ADISKIDE HILAREN IBILALDIA

 

arratsaldeko seiretan etorriko nauzu bihar ere xerka

lehendabizi atondu egin beharko dautzut gorbata gorriska

eta zepilatu ehortzi zintuguneko jazki ilun galanta

gero zure etxeko hesia saltatu beti bezala ezkutuka

eta iadanik kalean Seine alderantz abiatu dostaka

edota euria bada ostatu argitsuetarantz hurbilduko gara

eta aspaldikoaz mintzatuz joanen gara etorbideak segika

adituren ditugu iluntzeko egunkari saltzaileak oihuka

baina ez zuri ez niri zaigu albisterik ardura

ihes eginen dugu erakustokietatik begirada soil bat aseta

ibai bazterrean ez gaitu nehork ezaguturen albotik iraganda

metroan ere ihardungo dugu gogoeta eta olgetaka

eskuak garondoan berriketatan kutun zaharrak idoroka

elkarrengandik hatsak hurbil bihotz biok taupadaka

geroago arratseko dirdirak lausotu eta etxera lagunduren zaitut

beti ukan duzu maite kukuka ibiltzea galdu gordeka

esnatu eginen naiz orduan zu hilarri ondoan gorde eta

 

 

© Joseba Sarrionandia

 

 

Joseba Sarrionandia / Izuen gordelekuetan barrena" orrialde nagusia