APIRILARI GORAZARREA

 

Apirilean du laborariak garagarra,

lursagarra eta bazkabelarra ereiten.

Apirilean du soroa ureztatzen,

mahastiak estekatu eta aberaskak garbitzen.

Apirilean, halaber, estalarazten du behorra,

eta begiratzen mendiko larreak,

urteko larrerik lehunenak.

Eta zer gehiago apirilean? Haltzen eta

atso errenen isladak aintziretan,

alderantziz eta kulunka, maitaleenak ere.

Eta zer gehiago apirilean? Usapal itsuak

laztandu ahal dira, eta hurruntzen soegin

erreka haziak daraman idi itoa.

Eta zer gehiago apirilean? Ostatuetan

horditzen dira indiano zaharrak, eta aisa

eranzten dira gauetan nesken alkondarak.

Apirila ez da ilarik atseginena,

baina krudelena ere ez.

Eta ez diot gorasarre gehiago eginen.

 

 

© Joseba Sarrionandia

 

 

Joseba Sarrionandia / Izuen gordelekuetan barrena" orrialde nagusia