Ez zen kaiua

 

Itsasoa eta lurra elkartzen diren tokian beti kaiuak ibiltzen dira, baina nik gau hartan, belea ikusi nuen. Gau hura arratsalde hits, euritsu baten bukaera zen. Nere herria uharte bat zen eta geure bizitzako egunak itsaso eta mendi zorrotz batzuen artean igarotzen genituen.

        Gau hura lanbroz beteta zegoen, ilargia alditan estalia, maiz agertzen zen lanbroa arintzen zen lekuetan. Mendi zorrotzek beltzak ziruditen, itsasoak irudi goxo bat agertzen zuen itzalaren babesean, baina itsasoak ez du babesik maite.

        Bapore bat portura heldu zen, beti bezala kaiuak ziren gau iluneko lagun bakarrak. Ni leihoan nintzen. Ilargia ageri zen. Kaiuak zuriak ziren ilargiaren argitan. Ez zen kaiuaren marmarreoa entzuten. Herriko arrantzaleak, arrantzan igarotzen zituzten beren bizitzako egunak eta heriotzaren azken orduetan arrantza zuten beren jainko bakarra; horregatik Gillermok: BOTA SARIAK!, esanaz egin zituen bere bizitzako azken orduak.

        Baporean ez zen arrantzarik ikusten, gizonak etxeetara zihoazten banan banaka, bizkarrak nekez eta tresnez beteak zituztelarik. Eta batzuek ohea beroa, besteak hotza eta beste batzuek hutsa aurkitzen zuten. Gillermok ohea beti beroa aurkitzen zuen.

        Baporeko argiak itzalirik. Ilargia estalia, berriro gaua ilunaren jabe.

        Nere gela ez zen handia, baina hutsa zegoen eta leihoa irekita utzi nuen zerbaitez bete zedin; behar bada haizez beteko zen, behar bada itsasoaren marmarreoz, baina ez zen kaiuz beteko. Kaiuak haserre ziren.

        Herriak gauaren babesean loak hartu zuen, itsasoa babesari ihez eginaz erne jarraitu zuen.

        Nik ez nuen pentsatu, leihoa zabaldu nuen, behar bada ez nuen haize hura nahi. Ilargi errainuek bele beltza erakutsi zidaten; nere leiho aurrean bele handia, hutsaren gainean zutik, geldi-geldirik, neri so.

        Belea marmarreoan hasi zen eta behin edo behin, oihuak hitza bihurtu baino lehen, eztarrian lehertzen zitzaizkion, zerbait ezin esanaz. Ni belearen aurrean eta belea marmarreoan ari eta ari hitz egin nahiaz.

        Herriak luzazko loan jarraitzen zen.

        Oihuz, marmarreoz betetako gauak, ez zuen hitza sortu, eta loa herriaren amets guztiak gordetzen saiatu zen.

 

 

© Amaia Lasa Alegria