REQUIEM

 

CHARLEY: Iluntzen ari du, Linda.

 

(Linda ez da mugitzen; hilobiari begira darrai)

 

BIFF: Goazen, ama. Atseden hartu behar duzu-eta. Hilerriko atea laster itxiko dute.

 

(Linda ez da bertatik mugitzen. Isilunea)

 

HAPPY: (Oso haserre) Ez zeukan hori egiteko eskubiderik. Ez zen beharrezkoa. Gu geunden berari laguntzeko.

CHARLEY: (Marmarka) Mmmmmmm...

BIFF: Goazen, ama.

LINDA: Zergatik ez da inor etorri?

CHARLEY: Oso hileta hunkigarria izan da.

LINDA: Baina, non daude ezagutzen zituen guztiak? Beharbada, errua leporatu diote.

CHARLEY: Ez, ez! Mundua horrelaxe da.. Inork ez dio ezer leporatuko.

LINDA: Ezin dut ulertu. Gainera, orain hain zuzen... Hogeita hamabost urte pasa eta gero, lasai bizitzera gindoazenean... Soldata txiki bat baino ez zuen behar. Dentistaren lana ere ia-ia ordainduta zeukan...

CHARLEY: Inork ez du soldata txiki bat nahi.

LINDA: Ezin dut ulertu.

BIFF: Egun eder asko ezagutu genituen: etxera itzultzen zenean; igandeetan; atalondoa berritu zuenean; korridorea bukatu zuenean; arkupea altxatu eta komuna berria eraiki zuenean; edo aparkalekua... Ba al dakizu gauza bat, Charley? Lantxo horietan jartzen zuen gogoa, eta bere salmentetan jartzen zuena, askoz handiagoa zen.

CHARLEY: Bai. Zaku bat zementu eskuetan eta zoriontsua zen.

BIFF: Baina bere ametsak ez ziren zuzenak; aitzitik, okerrak ziren, oso.

HAPPY: (Biff jotzeko prest) Ez esan horrelakorik!

BIFF: Bera nor zen ez zuen inoiz jakin.

CHARLEY: (Happy geldiaraziz) Errua berari leporatzen ez duk inor ausartuko. Ez duk ulertzen. Willy saltzailea zuan. Eta saltzaile batentzat bizitzak ez dik ez oinarririk, ez heldulekurik. Ez dik tutik ulertzen legeari buruz, ezta medikuntzari buruz ere. Beti irribarretsu agertu beharra zeukak jendearen aurrean. Horrez gain, bere izarrak ere beti dirdiratu behar dik. Horrela gertatzen ez denean, lurrikara bezalakoa duk. Bereak egiten dik. Txapela txukundu, ezer gertatu izan ez balitz bezala, eta kito. Horrelako gizonari nork aurpegiratuko dio ezer? Saltzailea amets egiteko jaioa duk. Lurraldeak berak sortzen dizkik horrelako gizonak.

BIFF: Charley, berak ez zuen bere burua ezagutzen.

HAPPY: (Sutan) Ez esan horrelakorik!

BIFF: Zergatik ez hator nirekin, Happy?

HAPPY: Nik ez diat hain erraz amore ematen. Hiri honetan geratuko nauk. Eta guztiek jakingo ditek nor naizen! (Biffi begira) Loman Anaiak!

BIFF: Nik bazekiat nor naizen, adiskide.

HAPPY: Ongi zegok, motel. Hiri eta denei erakutsiko zieat Willy Lomanen heriotza ez dela alferrikakoa izan. Amets benetan ederra zeramaan bere baitan. Izan daitekeen ametsik ederrena: gizonik onena izatea! Hemen borrokatu zuan, eta hementxe borrokatuko nauk ni ere.

BIFF: (Happyri begirada etsia botaz eta amarengana makurtuz) Goazen, ama.

LINDA: Berehala joango gaituk. Utzidazue bakarrik. Zoaz, Charley. (Charleyk duda egiten du) Minutu bat baino ez da izango. Agur esan nahi diot.

LINDA: Barka, maitea. Ezin dut negar egin. Ez dakit zergatik, baina ezin dut negar egin. Zergatik egin duzu? Lagunidazu, Willy. Ezin dut negar egin. Beste bidaia batean zaudela iruditzen zait. Zure itzuleraren zain nago, Willy. Maitea, ezin dut negar egin. Zergatik egin duzu? Gaur ordaindu dut etxearen azken epea. Gaur, maitea. Eta etxean ez da inor egongo. (Zotinei eutsiz) Aske ginen. (Negarrez) Aske ginen. (Biff poliki-poliki hurbiltzen zaio) Aske ginen... Aske ginen...

 

(Biffek Linda lurretik altxatu eta handik eraman du besoz inguratuta. Bernardek eta Charleyk —elkarrekin biek— jarraitu diete. Happy azkena dator. Eszenatoki ilunean xirula-soinua baino ez da entzuten. Foko batek etxea eta inguruko apartamentuak biziki argiztatzen ditu)

 

 

OIHALA

 

 

© Arthur Miller
© itzulpenarena: Xabier Galarreta