PARISETIK AMODIO GUTUNA
Ene begiak
ene ezpainak haizena.
Karnaba maitea,
Parisetik igortzen deunat
gutun hau,
badakin zer den gutun bakoitza, geltoki bat
bidaia amaigaitzean, pausa bat
bizitzaren saihetsean.
Haunitz gauza dizkinat esatekoak
isiltzekoak beste,
ez zekinat nondik heldu.
Halakoa galdetuko baneun
eta galdetu gabe ere
honakoaz erantzungo heukeat.
Esanen heukeat
arrazoi hunan
klarionez marraturiko zirkulu hestua dun hiria.
Esanen heukeat
ez dinat iadanik uste paradisuek atzekaldeko
aterik irekita dutenik.
Esanen heukeat
bizikleta zaharren kateetako herdoila
zaila dun garbitzen.
Esanen heukeat
erreka bazterreko usoak bailiren
oroitzen dizkinat hire begiak
oroitzen dinat zein ederra den amodioa ilunbetan
Esanen heukeat
zaldi errenaren antzera nabilan
egunaren zirkuluetan,
Troian odolustutzen den gerlaria naun
geltoki itzaltsuotan.
Esanen heukeat
Pierrot herabea naun hire xerka
dirdira ororen gibelean hire xerka,
marinel zaharrak itsasnesken abestien atzean bezala.
Hire irudia dakusat kaleidoskopio orotan,
eta ilargibeteko izpilu urdinarrean ere.
Esanen heukeat, halaber,
hire izena eskribatzen dinat urmael eta zuhaitzetan
biharemunetan soegiteko soilik,
eta umezurtz honek elurrezko bidetan galdua
hire uso begi nabarrak begiratu nahi dizkin,
hire bihotz tipi honek
hire altzo epelean gorde nahi din
abaiek diren hire ezpainen alboan,
eta hire irudia diseinatzen
iraganen dinat ordura arteko denbora
© Joseba Sarrionandia