BE A FINE GIRL, KISS ME
Gauaren amildegietako suzko liliak.
Begira izar argidunak eta argigabeak,
sugarrezko bihotzak biraka eta jauzika.
Begira Rigel, Orion ederrena,
margo urdin eta lilak biltzen.
Begira Sirio engoitik zuriska
eta Vega argitsua.
Begira Procion eta Ifarrizarra,
tipiagoak, urrezkoak.
Begira izar orien artean Eguzkia
eta Capella ere, oi Capella handia, hurruna.
Ez dira ikusten iadanik unibertsoaren
baratzean galdurikako laranja tipiak.
Betelgeuse eta Antares ere ez, enara gorriak,
epelak eta amultsuak.
Eta haratago, Jano Jainkosak Herakles eradoskitzen
galdurikako esnea, Galaxia Cyclos.
Ainitza hondarrak dasta, esne anpuluak.
© Joseba Sarrionandia