ULYSES ITACARA HELTZEAN

 

Iristen ari zara, Ulyses, Itacara,

eta irrika behatzen duzu etxera.

Baina ba al dakizu zer kausituko duzun?

Neuk, Eumeo honek, esango dizut.

Bada begira zure etxe ohiko bozkarioa.

Zure haiduru direla esan al dizute?

Begira itzazu itsasontziak haretan zurkaiztuak

eta jauregiko leihoetako arno eta urdai usaina.

Begira zer ukanen duzun etxera itzultzean:

aitorensemeen ospea, ator usaingozotuak,

eguneroko izen eta abots berberak,

ahaide eta oinordekoen laztan eztitsuak,

baratxuri, garagar irina eta arno ureztatua.

Eta ilea urdinduz aitona bihurtu,

esku ahurreko marrak ezabatzerakoan hiltzeko.

Zergatik itzuli Itacara, Ulyses?

Saiak soilik geratzen dira aspaldidanik etxe honetan,

gida harria besterik ez da hegazti galduentzat.

Akiturik al zara? Laket al zaizkizu hiletarien malkoak?

Egiozu kasu izarren bideari, hegaztiek bezala,

eta bizitzaz bederen badakien Eumeo zahar honi.

 

 

© Joseba Sarrionandia

 

 

Joseba Sarrionandia / Izuen gordelekuetan barrena" orrialde nagusia