ESTATUA ELBARRIAREN ISTORIOA
Itsasneska uretarik sortu
itsasneska antzo sortu zen uretarik
itsas hegiko arroka eta haizea bezain bilutsia,
uhainak zangoetan hausten, zen ondartzara iritsi
eta karriketan oihartzunik gabe zeharkatu hiria
harrobiko elezaharra
mendiari buruz abiatu zen liraina eta askea
gibelerat behatu gabe
harrobiraino, harrobi handiraino,
eta han marmorezko horman barnerat sartu
harrobiko marmore landua
harginek ahantzirik zuten itsasneskaren elezaharra
marmorea ateratzen eta lantzen ari
eta itsasneska kausitu zuten marmore artean
hura ere marmorea eta iada landua
estatua elbarria
gero gerlak heldu eta besoak ebaki zizkioten
eta odola saldoka isuri zuen zaurietarik
eta gorpu odolustuen antzera geratu zen
hona hemen oro zuria
© Joseba Sarrionandia