nire aurretik. Baina hik beti izaten huen horrelako umore ona... Oso atsegina izaten zuan hirekin egotea.

WILLY: Bai, ezta? (Besarkatu egiten du) Oraintxe bertan alde egin behar al dun?

EMAKUMEA: Ordubiak dituk...

WILLY: Berdin zion. Hator hona! (Barrurantz bultzatzen du)

EMAKUMEA: Eskandalua gertatuko duk. Nire ahizpak, badakik. Noiz itzuliko haiz?

WILLY: Bi aste barru-edo. Etorriko al haiz?

EMAKUMEA: Bai, noski. Hirekin barre egiten diat. Eta barre egitea ona duk niretzat. (Besarkatu eta musukatu egiten du) Gainera, gizon aparta haiz.

WILLY: Aukeratu nindunan, ezta?

EMAKUMEA: Dudarik gabe. Hain jatorra haiz... Eta hain umore onekoa...

WILLY: Tira. Bostonera etortzen naizenean, elkarrekin egongo gaitun.

EMAKUMEA: Besteak baino lehenago egongo haiz erosleekin. Nire kontu.

WILLY: (Zaplada bat ipurdian joaz) Oso ongi! Dirua eta osasuna: horixe behar dinagu-eta.

EMAKUMEA: (Willy maitasunez laztanduz eta barre eginez) Hilko nauk, Willy. (Willyk bera besarkatu eta zoro baten moduan musukatzen du) Zoratuta naukak. A, eta eskerrik asko galtzerdiengatik, maitea. Asko gustatzen zaizkidak. Beno, gabon.

WILLY: Bai, gabon. Eta gogora hadi nitaz.

EMAKUMEA: O, Willy!

 

(EMAKUMEA barrezka hasi da. Linda ere barrez dago. EMAKUMEA ilunean desagertu da. Sukaldeko mahaia argitzen da. Linda bertan dago, lehen zegoen moduan, zetazko galtzerdiak josten)

 

LINDA: Bai, Willy. Gizonik dotoreena zara zu. Atsekabez egoteko arrazoirik ez daukazu.

WILLY: (EMAKUMEAren alde ilunetik ateraz eta Lindarengana hurbilduz) Arazo horiek bukatu behar dira. Nik...

LINDA: Den-dena oso ondo doa. Zintzo jokatzen ari zara...

WILLY: (Linda galtzerdiak josten ari dela konturatuz) Zertaz ari zara?

LINDA: Galtzerdiak saretu dira. Eta hain garestiak dira...

WILLY: (Haserre, galtzerdiak eskuetatik kenduz) Etxe honetan ez dituzu galtzerdiak josiko! Bota itzazu oraintxe bertan!

 

(Lindak patrikan gordetzen ditu)

 

BERNARD: (Gelan sartuz) Non dago? Ikasten ez badu...

WILLY: (Aurreko eszenatokirantz joanez, oso asaldatuta) Azterketa txibatu behar diok!

BERNARD: Gustura egingo nuke, baina ez hau bezalako azterketa inportante batean. Ni gartzelan sartzeko gai izango ziren!

WILLY: Non dago? Zigortu egingo dut! Zigortu egingo dut!

LINDA: Futbola utziko balu, hainbat hobe. Joku hori ez da batere ona.

WILLY: Biff! Non dago? Zergatik jokatzen du horrela?

LINDA: Ausartegia da neskekin, Willy. Auzoko ama guztiak haren beldur dira.

WILLY: Zigorra emango diot!

BERNARD: Kotxea erabiltzen du gida-baimenik gabe!

 

(EMAKUMEAren barrea entzuten da)

 

WILLY: Hago isilik!

LINDA: Auzoko ama guztiak...

WILLY: Aski da!

BERNARD: Gogoz ez badu ikasten, matematikak suspendituko ditu.

 

(Bernard kanpora doa)

 

LINDA: Arrazoi du, Willy. Zerbait egin behar duzu...

WILLY: (Haserre eginda) Kontu honek ez du zerikusirik berarekin! Bernard den inozo hutsa nahi al duzu Biff ere izatea? Biff bulartsua da; nortasun handikoa da...

 

(Hitz egiten duen bitartean, Linda egongelara doa, ia-ia negarrez. Willy sukaldean bakarrik dago, bihotzik gabe eta begirada nonbait galduta. Hostoak erortzetik gelditu dira. Berriro gaua da. Apartamentuak ere ageri dira, atzean)

 

WILLY: Lur jota nauka. Lur jota! Zer lapurtu du orain? Itzuli al du? Zergatik egiten ditu lapurreta horiek? Zer esaten diot nik? Ez nintzen inoiz eredu txarra izan.

 

(Happy pijama jantzita eskaileran behera agertu da; Willy bat-batean ohartu da Happy hortxe dagoela)

 

HAPPY: Goazen, aita. Goazen gora.

WILLY: (Sukaldeko mahaian eseriz) Zergatik jarraitzen du Lindak zolua ezkoaz garbitzen? Horrela egiten duen bakoitzean, gaisotu egiten duk. Berak bazekik!

HAPPY: Isilik, arren! Lasai zaitez. Zergatik itzuli zara?

WILLY: Gauza benetan ikaragarria gertatu zaidalako. Yonkersen haur bat harrapatzeko zorian egon nauk. Gidatuz nindoan eta... Zergatik ez nintzen Alaskara joan nire anaiarekin? A, nire anaia Ben! Hura bai gizon aparta! Arrakasta bera zuan! Nola tronpatu nintzen! Berak eskatu zidaan berarekin joatea...

HAPPY: Beno, orain ez dago zertan...

WILLY: Zuek bai gizagaixoak! Bizkarrean zakutxo bat hartu eta handik laster diamante-meatz baten jabea zuan!

HAPPY: Egunen batean jakin nahi nuke nola lortu zuen.

WILLY: Non dago misterioa bada? Berak bazekian zer nahi zuen. Beraz, hara joan eta lortu egin zian. Oihanean sartu zuan. Eta berriro atera zenean... aberatsa zuan! Hogeita bat urte zizkian! Mundua ostra bezalakoa duk, baina hik ez duk irekiko koltxoian gozo-gozo etzanda gelditzen bahaiz!

HAPPY: Aita, lanetik erretiratuko zarela hitz eman dizut.

WILLY: Nola? Hirurogeita hamar dolar madarikatu irabazten? Eta heure emakumeak? Eta heure kotxea? Eta heure apartamentua? Erretiratu! Jainkoarren, ez nauk Yonkerstik aurrera joateko gai izan! Non zaudete? Non zaudete? Ezin diat kotxe bat gidatu!

 

(Atean Charley agertu da. Gizon altua da, eta poliki-poliki hitz egiten du. Hitz gutxiko eta egonarri handikoa da. Hitz egiten duenean, urrikaltasun antzeko zerbait nabari zaio. Pijama gainean txabusina janzten du. Etxeko xapatak dauzka. Sukaldean agertu da)

 

CHARLEY: Dena ongi?

HAPPY: Bai, Charley. Dena...

WILLY: Arazorik ala?

CHARLEY: Zarata entzun diat. Zerbait gertatzen ari zela pentsatu diat. Horma hauekin zerbait egin beharko genikek. Hemen doministiku egin eta kapela hegan nire etxean.

HAPPY: Goazen ohera, aita. Zatoz.

 

(Charleyk keinu bat egin dio Happyri, alde egin dezan)

 

WILLY: Hoa hi ohera. Ni ez nagok nekatuta.

HAPPY: (Willyri) Beno, baina egon lasai. Ados? (Badoa)

WILLY: Zer ari haiz jaikita oraindik?

CHARLEY: (Sukaldeko mahaian eseriz, Willyren aurrean) Ezin diat lo egin. Urdaileko minez nagok-eta.

WILLY: Ez dakik neurriz jaten.

CHARLEY: Hortzez jaten diat nik.

WILLY: Ez. Ezjakin hutsa haiz. Bitaminak eta horrelako gauzak existitzen direnik ere ez dakik.

CHARLEY: Tira. Joka dezaguan kartetan. Horrek distraituko gaitik eta.

WILLY: (Duda-mudatan) Konforme. Kartak ekarri al dituk?

CHARLEY: (Kartak poltsikotik ateraz) Bai, hementxe zeudek. Zer da bitaminen kontu hori?

WILLY: (Kartak banatuz) Hezurrak sendotzeko balio ditek. Kimika.

CHARLEY: Bai, baina... urdailean ez zegok hezurrik.

WILLY: Zer diok? Ezer dakik hik ala?

CHARLEY: Ez iraindu.

WILLY: Bada orduan ez hitz egin ez dakizkian kontuez.

 

(Kartetan jokatzen jarraitu dute. Isilunea)

 

CHARLEY: Zergatik hago etxean?

WILLY: Arazo txiki bat izan diat kotxearekin.

CHARLEY: A! (Isilunea) Bidaia bat egin nahi nikek Kaliforniara.

WILLY: Benetan? (Berotasun handirik gabe)

CHARLEY: Nahi al duk lan bat?

WILLY: Nik badiat lana. Sarritan esan diat. (Isilunea) Zer arraioengatik eskaini behar didak lan bat?

CHARLEY: Iraindu gabe.

WILLY: Orduan ez nazak ni irain.

CHARLEY: Honek ez dik zentzurik. Horrela ez hoa inora.

WILLY: Lan ona diat. (Isilunea) Zergatik etorri haiz?

CHARLEY: Nahi al duk nik alde egitea?

WILLY: (Isilune baten ondoren, mesprezuz) Ezin zioat ulertu. Berriro Texasera itzuli nahi dik. Zer demontre dago han?

CHARLEY: Utziok joaten.

WILLY: Zerbait eman nahi niokek, baina ez zeukat ezer. Txakurrik gabe nagok-eta.

CHARLEY: Gosez ez duk hilko. Gaur inor ez duk gosez hiltzen. Ahaztu kontu horretaz.

WILLY: Zer dauka buruan?

CHARLEY: Gehiegi kezkatzen haiz. Pikotara kontu hori! Izan bedi Jainkoak nahi duena eta kito.

WILLY: Hiretzat oso erraza duk hori esatea.

CHARLEY: Niretzat ez duk oso erraza.

WILLY: Ikusi al duk sabai berria? Neuk jarri diat.

CHARLEY: Bai, artelana duk. Sabai bat jartzea misterio hutsa duk niretzat. Nola egin duk?

WILLY: Horrek ez dik axolarik.

CHARLEY: Tira, esan.

WILLY: Sabairik jarri nahian al habil?

CHARLEY: Nola jarriko dut nik sabai bat?

WILLY: Orduan zer arraio ari haiz ni izorratzen?

CHARLEY: Berriro hasi haiz ni iraintzen.

WILLY: Erremintak erabiltzen ez dakien gizona ez duk benetako gizona. Nazkagarria haiz.

CHARLEY: Niri ez deitu nazkagarria, Willy.

 

(Osaba Ben, maleta eta euritako bat eskuetan, etxearen ezkerreko izkinatik sartu da eszenatokian aurrerantz. Gizon ausarta da. Bibotea du, eta itxuraz aginduzalea da. Bere buruarekiko konfidantza handia du, eta badirudi urrutiko leku askotan ibili dela. Willy hizketan ari dela, bera sartu da)

 

WILLY: Guztiz lur jota nagok, Ben.

 

(Benen soinua entzuten da. Benek alde guztietara begiratzen du)

 

CHARLEY: Ongi zegok. Segi kartetan jokatzen. Hobeto lo egingo duk-eta. «Ben» deitu al didak?

 

(Benek erlojuari begiratu dio)

 

WILLY: Barregarria duk. Segundu batez, nire Anaia Ben ekarri didak gogora.

BEN: Minutu batzuez baino ezin nauk gelditu. (Buelta osoa ematen du, tokia arakatuz. Willyk eta Charleyk kartetan segitzen dute)

CHARLEY: Haren berri ez huen inoiz izan, ezta?

WILLY: Ez al zizun Lindak esan? Orain dela aste batzuk, bere emazteak eskutitz bat bidali ziguan Afrikatik. Hil egin duk.

CHARLEY: Hori ere al dugu?

BEN: Beraz... Hau da Brooklyn?

CHARLEY: Agian zerbait utzi dik.

WILLY: Ezta zera ere. Zazpi seme-alaba zizkian. Aukera bakarra izan nian nik gizon harekin...

BEN: Trena hartu behar diat, William. Alaskara noak, altxor bila.

WILLY: Horrelaxe duk, bai; horrelaxe duk. Garai hartan berarekin joan izan banintz Alkaskara, gaur egun gauzak oso bestelakoak izango lituzkek.

CHARLEY: Tira, hotzez hilko hintzen han.

WILLY: Zer diok hik?

BEN: Alaskan zeudek aukerarik onenak, William. Zergatik ez duk etorri nahi? Harrituta nagok.

WILLY: Bai, horixe. Aukerarik onenak.

CHARLEY: Zer?

WILLY: Erantzunak ezagutzen zizkian. Bera bezalakorik ez diat sekula ezagutu. Paregabea zuan.

CHARLEY: Nor?

BEN: Zer moduz doazkik gauzak?

WILLY: (Karta bat hartuz, irriz) Ongi, ongi.

CHARLEY: Maltzur samar ari haiz gaur jokatzen.

BEN: Ama hirekin bizi al da?

WILLY: Aspaldi hil zuan.

CHARLEY: Nor?

BEN: Tamalgarria. Emakume aparta izan zuan.

WILLY: (Charleyri) Zer?

BEN: Egunen batean ama berriro ikustea espero diat.

CHARLEY: Nor hil da?

BEN: Aitaren berri jakin al huen?

WILLY: (Beldur) Zer esan nahi duk? Nor hil da?

CHARLEY: (Karta bat hartuz) Zertaz mintzatzen ari haiz?

BEN: (Erlojuari begiratuz) William, zortzi t'erdiak dituk!

WILLY: (Bere egoera nahasgarri horretatik atera nahian, Charleyren eskuari helduz) Hago! Niri tokatzen zaidak-eta.

CHARLEY: Baina batekoa jarri diat...

WILLY: Ez badakik jokatzen, ez duk nire errua. Nik dirua ez diat alferrik galtzen.

CHARLEY: (Kartak jasoz eta aterantz abiatuz) Ados! Hurrengoan karta faltsuekin jokatuko diagu!

WILLY: Ez dizkiat karta horiek batere nire gustuko!

CHARLEY: (Une batez geldituz) Heure buruaz lotsatu beharko huke!

WILLY: Zer?

CHARLEY: Horixe, ba! (Badoa)

WILLY: (Atea danbada batean itxiz) Ezjakin halakoa!

BEN: (Willy harengana hurbiltzen da, sukaldeko horma zeharkatuz) Beraz, hi haiz William.

WILLY: (Beni bostekoa emanez) Ben! Luzaz egon nauk hire zain! Nola lortu huen? Nola egin huen?

BEN: O, istorio luzea duk.

 

(Linda eszenatokiaren aurrealdetik sartu da. Bokataren tina dakar)

 

LINDA: Hau al da Ben?

BEN: (Gizalegez) Zer moduz, andrea?

LINDA: Baina non egon zara azken urteotan? Willyk beti galdetzen zion bere buruari non...

WILLY: (Lindaren galdera etenez, eta Ben berarekin eramanez). Non dago aita? Beraren atzetik joan al hintzen? Nola hasi hintzen?

BEN: Tira. Ez zekiat zenbatez oroitzen haizen...

WILLY: Beno, ni haurra ninduan. Hiru-lau urte izango nizkian...

BEN: Hiru urte eta hamaika hilabete.

WILLY: Hori bai oroimena, hori!

BEN: Hainbat enpresa dizkiat, eta ez diat inoiz libururik irakurri.

WILLY: Gurdi baten azpian eserita nengoela oroitzen nauk... Nebraskan ote geunden?

BEN: Ez, Dakota hegoaldean. Nik basalore-xorta bat eman nian.

WILLY: Bide zabal batetik genbiltzala oroitzen nauk.

BEN: (Barrez) Alaskara nindoaan, aitaren bila.

WILLY: Non dago?

BEN: Garai hartan ia ez nekian ezer geografiari buruz. Egun batzuk pasata, hegoalderantz nindoala ohartu ninduan. Azkenez, Alaskan bukatu beharrean, Afrikan bukatu nian.

LINDA: Afrikan!

WILLY: Urrezko Itsasaldea!

BEN: Diamante-meatzeak, batez ere.

LINDA: Diamante-meatzeak!

BEN: Bai, Linda. Aizak, minutu batzuk baino ez dizkiat...

WILLY: Ez! Mutilok! Mutilok! (Biff eta Happy gazteak agertzen dira) Entzun. Hemen duzue osaba Ben. Gizon aparta duk! Esan zerbait nire mutilei, Ben!

BEN: Bai, mutilok. Horrelaxe duk. Hamazazpi urte nizkian oihanean sartu nintzenean. Eta hogeita bat, handik berriro atera nintzenean. Eta... jainkoarren! Aberatsa ninduan. (Barre egiten du)

WILLY: (Mutilei) Ikusten al duzue arrazoia nirea zela? Gauzarik harrigarrienak gerta daitezkek!

BEN: (Erlojuari begiratuz) Ketchikan egon behar diat osteguna baino lehen.

WILLY: Ez, Ben! Arren, hitz egiek aitari buruz. Horrela, nire mutilek jakingo ditek zer-nolako ezpaletik datozen. Nik bizar-luzeko gizon bat besterik ezin diat gogoratu, eta amaren altzoan nengoan ni, su inguruan. Eta soinu berezi bat entzuten zuan.

BEN: Flauta-soinua izango zuan, aitak flauta jotzen zian-eta.

WILLY: Bai, horixe! Flauta zuan!

 

(Soinua entzuten da, alai eta altua)

 

BEN: Gizon berezia izan zuan, kemen handikoa. Bostonera abiatu ginenean, gurdia prestatu eta berak gidatu zian talde osoa herrialdean zehar. Herri txikietan gelditzen ginduan, eta bidean, berak egiten zituen flautak saltzen genizkian. Asmatzaile ona zuan gure aita. Tresna bakarrez, gutako batek bizitza osoan egin dezakeena baino askoz gehiago egiten zian berak begi itxi-ireki batean.

WILLY: Izpiritu horretaz hazi nahi dizkiat nik neure mutilak. Suharrak, ausartak, langileak izan daitezean.

BEN: Benetan? (Biffi) Jo ezak hemen, gazte. Jo ezak ahal duan indar guztiez. (Sabela eskaintzen dio)

BIFF: O, ez, jauna!

BEN: (Boxeolari-itxura hartuz) Tira, jo nazak! (Barre egiten du)

WILLY: Aurrera, Biff! Erakutsiok nor haizen!

BIFF: Ederki! (Ukabilak hertsi eta hasten da)

LINDA: (Willyri) Zergatik borrokatu behar du, Willy?

BEN: (Boxeo-keinuak eginez) Ederki! Primeran egiten duk!

WILLY: Zer iruditzen zaik, Ben?

HAPPY: Erabilzak ezkerra, Biff!

LINDA: Zergatik borrokatzen zarete?

BEN: Oso ondo, gazte! (Bat-batean Biffengana joan eta zangartekoa egiten dio. Gero, oina gainean jartzen dio, eta euritakoaren punta Biffen begiaren inguruan zabunkatzen du, mehatxukor)

LINDA: Kontuz, Biff!

BIFF: Ai!

BEN: (Zapladatxo batzuk Biffen belaunean joaz) Ezagutzen ez duan batekin ez borrokatu gogor inoiz, gazte. Horrela ez huke sekula lortuko oihanetik ateratzea. (Lindaren eskua hartuz eta kilimusi eginez) Ohore eta atsegin handia izan da zu ezagutzea, Linda.

LINDA: (Eskua bestearengana luzatuz, beldurrez) Bidaia ona egizu.

BEN: (Willyri) Eta zorte ona izan zeure... zer egiten duzu?

WILLY: Saltzailea naiz.

BEN: Bai, beno... (Eskua jaso eta denei agur esaten die)

WILLY: Ez, Ben. Ez joan oraindik. Begira... (Benen sorbaldari besoaz inguratu eta berarekin eramaten du) Hau Brooklyn da, badakizu... Baina oraindik ehizan ibiltzen gara.

BEN: Ez!

WILLY: O, benetan. Sugeak eta untxiak daude. Horregatik etorri ginen hona bizitzera. Begira, Biff zuhaitz horietako batera igotzen da amen batean! Mutilak! Zoazte oraintxe bertan apartamentu berriak eraikitzen ari diren tokira, ea lortzen duzuen harea pixka bat. Ate aurreko harmailak nola egiten ditugun ikusiko duzu! Begira, Ben.

BIFF: Bai, nire kapitaina. Urrats arinean, Hap!

HAPPY: (Biak korrika aldenduz) Begira, aita. Ariketak egiten ari naiz.

 

(Mutilek aldendu baino lehentxeago, Charley agertu da udako praka motz batzuk jantzita)

 

CHARLEY: Aizu, Willy, obra horietatik beste zerbait lapurtzen badute, zaintzaileak gartzelara bidaliko ditu!

LINDA: (Willyri) Egizu zerbait...

 

(Benek gogoz barre egiten du)

 

WILLY: Aurreko astean ekarri zituzten oholak ikusi beharko zenituzkeen. Gutxienez hamabi-edo izango ziren.

CHARLEY: Aizu, zaintzailea...

WILLY: Infernura bidaliko ditut, aditzen? Baina gizon izukaitzak bihurtuko ditut!

CHARLEY: Willy, gartzelak gizon izukaitzez beteta daude.

BEN: (Willyren bizkarrean kolpetxoak joz eta Charleyz barre eginez) Baita Burtsak ere, adiskide!

WILLY: (Benekin batera barre eginez) Non daukazu praken beste erdia?

CHARLEY: Nire emazteak erosi zituen.

WILLY: Golf-klub batean sartzea besterik ez zaizu falta. Etxera joan zaitezke lo-kuluxka bat egitera. (Beni) Atleta aparta! Bera eta bere semea iltze bat iltzatzeko gauza ere ez dira.

BERNARD: (Korrika agertuz) Zaindaria Biffen atzetik dabil! Lapurretan harrapatu du-eta!

WILLY: (Haserre) Zaude isilik! Ez zebilen lapurretan!

LINDA: (Erabat asaldatuta, ezkerretara bizkor alde eginez) Non dago? Biff, maitea! (Badoa)

WILLY: (Bera ere ezkerretarantz, Benengandik urrunduz) Dena ongi dago. Non dago arazoa, bada?

BEN: Mutil ausarta, benetan aparta duk!

WILLY: (Barrez) Bai, zainak zeuzkak indartsuak Biffek!

CHARLEY: Ez dakik zer esaten ari haizen. Lehengo egunean, Ingalaterra Berriko saltzailea hil ziaten labankadaz.

WILLY: Harremanak, Charley. Harreman inportanteak dizkiat.

CHARLEY: (Zirtolari) Poza ematen zidak hori entzuteak, Willy. Gero, hator nire etxera, bingoan jokatuko diagu-eta. Portlanden lortu duan dirua mailegatuko diat. (Willyz barre egin eta alde egiten du)

WILLY: (Benengana bueltaturik) Negozioa gaizki zoak, baina ez niretzat. Ez horixe.

BEN: Afrikara itzuli baino lehen, berriro hemendik pasatuko nauk.

WILLY: (Irrikaz) Ez al daukak egun batzuk gurean igarotzerik? Heu haiz nik behar dudana, Ben. Nik... nik... zera... Posizio ona diat hemen, bai... baina... ni haurra ninduan aitak utzi gintuenean... eta... ez nian inoiz izan berarekin hitz egiteko aukerarik. Batzuetan... ez zekiat...

BEN: Trena hartu behar diat. Berandu duk.

 

(Eszenatokiaren aurre-aurrean daude)

 

WILLY: Ben, nire mutilak... Ezin diagu hitz egin? Ifernuko gartzeletara bidaliko dizkiat, baina...

BEN: William, primeran egiten ari haiz. Mutil apartak dituk. Primerakoak!

WILLY: (Liluraz) O, Ben. Benetan pozgarria duk hori entzutea! Batzuetan, aita ona ba ote naizen galdegiten zioat nire buruari. Ben, nola hazi behar ditut semeak?

BEN: (Hitz bakoitzari indar handia emanez, ausarkeriaz) William, oihanean sartu nintzenean, hamazortzi urte nizkian. Handik atera nintzenean, berriz, hogeita bat. Eta, Jainkoarren, aberatsa ninduan! (Ben ilunean desagertzen da, etxearen eskuineko izkinatik)

WILLY: ... aberatsa zuan! Izpiritu horretaz hazi nahi nitizkek semeak. Oihanean sartu! Zuzen nengoan! Zuzen nengoan! Zuzen nengoan!

 

(Benek alde egin badu ere, Willyk oraindik jarraitzen du bere buruarekin bakarka hitz egiten. Bien bitartean, Linda, ohe-soinekoa jantzita, sukaldean sartu da Willyren bila. Alde guztietara begiratu eta gero, kaleko aterantz doa. Willy bertan aurkitu du. Willyk begiratzen dio)

 

LINDA: Willy, laztana? Willy?

WILLY: Zuzen nengoan!

LINDA: Jan al duzu gazta apur bat? (Ezin dio ezer erantzun) Oso berandu da. Goazen ohera. Ados?

WILLY: (Gorantz begiratuz) Etxarte honetan izar bakarra ikusi ahal izateko, lepoa bihurritu behar.

LINDA: Goazen?

WILLY: Zer gertatu zen diamantezko sakel-erlojuarekin? Ben Afrikatik itzuli zenean, oparitu zidanarekin? Zeren, horrelako erlojua oparitu zidan, ezta?

LINDA: Bahitu egin zenuen. Ez duzu gogoratzen? Duela hamabi, hamairu hurte. Biffen irrati-ikastarorako.

WILLY: Negozio ederra! Egurastera noa.

LINDA: Baina, etxeko zapatak dauzkazu jantzita!

WILLY: (Etxearen ezkerretarantz abiatuz) Zuzen nengoan! Bai, horixe! Hura bai gizona, hura! Bene-benetakoa! Zuzen nengoan!

LINDA: (Willyri deika) Jantzi zapatak behintzat!

 

(Willy ia-ia desagertu denean, Biff, pijama jantzita, eskaileratik jaitsi eta sukaldean sartu da)

 

BIFF: Zer egiten ari da etxetik kanpo?

LINDA: Ixo!

BIFF: Jainkoarren, ama! Noiztik dabil horrela?

LINDA: Bihar goizean pasako zaiok.

BIFF: Zerbait egin beharko genuke.

LINDA: O, bai. Gauza asko egin hintzake. Baina ez zegok zer eginik. Beraz, itzul hadi lotara.

 

(Happy eskaileratik jaitsi eta mailetan eseri da)

 

HAPPY: Hain ozen mintzatzen ez diot inoiz entzun, ama.

LINDA: Beno, ba hator etxera noiz edo noiz eta entzun egingo diok.

 

(Mahaian eseri eta Willyren jaka adabatzen hasi da)

 

BIFF: Zergatik ez zenidan idatzi guzti honi buruz, ama?

LINDA: Idatzi! Nora? Hiru hilabetez ez duk-eta helbiderik izan!

BIFF: Leku batetik bestera nenbilen. (Isilunea) Baina zuk badakizu beti zutaz pentsatzen dudala. Hori behintzat badakizu, ezta, amatxo maitea?

LINDA: Bai, bazekiat, laztana. Bazekiat. Baina berari gustatzen zaiok noizean behin eskutitz bat edo beste jasotzea. Horrek ilusio berria ekartzen ziok, gauzak konpontzeko itxaropena...

BIFF: Baina beti ez da horrela ibiliko, ezta?

LINDA: Etxera itzultzen haizenean, okerrago jartzen duk.

BIFF: Etxera itzultzen naizenean?

LINDA: Etxera hatorrela idazten duanean, pozaren pozez zebilek. Etorkizunaz hitz egiten dik, atsegin jokatzen dik... Baina zenbat eta egun gutxiago falta itzul hadin, gero eta urduriago jartzen duk. Eta hona heldu bezain laster, marmarka hasten duk, eta bazirudik hirekin haserre-edo dagoela. Ezin hau esku zabal hartu, ezinezkoa egiten zaiok. Zergatik zarete hain gorrotagarriak bata bestearentzat?

BIFF: (Galderari ihes eginez) Ni ez naiz gorrotagarria, ama.

LINDA: Etxeko atea zeharkatzen duanean, borrokan hasten zarete!

BIFF: Nik ez dakit zergatik, ama. Aldatu nahi nuke. Saiatu egiten naiz. Ulertzen al duzu?

LINDA: Gelditzeko asmotan itzuli al haiz?

BIFF: Ez dakit. Zerbaiten bila nabil.

LINDA: Biff, bizitza osoa ezin duk zerbaiten bila pasatu!

BIFF: Ezina zait toki batean gelditzea, ama. Ezin diot bizitza-mota honi uko egin.

LINDA: Biff, gizona ez duk txoria, udaberriarekin batera joan-etorrian ibiltzeko.

BIFF: Zure ilea... (Adatsa ukitzen dio) Zeinen grisa bihurtu den!

LINDA: O, eskolan hasi hintzenetik grisa duk. Baina tindatzeari utzi zioat, besterik ez.

BIFF: Tinda ezazu berriro. Egingo al duzu? Nire amatxo maiteari ez diot zahar-itxurarik nabaritu nahi. (Irri egiten du)

LINDA: Zer-nolako mutila! Uste al duk urtebetez kanpoan egon haitekeela...? Sar ezak honako hau heure buru horretan: egunen batean etxeko atea joko duk, baina jende ezezaguna topatuko duk bertan.

BIFF: Zer esan nahi duzu, ama? Oraindik hirurogei urte baino ez dituzu...

LINDA: Eta hire aita?

BIFF: (Uste sendorik gabe) Beragan ere pentsatzen dut...

HAPPY: Willyk aita miresten du.

LINDA: Biff, bera ezin baduk maite, bada orduan ni ere ez.

BIFF: Nola ezetz, ama.

LINDA: Ez, ezin haiz ni ikustera etorri, nik Willy maite dudalako. (Begiak bustitzen zaizkio) Munduko gizonik onena duk niretzat, eta ez diat nahi inork bera mesprezatu edota tristatzea. Erabaki bat hartu behar duk orain ala inoiz ez. Begiramenduz hartuko duk ala ez haiz etxe honetara berriro etorriko. Bazekiat ez dela oso gizon erraza baina... inork ez zekik hori nik baino hobeto...

WILLY: (Ezker aldetik, barrez) Eup, eup, Biffo!

BIFF: (Willyrengana hurbilduz) Zer arraio gertatzen zaio? (Happyk geldiarazten du)

LINDA: Ez! Ez hurbildu berari!

BIFF: Ez saiatu bere burua zuritzen! Beti, beti erabili izan zaitu edozein modutan. Ez dizu inoiz begirunerik izan.

HAPPY: Hori ez duk egia. Bera...

BIFF: Zer arraio dakik hik?

HAPPY: (Jeinu txarrez) Ez esan eroa denik!

BIFF: Funtsik gabeko gizona duk. Charleyk ez likek horrekolarik egingo. Ez, bere etxean behintzat.

HAPPY: Charleyk ez dik honekin guztiarekin zerikusirik.

BIFF: Willy Loman delako hori baino jende hoberik bazegok. Sinetsi. Ezagutu dizkiat-eta.

LINDA: Orduan har ezak osaba Charley hire aitatzat! Ezin duk, ezta? Nik ez diat esaten gizon handia denik. Willy Lomanek ez dik inoiz dirutza handia egin; bere izena ez duk egunkarietan agertu; ez duk inoiz izan den gizonik onena. Baina gizona duk. Gu biok bezalakoa duk. Eta zerbait izugarria gertatzen ari zaiok. Beraz, lagundu egin behar zioagu. Ezin diagu kalera bota txakur zaharkitua bailitzan. Begiramendua gorde behar zaiok. Eroa dela uste duk...

BIFF: Ez, nik ez dut esan nahi izan...

LINDA: Jende askok uste dik bere senetik atera dela. Baina ez duk oso azkarra izan behar zer gertatzen zaion jakiteko. Ahituta zegok, erabat.

HAPPY: Bai, horixe!

LINDA: Gizon arrunta gizon handia adina nekatzen duk. Hogeita hamasei urtez lan egin dik konpainia batentzat. Hamaika merkatu ireki dizkik hainbat eta hainbat tokitan. Baina orain kale gorrian zegok, zahartu egin delako.

HAPPY: (Haserre) Hori ez nekien nik, ama.

LINDA: Galdetu al duk noizbait? Segi ezak dirua ez-zekiat-zertan gastatzen, eta egon lasai.

HAPPY: Baina lehenengo astean...

LINDA: Gabonetan, berrogeita hamar dolar! Ia hamar dolar ordaindu genizkian tutu berria jartzeagatik. Bost aste zeramatzak komisio hutsa irabazten, biajante hasberria izango balitz bezala!

BIFF: Sasikume eskergabe aluak!

LINDA: Bere semeak baino okerragoak ote dira beste horiek? Negozio onak egiten zizkienean, gaztea zenean, denak pozik zeudean berarekin. Baina garai bateko adiskide minak, hainbeste maite zuten erosleak, beti zerbait erosten ziotenak... hilda zeudek, edo jubilatuta... Lehen, egun berean sei edo zazpi bisitaldi egiteko gai zuan. Baina orain, maletak kotxetik atera, eta zeuden bezalaxe berriro sartu behar. Gutxi balitz, etxeratzen denean, ez dik inor ezagutzen; ez zegok inor ongi-etorria emateko. Zer ez ote da pasako gizon baten burutik txanpon bakar bat ere irabazi gabe hamaika bat kilometro egin eta gero? Nola ez du bakarka hitz egingo? Charleyrengana joan behar izaten dik astero, eta berrogeita hamar dolar maileguan hartu. Gero, bere soldata dela sinestarazten zidak. Noiz arte iraun dezakete gauzek horrela? Noiz arte? Ba al dakizue zer dela-eta nagoen hementxe eserita, eta zeren zain? Eta funtsik gabeko gizona dela diok? Zuentzat baino ez zuen lan egin eta funtsik gabea dela? Hirurogeita hiru urte dizkik. Inguruan begiratu eta semeak, bere bizitza baino gehiago maite zituen semeak, aurkitzen dizkik, zera... bata emakumezale eta nagi hutsa egina!

HAPPY: Ama!

LINDA: Bai, horixe haiz hi! (Biffi) Eta hiri...! Zer gertatu zaik hiri? Lagunik onenak zineten eta... Gauero-gauero hitz egiten zenioan telefonoz! Ze bakarrik egoten zen, berriro etxera zen arte...

BIFF: Ados, ama. Hemen, nire gelan, biziko naiz. Eta lana lortuko dut. Baina beragandik ahalik eta urrunen egon nahi dut, besterik ez.

LINDA: Ez, Biff. Ezin haiz hemen egon eta denbora osoan borrokan ibili.

BIFF: Berak bota ninduen etxetik. Ez ahaztu, gero.

LINDA: Zergatik egin zuen? Ez diat inoiz jakin.

BIFF: Itxurati hutsa dela badakidalako, eta berarekin bizi direnek jakitea gustatzen ez zaiolako.

LINDA: Zergatik diok itxuratia dela? Zergatik? Zer esan nahi duk?

BIFF: Esan nahi dut erru osoa ez dela nirea. Bera eta bion arteko kontua da. Hori baino ez dut esan behar. Aurrerantzean, soldataren erdia pasako dizuet. Sendatuko da... Ohera noa.

LINDA: Ez duk sendatuko.

BIFF: (Bertan geldituz, oso haserre) Hiri madarikatu hau gorrotatzen badut ere, bertan geldituko naiz. Zer gehiago nahi duzu?

LINDA: Hiltzen ari duk, Biff.

 

(Happy azkar harengana doa. Oso asalduta dago)

 

BIFF: (Isilune baten ondoren) Zergatik diozu hori?

LINDA: Bere burua hil nahi dik.

BIFF: (Ikaraz) Zer?

LINDA: Egunez egun bizi nauk noiz gertatuko zain.

BIFF: Zertaz ari zara?

LINDA: Oroitzen al haiz idatzi nian eskutiz hartaz? Aitak kotxea berriro puskatua zuela kontatzen nian. Otsailean bidali nian.

BIFF: Eta...?

LINDA: Aseguruaren inspektorea etorri zuan. Frogak zituela esan zian. Joan den urteko istripu haiek guztiak... ez zirela istripuak izan esan zian.

HAPPY: Nola ausartzen dira horrelakorik esaten? Gezurra!

LINDA: Dirudienez, ba omen zegoan emakume bat... (Arnasestuka)

BIFF: (Garratz baina lasai) Zein emakume da hori?

LINDA: Eh? Zer...?

BIFF: Ezer ez. Segi.

LINDA: Zer esan duk?

BIFF: Ezer ez. Emakume horretaz galdetu diat. Besterik ez.

HAPPY: Baina zer gertatzen da emakume horrekin?

LINDA: Dirudienez, bera han zegoan eta den-dena ikusi zian. Willy ez zihoala azkarregi esan zian, eta ez zuela labain egin. Zubirantz zuzen-zuzenean abiatu eta apropos jo omen zian barandaren aurka. Ibaia ez zuan oso sakona, eta horregatik salbatu zian bizia.

BIFF: O, ez. Ziuraski lotan geldituko zuan.

LINDA: Nik ez diat uste lotan gelditu zenik.

BIFF: Zergatik?

LINDA: Joan den hilean... (Zailtasun handiz) Oi, mutilok. Zein zaila den horrelako gauzak esatea! Zuen ustez, gizon ergela besterik ez duk. Nik, berriz, zera esango dizuet: bera bezalakoak nekez aurkitzen direla. (Hunkituta, begiak xukatzen ditu) Fusible bat behar nian, argia joana zen-eta. Beraz, sotora jaitsi ninduan. Eta han... zerbait kausitu nuen... gomazko tutu-puska bat zuan...

HAPPY: Benetan?

LINDA: Mutur batean korapilo txiki bat zian. Berehala ohartu ninduan-eta. Ur-berogailuari lotua zegoan, gasaren tutuaren barruan alegia.

HAPPY: Baina...

LINDA: Niri... lotsa ematen zidak ezer esateak. Nola esango diot ba? Egunero sotora jaitsi eta gomazko tutua kentzen diat. Baina etxeratzen denean, zegoen lekuan jartzen diat berriro. Zerbait aipatuko banio, iraindu egingo nikek. Ez zekiat zer egin. Egunak eta egunak igarotzen dizkiat erabat ikaratuta. Mutilok, egon ziur: bere burutik pasatzen den pentsamendu bakoitza ezagutzen diat. Hain ezereza eta modatik joana zirudik... Baina gauza bat esango dizuet: zuek izan zarete bere bizitzako gauzarik inportanteena... eta bizkarra eman diozue. (Aulkian makurtzen da, negar-zotinka, aurpegia esku artean ezkutatuta) Biff, Jainkoaren izenean: egizak zerbait. Bere bizitza hire eskuetan zegok-eta!

HAPPY: (Biffi) Nola maite hauen, ero madarikatu hori!

BIFF: (Lindari musu emanez) Ederki, amatxo, ederki. Orain dena garbi dago. Axolagabea izan naiz. Badakit, ama. Hemen geratuko naiz, eta zintzo jokatuko dudala hitzematen dizut. (Lindaren aurrean belaunikatzen da, errutasunaren harrak janda bezala) Baina badago arazo bat... nik ez dut negozioetarako balio... Saiatu egingo naiz. Ahal dudan guztia egingo dut.

HAPPY: Bai, horixe! Hik negozioetan arazo bakarra duk, zera: ez dakiala jendearekin atsegina izaten.

BIFF: Bai, horrela duk. Ni...

HAPPY: Harrisonentzat lan egin huenean... Oroitzen al haiz? Bob Harrisonek berak esaten zian langile aparta hintzela. Baina egun batean, igogailuan mota guztietako soinuak txistukatzen hasi hintzen, burutik jota egongo bahintz bezala.

BIFF: (Happyren aurka) Eta hiri zer? Noizean behin gustatzen zaidak txistu egitea.

HAPPY: Igogailuetan txistuka hasten den tipoa ez diate inoiz hartzen lan serio bat egiteko.

LINDA: Beno, ez hasi errietan orain zuek biok.

HAPPY: Edo lanetik alde egin huenean, ibaian bainu hartzeko.

BIFF: (Gero eta minduago) Hik heuk ere ez al duk noizbait gauza bera egin? Udako egun ederren batean ez al duk inoiz lanetik alde egin?

HAPPY: Bai, baina inor ez duk konturatu.

LINDA: Aski duk!

HAPPY: Ordu batzuez lanetik desagertzen banaiz, nagusiak edonori galde ziezaiokek non nagoen, denek zin egingo diate-eta atera berria naizela. Eta ez duk ezer txarrik gertatuko. Gauza benetan gorrotagarria esango diat: batzuen ustez, burutik egina hago!

BIFF: (Haserre) Pikotara denak!

HAPPY: Nahi duan bezala. Baina itxuraz, behintzat, joka ezak zentzudun.

LINDA: Hap! Hap!

BIFF: Niri bost axola zer pentsatzen duten nitaz! Aitaren lepotik beti egin diate barre. Eta ba al dakik zergatik? Burutik eginda dagoen hiri honetakoak ez garelako! Baserri batean bizi beharko genikek. Edo zementua nahasi... zurgintzan lan egin... Ez zekiat... Zurginari behintzat uzten zaiok lanean txistu egiten.

 

(Willy etxeko sarreratik, ezker aldetik, agertu da)

 

WILLY: Hire aitona zurgina baino gehiago izan zuan. (Isilunea. Willyri begira gelditzen dira denak) Ez haiz inoiz deus izango. Bernardek ez dik igogailuetan txistu egiten. Horretaz egon ziur.

BIFF: (Willyren lepotik barre egin nahian) Baina zuk bai, aita. Zuk bai.

WILLY: Sekula ez. Neure bizitza osoan ez diat igogailu batean txistu egin! (Isilunea) Eta nork uste du negozioen munduan ni burutik egina nagoela?

BIFF: Ez dut hori esan nahi izan, aita. Gaizki-ulertzeren bat da.

WILLY: Mendebalera itzuli nahi duala? Aurrera bada. Izan hadi zurgina, unaia. Diberti hadi, bai!

LINDA: Willy, Biffek bakarrik esan du...

WILLY:<