V
HAGAR IHESI
(Etor. XVI, 17)
Zarai
(Abrami buruz, lasterka)
Joana da joana.
Abram
Zer? Nor?
Zarai
Hagar ihesi joana.
Abram
Ai! nik errana:
Ez bazine izan harentzat hoin gogor
Zarai
Zer? Haren alde jartzen zare ote?
Abram
Badakizu, Zarai, maite zaitudala maite.
Zarai
Hagar ausart hori,
Haur beharretan dela eta, badabil orori:
«Banaiz ni» eta «nor naiz ni».
Abram
Geroari buruz, Jaunaren hitza
Ez ote zen aski?
Zergatik nauzu hortaratu?
Zergatik behar zuen Hagar-rek amatu?
Nahasten ari dauku horrek, naski
Bieri bihotza.
Zarai
Gizona, ez has orai urrikitan.
Jaunaren hitzaren baitan
Sinesten duenak
Ez ote ditu gizonki, egiten ahal direnak
Egin behar?
Zertako ez jar
Noe arbasoaz geroztikako legeari?
Eta zure andrea, nik
Ezin sor-araz haur hori
Zertako ez nere neskatoaren ganik...
Abram
Ba! bainan banago
Ez ote zen zuzenago,
Ezin sor-araz guzien gatik ere,
Ez bide hortarik joatea.
Frogak hor dire:
Adio etxeko bakea.
Zarai
Gizona, ez duda-muda hoitan sar.
Gauza hortan hobendun bakarra: Hagar.
Abram
Eztiago zinen, Zarai, orai arte.
Zarai
Haren tzarkeriek naute
Nihaur tzartzen.
(Hagar lasterka heldu eta Zarai-en oinetan beiauniko erortzen).
Hagar
Ez ni jo! Ez ni jo!
Ez dut geiago
Ihes egin gogo.
Ez ni jo! Ez ni jo!
Abram
Nork hu jo nahi?
Hagar
(Abram-en ganat)
Ai! errozu andreari
Ez ni jotzeko.
Zarai
Ez badun merezi
Ehut ez jo, ez joko.
Hagar
Mortuan ihesi
Nindoan
Eta Zureko iturri-ondoan
Jaunaren Aingerua dut ikusi:
«Hagar, Zarai-en neskatoa,
Nundik heldu haiz eta norat joaki?»
«Andrearen ganik ihesi noa,
Jotzen bainau garrazki».
Jaunaren Aingeruak daut orduan
Neri erran:
«Egon harekin
Eta haren nahia egin».
(Kantuz eta xoratua)
«Hagar amatua zare zu:
Seme bat sortuko zaitzu.
Izena emozu Izmael
Jakin baitu Jaunak «zuri noiz hel».
Basa-mortuan harat-hunatka
Iduriko du pottoka.
Bertzek hura ezin esteka:
Izanen du nun guduka.
Zarai
Hagar dohatsua,
Jaunak benedikatua. (Er. 16)
(Eskutik hartzen du eta badoa harekin)
* * *
Jaunak
Gain gainekoa naiz, zure Jainko Jauna.
Ibil nere aintzinean
Eta on baino hobe izan.
Zure eta nere artean
Finkatzen dut batasuna.
Eta, mendetan barna,
Izanen ditutzu ondokoak ausarkian.
Errepika 1
Huna zurekilako nere batasuna:
Herri ainitzen aita zaitut nik emana.
Orai izanen duzu Abraham izena:
Herri ainitzen aita zaitut nik emana.
Herri bai erregeak zaizkitzu sortuko,
Batasun egiten dut zurekin betiko.
Izanen naute beti zure semek Jainko:
Menderen mende lur hau hekien eskuko.
Huna zurekilako nere batasuna:
Herri ainitzen aita zaitut nik emana.
Oral izanen duzu Abraham izena:
Herri ainitzen aita zaitut nik emana.
Atxik batasun hori menderen mendetan:
Ezar fededun marka semen haragian;
Nerekin bat zaiztela denen jakinean
Menderen mende dadin ager zuen baitan.
Huna zurekilako nere batasuna:
Herri ainitzen aita zaitut nik emana.
Orai izanen duzu Abraham izena:
Herri ainitzen aita zaitut nik emana.
Zarai zure andrea ez izenda Zarai:
Bere izen berria Zara baitu orai.
Haren ganik seme bat emanen dautzut bai
Eta herriak eta erregeak nasai.
Huna zurekilako nere batasuna:
Herri ainitzen aita zaitut nik emana.
Orai izanen duzu Abraham izena:
Herri ainitzen aita zaitut nik emana.
Errepika 2
Ehun urteko bati semeak sortuko?
Zarari nundik nolaz haurrak jinen zaizko?
Ai, bizi bedi bizi Izmael betiko!
Zarari nundik nolaz haurrak jinen zaizko?
Zarak dautzu, bai, Zarak seme bat emanen:
Emozu semeari zuk Izaak izen.
Betiko batasun dut harekin eginen,
Harek bai ondokoek Jainkotzat naukaten.
Ehun urteko bati semeak sortuko?
Zarari nundik nolaz haurrak jinen zaizko?
Ai, bizi bedi bizi Izmael betiko!
Zarari nundik nolaz haurrak jinen zaizko?
Aditu zaitut ere Izmael-en alde:
Izanen du nasaiki seme eta seme.
Bainan aldiz batasun nahi dut nik egin
Zarak sortuko duen Izaak horrekin.
Huna zurekilako nere batasuna:
Herri ainitzen aita zaitut nik emana.
Orai izanen duzu Abraham izena:
Herri ainitzen aita zaitut nik emana.
© Xabier Iratzeder