Hitz nahastuak

 

Nere zortzi deiturak ez dira euskaldunak.

Nere euskara ez da garbia.

Nere hitzak ez dira txukunak.

Nere sinesmenak ez dira heurenak

ala ere

Euskal Herria sortzen ari gara.

 

Nik hasiera eman nion,

zuk bukaera eman zenion     Zerbaiti.

 

Zulo zuri luze bat,

auto borobil beltz bat.

Haiek ez dute gure hitza ulertu.

 

Behin eta berriro,

lur galduaren bila mugitzen gara.

 

Itsasoko ur sakonetatik

arrai handi bat irten da,

arraiarekin kaiuaren habiara noa.

 

Jan,

egunero jaten dut,

edan, beti,

arnasa

egunero ukatzen didate.

 

Inork ez du itsasoaren hondoa jo,

ez eta poetaren fantasia ito;

baina ez dugu poemarik,

ez dugu fantasiarik.

Poetaren fantasia zapaldu

poetaren fantasia beztu dute.

 

Kaiuaren habiara heldu naiz,

ez naiz gehiago hemendik mugituko,

amets horretan murgilduko naiz.

Inork ez du

Anbotoko Damiaren fantasia indartsua isilduko,

Damiaren hegada luzeak

Saforen begirada larritua lasaituko du.

 

Zuk hasera eman zenion,

nik bukaera eman diot     Zerbaiti.

 

 

© Amaia Lasa Alegria