A MIDSUMMER NIGHT'S DREAM
Argi zaharren artean noa
karrika urdindutan barrena,
espaloietan aitzina noraezean,
saihetsean utzirik maho zimelak,
zelati hesietan katu gorriskak,
ibaian behera puskatan foto oriskak,
bidaia isilkarian lanbroa, kalez kale.
Hotsa aditzen dut gibelean,
norbaitek persekutatzen nau:
ohol zaharrak jauretxeen kontra,
hauts barea harrien gainean,
farolaren ondoan itzal bat,
eltxo ohilduak aulkietan,
gauaren hogenak oro ilunbetan eta
kaian uhainak, itsasoaren taupadak bezala.
Persekutatzen nauenaren deihadarra.
Itzuli egiten naiz eta
ene aurpegi herabea kausitzen dut
gibelean harriturik.
© Joseba Sarrionandia