MY DEAR ETA BERE ELTXOAK

 

                        1

Garai honetan lehorra dun eguraldia Lisboan.

Sinetsiko al didan, my dear,

su egarria sortzen duela lehorteak?

Hik bidalitako gutunak ere, ireki gabe,

suak hartu dizkin banan bana, beste deus ukitu gabe.

 

                        2

Ohildu egin dizkinat, my dear, hik igorritako usoak

eta uhainetan —hemen ere itsasoa hasten dun—

utzi, sobera meheak zirelakotz emegalduei

aldi baten truke eskaintzekotzat.

Hemen dizkinat platerean xoritoen gorpuhezur tipiak.

 

                        3

Trebeki heziak hitunaan, my dear, eltxoak.

Egun harrapatu dizkinat. Zurrunbiloz inguruka

aritu ditun arratsalde guziz hire mezuak adierazten.

Whiski botila barrura sartu dizkinat, eta aldean daramazkinat

karriketan eta ostatuetan kausitzen ditudan guziei

zelan itotzen diren erakustekotz.

 

 

© Joseba Sarrionandia

 

 

Joseba Sarrionandia / Izuen gordelekuetan barrena" orrialde nagusia