Egun ilunetan nabil.
Gizona joan zait.
Bere etxeko izkina guztiak miatu ditut,
eta
bera aurkitu dut
eder eta goxo,
indartsu,
maitagarri.
Batzuetan itsasoak lurra
suntsitu nahi izaten duen bezala
neurea egin nahi izan nuen.
Gizona
joan egin zait.
Bakardadea da
gu bion
jaun eta jabea,
bere besoak luzatzen dituenean,
ez da ni besarkatzeko,
urrun bere burua
ez dago nigana hurbilduko duen
amodiorik.
Nere sabela hutsik dago,
ditiak idorturik,
burua husturik,
izate antzugarri batean
nengoen.
Kolore nabarreko
ator batez jantzia
herriko karrika batean
zegoen gizona,
beso naharoak zabaldurik
prest, nereganatzeko
irrigar isileko ezpainak.
Diti idortuak,
sabel hustuak,
buru antzutuak
ez zuen izan
ezer eskaintzeko.
© Amaia Lasa Alegria