III
ITURRI ONDOAN
(Etor. XIII)
(Xirola-soinu eta artzain-kantu.
Ardi joareak, artalde bat hurbil iragaiten ari.
Iturri baten ondoan).
Mortuz mortu artzain nabila,
Ardiekin ixil ixila.
Denek diote bake osoan bizi naizela;
Bainan burrunbaka dut bihotza,
galerna bezala.
Lot
Urteak eta urteak
Bagabiltzala herriz herri, bidez bide.
Abram
Bai, urteak eta urteak
Jaun Zerukoak nahi alde.
Lot
Beti herrestan,
Beti bidetan.
Abram
Beti Jaunaren eskuetan.
Lot
Haraneko gure etxe hartan
Ez ginen hain gaizki
Abram
Zer duzu? ala... joanik urriki?
Lot
Ez, ez; hori, ez.
Abram
Beharrik etorri baitzare.
Bide hautan zer gerta ere
Hor zaitut, semerik ez dutano
Lagun eta ondoko.
Lot
(doi bat ixilik)
Zure eginbideak herrian betez
Ardietsiko zinuen ba
Bidetan bezein errexki
Seme edo alaba.
Abram
Hori Jainkoak daki.
Jainkoak deitzen duenean
Gizonak joan behar du joan
Karkula geiagokorik gabe.
Jainkoaren nahia baino nor eta zer hobe?
Lot
Badakit bai badakit.
Haatik, bi alabak andretzen ari zaizkit:
Heientzat, betiko bidez-bide huntan
Funtsezko senarrik nolaz atxeman?
(Kanpoko aldean kalapitak)
Abram
Zer da hori?
Lot
Zure-ta mere artzainak kataskan ari.
Lot-en artzain-nausia:
Aseak gituk gero
Abramek hau eta Abramek hura,
Beti zuenak bazka gizenak oro.
Lot-en bertze bi artzain:
Bai, halauk! halauk! Brien figura!
Abram-en artzain-nausia:
Bai eta atzo guze bazketan
Noren behorrak zabiltzan jan eta jan?
(Agertzen dire, borrokan hasteko punduan; Abramen artzain-nausia, makila altxatua eta gibelka ari).
(Abram eta Lot ikustearekin, badoatzi hortik).
Kantariek
Jo zak jo! Jo zak jo! Jo zak jo eta jo!
Lot-tarrek
Beti zuenak oro, bazka eta soro
Aseak gituk, gero! Gu beti petzero. (berriz)
Kantariek
Jo zak jo! Jo zak jo! Jo zak jo eta jo!
Abram-tarrek
Bai, bai, zergatik igor ixilka lau behor
Jabea nor zuten nor, aitor zuek aitor. (berriz)
Kantariek
Jo zak jo! Jo zak jo! Jo zak jo eta jo!
Lot-tarrek eta Abram-tarrek, orok betan:
(Bakotxak beren solasekin)
Lot-tarrek
Beti zuenak oro...
Abram-tarrek
Bai, bai zergatik igor...
Kantariek
Jo zak jo! Jo zak jo! Jo zak jo eta jo!
Abram
Ez dugula deus izan elgarren artean,
Gu gatik ez dabiltzan artzainak kataskan.
Kantariek
Jo zak jo! Jo zak jo! Jo zak jo eta jo!
Abram
Bai, gauden bakean bai: anai gare anai.
Ez gaiten egin etsai, behex gaiten orai.
Kantariek
Jo zak jo! Jo zak jo! Jo zak jo eta jo!
Abram
Zu eskuin joan orduko, ezker nik hartuko;
Zu ezker joan orduko, eskuin nik hartuko.
(Azken pertsuan, Abramek eta Lotek bortzeko bat elgarri; eta Lot urruntzen da).
* * *
Abram
Andrearekin zinen?
Hagar
Ba, nausia.
Abram
(pegarra betetzen ari da)
Errozu Lot joanen zaikula joanen.
Hagar
O! Zer berria... Eta norat ote?
Abram
Gomor aldeko zelaietarat, nik uste.
Hagar
O! nik beti
Nahiago dut mendiz mendi.
Abram
Ai, xoria zu!
Zer diozun ere ez dakizu.
(Hagar joan eta, xutik, besoak zerurat):
Jauna, zer egin orai?
Bakarrik gaitutzu ni eta Zarai.
Kantariekin Jauna
Altxa begiak, altxa:
Zaren tokitik beba.
Ipar aldetik eta
Hego-alderaino,
Argi-aldetik eta
Mendealeraino.
Zuri dautzut lur-alde hori
Eman gogo,
Zuri eta ondokoeri
Sekulako.
Altxa begiak...
Lur huntako errauts pikorren
Parekoak
Zure ganik sortuko diren
Ondokoak.
Altxa begiak...
© Xabier Iratzeder