GILGAMESH BIDAZTIA

 

Zergatik zoaz nora gabe basamortuan barrena?

Ez da eremuotan lilirik, Gilgamesh,

iluntzerako ezkutatuak dira xoriak oro

eta ustelduak zintzilik diren sagarrak ere.

Hemen, ene gorputza soilik, lurpean, sustrai artean

harrak elikatzeko ene soin behiala lerdena,

bihotzak argitzen zituen gorputza, xahutua.

Bai, Gilgamesh, krudela da heriotza, etortzer,

baina helduren zaizu balbea eta eskuarki

emanen dauzkiozu oroitzapenak oro, irriak, malkoak,

eta harek besarkada amultsuz harturen dauzkizu.

Bai, Gilgamesh, galdu eginen duzu bizitzaren landarea,

oi itsas sakoneko elorria, sugeak ebatsiren dautzu

larru zaharra zeuri utzirik, larru zaharra eta

nigar latsak zure begietan. Baina zergatik nigar?

Ez al da itzaltzen halaber argia zokoetan?

Eraikitzen al du inork betirako etxerik?

Begira itzazu otalorak ere, Gilgamesh. Ez al du neskatila

loak hartuak, iadanik, hil berriaren antza?

 

 

© Joseba Sarrionandia

 

 

Joseba Sarrionandia / Izuen gordelekuetan barrena" orrialde nagusia