EPIGRAMAK
XXV
Lisboako emegaldu zabalak
maitatzen baino etsitzenago
Lisboako hotel zaharrak
gauak bezain merkeak
XXVI
bihar agian alferrik bilatuko zaitu
ilargiak lur gainean
gaur da tenorea haren argipean eseritzeko
whiski botila eskuetan
XVII
norbait aisa harrapatzeko
bildu zaizkizu masailera
irriak eta malkoak
sare berbereko hariak bailiren
XVIII
itsasontziak ozeanotan bezala
gure ametsetan istorioak
eta paper ondartza hauetan
gure itsasgalera guzietako hondakinak
XXIX
ohantzeko goiz minean
goiztiria lausotzean
berregin ohi da
arnas hestuen kadena
XXX
ene azpian da Jean ehortzia
haren hilarria naiz
haren izena darakusat
eta lur guti da bion artean
XXXI
San Simon eta Judaetan
ontziak ankoretan
herio araun iduri
hegal gorriak bait ditu itsasoak
XXXII
bakardadea itsaso zabalean
kalatxori bat soilik
ontzigalera ikusi zuen berbera
uhain bareen gainean
© Joseba Sarrionandia