EPIGRAMAK
IX
malkoak hire masailean
elurra bezain zuriak
enara beltzaranak
Pigalleko aulkietan
X
Lauren Bacall aitzinera heldu
zitzaionean Humprey Bogart.ek
atzera begiratu zuen
ea zer zuen gibelean uzten
XI
bideak hutsik zireneko gauean
artizarra izan zinen ilunbetan
eta gero ezkutatu egin zinen
egunaren argi zurbilean
XII
tigrearengana hurbildu
laztandu eta
kotoiezkoak ditu
hatzaparrak
XIII
hurrutirantz abiatzerakoan
ibaira iaurti erretratuak
xarolezko oinetakoak
betaurrekoak eta sonbreirua
XIV
odol usaina atzemaiten ahal da oraindik belatzean
banan bana esan ditzaket eroritakoen izenak
ez beza ukan engoitik gure herriak
heroe beharrik
XV
Pariseko ostatuetan Raymonde genuen zain
zubietan pintore ohiak mozkorturik
eta etorbideko zuhaitz bakoitzean zintzilik
emakume nigarti baten gutun amultsua
XVI
mara mara elurra agian kotoizkoa
my love my dear diska zaharretan
pintore kubistez beterik kaiak
lehoia pintzelak irensten ari
© Joseba Sarrionandia