Fantasia bat
Zuria da kolorerik gabeko kolorea. Zuriak, kolore guztiak bere baitan harturik, zuriaren pean estaltzen ditu.
Guri gehien gustatzen zitzaigun kolorea urdina zen.
Nik badakit, betidanik jakin dut, sorgin guztiak urdinak izan direla; baina historiaren iragaiteak, sorginaren urdina, zuri bihurtu du.
Sorgin Zuria
Ez dakigu sorginak lurpeko ala lurgaineko izan diren, ezin esan bada sorgin urdin hura, lurpean sartu edo betidanik lurpean bizitu zen. Gertatzen dena da, sorginak, aspaldidanik lurpean zegoela, geldirik, geldi-geldi, urdin, lurpean estalia, amets eztietan babestua, itzalpearen iluntasunean.
Sorginak ez daki mugitzearen berri; urdin dago gorri den lurraren pean. Gorputza zuen sendo, sendotasuna xamur, xamurtasuna ezti, eztitasuna maitagarri; hala zen ezagutzen ez genuen sorgina. Ez genuen inoiz ikusi eta bagenekien zela.
Guk, lur azalean bizi garenok, maiz, lur-azal honen giro aldaketak ezagutu ditugu; eguzkiak berotu, hotzak hoztu, euriak busti eta mila eratako haizeek astindu dute. Haize beroek eta besteek.
Denboraren iragaiteak ez du joan etorririk. Denbora badoa; joatea balitz bezala bere eginkizun bakarra.
Gure lur-azaleko eginkizun, gertakizunak dira, denboraren iragaitea, unetan, zulatzen dutenak.
Denboraren une hoietako batean, eta egia esateko ez dakigu sorginarentzat zoriontsua izan zen ala ez, gure lur-azal hau haize izugarri batek eraginda, lau zatitan zartatu zen, lurpeko sorginaren iluntasuna argituz.
Sorginaren itzal iluna argitu da.
Zer egingo ote sorginak?
Erantzuna xamurra da; geldirik, geldi-geldi egon. Argira ekarri zuen haizea, hegoa izan zen.
Ez da geldirik egotea hegoaren asmoa. Hegoaren indarra nahikoa zen sorginaren gorputz arin hura mugitzeko; haize hark eraginda sorgin urdina etengabeko joan etorrian ibili zen, bere gorputzaren zatitxo bat bera ere mugitu gabe.
Hego haizeak bere berotasunaz inguratzen gaitu; neguko hotzak kontuan harturik, kolorez betetako bero garbi hartan egotea gustatzen zaigu. Herriko haizeak biluzirik zegoen lur-azala irentsirik estali zuen. Zurrunbilo bat egin zuen, goian zabal eta behean estu zena; beheruntz zihoan haizea, behe aldera joatea baita hegoak agintzen duena.
Sorginak, zurrunbilo hartan sarturik, gure lur-azaleko punta borobilera heldu zen.
Hego aldeko begirada guztiak sorginari so jarri zitzaizkion. Ia erre zuten gauza bitxi hura suzko begirada haiekin; haiek uste baitzuten gorputz txiki urdin hura zerbait berri zela. Sorgin txikia zerbait berri zen, baina hori ez zekien sorginak eta ezin eman bere berritasunaren berririk.
Sorgina, oin, esku, beso, begi, behatz, belarriduna da, baina ez ditu inoiz erabili begi, beso, oin, esku hoiek.
Hego haizearen indarra ahulduz doa. Badoa hegoa. Iparralderuntz.
Haize berri bat dator. Iparra da.
Iparra hegoa baino hotzagoa da; geldirik egoten den sorgina kizkurtu eginda, hotzik balego bezala. Kexu ote da?
Iparra, sorgina bere haizetan jaso zuenean, berotasuna sumatu zuen. Iparra epeldu egin zela zirudien; egun hartan iparrak zokoak goxatu zituen. Sorgina haizeak eraginda munduan zehar ibili zen. Hala zebilelarik gauza harrigarri bat gertatzen ari zitzaion; bere jantzi urdinak zuritu egin zitzaizkion, lur-azal honek mindu egin balu bezala bere urdina.
Iparrak sorgina eraman du. Herriz herri, lekuz leku, zokoz zoko, itsasoetan, hibaietan, zuhaitzetan. Eta gauza hauek denak guk ezagutzen ditugun bezala ezagutu ez baditu ere, hasi da bere begiekin, belarriekin, eskuekin, ikusten, entzuten, ukitzen.
Jakin du zokoak noiz diren latzak, noiz goxoak eta noiz ederrak. Hasi da lur-azalaren zentzua ezagutzen; latza izanagatik ez gutxiago desiratua. Gorputz txiki bero hura iparrak darama bere baitan, eta haizeak ez ditu gehiago gure herriko harriak zulatuko; behin eta berriro laztanduz borobilduko ditu.
Bat batean ipar haizea gelditu egin da. Sorginak lurra jo du; lur gainean geldirik, geldi-geldi, gelditu da berriro.
Denbora ez da inoiz gelditzen, ez eta makaltzen; bai ordea gure lur-azaleko giroa.
Haizeak baretu ziren; euria aspaldi ageri ez zela, eguzkia ere ez zen esnatzen. Lur-gaina giro hits batean murgildu zen. Egunak duen argi izpi hura ere lanbroak erabat estali zuen.
Sorginak lurpean dela uste ote?
Lurpea desio ahal du?
Ez du zalantza erabakitzeko astirik izango; uholde izugarri batek busti ditu gure mendi, itsaso, herri eta jendeak; sorgina bera ere blai geratu da.
Ipar haize hark, nolaz malda baten gainean utzi zuen, euriak sortutako errekatxo batek jaso zuen, malda behera eramanik, beheruntz, behera, beheraino, ez dakigu nungo itsasertz batekin topo egin arazi arte.
Eta han, itsasoa ilargiarekin elkartzen den unean, sorginak bere gorputzaren berri jakin du.
Sorgina, lehen urdin orain zuri, itsasertzean dago. Bukaerik gabeko ur zabal, lasai harek liluratu du sorgina. Itsas hura bai zela, lur azpiko lozorroak ukatu ziona.
Ez du keinurik egin. Geldirik, begira ari da.
Uhinak behin eta berriro, gudu baten antzo, haitzak uzten ez zien lekua hartzen. Uhin borrokatzaileen zipriztinek busti zuten sorgina, borroka haren zertxobait dastatuz.
Sorgina ikasten hari da; itsasoa du irakasle. Itsasoak esan dio, ezpainak direla uhinaren gazitasuna dastatuz mugitzen zaizkion bi zatitxo biguin hoiek. Besoak direla, ukitu nahiaz luzatzen eta lurra besarkaturik borobiltzen zaizkionak. Oinak, lur latz orixka horrekin bustitzen direnak. Badaki, gauza asko dakizki. Geldirik, geldi-geldi dago. Itsasoko mugimenduak, ordea, zerbait esan dio.
Gure sorginak badu mugitzearen zentzua; lurpeko ametsak ahaztu ez bazaizkio ere, bizi nahi du ezagutu berria duen bizitza ausarta hori.
Bare jantzi urdinak betiko zuritu dira. Zuria da orain sorgina. Tristea da bere zuria. Lur gaineko argiak zuritu du bere urdina.
Itsasoak ez du inoiz ikusi gorputz txiki, zuri hura. Uhin baten bidez bereganatzen du, ur sakonetara eramanik.
Itsaso barruan igeri dabil.
Nolaz itotakoaren aurpegirik inoiz ez duen ikusi, ez du pentsatu ur handi, zabal, geldi hoiek, bera ito dezaketenik. Lurpean bezain ziur dabil itsas gainean. Badabil, gora, behera, alde batera, bestera, aurrera eta atzera; gorputz guztia balantzan duelarik dabil, itsasoaren indarrak eraginda.
Itsasoa baretu da, ez du ekaitzik nahi; urak ez zaizkio haserratuko, gutxienez, gorputz txiki, bero hura berarekin den arte. Itsasoko urak sorgina, uhin borobiletan laztanduz biltzen du.
Sorgina itsasoko urez inguratuta, itsasoaz besarkatua, amodiozko jolas isil batean dabil.
Sorginak ez zuen itsasoa, inoiz ikusi; betiko gordeko du bere gogoan itsasoaren imajina. Horregatik, itsasoa haserre ikusi zuen egun batean ulertu ezinik gelditu zen. Hala ere ezin uka itsaso haserratuaren edertasuna.
Uhin bat urrutitik dator; haren bultzadak, sorgina, lehorrean utzi du, poliki, goxo goxo.
Sorgina loak hartu du. Amets bat egin du. Oinez mugitzen zela, amets egin du. Ikusi du nolaz bere besoak nola luzatzen zituen itsasoa ukitzeko; behatzak estutuz zabaltzen zituen, labaindurik ihes egiten zioten itsas tantolak jaso nahirik.
Oinez ibili eta ibili, itxura gabeko ibilaldiari, ibiltzearekin arrazoiz beterik.
Esnatzerakoan, sorgin zuria, oinez ibiltzen jarraitu zen; ez zuri, ez urdin.
© Amaia Lasa Alegria