GNOMOAK ALEXANDRIARA DOAZ

 

Gnomoak Alexandriara doaz,

bufanda gorri eta sandaliekin,

xapel beltzak buru soiletan.

Uhainak listukatu eta

arrubiak agurtzen dituzte.

Badoaz hala nola bildotsak

jauzika larretan,

dagerrotiporik aldean gabe.

Maiz maitatzen dituzte

emakume horiskak,

haien begi nabarrak erosi ondoren,

edota amore ematen diote

eskuaren plazerrari.

Filarmonika ere ahora daramate,

ogi eta whiskiez hordituez gero.

Baina aldendu egiten dira,

itsasontzitik, urkoarengandik,

ilargi beteko ilunabarretan

—eguna arrasten ari—

Prahako parkerik itzaltsueneko

ezki baten azpian loak hartzeko.

 

 

© Joseba Sarrionandia

 

 

Joseba Sarrionandia / Izuen gordelekuetan barrena" orrialde nagusia