ALBERTO CAEIRO-REN BISITA
«I know not what/ tomorrow will bring»
erran zuen Fernando Pessoa-k hil baino egun bat lehenago.
«Egun enauzu neu etorri
Alberto Caeiro baino» erraiten zautan
Fernando Pessoak, eta mintzaira nahasiz
eta lokarrigabez irauten zuen solasa.
Eguzkiloreek bezala behatzen zituen
hormetan zelai urregorriztatuak
edota muino izarez estaliak
ene begi lausotuek pinturaren bat,
izpilua edo horma soila ikusten zuten lekuetan.
Natura ederra eta zaharra dela erraiten zuen,
artzainak ardiei begira bezala.
Eta gaua abaildu orduko
euria, eguzkia, ilargia eta etxe ataria aulkia
desiratu eta aldegiten zuen lasai
sonbreiruaren hegala altzatuz.
© Joseba Sarrionandia